Amaia Nausia Pimoulier

Espainia katolikoa, danborren erritmoan dantzan

Gaurko idazkia Cambrilsetik bidaltzen dut, egun batzuetarako euskaldunon etxea bilakatzen den Costa Dorada honetatik. Estatuko turistek igandean alde egin zuten eta hoteleko hall-a Athleticen, Realaren eta Osasunaren kamisetez bete da. Euskara baino ez dut entzuten jantokian, hondartzan eta pasealekuan. Eguzkiarengatik ez balitz, etxean jarraitzen dugula pentsatuko nuke.

Oporretako martxa berehala hartu dugu; gosari ordua luzatu, hondartzan etzan, bazkaldu ondoren siesta luzeak eta arratsaldeko paseiko lasaiak. Eta bi haurrekin normalean etxean inoiz egiteko aukera ez duguna: gauean, biak lokartu ondoren, telebista ikusi! Hor agertu zaizkigu TV3 katean Puigdemonten espetxeratzea eta Cifuentesen masterra. Zapping eginez, berriz, TVEn prozesioak, prozesioak eta prozesioak, Konstituzioak hala esan arren, espainiar Estatua akonfesionala ez dela gogorarazteko.

Espainia katolikoak danborrek markatzen duten erritmoan dantza egiten du. Hor agertu zaizkigu Huelvako Kateen Kristoa, Jerezeko Esperantzako Ama Birjina eta Legionarioen Heriotza Onaren Kristoa. Horren katolikoa den giro horretan murgilduta, konfesioaren beharra sentitu dut. Konfesatuko dizuet, beraz, zaila egiten zaidala ikusten ditudan aurpegien emozioak ulertzea, malko horiek guztiak nireak egitea. Baina hori nire ateismoak eragindako aurreiritzi bat baino ez da, pribatuak diren sinismenak errespetatzen baititut noski. Baina Espainian publikoa eta pribatua nahasten direla badakigu; hor ikusten ditut lehen ilaran Cospedal, Catala eta Bañez ministroen aurpegiak. Oporretan nagoenez ez dut gogorregia izan nahi eta nire bikotekidea protestaka hasten denean –«begira, beti bezala Estatua eta Eliza eskutik, baina ez al digute beti saldu hori Estatu Akonfesionala dela? Zer egiten dute hor ministroek?»–, honakoa erantzuten diot: «Badakizu zein den Aste Santuko pausu horien jatorria?». Berehala nabaritzen dut bere asper begirada, badaki-eta nire barneko historialariak azalpen historikoa emanen diola. Baina, ohituta dagoenez, eta, batez ere, maite nauenez, erantzuten dit: «zein da?». Eta nik azaltzen diot Luterok XVI. mendean Alemanian Eliza Katolikoaren kontra egindako Erreformaren ondorioz Erromako Eliza Katolikoak aurre egiteko bere Kontrarreforma egin zuela eta telebistan ikusten ditugun “pausu” gehienak garai horretan eraiki zituztela. Eta, azaltzen diot era berean irudi horien guztien helburua protestanteen dogmei kontra egitea dela, batez ere sola fede eta solus Christus dogmei. Horien arabera, bizitzan egiten ditugun ekintza onek ez dute inporta betiko salbamena lortzeko, Jaungoikoan daukagun fedeak baizik. Bestalde, Jaungoikoarekin harremana edukitzeko bide bakarra Kristo dela, eta ez apezak, santuak edo Ama Birjina. Horregatik, garai horretan, eta XVII. mendean batez ere, aita santuek garrantzia eman zioten Ama Birjinaren eta santuen irudiei, katolikoei esateko protestanteek esaten zuten ez bezala, ekintza onak garrantzitsuak zirela eta santuen eta Ama Birjinaren bizitzak eredugarriak izan behar zirela guretzat. Espainiako erregeak Kontrarreformaren garaian aita santuaren eta Fede Katolikoaren babesle izendatu zituztela ere azaltzen diot, eta, bukatzeko, gehitzen diot: «Badakizu, maitea, Espainiak bere tradizioak maite dituela eta Historian barna Estatuak eta Eliza Katolikoak eskutik bidaiatzea tradizio bat dela beraientzat. Historiarekin anakronikoak ez izateko daude hor ministro horiek guztiak. Zer nahi duzu egitea XVII. mendeko irudiak ateratzen badituzte? Garai historikoarekin bat egin eta mende horietako jokabidea erakutsi beharko dute, ezta?». Begiak zabal-zabalik dituela honakoa erantzun dit: «Itzul gaitezen lehenbailehen Euskal Herri lainotura, zuri hainbeste eguzkik burua kaltetu dizu-eta!». •