Joxean Agirre

Lotsatiak

Bilboko Kafe Antzokian Ruper Ordorikari egin zitzaion omenaldiaren barruan Atxagak eskaini zuen errezitaldiak komentario bat baino gehiago eragin zuen sarean. Batzuek antologikotzat jo zuten eta hala izan zela uste dut nik ere. Norbaitek «han egon nintzen» idatzi zuen, unea historikoa izan zela nabarmentzeko-edo. Ez dakit. Edozein modutan ere ez dut inoiz ikusi jendea (eta aretoa beteta zegoen) poesia errezitaldi batekin horrela gozatzen eta ez dut Atxaga bera ere horren okurrente eta tarteka horren ganberro inoiz ikusi.

Une batetik aurrera, ordea, txalo egiteari utzi eta hasi nintzen pentsatzen jainkoak ez direla inoiz zuzenak izan talentua banatzeko orduan, baina oraindik okerrago ibili direla jendetasuna eta gaitasun sozialak banatzerakoan. Mikrofonoan han egon behar zuena Ruper Ordorika bera baitzen, baina jaialdia hasi aurretik mundu guztiak zekien ez zela agertuko. Beharbada ni bezalaxe beste batzuk ere pentsatzen egongo ziren ederra izango zela agertu izan balitz. Mikrofonora gerturatu eta esaldi labur bat esatea aski zukeen edo esaldiaren ondoren, askotan egin ohi duen moduan, aldez aurretik porrotera kondenatutako txiste bat egiten saiatu izan balitz. Ez genukeen Atxagarekin bezala barre algararik egingo, baina hunkituta geratuko ginen.

Egon nintzen pentsatzen gaitasunen banaketa horretan moztadea tokatu zaigunok, lotsatiok alegia, ez ote dugun sentiberatasun berezi bat edo zentzu ezkutu bat ezberdin eta berezi egiten gaituena, eta askotan moztadeak gure buruarekin haserretzera bagaramatza ere, ez ote genukeen zorioneko sentitu behar, maite ditudan idazle handienak eta artista on asko lotsati petoak direlako. Geurera mugatuz, halakoa zela uste dut Koldo Mitxelena bera eta halakoak dira edo izan dira Ruper, Laboa eta Saizarbitoria, eta halakoa irudikatzen dut Sarrionandia ere.

Ni beti lotsation kofradiako zaindari izan zitekeen René Laënnec sendagile bretoiarekin gogoratzen naiz. Bere bulegoan omen zegoen bihotzeko gaitzarekin zebilen neska bat bisitan etorri zitzaionean. Bihotzaren inguruan belarria jarri eta auskultatzeak lotsa ematen ziolako, koaderno bat kiribilduta ipini zion bularrean taupadak entzun ahal izateko. Belarriz baino hobeto entzuten zituela oharturik, hasi zen oraindik ere indarrean dagoen eta sendagile guztiek lepotik zintzilik darabilten fonendoskopioa perfekzionatzen. Nik neuk bere lekuan pare bat metroko fonendoskopioa asmatuko nuen. •