Gizateria 2050 (III): Energia burujabetza edo nekropolitika
Negua atzean utzi dugula gogorarazten digu gaur gaueko ordu aldaketak eta hain hotzak diruditen 2050. urtearen gaineko espekulazioak ere artikulu honekin amaituko dira. Populazioari eta bere elikadurari begiratu diot lehenik, elikadura burujabetza proposatuz gosea jakiak zakarretara botatzearekin bateragarri egiten duen barbaridadearen aurrean. Garunaren gaineko ezagutzan ematear diren jauziei begira, eta dagoeneko komunikazio paradigma berria eragiten ari diren jakitun, ziborgen eta homo sapiens-en arteko gudarekin espekulatzera ere ausartu naiz. Attenboroughren hitzak nire eginda eboluzio kulturalaren beharra azpimarratu dut 2050 postkapitalista baterantz, eta gaurkoan Kardashoven eskalarekin lotu nahiko nuke balizko aurrerabide hori. Hiru zibilizazio mota deskribatzen ditu: 1 motakoek, planetako baliabideen kontrola dute, 2 motakoek, bere planeta sistema osoarena eta 3 motakoek, galaxia osoarena. Gu 0,72aren inguruan geundeke bere garaian Saganen arabera, baina zelakoa da ba Lurreko baliabideen gainean dugun benetako kontrola?
Gaur egun mundu mailan produzitzen den energiaren %85 inguru erregai fosilak errez lortzen da, energia nuklearrak eta iturri berriztagarriek %7na inguru dakarten bitartean. Logika, berriz, berdina da (ia) beti: kapitalista. Baliabideen kontrola gero eta esku gutxiagotan izateak guda eta giza miseria moderno guztiak ekarri ditu, baina gaurko ogia eta biharko gosea eskaintzen dituen eredu horrek, klima bera aldatzerainoko kakatzarra eragiteaz gain, Lurrean potentzialki ekoizten ahal den energia guztiaren hamarmilaren bat besterik ez du sortzen. Hori gutxi balitz, ekoizten den energiaren laurdena baina gehiago energiaren sorrera eta garraioan galtzen da! Merkantzia eta pertsonen garraioak beste %20 suposatzen duelarik, mundializazio logika kapitalistak produzitzen den energiaren erdia gastatzen du soilik bere mantenuan. Beste erdia, zer esanik ez, logika kontsumista eroak xahutzen du hein handi batean. Guztiarekin, egungo eta etorkizuneko biztanleriaren heriotza, xahuketa eta miseria eragiten duen nekropolitikan oinarritzen den eredu energetikoa da indarrean dagoena. Aurrera begira, klima aldaketa eta mehatxu nuklearra –bai militarra bai “zibila”– besterik eskaintzen ez digun eredu ankerra.
Zendu berri den Hawkingek esaten zuen bezala, «arrisku handiko aroa bizi dugu, bizi garen planeta suntsitzeko moduko gaitasuna baitugu, baina ez oraindik bertatik alde egitekoa». Agian horregatik eman zuen bere karrera amaiera bizitza adimentsu estralurtarraren bila, aurrerantz ihes egiteko. Yustek etika jotzen zuen aurrerapen zientifikoen erabilera okerra mugatzeko bide, baina hortxe dugu, parez pare, 2018ko gizateriaren zoru etikoa. Fusio nuklearrak paradigma energetikoa irauliko zuela uste zenean muga teknikoak ziren aitzakia, baina nork bultzatuko du ba itsasoa duen edonork energia garbi eta ia mugagabea izateko teknologia?
Bitartean, eskura dugunetik, Infernuko Errotaren bidea dugu, naturaren indarra boterearen bideetatik at kudeatzea. Ordua alda dezakegu gaur, baina txipa aldatu beharra dugu. 2050. urtea tropikala izango bada, izan dadin librea ere. •