Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Oihana Gaincerain
sagardogilea eta sagardoa mahaia elkarteko lehendakaria

«Emakumea bigarren lerroan egon da sagardotegian, baina rol eta egiteko oso garrantzitsuak izan ditu»

Zelaia sagardotegian aitaren erreleboa hartu dute hiru alabek, Oihana tartean. Kupela artean hazitakoa da, ondo ezagutzen du sektorea eta baita sektoreak bera ere.

Sagardogintzak uzta berriak bizi ditu: sagardoa egiteko prozesua gero eta kontrolatuago dago; sektorea gero eta profesionalizatuago; sagardogileek badakite indarra egitekotan, elkarrekin egin behar dutela bultza; emakumeak ez daude sukaldean bakarrik... Txotx denboraldi bete-betean, Sagardoa Mahaia Elkarteko lehendakari Oihana Gaincerainekin begiratua eman diogu sektoreari.

Txotx denboraldi bete-betean gaude. Irekierako argazkian denak gizonezkoak izateak hautsak harrotu ditu.

Bai, horrela gertatu da, arrazoi desberdinak tarteko. Nahiago nuke bestela izatea, baina errealitate baten isla ere bada. Sagardogintzan, beste lanbide askotan bezala, emakumea ez da lehen lerroan egon urte askoan.

Gu etxean hiru alaba gara eta guk daramagu sagardotegiaren martxa. Egia da gaztetxoak ginenean aitari askotan esaten ziotela, «eta non dago mutila sagardotegiarekin jarraitzeko?». Eta askoren begietara “normalena” litzateke gutako bat ezkonduz gero, haren gizonezko bikotekideak segitzea martxarekin. Baina gure etxean ez da horrela ulertu eta ez da horrela gertatu. Etxean beti ulertu izan da gutako batek edo hirurok hartuko genuela erreleboa, hori zela normalena, eta horrela gertatu da.

Urte asko daramatzazu zuk gizonezkoak nagusi diren sektorean lanean.

Bai, eta harrera ona izan da, ez naiz kexatzen. Oso gaztetatik ezagutzen dut sektorea, eta, nahiz eta gizonezkoak nagusi izan, denek ondo ezagutzen naute aspalditik. Niretzat oso naturala izan da prozesua. Sagardoaren Mahaian sartu nintzenean, harrera ona izan zen hasieratik. Gero lehendakaria izateko proposatu zidaten eta une horretan bileretan emakume bakarra nintzen. Hamahiru ginen; ni lehendakari eta hamabi gizon. Egoera berezia zen baina natural samar bizi nuen, lasai. Gaur egun, zorionez, proportzioa aldatzen ari da; Gartziategiko Nere dago, Alorreneako Garbiñe... Gero eta emakume gehiago ikusten da bileratan.

Lehen lerroan ez, baina emakumea beti egon da sagardotegian.

Noski egon dela. Sukaldean beti emakumea egon da, eta baita bestelako lanetan ere. Gure etxean, adibidez, kontabilitatea beti amaren lana izan da; pentsa nolako pisua izan duen! Emakumea bigarren lerroan egon da, baina rol eta egiteko oso garrantzitsuak izan ditu. Enpresaren barruan bere pisua izan du eta bere erabakiak garrantzitsuak izan dira. Baina, kanpora begira, gizona izan da irudia eman duena. Sagardotegiko gizona da jendeak ezagutzen duena, harrera egiten diena delako.

Kupela artean hazi zara zu. Mahaietan, sagardotegietara datozenen artean, nolakoa da panorama? Paretsu al datoz gizonak eta emakumeak?

Oraindik gizonezkoa da nagusi, nabarmen gainera. Astean zehar gizonezkoa da gehien etortzen dena. Gertatu izan da –kontatzen aritu izan gara– astean zehar emakume bakarra egotea mahai guztiak kontuan hartuta. Maiz, enpresako afariak-eta izaten dira. Izango ote dira emakumeak ere enpresa horietan... Baina, oraindik, gizonezkoa da nagusiki astean zehar sagardotegira afaltzera joaten dena. Hori errealitate bat da eta gauza asko kontatzen ditu gure gizarteaz.

Asteburuetan panorama desberdina da, emakume gehiago ikusten dira; emakume kuadrillak, mistoak, familia giroan datozenak... denetarik.

Zuekin, hiru ahizpekin, emakumea lehen lerroan jarri da Zelaia sagardotegian. Ez da ekarri duzuen aldaketa bakarra: profesionalizazio zorrotza ere ekarri duzue.

Hemen lanean hasi baino lehen bakoitzak bere prestakuntza egin du, bere ikasketak. Jaionek, administraritza alorrekoak; Maialen ingeniari agronomoa da eta nik nekazaritza-teknikoko ikasketak ditut, enologiari eta bodegako lanei zuzenduta bereziki.

Guk ulertzen genuen erreleboa hartzekotan, gauzak beste modu batera egin behar genituela. Aitak lan asko egin du esperientziaz eta intuizioz, eta gauza asko ondo egin ditu, bestela ez ginen gauden tokira iritsiko. Jakintza hori ere baliatu nahi genuen, bere ondoan egon eta ikasiz. Baina guk beste bide batzuk ireki behar genituen, enologoaren eskutik eta sektorearen baitan mugituz, Fraisoron egiten diren ikerketekin adibidez.

Polita da aipatu duzuna. Aitaren jakintza baliatu duzuela, alegia.

Noski. Guk ez genuen haustura bat egin, ez genuen esan orain arteko guztiak ez duela ezertarako balio eta dena zerotik hasi behar dela. Egindakoa ondo eginda dago. Guk gauza batzuk hobetu nahi genituen, baina egindakotik abiatuta. Oso garbi daukagu etxe bakoitzak pilatu duen esperientzia eta jakintza ez dagoela liburuetan. Hori baliatu ahal izatea zorte handia izan da.

Samurra izan al da sagardogintza profesionalizaziora ekartzea? Belaunaldien arteko talka, ikuskera desberdinak...

Orokorrean, kasu askotan, sektoreko “gure zaharrek” bezeroek eurek baino hobeto ulertu dute. Denbora luzez etxeetan lanean aritu direnek nolabaiteko lasaitasuna hartu dute erreleboa badatorrela eta ideia eta teknika berriak dakartzala ikustean. Neurri batean beren gainean zegoen pisua arindu dute erreleboa iritsi dela ikustean. Bezeroari dagokionez, askok nostalgiaz bizi dute; lehen sagardotegiak hobeak zirela, orain denek berdina egiten dugula, naturaltasuna galdu dela... diskurtso hori badago. Badaude lehengo garaiak penaz gogoratzen dituzten bezeroak.

Baina, orokorrean, bai sektoreak eta bai jendeak eskertu egin dute aldaketa. Sagardoa ja ez da edozer gauza atera daitekeen baserriko produktua, kontrolatuta dagoen produktu bat da, kalitatea bermatuta duena. Kontsumitzaile askok eskertu egin dute hori.

Sagardogile guztiek sagardo berdina egiten duzuela. Hori da egiten zaizuen kritiketako bat. Horrela al da?

Etxe bakoitzak bere sagardoa dauka. Egia da sagardoak egun ezaugarri jakinak dituela eta ezin dela alde handirik egon batetik bestera. Baina, hala ere, etxe bakoitzak bere ezaugarriak mantentzen ditu. Hasteko, etxe bakoitzak bere sagarrak ditu eta bere erara kudeatzen ditu. Eta bukaerako produktuan ere aldeak daude etxe batetik bestera. Nahiz eta guztiok dakiguna berdina izan, produktua ekoizteko orduan erabaki asko hartu behar dira eta sagardogile bakoitzak bere erara kudeatzen ditu horiek. Ezaugarri batzuen barruan gaude denok, baina mantentzen da etxe bakoitzaren nortasuna eta hori aldarrikatu egin behar dugu gainera.

Sagardogileak gero eta batuago zaudetela ematen du. Hori ere aldatu da.

Bai. Sektore oso primarioa eta txikia gara eta ulertzen dugu beharrezkoa dela elkarrekin joatea. Ez badira elkarrekin egiten, proiektu askok ezin dute aurrera egin. Ez da, hala ere, gauza berri-berria. Sektorearen barruan beti egon dira elkarguneak. Akaso batzuekin filosofia eta ikuskera gehiago partekatzen duzu besteekin baino, baina beti elkartu izan dira sagardogileak gauzak elkarrekin egiteko. Egia da belaunaldi berriek garbi ikusi dugula sektore bezala funtzionatzeko beharra eta gauza asko elkarrekin egiteko beharra.

Aurrera begira, zer erronka dituzue? Zein da norabidea?

Azken urteotako erronka nagusietako birekin segitzen dugu. Lehena, sagarraren erronka: gure sagastiak aldatu, ekoizleekin gertuago lan egin... Uste dut horretan lagunduko duela Euskal Sagardoa jatorri-deiturak, sagarraren aldeko gure apustua sendotzeko aukera emango digulako. Eta, bestetik, kalitatea bermatzeko lanean segitu behar dugu, produktua gero eta gehiago ezagutzen. Guk produktuaren parte bat ezagutzen dugu, baina oraindik alderdi asko daukagu ikertzeko eta ezagutzeko. Horren inguruko proiektuak eta ikerketak oso interesgarriak dira guretzako.

Parean dagoen beste erronka garrantzitsua sagardoa baloratu dadila da. Kontsumo ohituretan sagardoa non kokatzen da? Alor horretan lan handia dago egiteko.

Ardoarekin edo txakolinaren konparatuz gero, sagardoa artean prestigio gutxiagoko bezala hartzen da, ezta?

Bai. Eta akaso ez du ardoen edota txakolinen parean egon behar. Baina gustatuko litzaiguke jendeak sagardoa gehiago baloratzea. Sagardo guztiak ez direla berdinak ikustea, onak eta txarrak bereizten jakitea, sagardo jakina eskatzea, tabernetan ondo gorde eta zerbitzatu dezaten exijitzea... Sagardoak bere balioa dauka eta produktu bezala bere mimoa behar du, zalantzarik gabe. Kontsumitzaileak garbi izan behar du sagardoa gustatzen bazaio, topatu dezakeela bere gustukoena eta exijitu dezakeela ondo zerbitzatua izatea. Eta horrekin bakarrik asko irabaziko luke sagardoaren ospeak.

Txotx denboraldi bete-betean gaude. Urteko jardunean, txotxak zer parte dauka?

Zenbakietan hitz egingo bagenu, fakturazioaren %30-35 inguru da txotxa. Gainontzekoa botilako salmenta da.

Zenbakiak aparte utzita, sekulako garrantzia dauka. Txotx denboraldiak presentzia bat ematen die produktuari eta sagardotegiei. Bezeroarekin harremana estutzen da. Urte osoan sagardoa kontsumitzen duena zure sagardotegira etortzea garrantzitsua da, urte guztiko lotura hori estutzen delako. Txotx denboraldiak txinparta ematen dio sektoreari.

Bestelako presentzia bat ere hartzen dute sagardotegiek txotx garaian; inguruko herrietako zaratarekin eta zikinkeriarekin lotua, bizilagunen kexekin...

Zaila da eta guk kezkarekin bizi dugu. Ez dugu gure arduraren partea ukatu nahi. Norbaitentzako kaltegarria bada, ez da zilegi gertatzen denari garrantzia kentzea.

Guretzat txotxa oso garrantzitsua da, erakusleihoan kokatzen gaituelako. Baina bestelako mesedeak ere ikusten dizkiogu. Jende asko erakartzen du gure herrietara eta ingurune hau mapan kokatzen du. Egia da, era berean, tabernarientzat eta inguruko ostatuentzat mugimendu garrantzitsua ekartzen duela. Baina, hainbeste gustatzen ez zaizkigun ondorioak ere baditu eta lana egin beharra dago norabide horretan. Udalak eta bestelako eragileak lanean ari dira, sagardotegien inguruan dagoen pertzepzioa lantzen ari dira. Sagardotegiak zer dira? Kuadrillarekin joan eta neurririk gabeko parranda egiteko aitzakia? Hori horrela bada, kaltegarria da inguruko herrientzat eta baita sagardogileontzat ere. Hori ez da gure helburua. Pertzepzio hori da landu beharra dagoena.

Nola?

Gure sagardotegian neurri batzuk hartzen ditugu. Lehenbizi, tokia hartzeko telefonoz deitzen dutenean, sagardotegia zer den azaltzen diegu, zeintzuk diren jokabide zuzenak, giroa nolakoa izaten den... Hamabost lagunetik gorako kuadrillak ez ditugu hartzen –salbuespen jakinak salbu–, upategia ez dugu gehiegi betetzen –jendea kontrolatzeko–, upategian beti bi txotxero egoten dira, sagardoa hartzeko ilarak errespetatu egin behar dira, ordena eta errespetua exijitzen ditugu... Egia esan, gure etxeak zorrotzaren fama dauka horretan.

Txotxak, baina, badauka aurkezpen txartel atseginagoa.

Zalantzarik gabe. Egia da herritar batzuei enbarazu egiten diela, baina bestelako balioak ere baditu eta gure ingurua mapan kokatzen du. Kanpoko jende asko ere gerturatzen da txotxaren aitzakian inguru hau ezagutzera. Joan den asteburuan, adibidez, Holandako kazetari batzuk egon ziren sagardotegien inguruko erreportaje bat egiten. New Yorkeko gizonezko bat ere etorri zen. Eta Estatutik ere jende asko etortzen da. Txotxak dena ez du txarra, eta, ondo bideratuta, mesedea denontzat.

Maria Labaien XVI. mendeko sagardogile ausartaren inguruko erakusketa Zelaia sagardotegian

“Maria Labaien, XVI. mendeko emakume sagardogile ausarta” erakusketa ikus daiteke Zelaia sagardotegian, kupela artean kontatzen den istorio aparta. «Sagardogintzaren alorrean emakumeak izan duen eta duen tokia aldarrikatu nahi genuen eta pare-parean aurkitu genuen Maria Labaienen istorioa», kontatu du Oihana Gaincerainek.

Gipuzkoarrak XVI. mendean hasi ziren Ternuara joaten balea arrantzatzera. Bidaia haietan sagardoak sekulako garrantzia hartu zuen; merkatarien, marinelen eta arrantzaleen oinarrizko dieta baitzen, eskorbutoa –itsasoko gaitzik beldurgarriena– ez harrapatzeko modua.

1565. urteko udaberrian, baleontzi asko ari ziren prestatzen Pasaiako portutik Ternuara partitzeko. Horien artean zegoen Juanes Illunbe oriotarraren Saint Nicolas. Baleontzi bat hornitzea asko kostatzen zen eta baleontzia bera gauza garestia zen oso. Hartara, Juanes Illunbek denbora bat eman zuen bidaia eta eskifaia diruz hornituko zizkioten bazkideen bila. Bera arduratuko zen ontzia gidatzeaz eta eskifaia osatzeaz. Batekin eta bestearekin tratuan ibili ondoren, hiru lagunek azaldu zuten interesa: Paulo Iturriaga, Martin Akorda eta Maria Labaien.

Garaian oso ezohikoa zen emakume bat itsasontzien negozioan jardutea. Maria Labaien lezoarra zen eta Migel Arrieta kapitainarekin ezkonduta zegoen. Bi alaba zituzten, Isabela eta Katalina. Horrez gain, badirudi dolare-baserri baten jabea zela eta sagar uzta propioarekin egiten zuela sagardoa. Alargun geratu zenean, aurrera egiteko modua asmatu beharra izan zuen. Senarraren eskutik, ondo ezagutzen zituen itsas munduko negozioak eta bazekien sagardoa trukerako gai ona zela. Horregatik pentsatu zuen Juanes Illunberen elkartean sartzea. Konfiantzazko idazkari bati agindu zioten hitzartutakoa agiri batean jasotzea; eskubideak eta betebeharrak, irabaziak eta galerak, horrelakorik egonez gero. 190 dukat batu zituzten, ontzia armaz eta janez hornitzeko, eta Maria Labaienek zortzitik bat jarri zuen; 23,75 dukat. Baina ez zuen diruarekin ordaindu bere partea, «bere etxeko eta uztako» 24 barrika sagardorekin baizik. Martin Akorda bazkideak ere sagardotan ordaindu zuen bere partea; 24 barrika sagardo. Hain justu, Maria Labaieni erositako sagardoa. Hartara, bidaiaren laurden bat sagardotan ordaindu zuten. Maria Labaienek, beraz, etekin ona atera zion sagar urte bikaina izan zenari.

Saint Nicolas ontzia prestatu, armatu eta hornitu zuten esperotako epeen barruan. Baleontzia Ternuara bidaiatzeko prest zegoen 1565eko apirilaren bigarren hamabostaldian Pasaiako portuan, baina arazoak sortu ziren.

Sagardo uzta handiko urtea zen, merkatuan sagardo asko zegoen eta Donostia eginahalak egiten ari zen Ternuara zihoazen Gipuzkoako eta Lapurdiko ontziek bere barrutiko sagardoa har zezaten. Hartara, Donostiako udal agintariek konfiskatu egin zizkioten sagardoak Labaieni, ontzi haiek sagardoz hornitzea Donostiako sagardogileei zegokiola eta bera lezoarra zela argudiatuz.

Baina Maria Labaien ez zen ikaratu eta salaketa jarri zion Donostiako Kontzejuari, 24 barrika sagardoak bueltatzeko eskatuz eta Donostiatik kanpoko sagardogileek baleontziak hornitzeko zuten eskubidea aldarrikatuz. Epaiketaren gastu ugariei aurre egin eta urtebetez zain egon ondoren, epaileak arrazoia eman zion Maria Labaieni. Zehazki, zigortu egin zuen Donostiako Kontzejua barrikak bueltatzera. Gainera, litekeena da epai hark inguruko sagardogile gehiagori lagundu izana.