Dabid LAZKANOITURBURU
analisia

AEBak Pakistandik banandu?

Afganistanen lokaztuta eta noraezean dabiltzan AEBek Pakistani bota diote errua, gerraren nahasmenarekin zerikusia duelakoan, eta diru laguntza eten diote. Txina ezkongai berria hor duela ohartarazi die Islamabadek.

Ameriketako Estatu Batuek (AEB) 33.000 milioi dolar eman dizkiote azken hamabost urteotan Pakistani laguntzatan. Bitartean, baina, laguntza handirik gabe Afganistanen borrokatzen ditugun terroristei babesa ematen die. Nahikoa da». Horrela iragarri zuen Twitter bidez Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak Washingtonek segurtasun arloan Pakistani ematen dion laguntza eteteko erabakia. Erabaki horrek dirutan zenbat suposatuko lukeen ez du oraingoz argitu AEBetako Estatu Departamentuak, baina, hainbat iturriren arabera, 900 milioi dolarreko aurrekontua duen koalizioa Indartzeko Fondotik (CFS ingelesez) 200 milioi dolar gutxiago jasoko lituzke urtero Islamabadek. Batez ere armatan gastatzera dago bideratuta diru hori.

Kopurua ez da berez izugarria. Izan ere, 2001etik 2012ra, Washingtonek urtero 3.000 eta 4.000 milioi dolar artean ematen zizkion urtean Pakistani. Kopuru hori, baina, erabat murriztu da azken urteetan. 2016an, Barack Obamaren bi legealdien amaieran, 750 milioi baino ez ziren izan. Beraz, kasu honetan, Trumpek Obamak zabaldutako bidea jarraitu du. Hori bai, argi dago Trumpek ukabilkada bat eman duela mahai gainean, bere aurrekariak era apalagoagoan hasi zuen presioa areagotuz.

Pakistan munduko seigarren herririk populatuena eta munduko 40. ekonomia dugu. Herrialdea ez dago, hortaz, munduko 48 herria txiroenak biltzen dituen Gutxien Garatutako Herrialdeen zerrendan. «Nazioarteko laguntza ez da asko gure ekonomiaren indarrarekin aldenduta. Ez da hil ala biziko kontua. Zentzu horretan, presio neurriak ez dira handiegiak», esan du Pakistango Finantza ministro ohiak, Hafeez Pashak.

Herrialdeko barne produktu gordina 300.000 milioi dolarrekoa da. Eta Europako Elkarlan eta Garapenerako Erakundearen (EEGE) aburuz, Pakistanek 1.800 milioi eskuratu zituen 2016an garapenerako laguntzatan; hau da, Indiak baino 300 milioi gehiago eta Afganistanek jasotakoaren erdia.

Trump presidentearen haserrearen atzean, AEBak Afganistango gerran pairatzen ari diren porrota dago. Trump berak onartu zuen boterera iritsi aurretik 2001ean hasitako Afganistango okupazioa «alferrikakoa» zela. Orain, ordea, bere garaian Obamak egin bezala, AEBak herrialdetik erretiratuko balira Kabulgo Gobernuak ez lukeela boterean egun bat bera ere iraungo argi ikusi du. Eta Estatu Islamikoak Asiako herrialdean bere kaliferriaren wilaya edo eskualdea berria, Jorasan izenekoa, eratzeko arriskua ere hor dago.

Pentagonoak –berdin da Trump edo Obama egon Etxe Zurian– Haqqani sareari babesa ematea leporatzen dio Pakistani. Haqqani sareak Pakistango ipar-mendebaldeko eskualde tribaletan (Paxtunistan) du gotorlekua, eta bertan antolatu ditu azken urteetan Kabul hiriburua odoleztatu duten hainbat atentatu. Taldeak duela gutxira arte talibanen mugimenduarekin zuen ituna, baina azken garaian elkarlan hori hoztu egin da, eta, analista batzuen iritziz, Haqqani sareak Estatu Islamikoarekin harremanak sortu ditu. Hortaz, Iraken eta Sirian Estatu Islamikoaren kaliferria desagertzear den honetan, mamu guztiak Afganistanen suspertu dira.

Pakistanek Afganistango gerra, eta bertan borrokatzen ari diren aktoreak, bere interesen alde erabili du aspalditik. Eta hortik datoz, hain zuzen ere, AEBen eta Pakistanen arteko harreman estuak. 1979an orduko Sobietar Batasuneko Armada Gorria Afganistanen sartu zenetik aurrera, AEBek Pakistanen bitartekaritza erabili zuten matxino islamistei laguntza militarra helarazteko. Ordutik dator Pakistango Armadako ISI zerbitzu sekretuek Afganistango etengabeko gerran duten aitzindaritza.

Armada Gorria herrialdetik erretiratu eta Sobietar Batasuna bera desegin eta desagertu ondoren, gudak jarraitu egin zuen Afganistanen «gerra jauntxoen» artean. Azkenean, ISIk berak bultzatutako talibanen matxinadak ia herrialde osoa baketu eta islamaren interpretazio zorrotza ezarri zuen. 2001eko Irailaren 11ko erasoen ondoren, baina, George W. Bush AEBetako presidenteak talibanekin mendekua hartzea eta Bin Ladenen gotorleku zen Afganistani erasotzea erabaki zuen.

Talibanak ziren hasiera batean Pakistanen apustua, baina, egun, Islamabadek ez du begi onez ikusten mugimenduaren nolabaiteko abertzaletasuna, afganiarra noski. Haqqani sarearen joera jihadista, aldiz, erabilgarriagoa da ISIrentzat.

Gauzak horrela, Pakistani Afganistango gerra elikatzea –beti bere neurrian– interesatzen zaion bitartean, AEBak ez daude prest auziaren beste eztanda bat pairatzeko. Dagoeneko 841.000 milioi dolar gastatu ditu Washingtonek hamasei urteko gerran. 2.400 soldadu galdu eta 20.000 zauritu jasan ditu. Horri Kabulgo Gobernuak uneotan herrialdearen erdia ere kontrolpean ez duela eta gerraren ondorio latzak gehitu behar zaizkio (100.000 hildako zuzen eta beste 360.0000 gerraren ondorioen eraginez).

AEBek Kabulgo Exekutiboa boterean mantentzeko adina indar ditu Afganistanen egun, baina ez dute nahi gerran itotzerik nahi. Horrela ulertzen da Pakistanen gaineko presioa (aste honetan bertan iritsi da Islamabadera ordezkaritza estatubatuarra).

2001etik “terrorismoaren aurkako gerran” 60.000 pertsona eta 123.000 milioi dolar galdu izana aldarrikatu arren, badirudi Pakistan prest dagoela AEBen eskaera batzuk era batean edo bestean onartzeko, «ezin baitugu Washingtonekin liskarrik izan». Izan ere, laguntzetatik harago, Islamabad beldurtzen duena honakoa da: AEBek Munduko Bankuan eta Nazioarteko Diru Funtsean (NDF) duten aitzindaritza. Pakistango ekonomiaren gaitz estrukturala defizit komertziala da. Hau da, gutxiago da saltzen duena erosten duena baino (batez ere petrolioa).

1998an NDFk 20 milioi dolarreko isuna jarri zion Pakistani, proba nuklearrak tarteko. Irailaren 11ren ostean, aldiz, NDFk berak Islamabadi 135 milioiko kreditua eman zion, Pakistan bihurtuz AEBen aliaturik onena George W. Bushek abiatutako gerran. Makila eta azenarioa erabili ohi dute AEBek Pakistanekin.

Baina Trumpek agian kontu gehixeagorekin ibili beharko luke. «Gu izorratzen jarraituz gero, baditugu beste aukera batzuk», ohartarazi du Pakistanek. Aukera horiek Txina dute izen, Zetaren Bideen plangintzarekin Pekinek 60.000 milioi dolar inbertitzeko asmoa baitu Pakistanen. Eta hori bai dela dirutza...