Xabier Izaga Gonzalez
JUDIMENDIKO SUGAR BIZIA

Sugar Kultur Fest, behetik sortutako «txinparta», auzo batu eta bizia pizteko

Gasteizko Judimendi auzoak auzo sortzaile bihurtzeko apustua egin du azken hilabeteotan. Bide horretan, apirilerako prestatzen ari den Sugar Kultur Fest, arte eta kultur jardueraz betetako astea, «lehen mugarria» izatea nahi dute bertako eragileek, «prozesu askoz zabalago eta sakonago baten lehen mugarria», alegia.

Ez zen, ez, ematen zuena. Astelehen goizean kazetariei eskaini zieten kafean baino ez zen azukrearen erreferentziarik agertu. Izan ere, Judimendin, ezin bestela izan, sugar festa auzoaren izaera «landu eta ezaugarritzen» duen sugarrari dagokio. Bertako hainbat eragilek Judimendi sormen auzo bihurtzeko apustua egin dute, eta, hartarako, Gasteizko auzo horren sua kitzikatzeko, astebetez arte eta kultur gune bihurtzea erabaki dute Sugar Kultur Fest antolatuta. Horren berri emateko, prentsa gosaria prestatu zuten ARTgia sorgune & aretoan.

Judimendi Gasteizko auzo zaharra da, zaharra baina berritzeko gaitasuna duena. Horren erakusgarri, astelehenean aurkeztu zuten egitasmoa. Ekimenaren bozeramaile eta auzoko grafitilari Asier Balzak, Angel Madina Auzo Elkarteko kideak eta Edurne M. Aiona Arabako idazle independenteen taldeko ordezkariak azaldu zituzten herri kudeaketatik sortutako «komunitate-esperientzia berritzailearen» nondik norakoak.

Duela urte bi Auzo Elkartean hasi zen suspertze prozesuaren baitan, auzotarren iritziak jasotzen hasi ziren, eta auzo bizia eta batua izateko, kultura elementu aproposa dela pentsatu zuten, baina kultura kudeatzeko eredu berri baten aldeko apustua eginda. Auzoak San Joan jaiak antolatzeko duen konpromisoa ikusi eta harago joan beharra sumatuta, gizarte bultzada sorkuntzara bideratzeari ekin zioten. Joan den urrian, parte hartze zuzenaren bidez eta auzotarren berezko baliabideetan oinarrituta, «Judimendik behar duen birgaitze eta suspertze prozesuan aurrera egiteko tresna» sortzea erabaki zuten. Asmo horretan, Sugar Lab elkargunea sortzea izan zen lehen urratsa, eta elkargune horretatik sortu zen bigaren urratsa: Sugar Kultur Fest.

Astebeteko egitaraua

Apirilaren 15ean –Artearen Nazioarteko Egunean– hasi eta 22ra bitartean kultur jarduera ugari izango dira Judimendin, auzoko zortzi gunetan: Pepe Ubis plazan, Errekatxikin, Auzo Elkartearen lokaletan, Gizarte Etxean eta Kiroldegian, besteak beste. Angel Madina Auzo Elkarteko kideak GAUR8ri esan zionez, harrituta geratu dira egitasmoak jaso duen erantzuna ikusita. Dioenez, apirileko aste horrek ikusaraziko die egitasmoa iraunkortzeko aukera duten, baina dagoeneko badute baikor izateko motiborik. 30 eragile inguruk parte hartuko dute edizio bakarrean geratzea nahi ez luketen kultur jaialdi honetan: Auzo Elkartea, Gizarte Etxea, auzoko eliza, Sumendi espazio autogestionatuko kideak, Eoncult elkartea, AEK euskaltegia, auzoko hainbat artista, ARTgia sorgune & aretoa eta beste askok.

Jarduerei dagokienez, 50tik gora proposamen jaso dituzte, arte eta kultur adierazpen bihurtuko direnak: hitzaldiak, musika estilo desberdinetako kontzertuak, abesbatzak, antzerki emanaldiak, elizak antolatutako “Jesukristo Superstar” obraren antzezpena, muralak, literatura tailerrak...

Esan bezala, hasiera baino ez izatea nahi lukete, horregatik gune horiek dinamizatu eta sorkuntza eremu iraunkorrak izateko apustua egin dute, «Judimendin gertatu beharreko prozesu askoz sakon eta zabalago baten lehen mugarria» izan dadin. Halaber, egitarauan auzo izaera nabarmentzea nahi dute, «eraldaketak ikusarazteko asmoz, batetik, eta hurbileko ekonomiak sustatzeko gai garela erakusteko, bestetik». Kulturatik eta artetik piztu nahi dute Judimendi, eta egitasmo hau sugarra sortzen duen txinparta dela diote. Helburua sinergiak sortzea da, elkarri babesa emanez eta ezagutzak trukatuz, «giza ezagutza ez baitago atal bakartutan banatzerik», eta lore arteko polinizazioa bezala «eremu anitzen arteko elkarreragina ezinbestekoa baita zientzia, arte eta kulturarako».

Egitarau irekia

Sugar Kultur Fest Judimendiko ekimena da, baina irekia; horregatik, nahi duenari parte hartzeko gonbita egin diote. Izan ere, egitasmoaren aurkezleetako bat, Edurne M. Aiona, ez da auzokoa, baina haurrentzako literatura tailerretan parte hartuko du, haurrak «idazkera sortzailean» trebatzeko asmoz.

50etik gora arte eta kultur hitzordu prest daude dagoeneko, baina oraindik proposamenak jasotzen jarraitzen dute. Egitasmoaren kudeatzaileekin harremanetan jarri nahi duenak labo@sugarfest.eus helbidera jo dezake.