Mikel Zubimendi Berastegi
URRE DIGITALA, SUKAR

Blockchain protokoloa da bitcoin-aren oinarri, konfiantzaren teknologia berria

«Bitcoinmania» zerbitzatua dugu eguneroko menuan. Kriptomoneten harira oso handia den zerbaiten hasieran gaudela diote batzuek; besteek, pitzatuko den finantza burbuila dela. Ideal demokratikoa, deszentralizatua, erabiltzailetik erabiltzailerakoa da. Inork kontrola ezin duen kontabilitate publiko batean oinarritua dena.

Espekulazioa eta konjetura dira etorkizuneko gizartea marrazteko ohiko pintzelak. Koadro hori egiteko zientzia fikzio bilakatu beharra dagoela diote batzuek, edo kontakizuna bada, ezinbestean, ipuin bat behar duela izan. Tira, iritziak, eta ezeztatzen badira, heresiak. Edonola ere, joera teknologikoei begiratuta, eta trazu potolotan arituz, utopia ala distopia dela pentsatuta ere, datorrena guztiz disruptiboa izango dela, aldaketa erradikalen eskutik etorriko dela, jada hemen dagoela, ez dago zalantzarik.

Denbora kontua da jende guztia gauza guztiekin, noiznahi eta nonahi, konektatua izatea. Ez da teknologietan fede itsua izan behar Internet gure luzapen sozial, fisiko eta mentala izango dela aitortzeko. Poltsikoetan superordenagailuak eramango ditugula, ia nonahiko konputazio ahalmen bat, datuak prozesatzeko memoria ia mugagabea. Bizigabeko objektuak digitalki lotu eta mundu fisikoa instrumentatuko dugula. Istantean sortuko direla material fisiko berriak, digitalki transmititutako parametroetatik. Eta kriptografiak nortasun berri bat, identitate digitala, emango digula, baita transakzionatzeko bide fidagarri eta seguruak ere, inork miatu edo ziurtatu beharrik gabekoak.

Kriptografia asimetrikoa erabiltzen du, hain zuzen, egun komunikabide eta ekonomista askoren gogoan den bitcoin kriptomonetak. Bakarra ez den arren, denetan ezagunena den moneta birtual honen inguruan, eta batez ere bera sostengatzen duen teknologiaz mintzatzeko egin dugu hitzordua Laboral Kutxak Arrasaten duen egoitza zentralean. Entitatearen Ordainbideetako buruak hartu gaitu bertan, Mikel Arriaran oñatiarrak. Eta bertsolariei puntua nola, egunkarietan eguneroko ogi diren lerroburuak jarri dizkiogu hausnarketa egiteko amarru, “bitcoinmania” honen inguruan dagoenaz eta etorriko denaz jarduteko.

Handia, oso handia den zerbaiten hasieran ote gaude? Izan ere, kriptomonetarena, teorian, ideia demokratikoa da, erradikalki deszentralizatua, erabiltzailetik erabiltzailera dabilena, banku sistema zentral, gobernu baten berme edo aldaketa-unitate bezala funtzionatuko duen urre pila bat izan beharrik gabe. Inork kontrolatu ezin dezakeen kontabilitate publiko baten bitartez funtzionatzen du eta inork ezin dezake berridatzi software-aren integritatea konprometitu gabe.

Arriaranek, zuhur, hau dio: «Sortu berria den teknologia baten gainean aurreikuspenak egitea zaila da. Ia inork ez daki epe motzera, ertainera edo luzera zer gertatuko den. Alor batzuetan kontsentsua dago, eta beste batzuetan, ez. Hori bai –dio ziurtasunez–, etorkizunari begira bitcoinak moneta bat izan nahi badu, diruaren funtzioak bete nahi baditu, ezinbestean hiru oinarrizko funtzio bete beharko ditu: dirua kontu-unitatea da, ordainketa edo trukerako bidea, eta, hiru, balore gordailua da. Funtzioon inguruan ekonomistak nahikoa zalantza dituzte. Alde batetik, bitcoinari ordainbide bezala ematen ari zaion erabilerari dagokionez, egin daitezkeen transakzioak edo bitcoina onartzen duten komertzioak ikusi besterik ez dago. Eta, bestetik, balore gordailu bezala, bere kotizazioaren tendentzia hor dago, oraintxe bertan ez da igo baino egiten, baina ezagutu dira ere sei ordutan %70eko jaitsierak, eta horrela, balore gordailuaren funtzioa, egun ditugun datuen arabera, zalantzan geratzen da».

Gastu bikoitzaren dilema

Bitcoina 2009an sortu zen, finantza sistemaren burbuila lehertu eta bere miseria asko agerian geratu eta gero. Izatez, gainera, ideal libertarioa lantzen zuten guneetatik dator. Kuriosoa da, bai. «Bere historia laburrean apur bat atzera eginda –diosku Arriaranek–, ezin da esan disruptiboa den zerbait bezala sortzen denik, goizetik gauera, ez».

«Foro kriptoanarkista ezberdinetan lantzen ari zen, ziberpunk deiturikoen artean; alegia, sistemaz kanpoko jendeak bultzatzen zuen, outsiderrek. Bere garapenak, baina, bazterreko eremuetatik ateratzea lortu du, gero eta gehiago hitz egitea, eta aurrerantzean are gehiago hitz egingo da».

Eta dilema bat ekarri du elkarrizketara. «80ko hamarkadan kriptomoneta baten sorreraren aukeraz hitz egiten zen, baina dilema bat zegoen, gastu bikoitzaren dilema. Alegia, eskudirutan egindako ordainketa batean ez bezala, non euro bat ematen badizut, zurea den eta trukean beste zerbait ematen didazun, eta ez dagoen zalantzarik transakzio bat egon eta moneta hori behin bakarrik erabili dugula transakzio horretan, ordainketa presentzial horietan ez bezala, ordainketa birtualetan gastu bikoitzaren dilema zegoen; hau da, inork ezin zuela bermatu transakzio batean erabil nezakeen moneta birtual berbera beste transakzio batean erabilia ez izatea. Kriptomonetaren lanak aski blokeatuak zeuden gai horretan, harik eta Satoshi Nakamoto goitizeneko pertsona (edo kolektibo) batek gastu bikoitzaren dilema horri soluzioa topatu zion arte. Soluzio hori blockchain edo bloke katea da, bitcoina oinarritzen den protokolo teknologikoa da».

Ziberpunken ideala zena, egungo albisteetan bederen, bazterretik zentralitatea okupatzera pasatu da eta nolabait finantza sistemaren zoruak dardararazi ditu. Are, Txinako Gobernuak iragarri du argi berdea emango diela yuan-arekin batera funtzionatuko duten kriptomonetei. Berdina Errusiakoak, Japoniakoak, Venezuelakoak… Zer dela-eta holako garapena?

«Bistan da beren sorrera ez dagoela estatuetan, baina gehiago ala gutxiago indartzen hasten direnean, garrantzizkoagoak ala ez izaten, nahiz eta banku zentralek jaulkitako monetetan egindako transakzioekin konparatuz gero ez duten konparazio punturik eta bolumen mailan oso bazterrekoak izaten jarraitzen duten arren, puntu batetara iritsi dira non estatuek ezin duten ez ikusiarena egin, eta gaiari heldu behar diote».

Interes ezberdinak ikusten ditu horren arrazoi. «Alde batetik, bitcoinean inbertitzen ari diren pertsona batzuek ez dute oinarri legal bat eta, beste aldetik, oraindik ez da jakina nola tributatu dezaketen kriptomonetetan egindako transakzioek. Interesak batzen dira hor; moneta hauek erabiltzen dituzten pertsona eta inbertsoreen interesa nolabaiteko legalitate bat edo helduleku legal bat izateko, eta Estatuen interesa transakzio horiek fiskalizatzeko, ze kriptomonetekin egiten diren transakzioak jada ez dira banku zentralek jaulkitako monetekin egiten, eta horrela, ekonomian egiten diren transakzioen gainean zergak biltzeko ahalmena galtzen dute estatuek. Izan ere, Alemania izan da lehen estatua bitcoinari diru pribatuaren estatusa aitortzen, horrekin egindako transakzioen zergak bildu ahal izateko. AEBetako Gobernua ere bitcoina monitorizatzen ari da, bere zerga-politiketan enkaje bat bilatu ahal izateko».

Burbuilaren patroia

Baina azkenean, aipatu diogu, moneta bat konfiantzan oinarritzen da, ikusi besterik ez dago zer gertatu zen peso argentinarrarekin, Zimbabweko dolarrarekin edo Zipren. Ikusten al du Arriaranek etorkizun hurbil batean jendearen konfiantzak balioa emango diela moneta hauei?

«Nik uste etorkizunean diru elektronikoa existituko dela, agian ez egun ezagutzen dugun modukoa. Eta, gainera, diru elektroniko hori moneta deszentralizatua izatea ahalbidetzen duen teknologietan oinarritua egon liteke, berorri eusteko autoritate edo hirugarren parterik izan beharrik gabe. Anonimoa bai, baina, transakzio bakoitzaren arrastoa jarraitu ahal izango da, transakzio bakoitzaren atzean nor dagoen jakin beharrik gabe. Etorkizunari begira, nik uste baietz, bitcoina bezalako monetek ibilbide bat izan dezaketela eta diruaren hiru oinarrizko funtzioak bete ditzaketela. Hori bai, egun ikusten ari garenarekin oso zaila da esatea bitcoinak edo beste kriptomoneta batek diruaren funtzioa betetzen duela. Bere kotizazioetan kolapsoak gertatzea ez da baztertu beharrekoa. Bitcoinak ez du Estatuaren konfiantza, kriptografiarena baizik, baina kriptografiak ere konfiantza gal dezake».

Baina munduan 5 eta 10 milioi pertsonak transakzioak egiteko kriptomonetak erabiltzen dituztela kalkulatua dago. Ez da asko, baina bada zerbait. Joerak ikusita alarmarako motiboak ikusten al ditu, beste burbuila bat puzten ari dela eta burbuilaren pitzatzea ziurra dela uste al du?

«Autoritateek, printzipioz, ohartarazteko funtzio hori bete behar dute, zeren eta, buruhotz eta perspektibaz ikusten baduzu, burbuila guztien patroi bera betetzen ari da. Aktibo berri honen igoerak esponentzialak dira, eta historian zehar hain denbora laburretan halako igoerak izan dituzten aktiboak pitzatu egin dira. Gerta liteke bai, burbuila bat sortzea eta, azkenean, lehertzea. Patroiari begiratzen badiozu, badirudi burbuila sortzen ari dela, bitcoina dolar-zentimo gutxi batzuetatik ia 20.000 dolarretaraino pasatu da, eta aste pare batean bere balioaren %90 gal lezake, edo are kolapsatu».

Bitcoinari egiten zaion beste kritiketako bat, anonimoa den neurrian, munduko kriminalitatearentzat mauka bat, moneta perfektua, dela da.

«Anonimatua bermatzen dizun moneta batek modu ezberdinean erabili izateko aukera ematen dizu, modu legal edo ilegalean erabili daiteke. Baina berdina gertatzen da banku zentralek jaulki eta estatuek bermatutako eskudiruarekin, kriminalitateak aise erabil dezake legez kanpoko gaietan transakzionatzeko. Esan nahi dut, ez dela gaur egun daukagun diruarekin gertatzen denaz oso ezberdina izango. Anonimoa izateak ez du esan nahi bere arrastoa segitzerik ez dagoenik, eskudiruarekin gertatzen denaren kontra. Ez dakizu nodo baten atzean nor dagoen, baina bai kreditu txartel baten atzean».

Beraz, kriptomonetetan inbertitzea espekulazio hutsa ote da? “Pelotazo” bat egiteko interesak agintzen ote du hor? «Aipatzen duzun hori diruak duen balore gordailu funtzioaren baitan sartzen da, argi dago ezaugarri espekulatzaile argiak dituela. Epe luzera begira, kriptomonetek diruaren hiru funtzio nagusiak (kontu-unitatea, ordainbidea, balore gordailua) betetzea posible izan dezakete, baina gaur egun hor inbertitzen ari diren pertsonak bere kotizazioaren eta izaten ari diren igoera horien babesean dihardute».

Oharpena ere uzten digu: «Gaur egun inbertsore asko tren horretara igo dira moneta hauekin espekulatzeko, bere garaian higiezinen edo .com konpainien burbuilekin egin zuten bezala. Etorkizun batean balore gordailu gisako funtzioa beteko ote duen? Ikuskizun dago. Egia da, halaber, inflazio fenomeno handiak dituen herrialde batean bazaude eta bertako banku zentralak jaulkitako monetak erosteko ahalmena galtzen badu, posible dela zure diruaren zati bat kriptomonetetan sartzea, ez hainbeste gastatzeko edo espekulatzeko, baizik eta erosteko ahalmenari eusteko. Halako zerbait gerta liteke Venezuelan, Argentinan, edo Zipren, non kitatze oso handiak egon, jendeak bankuetan konfiantza galdu eta bitcoin-ean inbertitzen hasi zen, babes bitarteko gisara».

Konfiantzaren teknologia berria

Arriarani gogorarazi diogu Nazioarteko Diru Funtseko buru Christine Lagardek esan berri duena; hots, ‘bost urte barru blockchain teknologiari bizkarra emango dion finantza sistema ez dut imajinatu ere egiten’. Finantzen negozioan teknologiak saihetsezina dirudi. Esan genezake datozen urteetan 'normalitate berria' bilakatuko dela?

«Blockchain geratzeko etorri dela ez dago inolako zalantzarik. Gaur egun ezagutzen ez diren erabilera asko ditu eta, beste batzuk, gutxiago ala gehiago, gauzatzen hasiak dira, batzuetan erabilera kasu oso argiekin. Finantzen industriarentzat bezala, beste industria eta jarduerentzat ere erabilerak izango ditu».

Oñatiar honentzat horien artean nabarmenena «nortasun digitalarena izango da». «Blockchainak bitcoinaren sorrera ahalbidetzen du, baina baita beste ehunka mila kriptomonetena ere. Egun, blockchain protokoloaren gainean jaulkitako ehunka moneta digital daude eta beren diseinuek balio erantsi batzuk badituzte, bai».

2013. urtean sortu zen Ethereum kriptomoneta jarri du adibide gisa: «Kontratu inteligenteak errazten ditu. Moneta hau diru programagarria da, baldintza batzuk betetzearen arabera alda dezakezu, eta, hala, baldintzok betetzean ordainketa agindu zehatz bat eman daiteke, transakzio hori bermatuko duen bitarteko edo giza esku hartzerik gabe. Programatutako baldintzak betetzearekin aski da ordainketa agindua emateko».

«Honek, dudarik gabe, nazioarteko komertzioan aldaketak ekar ditzake, egun prozesu dokumental asko eskatzen dituzten kredituetan… diru programagarrian oinarritutako kontratu inteligente batek prozesu guzti horiek automatizatuko lituzke. Berdin gertatuko litzateke salerosketa baten kasuan, higiezinena, lurrena edo dena delakoena izanik ere, gerta liteke jabetza-erregistrora joan beharrik ere ez izatea. Transakzio hori egiten den unean nortasun digitala jada blockchain-aren barruan dagoelako, eta nortasun digital bakar eta errepikaezin horrek kontratu inteligente beraren baitan dauden enpresa, konpainia eta norbanakoekin transakzio piloa egiteko balioko luke».

Blockchain-a bere garapenaren hasiera fase betean egon arren Visa txartel batekin lehiatu daitekeen galdetu diogu. «Ez. Oraingoz ez. Visa txartel bidezko operazio bat segundo batean baino azkarrago baimentzen da, eta, aldiz, bitcoin-arekin egindako operazio batek hamar minutu behar ditu gauzatuko dela bermatuko duen blokea sortzeko, eta hogeita hamar minutu operazio horrek blockchain-aren barruan baliotasuna izan dezan. Beraz, transakzioa eguneratzeko unean, bitcoina ezin da lehiatu txartelarekin egiten diren transakzioekin».

Alabaina, badaude lehiakorra den beste alor asko: «Truke, konpentsazio eta likidazio prozesuan, adibidez, Laboral Kutxan gauez egiten den batch prozesu bat behar dugu, mundu mailan egindako operazio guztien trukea bideratu, gero konpentsazioa egin eta, ondoren, likidazio bat ateratzeko, hurrengo egunean egiten dena. Kasu honetan, egun batez ari gara, are nazioarteko operazioetan egun batzuez, eta blockchain-aren 10-30 minutu horiekin alderatuz gero, ba argi dago batch prozesu horretan bai lehiatu daitekeela eta balio erantsi bat eman diezagukeela».

Bestalde, bitcoinarekin egindako transakzio bakoitzak eskatzen duen energia kostuaren arazoa dago. «Bitcoin operazio bat onartzeko AEBetako etxe bateko elektrotresna guztiek gastatzen duten energia baino gehiago behar dela kalkulatua dago, operazio batek eskatzen duen kalkulu potentziak beharrezkoa duen energiatik».

Arriaranak ez du dudarik: «Teknologia disruptibo batez ari gara», konfiantzaren teknologia berri batez. «90eko hamarkadako Internetekin bezala, orduan ere zehatz-mehatz ez zen gauza jakina zein ibilbide izango zuen. Internetek elkar ezagutzen ez zuten bi pertsonaren arteko konexioa ahalbidetu zuen, eta blockchain-a bi pertsonaren artean transakzio bat erraztera dator, modu seguruan, transakzioa egingo den berme guztiekin. Transakzio horretan bidaiatzen duen datua ekonomikoa eta monetarioa izan daiteke, baina bestelakoa ere bai, informazio mailakoa edo dena delakoa. Eta horri smart contracts edo kontratu inteligenteak gehitzen badizkiozu, hots, baldintza zehatz batzuk betetzean ordainketa agindua kodifikatzen dutenak, ba aukeren eremu ia mugagabean sartzen gara…».

Banku bat mugikorrean

Eta bertakoa eta gertukoa den Laboral Kutxa bezalako erakunde bat nola kokatzen da teknologia honen aurrean? «Hau hasiberria da, baina argi dago Blockchain-ak aukera asko dituela transakzio kostuak gutxitzea errazteko, eta hori onerako da. Bere abantaila guztien oso gainean egon behar du Laboral Kutxak; izan ere, badugu jada erabilera kasu bat. Guk dena aztertu behar dugu, sortzen ari diren ordainbide guztiekin egiten dugun legez. Guretzat, kriptomoneta bat ez da Interneteko konpainia erraldoi bat baino ‘mehatxu’ handiagoa, alegia, guri ez digute bitartekaritza gehiago desegiten Google-n Android Pay, Apple-n Apple Pay, PayPal eta horiek baino».

Blockchainak garapen bidean diren herrialdeetan izan dezakeen eraginez hausnartu du Arriaranek bukatzeko: «Gizarte garatuetan, ia denek daukate kontu korronte bat. Gizarte oso bankarizatuak dira. Garapen bideetan daudenak, aldiz, oso gutxi bankarizatuta daude, populazioaren zati handi batek ez du banku batera iristerik, ez daude sukurtsal edo agentziarik ehunka kilometroko itzulinguruan».

Eta hau gehitzen du: «Kriptomonetak indarrean sartu baino lehen, mugikorrekin egindako ordainketetan bada erabilera kasu bat, arrakasta kasu bat, Kenyan. “M-Pesa” (mugikorraren M-a eta, pesa, swahiliz dirua) izeneko sistema antolatu zen, telefonia mugikorreko operadoreen bitartez ordainketak errazten ziren, mugikor horren jabea lokutorio edo diru aldaketarako bulego batera joan zitekeen eta mugikorrean zuen saldoa eskudiruaren truke kitatu, eta horrela, kontu korronterik izan gabe mugikorretik ordainketak egin zitzakeen. Kriptomonetekin berdin gertatzen da, banku edo kontu korronte batera iristerik ez duen pertsona bat bere mugikorrean banku bat izatera irits daiteke, eta komertzioekin eta pertsonekin transakzioak egin ditzake kontu korronterik izan beharrik gabe».