Mikel Zubimendi Berastegi
Elkarrizketa
DECLAN KEARNEY
IRLANDAKO SINN FeIN ALDERDIKO PRESIDENTEa

«Brexita zatiketaren ordaina da, Ostiral Santuko Akordioaren kontrako lehen mailako mehatxua»

Ipar Irlandako politikaren gakoak biziki ongi ezagutu eta argiki konpartitzen ditu milaka batailatan zaildutako buruzagi errepublikano estimatuak.

Donostian egin dugu hitzordua Irlandako Sinn Fein alderdiko buruzagiarekin. Eskubide zibilen aldeko aktibista ezagunen semea, 40 urte daramatza errepublikanoen borrokan engaiatuta. Ofizialki chairperson postua betetzen du alderdian, euskaraz “presidente” izan daitekeena, hitzak hemengo esangura bera ez duen arren. Alderdiaren Irlanda guztirako politiken estrategia burua da, negoziazio eta adiskidetza estrategietan pisu oso handikoa.

Krisi politiko betean dago Ipar Irlanda. Ostiral Santuko Akordiotik hogei urtera, instituzioak geldi daude, Brexita mehatxu argia da, tory-en eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren artean aliantza formala dago indarrean... Horren guztiaren inguruan aritu gara luze-zabal.

Ostiral Santuko Akordioak berdintasunean eta eskubideetan oinarritutako etorkizun berri bati ateak ireki zizkion. Hogei urte pasata, pozik dago mugimendu errepublikanoa akordioaren gauzapenarekin, prozesuaren egoerarekin?

Urteurrena momentu oso garrantzitsua da. Ostiral Santuko Akordioa Irlandako bake prozesuaren adierazpen politikoa da. Arkitektura instituzional berria ekarri zuen, marko berri bat ezarri zuen eraldaketa politiko, sozial eta ekonomikoan sakontzeko, gatazka gainditzeko ildoak ireki zituen. Akordioa sinatu zen lehen unetik, baina, unionismoak, akordioak aurrera egiteko baino atzera egin zezan presionatu zuen. Hogei urteotan asko lortu da, gatazka eraldatzeko bide bat zabaldu da, baina, akordioaren kontrako indarrak ez dira desagertu. Are, indartu egin dira.

Ez gaude pozik akordioaren gauzapenak izandako modu eta hedapenarekin. Gobernu britaniarra eta irlandarra, biak jartzen zituen nazioarteko tratatu honen gauzapenaren bermatzaile bezala. Eta ez da halakorik gertatu. Unionismoak akordioaren kontra presionatu du eta Gobernu britainiarrak bere ardurei bizkarra eman die. Hogeigarren urteurren honek esanahi hori du: asko lortu den arren, askoz gehiago dago oraindik egiteko.

Krisi politikoari begiratuta, akordioaren oinarri demokratikoak mehatxatuta daudela uste duzu? Kolapso arriskurik ba al dago?

Bai, inoiz ez bezalako mehatxuak. Unionismoak ez du sekula akordioa onartu eta atzera egin dezan presionatzen du etengabe. Brexitak ere lehen mailako mehatxua suposatzen du akordioaren oinarri eta arkitekturarentzat. Iaztik, Gobernu britainiar kontserbadoreak eta DUPek aliantza formal bat dute Westminsterren, eta horrek hauspotu egin du akordioaren kontrako erresistentzia. Unionistek eztarritik helduta daukate Theresa Mayren Gobernua. Horri gehitu hainbat eskubide ez direla errespetatzen eta ondorioa argia da: jendearen artean ezinegon handia dago, hogei urte eta gero, Ostiral Santuko Akordioa maila horretako mehatxuen pean azpiratzen ari delako.

Egoera politikoa oso zaila da. Akordioaren anbizio eta bisioarekin bat egin genuenetako asko horrekin hautsi nahi dutela ikusten ari baikara. Aipatu dizut akordioa bake prozesuaren adierazpen politikoa dela, eta ikusten ari gara bake prozesuaren etsaiak nola ari diren oso gogor lanean Ipar Irlandako marko politikoa eta arkitektura instituzionala deseraikitzeko.

Ostiral Santuko Akordioak instituzio politiko berriak ezarri zituen bi aldeek boterea partekatzeko, errepublikanoak eta unionistak herritarren bizitzak hobetzeko eskuz esku lanean arituko ginela bermatzeko. Bada, urtebete pasa daramagu jada instituzio politikorik gabe, egun ez dago botere partekaturik Ipar Irlandan. Atsekabe handia da, eta, era berean, akordioaren kontrako mehatxuak zein handiak diren argi erakusten du. Egun, Akordioaren oinarriak, fundamentuak, ez dira dagoeneko operatiboak.

Krisi politikoa denboran luzatzen ari da. Normalitate berri bilakatzeko arriskurik ikusten duzu? Noraino ari da instituzioen integritatea zalantza jartzen?

Azken urteotan Sinn Feinek oso gogor lan egin du boterea partekatzeko, DUPekin batera abian jarritako Gobernuak arrakasta izan zezan. 2013. urtea gakoa da. Orduko lehen ministro Peter Robinsonek, Martin McGuinness zenduarekin gobernu ardura konpartitzen zuenak, gobernu programaren atal garrantzitsu bat bertan behera utzi behar zela erabaki zuen. Hain zuzen ere, H-Blocks edo Long Kesh kartzelako H Blokeetan [preso errepublikanoek 1981eko gose greba tragikoak egin zituzten lekua] ez zela bakearen gune bat sortuko erabaki zuen, ez zirela gobernu akordioan jasotako lanak egingo. Aldebakarreko erabakia izan zen eta haserre handia sortu zuen errepublikanoen artean. Egungo krisiaren arrastoa orduraino jarraitu daitekeela uste dut. Ordutik aurrera ezegonkortasun politikoa handitzen joan zen, konpromiso gehiago ere hautsi zituen DUPek, beti aldebakarreko erabakien bidez. Eta, horrela, gaur egungo egoerara iritsi gara.

Horrekin batera, DUP diru publikoaren bidegabeko kudeaketarekin lotzen zituzten hainbat eskandaluren berriak kaleratu ziren. Atzeragotik zetorren auzia, baina 2016ean eskandalu itzel baten datuak argitara eman ziren, energia berriztagarriekin lotutako bilioi erdi libera esterlinako diru galera baten kontura. Gainera, beste ministro unionista batek, haurrek gaelikoa ikasteko zeuden laguntzak eten zituen. Atzerabueltarik gabeko puntua izan zen. Sinn Feinen zuzendaritzak serio hausnartu zuen egoera, eta sistema politikoa sostengaezina zen puntu batera iritsi ote zen aztertu zuen. Gobernuaren integritatea oso ukituta geratu zen, guretzat ezinezkoa zen bertan jarraitzea, egin ez genituen okerren ardura gure gain hartzea; ezin genituen onartu irlandar hizkuntza eta identitatearen aurkako erasoak edo bidegabekeria finantzarioak.

Gauzak horrela, 2017ko hasierarako erabakita genuen ezin genuela egoera horretan Gobernuan jarraitu. Martin McGuinnessek presidenteorde kargua utzi zuenean, kolapso instituzionala are gehiago bizkortu zen.

Mintza gaitezen gaelikoaren gaineko lege proposamenaz. Unionista batzuen aurkakotasuna benetan harrigarria da. Erretolika sukoia dute, gerra kultural eta supremazismoz blaituriko hitzekin. Onartuko al dute inoiz gaelikoaren ofizialtasuna, nazio identitate irlandarra dutenekin batera bizitzea?

Hor datza auzi estrategikoa. Galdera kritiko horri emango dioten erantzuna da gakoa. Onartu al dezake unionismoak, eta Gobernu britainiarrak, Ipar Irlandako tradizio kultural guztientzako, irlandar identitate politikoarentzako kontsiderazio bera? Onar dezake berdintasuna? Gaelikoaren gaineko lege bat eskatzea hizkuntz legislazio sinple batetik harago doa. Gaelikoa ikastea nahi duten herritarren eskubidea bermatu egin behar da, jakina, baina tradizio eta identitate guztiak errespetu berarekin eta berdintasunez tratatuko ote diren da kontua.

Ostiral Santuko Akordioak Ipar Irlandan bi tradizio kultural zeudela onartzen zuen, bi identitate politiko, eta bien arteko tentsioak eta kontradikzioak gatazka politikoaren erakusle zirela. Gatazka hori gainditzeko berdintasuna bermatu behar zen, guztientzat kontsiderazio berbera. Unionistek ez dute onartzen gu Irlandako iparraldean bizi garen Irlandako herritarrak garela. Unionistak ez dira gai akordioaren betebehar horretara egokitzeko. Oraindik ez dira galdera kritiko horri erantzun positibo bat emateko gai izan.

Beraz, esan liteke krisi politikoak jarraituko duela Ostiral Santuko Akordioa osoki gauzatu eta eskubide guztiak bermatu arte? Ez gaudela datozen asteetan konponduko den krisi baten aurrean?

Egungo krisia sistemikoa da eta ez da konponduko akordioa osoki inplementatu eta instituzio politikoak oinarri eta marko egoki batean berrezartzen ez diren arte. Eskubideetan oinarritutako gizarte bat gobernatzeko ez bada, instituzio horiek ez dutelako zentzurik. Sinn Fein ez dago prest hori hala ez bada instituzioak berrezartzen uzteko.

Mintzo gaitezen Brexitaz. Boto-emaile ingelesek irlandarren etorkizuna erabaki dute. Zatiketaren oroigarri ona da. Esan liteke Brexita zatiketaren ordaina dela?

Bai horixe! Zatiketa antidemokratikoa da, Irlanda osorako demokrazia nazional baten antitesia. Ipar Irlandako jendeari Brexita ezartzeak Ingalaterran bizi den gehiengo batek hala erabaki duelako, izate antidemokratiko hori indartzen du. Herritar ingelesak ezingo lukete irlandarren borondatea azpiratu Gobernu britainiarrak Ipar Irlandaren gaineko jurisdikzioa erreklamatzen jarraituko ez balu.

Ipar Irlandako herritarren %56ek Europar Batasunaren barruan jarraitzearen alde botatu zuten. Baina inportantea da gogoratzea Brexita kontserbadore britainiarren baitan eman zen gerra zibil ideologikoaren ondorioz etorri zela. Gobernuak erreferenduma onartu zuen barne tentsioak kudeatuko zituelakoan, sumatzen zuen eskuin ingeles berri baten igoera geldituko zuelakoan. Hori da benetako arrazoia. Ez da bidezkoa ingelesek irlandarren borondatea deuseztatzea besteen barne kontraesanengatik inposatu zitzaigun erreferendum batean; demokraziaren subertsioa da. Eta, dudarik gabe, hori gertatu da Irlanda oraindik zatituta dagoelako. Zatiketaren ordaina da.

EBren eta Gobernu britainiarren arteko Brexitaren gaineko negoziazioen korapiloetako bat Irlandan ezarri nahi den muga fisiko berria da, aduanetara bueltatzea. Horrek zatiketa are ikusgarriago eginen luke. Nola askatuko da korapilo hori?

Lehenik eta behin, Brexitak ekarritako edozein muga berri oso negatiboa da, Irlandaren zatiketa indartzen duelako. Horregatik bakarrik, hartuko duen forma gorabehera, txarra da oso. Gainera, Gobernu britainiarrak ez dauka ez planik ez estrategiarik ezta politikarik ere EBtik nola atera negoziatzeko, merkatu komuna eta aduana batasuna nola utzi negoziatzeko, Europako Justizia Auzitegiarekin izango duen harremana negoziatzeko… Ez dago planik, ez dago negoziazio koherenterik, atera nahi dutela diote, baina nola egingo duten ez dakite.

Aduana batasunaren inguruan egin diren ikerketa eta analisi guztiek diote ezinezkoa dela Britainia Handia EBtik ateratzea, eta horrekin batera Ipar Irlanda ateraraztea, modu batean ala bestean beraiek hard border bat deitzen dutena altxatu gabe. Beldurgarria da ikustea nola bake prozesuaren lorpen handienetako batzuk, muga ikusiezin egitea eta Irlanda osorako ekonomia bat garatzea adibidez, hain mehatxatuta egotea boto-emaile ingelesen erabaki batengatik. Egin den lan on guztia bertan behera utz dezake.

Theresa Mayren Gobernua sostengatzeko DUPek eta «tory»-ek osatu duten aliantzaz galdetu nahi nizuke. Teorian, Gobernu britainiarra Ostiral Santuko Akordioaren bermatzailea da, baina, orain, aldiz, parte batekin lerratu eta aliantza osatu du. Nola interpretatzen duzue?

Oso esanguratsua da, baina Gobernu britainiarra Ipar Irlandan ez da sekula neutrala izan, beti izan da unionisten aldekoa, politikoki eta ideologikoki. Ostiral Santuko Akordioaren osteko lehen hamar urteetan, laboristek gobernatzen zutenean, unionisten aldekoak izan arren, bere gain hartu zuen Gobernuak akordioaren bermatzaile izateko ardura. 2010en Gobernu tory-a hautatu zutenean, Ipar Irlandarekiko zituen arduretatik aldendu zen. Jonathan Powellek jarrera horrek Ipar Irlandan atzera egitea zekarrela ohartarazi zuen. Agendatik atera zuten auzia, ez zioten jaramonik egiten, eta horrek unionismoa harrotu zuen, prozesuaren kontra gehiago presionatzera bultzatu zituen. Horrek ezegonkortasuna handitu zuen.

Iragan urtetik hona, Ipar Irlandarekiko Gobernu britainiarraren ezaxola eta arduragabekeria, DUPen eta tory-en arteko aliantza formal batean bilakatu da. Aurrekaririk gabeko gertakizuna da, ezinezko egiten baitu Gobernu britainiarrak bere konpromisoak fede onez betetzea. Gobernuak bere independentzia konprometitu du, esplizituki, praktikan, unionisten aldekoa dela argiko frogatu du. Eta unionistak, noski, oilartu egin dira, gurekin inongo akordio edo prozesu partekaturik aurrera eramateari uko egiten diote, badakitelako tory-en babes osoa dutela. Ez dute konpromisorako, adostasunerako, arrazoirik, britainiarrek ez dituztelako presionatzen. Lepotik helduta dute tory-en Gobernua.

Gobernu irlandarra da Ostiral Santuko Akordioaren beste bermatzailea. Zein da Dublinen jarrera krisi honetan?

Ostiral Santuko Akordiotik hona beste inongo gobernuk izan ez duen ulermena adierazi izan du. 1990eko hamarkadan Dublinek ondo ulertu eta bideratu zuen arazoaren gakoa. Baina akordioaren sinadura eta gero, aldentzen hasi zen. 2011ko Fina Gaelen Gobernua erabat desengaiatu zen; Gobernu britainiarraren jarrera negatiboa zen, bada, irlandarrak ez zuen ezta jarrerarik ere. Bi gobernuek ez zuten prozesuaren gobernantza bateraturik.

Leo Varadkarrek gidatutako Gobernuak [2017an hautatu zuten] erakutsi du krisiaren natura ulertzen duela eta Dublinek gehiago, askoz gehiago, egin behar duela. Brexitaren arriskuek Gobernuaren barruko eztabaiden tonua aldatu dute, berriz ere, Irlandaren batasunaren auzia erdigunera ekarriz. Varadkarrek onartu du Brexitari aurre egiterik ez dagoela ez bazaio irlandar batasunaren eta etorkizunean izan daitezkeen trantsizio etapen gaiari heltzen. Esango nuke luzaroan administrazio irlandar batek izan duen jarrera aurrerakoiena duela.

Eta zein da AEBetako irlandarrek, jokatu behar badute, jokatu beharko luketen papera?

Jokatu behar dute bere papera, dudarik gabe. IRAk borroka armatua utzi eta bake prozesuaren aldeko apustua egitea ekarri zuen zirkulua ixten ari gara. Hura guztia posible izan zen aurrera egitea posible egiteko aliantza politiko eta estrategikoak finkatu zirelako, Irlandan eta munduan. Amerika irlandarraren, Dublinen, Sinn Feinen eta nazionalisten iritzien arteko konexioak potentzial handia sortu zuen bake prozesuaren alde. Orain, bada, prozesuaren adierazpen politikoa, hots, Ostiral Santuko Akordioa, mehatxupean dago. Mehatxu horri aurre egiteko aliantza horiek martxan jarri behar dira berriz ere, unionistak presionatzeko, Dublinek Londresi kontuak eskatzeko, unionistek behingoz galdera kritikoari erantzun bat eman diezaioten: prest al daude tradizio kultural eta identitate politiko irlandarreko herrikideekin batera bizitzeko? Horretan dihardugu, gogor. Dublinek Londres presionatzea eta Londresek unionistekin duen aliantza bertan behera uztea beharrezkoa da.

Gerra bukatu zen, eta krisia ukaezina den arren, ez dirudi sumendi bat lehertuko denik Irlandan. Baina, posible al da bigarren mailako herritarrak zineteneko iraganeko «statu quo»-ra berriz bueltatzea?

Egun haiek ez dira bueltatuko. Dena aldatu da, atzerabueltarik gabe. Orain berdintasunaren aldeko iraultza abian da. Eskubideak onartu eta betetzearen aldeko borroka bururaino eramateko une egokia da. Gure guraso eta aitona-amonak “Pertsona bat, boto bat” lelo hartuta borrokatu ziren, berdintasunaren alde. Jipoitu eta tirokatu egin zituzten eta horrek gerra ekarri zuen. Gerrak, zatiketatik zetorren estatu orangistarekin, apartheid-arekin, amaitu zuen. 1981eko gose grebetatik ez zegoen haserrea sumatzen dut, baina amorru hori bideratzeko bideak badaude. Ez, ez dugu inoiz atzera egingo, posiblea den martxa bakarra aurrera egitea da.