Nuria Vila
GREZIAKO HEZKUNTZA

Eskola partikularrak ia ezinbesteko bihurtu dira ikasle greziarrentzat

Greziako hezkuntza sistemak ezaugarri oso berezi bat du: zentro publikoetako ikasle gehien-gehienak eskola partikularretara ere joaten dira, institutuetan jasotzen duten irakaskuntza ez delako nahikoa. Krisiak eskola pribatu paralelo hori indartu du, baina eredua lehenagotik zegoen zabalduta greziar ikasleen artean.

Litok, beste edozein ikasle greziarrek bezala, ez zuen arriskurik hartu nahi izan: institutuko azterketak gainditu eta ondoren unibertsitate publiko batera sartuko zela ziurtatzeko, institutuan zegoen bitartean irakasle batek indartze eskolak eman zizkion etxean. Hilean 250 euro inguru ordaintzen zituen Historia, Literatura, Antzinako Greziera eta Latineko eskolen truke.

«Gurasoek eskolan irakasten zidatena ondo ikastea nahi zuten, eta unibertsitatera joateko ere prestatzen nintzen», azaldu du Litok astero bisitatu ohi duen Atenasko taberna batean. Bertan gazte ugari elkartu ohi dira musika tradizional greziarra jotzeko. 24 urterekin bukatu zituen Litok lau urtez egindako Antzerki unibertsitate ikasketak. Gazteleraz ere hitz egiten du, unibertsitate garaian hainbat hilabete eman baitzituen Andaluzian Erasmus programari esker.

Grezia kolpatu eta hezkuntza sistema publikoan min handia eragin zuen krisi ekonomikotik harago, aspalditik dago indarrean bertan hizkuntza sistema paralelo bat. Erosoa da bai Greziako Hezkuntza Ministerioarentzat bai herrialdeko irakasleentzat, eta garestia oso ikasleentzat.

Atenasen Mystoxos izeneko akademia bat du George Giannakoupoylos irakasleak anaiarekin batera. Arazoaren erroa hezkuntza sistema publikoan dagoela uste du. «Irakasleak gaizki ordainduta daude [700 eta 1.000 euro artean hilean]). Eta badakizu, gaizki ordaintzen dizutenean, bost axola dizu lanak, ez zara ahalegintzen». Irakasleen heziketa eskasa ere aipatu du Georgek. «Irakasle askok ez dute eskolak prestatzeko heziketa nahikorik. Batzuetan klasean bertan honakoa izaten diete ikasleei: ‘ez dut denborarik izan ikasgai hau behar bezala prestatzeko, baina ez kezkatu, eskola partikularretan ikasiko duzue’».

Guztira, 2015ean, zentro pribatuetan eskolak ematen zituzten 37.000 tutore zeuden erregistratuta Grezian, BBCk egindako artikulu baten arabera. Georgek ez du irtenbiderik ikusten epe laburrean. «Greziako Gobernuak ez dio aurre egiten arazoari, milaka irakaslek zentro pribatuetan aurkitzen dutelako lana. Bestela, gehienak langabezian egongo lirateke, sektore publikoak ez baitu ahalmenik irakasle tituludun guztiei lana emateko».

«Gobernuaren funtsak ez ditu inoiz hezkuntzan gastatzen, ezta beste arlo garrantzitsu batzuetan ere», salatu du Georgek. Azaldu duenez, Mystoxos akademia duela 35 urte jaio zen, bere aitak, irakaslea bera ere, sortu baitzuen arlo publikoan lana aurkitzen ez zuela ikusita. «Zain zegoen. Lehen ere bazeuden beraz eskola pribatuak, baina neurri txikiagoan. Orain asko zabaldu dira».

Gaur egun, akademiak 45 irakasle eta 200 ikasle ditu, gehienak neskak. Hilero 200 euro inguru ordaintzen dituzte astean bi edo hiru klase jasotzeagatik, bakoitza hiru edo lau ordutakoa. Historia eta Greziera irakasten dituzte batez ere. Egungo, Mystoxoseko irakasle asko akademiako ikasleak izan ziren gaztetan. Georgek dioenez, eskola pribatuak emateko aukera izango ez balute, arlo publikoan lanposturik aurkitzen ez duten irakasle horiek atzerrira jo beharko lukete. Hori bai, «greziarrei ez zaie emigratzea gustatzen, azken aukera da. Nahiago dute beste bide batzuk bilatzea».

«Frontistirio»-ra joan behar

Ezarritako eredua hori izan arren, Litok uste du unibertsitateraino irits daitekeela frontistirio edo eskola partikularretara joan gabe ere. «Bada unibertsitatera klase pribatuetara joan gabe iristen denik ere. Horrek esan nahi du, beraz, posible izan badela». Litok, aldiz, paradoxa bat azaldu du: «Batzuetan ikasleek akademietan institutu publikoetan baino lehenago ikasten dituzte ikasgaiak. Ondorioz, indartze klaseetara ez bazoaz, institutuan atzean geratzen zara».

Litoren gelan neska bakar bat ez zen joan eskola pribatuetara. «Ez zuen unibertsitatera joan nahi. Orain, itsasontzi batean lan egiten du, garbiketan laguntzen. Itsasontziak nola funtzionatzen duen ere ikasten du. Gainontzeko guztiek unibertsitatera joan nahi zuten».

Unibertsitatean sartzeko proba beldurgarriaren zailtasuna obsesioa bihurtu zen Litoren gurasoentzat, eta, horregatik, berak beti izan ditu aparteko eskolak. Herritar askoren beldur handiena zentro publiko batera joateko nota nahikorik lortu ez eta unibertsitate pribatu batera joan beharra izatea da. Izan ere, unibertsitate pribatuek prestigio gutxi dute. Matrikularen prezio altua ere arazoa izan daiteke, baina, Litoren ustez, hori ez da arazo nagusia. «Azken batean, Bigarren Hezkuntzan zehar unibertsitate publikora joateko akademietan ordaintzen duzun diruarekin, unibertsitate pribatuaren matrikula ordainduta izango zenuke!».

Etengabeko aldaketak

Litoren iritziz, arazoarentzako irtenbidea klase partikularrak eskola publikoetan bertan ematea izan daiteke. «Eskola barruan errefortzu klaseak egin daitezke, ohiko klasea bukatzen denean. Orain, etxera iritsi ostean eskola gehiago hartu edo eskolarako ikasi behar duzu eta hori ez da normala», salatu du. Modu horretan egunean ordu gehiago izango lituzkete ikasleek atseden hartzeko edo curriculumetik kanpoko ekintzak egiteko.

Litok politikarien gainean jartzen du erantzukizunaren zati bat. «Gobernu bakoitzak aurrekoaren eskola sistema aldatzen du. Urrats egonkorragoak behar dira Lehen Hezkuntzan: nola ikasi, nola prestatu… Irakasle gehiago ere behar dira. Ez da posible irakasle batek hainbat ikasgai ematea: irakasleak berak ez badu ezagutza nahikorik, ikasturte osoa galtzeko arriskua duzu». Azken finean, Litoren arabera, «garrantzi handiagoa eman behar zaio ikasten duzunari, ez bakarrik azterketak pasatzeari».

Atzera begira, Litok orain bere buruari galdetzen dio nolakoa izango litzatekeen bere bizitza unibertsitatetik pasatu izan ez balitz. «Imajinatu unibertsitatera joan ez banintz! Unibertsitateak bestelako aukerak ematen dizkizu. Bestela, zer egingo duzu? Institutua 18 urterekin bukatu eta lanean hasi? Bizitza den-dena lanean eman? Zerbait gehiago ikastea ona da beti, aurrera egitea...».

Karrera bukatu zuenetik Litok etengabe parte hartu du nazioarteko mugikortasun programetan: Bulgarian, Austrian, Filipinetan... «Ikasten jarraitzeko eta bizitzeko beste modu batzuk ikasteko», nabarmendu du.