Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Aulki hutsak

Pasatu berri ditugu urteko azken egunak, eta egun horietan ohikoa izaten da urtearen errepasoa egitea; urte ona edo txarra izan den, familia alboan dugula horrelako hausnarketak egin ohi dira mahaiaren bueltan. Nahiz eta ohiturak aldatzen ari diren, azken urteotan gazteak eta ez hain gazteak kanpora bidaiatzeko ohitura hartzen ari dira edota mendira joatekoa. Berdin da han edo hemen, urte zaharraren azken hondarretan edota lehenengoaren lehen koskadatan, ohiko samarra izaten da era horretako hausnarketak egitea.

Gabonen inguruan pentsatzen jarri eta ideia desberdinak pizten zaizkit buruan. Alde batetik, haurren poza, Olentzeroren eta Mari Domingiren magia tarteko. Bestetik, familiak elkartzen direnean mugitzen diren energia desberdinak datozkit burura; batzuen zoriona eta besteen ezinegona. Baina bada abenduan zehar gogoan daukadan irudi indartsu bat: Aulki hutsen irudia. Izan ere, falta diren horien presentzia zenbat handitzen den Gabonetan. Hain justu, falta diren horien falta handitzen delako.

Aulki huts bat dago nire lagun eta lankidearen etxean, Altsasun, seme gaztea urruti dagoelako, 400 egun daramatzalako espetxean injustizia bat dela-eta. Hura besarkatu nahi eta ezin, eta amorrua latza da gure jendartean dagoen justizia falta horrek gure maitasunezko kateak eten nahi dituenean…

Dena den, egunez egun, festaz festa eta ekimenez ekimen Altsasuko herriak eta beraien familiek erakutsi dute haien presentzia egunero oroitzen dutela eta 2018an ere beraien alde borrokatuko direla, askatasun eta justiziaren bila segituko dutela.

Aulki hutsak; joan berri den urtean hil diren horienak guztienak. Bakoitzaren familian bete ezin diren aulkiak utzi dituzte. Harremanak osasun zentroan ere baditugu aulki hutsak. Gure paziente eta lagunak ere joan zaizkigu, inguruan aulkiak hutsik utzita.

Banantze prozesu gogorretan murgilduta dauden etxeetan ere izaten dira aulki hutsak; aldaketak, kustodiak, gurasoen arteko borrokak…

Eta ezin ahaztu Maialen Lujanbiok azken finaleko bakarkakoan aipatutako aulki hutsa; drogek, mendekotasunek eta, orokorrean, egoera oso latzek familiatik urrundu dituzten horiek guztiek hutsik utzitako aulkiak.

Gabonek badute horrelako indar arraro bat, samina areagotzeko gaitasuna. Era berean, maitasunaren indarra handitzeko dohaina ere badute. Lagunak eta senideak prest daude laguntzeko; besarkada gozoak ekarriz edo besterik gabe behar duenaren ondoan egonez, gure bihotza laztantzeko gaitasuna dute.

Urte zaharra joan eta etorri da berria. Zaharra agurtzeko, eskerrak eman behar dizkiegu bidelagun izan ditugunei, hemen daudenei eta ez daudenei. Eta berria hartzeko prest gaude. Espero dezagun 2018ko momentu gazi-gozo guztietan, lagun, familia eta ingurukoei begirada eta laztan sendagarriak emateko gai izatea; elkarri begiratuz, elkar zainduz eta gatazkak ondo bideratuz. Gure desioei eutsiz bizitzari hel diezaiogun. •