Dabid LAZKANOITURBURU
analisia

Portugalen urtea

«Austerizidiotik» at biderik badagoela erakutsi du aurten Portugalek. Eta bide batez portugaldarrak dira NBEan eta Europar Batasunean goi-goi karguak eskuratu dituztenak. Herrialde txiki eta umila munduari begira bizi da eta badu zer erakutsi munduari

Iberiar penintsulari bizkarra emanez eta historikoki Atlantikora begira dagoen herrialde txikia dugu Portugal. Txikia bezain umila. Espainiarrek betidanik mespretxuarekin –ustezko handikeriak dakarren mespretxuarekin– begiratu izan dute (dugu euskaldunok ere?) Portugal eta bere biztanle xumeak, askotan ogibidearen bila gure artera eta Europa osora joan behar izan dutenak.

Amaitzear den urtea, ordea, Portugalen urtea izan dela esan dezakegu, duda izpirik gabe. Urte hasieran, Antonio Guterres lehen ministro ohia, Nazio Batuen Erakundeko ordezkari nagusi izendatu zuten. Urte bukaeran, Miguel Centeno Portugalgo Finantza ministroak Eurotaldeko presidentetza lortu du, Luis de Guindos ministro espainolaren hautagaitzaren gainetik.

Eta azkenik, 2017. urtean bete da Portugaleko Alderdi Sozialistak (PS) Bloco de Esquerda koalizioaren eta Alderdi Komunistaren (PCP) babesarekin osatu zuen Gobernuaren bigarren urteurrena.

Gutxik aurreikusten zioten etorkizunik txikiena ere akordioari, 2015ean bertan Greziako erreferendumaren ostean Europar Batasunak, eta batez ere Alemaniak, izan zuen jarrerarekin. Are gehiago 2011n Portugalek Europar Batasunaren eskutik «erreskatea» jaso (pairatu?) zuela kontuan hartuta. 2014ra arte herrialdearen ekonomia Troikaren (Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Banku Zentralak eta Europako Batzordeak osatzen duten hiruko beldurgarria) menpe egon zen.

Gobernu berria martxan hasi zenean Portugaleko ekonomia beheak jota zegoen. Langabezia tasa %17koa zen eta arrisku prima sabairaino iritsia zen.

Etsita batzuk, eta ezkerreko alternatiba Gobernuan ikusita haserre beste batzuk, «Geringonça» izenarekin bataiatu zuten koalizio hura. Espainolez hitz horrekin hizkuntza zaila edota ulertezina adierazten bada, portugesez ez du zalantzarako aukerarik ematen: «Construçao pouco sólida e que se escangalha facilmente». Hitz batean, lardaskeria (nahiago baduzue, txapuza).

Bi urteren bueltan, PSko Antonio Cuesta lehen ministroak gidatzen duen Gobernu «baldarrak» langabezia erdira jaitsi du, EBko batez bestekotik behera, eta Portugaleko zorpetze publikoa azken 40 urteetan txikiena da. Eta datu hori ez da makala, 40 urteko epe horretan Portugaleko ekonomia hiru aldiz «erreskatatu» behar izan dutela kontuan hartuta. Are esanguratsuagoa, duela urtebete eskas Wolfgang Schäuble Alemaniako Finantza ministro ohi «ahalguztidunak» Portugalen laugarren «erreskatea» iragarri zuelako.

Schäuble oso azkarra izango da, baina profeziak egiten baino hobe zukeen isilik egotea. Izan ere, aurtengo maiatzean Bruselak gehiegizko defizitaren prozeduratik atera du Portugal (Grezia ere irailean atera zen eta zigorpean jarraitzen dutenak Britainia Handia eta Estatu frantsesa eta espainola dira).

Izan ere, austerizidioan erori gabe nolabaiteko oreka aurkitu du Geringonçako exekutiboak, herritarren beharrak eta ongizatea bermatu eta bide batez Bruselatik datozen aginduak betetzeko.

Mario Centeno arduratu da orain arte «mirariaren» egilea izan den Portugaleko Ekonomia Ministerioaz. Duela bi urte kargua sinatu eta berehala salatu zuen Bruselako Batzordeak Europako hegoaldeko herrialdeekin zeukan politika. Nazioarteko Diru Funtsa eta gainerako finantza erakundeak ere jomugan izan ditu.

Ba kontua da Centeno bera Eurotaldeko presidente izendatu dutela beraren aldetik kritika zorrotzak pairatu behar izan duten agintariek. Eta paradoxekin jarraituz, Centenok Jeroen Dijsselbloem holandarra ordezkatuko du karguan, hau da, aurtengo martxoan hegoaldeko herrialdeek Europako diru laguntzak «putatan eta alkoholetan» gastatzen dutela esan zuen Dijsselbloem bera.

Orduan tutik ere ez zuen esan Gobernu espainolak. Baina Centeno ez zen isilik geratu eta haren dimisioa exijitu zuen. Ez zuen berehala lortu, baina azkenean haren kargua hartu du.

Centenorena ez da kasu bakarra. Teorian emakumea behar zuen NBEko ordezkari nagusi berriak, eta ahal izanez gero Europako Ekialdekoa. EBren eta Errusiaren arteko harreman hotzak direla eta, ez zegoen hautagaia aurkitzerik eta hor zegoen, bigarren aukera bezala, Antonio Guterres Portugaleko ministro ohia, sozialista bera ere.

Bigarren aukera portugesekin kontuz. Guterres bezala Centeno ere ez zen faboritoa. Luis de Guindos Ekonomia ministro espainola 2015ean saiatu zen Eurotaldearen presidentetza lortzen, baina Dijsselbloemek irabazi zion. Oraingoan ere amore eman behar izan du eta Europako Banku Zentralaren presidenteordetza nahi du. Lortuko balu Vitor Constancio ordezkatuko luke, berau ere portugaldarra.

Europar Batasunean aspaldi ezagutzen dituzte politikari portugesak. Durao Barroso, Guterres bezala lehen ministro ohia (baina eskuinekoa), Bruselako Batzordeko presidentea izan zen hamar urtez (2004-2014). Ez da, beraz, aurtengo kontua soilik.

Arrakasta arrazoiak

Zer dago horrelako arrakasta baten atzean? Dudarik gabe, ondo baino hobeto saltzen ditu Portugalek bere txikitasuna eta umiltasuna.

Politika karguak banatzeko azoka aldrebestuan Europako hegoaldeko herrialde baten ordua iristen denean izugarrizko trebezia erakusten dute bertakoek, eta beste batzuen handikeriaren gainetik konfiantza ematen dute. Gainera, Portugaleko politikariak elkarlanean ere oso ondo trebatuak daude. Ezin da ahaztu Geringonçako exekutiboarekin batera, Portugaleko presidentea eskuinekoa dela, Rebelo de Sousa, eta bi botereen artean egonkortasuna dela nagusi.

Beste adibide bat, Gobernua aldatzen denean enbaxadoreak ez dira aldatzen (ordezkapenak naturalak dira, ez politikoki erabakiak).

Horrela, bada, Portugaleko indar diplomatikoak jarraipena du herrialdearen interesak defendatu eta bultzatzeko, foro guztietan.

Horri gehitzen badiogu portugaldarrek –politikariak tartean– hizkuntza desberdinetan ondo moldatzeko joera dutela, agian ulertuko dugu herrialdearen arrakasta.

Txikitasunean eta umiltasunean Europara, mundura begira dagoen herria. Portugalengandik ikasteko ordua.