Iurretako idazlearen «Atabala eta euria» ipuinean oinarritutako film laburra egin du Egoitz Diaz Ibargoitiak
«Atabala eta euria» narrazio liburua gomendatu zioten eta izen bereko ipuina aukeratu zuen bere proiekturako. Egoitz Diaz Ibargoita gasteiztarrak maiatzaren 3an estreinatuko du Oihaneder Euskararen Etxean «Atabala eta euria» film laburra. Egun berean eta leku berean, «Joseba Sarrionandia, hemen eta han» dokumentala ere emango dute.
Bi aste dira Joseba Sarrionandiaren unibertso literarioa zinemara eramango duen proiektu baten berri jakin genuela. Hamabi zinemagilek egingo duten “Gure oroitzapenak” film luze kolektiboa ez da Iurretako idazlearen gaineko lehen zinema lana izango, ordea. Horren erakusle, maiatzaren 3an Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean Sarrionandia bera izango da protagonista bi zinema lanen bidez. Haietako bat, Peru Magdalena eta Pello Salaberriaren “Joseba Sarrionandia, hemen eta han” dokumentala. Peru Magdalena idazlea bertan izango da joan den urriaren 28an estreinatutako lana aurkezten. Idazlearen biografiaren zenbait pasarte jasotzen ditu, haren lagunen, kideen, Kubako ikasleen eta zenbait artistaren ahotik. Dokumentala baino lehen, “Atabala eta euria” film laburra emango dute, Egoitz Diaz Ibargoitia gasteiztarrak Gazte Sortzaileak bekari esker filmatu berri duena eta egun horretan estreinatuko duena.
Gazte Sortzaileak Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren bekak euskarazko sorkuntza bultzatzen du. Joan den irailetik, beka hori jaso duten bost talde nahiz norbanako lanean aritu dira beren proiektuak garatzen. Diaz Ibargoitiarenaz gainera, honakoak dira 2017an hautatu zituzten lanak: Ane Gebararen “Harriek kontatu didatena”; Gindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruagaren “Orainaldian”; Lurburu kolektiboaren “Barrunbeko lurretan”, eta Irantzu Lekueren eta Olatz Alonsoren “Eraldaketa SortzaileOn afera”. Bada, hasi dira dagoeneko proiektu horiek Oihaneder Euskararen Etxean aurkezten, eta, esan bezala, maiatzaren 3an “Atabala eta euria” film laburraren txanda izango da.
Filma Sarrionandiaren izen bereko ipuinean oinarrituta dago, eta haren egileak, estreinaldia baino lehenagoko prestaketa lanetan buru-belarri murgilduta dagoela, tartetxo bat eskaini dio GAUR8ri.
Testu labur baina trinkoa
Lagun baten bidez jakin zuen Egoitzek Gazte Sortzaileak bekaren berri, eta lagun berak zirikatu zuen proiektu bat aurkez zezan. Lagun berak gomendatu zion Sarrionandiaren “Atabala eta euria” narrazio liburua ere, ideiaren bat garatzen laguntzeko.
Liburu horretatik Egoitzi gehien gustatu zitzaion lana “Atabala eta euria” izeneko ipuina izan zen. «Hiru orri baino ez dira, baina hiru orri trinko. Gainera, film labur bat egiteko oso testu aproposa da». Ipuina irakurtzean, gogora etorri zitzaion bere irakasle izandako lagun bat, Mikel Etxaburu poeta, eta ipuina narratzen imajinatu zuen. Orduan imajinatu, baina maiatzaren 3an filmean entzungo den narratzaile ahotsa, hain zuzen, Etxabururena da.
Denboraz estu samar ibili zen Egoitz proiektua aurrera ateratzeko, Norvegian zenbait hilabete eman baitzituen Erasmus programarekin, eta hemengo jendearekin harremanik izan gabe. Baina han gidoia idatzi zuen eta Euskal Herrira itzulitakoan proiektuari ekin zion bete-betean. Norvegian autore eskandinaviarren gainean ikasi zituen zenbait kontu ere baliatu ditu bere filmerako.
Filmeko taldea sortzen hasteko, lehenik Julen de la Serna argazki zuzendariarekin hitz egin zuen, eta, ondoren, aktore bila hasi zen, filmeko bost pertsonaiak antzezteko. Ez zuen aktore profesionalik ezagutzen, kamera aurrean lan egin duen aktorerik alegia, eta antzerki munduko jendearengana jo zuen; izan ere, dioenez, filmak keinuen bidez adierazkortasun handia duten aktoreak eskatzen ditu, istorio narratua ikusgai jartzeko. Hartara, antzerkigintzan topatu zituen lau aktore. Zailagoa izan zen bosgarrena aurkitzea, antzeztu beharreko pertsonaia ume bat baitzen. Baina hori ere lortu zuen. Eta espero baino pozago geratu dela dio aktoreek egindako lanarekin. Hurrengo pausoa makillatzailea bilatzea izan zen.
«Berez ‘Atabala eta euria’ drama bat da, drama oso potentea, eta nik haren moldaketa bat egin nahi nuen. Garrantzi oso handia dute sustraiek, naturarekiko harremanak, eta nik neure begirada jarri nion, ukitu fantastikoa emanez mitologiaren bidez», dio Egoitzek. Alde batetik, narratzailearen ahotsa izango da, eta bestetik, naturarekiko erlazio horren istorioa eta hori nola aldatu den kontatuko duten hiru pertsonaia mitologiko.
Jasotako laguntza aipatzen du Egoitzek, bekaz gainera, zenbait lagunena. Hala ere, gastuak pixkanaka pilatuz joaten direla dio, eta estu ibili dela. Edonola ere, garrantzitsuena, dioenez, antolakuntza da. «Antolakuntza dena da».
“Atabala eta euria” Arabako eta Bizkaiko zenbait lekutan filmatu dute. Otzarretakoa da agertokirik garrantzitsuena, Gorbeiako pagadi misteriotsu bezain ederra. Ondategin ere filmatu dute, bertan baitago filmeko amonaren etxea, eta baita Lagako hondartzan ere.
Filmaketak bi asteburu iraun ditu, denetara hiru egun. «Baina hiru egun oso», ordu asko jarraian. «Bost segundoko plano baterako ordubeteko prestaketa behar izan genuen». Hori zinemaren magia dela dio Egoitzek. Magia horrek, ordea, lan gaitza eskatzen du.
Egoitzek 20 urte ditu, baina badu eskarmentua. Aspalditik datorkio zaletasuna. 2014an, ikastolan zela, Emakundek antolatzen duen Beldur Barik lehiaketara aurkeztu eta sari bat irabazi zuen zenbait lagunekin egin zuen “Haiengatik, guregatik” lanarekin. Orduan konturatu zen berak kameraz bestaldetik ikusita hain gustuko zituen gauza horiek egin daitezkeela, eta bere zaletasunaren indargarri izan zen esperientzia hura. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean. Hirugarren mailan dago orain.
2015ean eta 2016an Durangoko Azokako Kameratoia sailera aurkeztu zen fakultateko lagun talde batekin eta bi urteetan irabazi zuten saria. “Jorrai” eta “Lege zahar” lanekin, hurrenez hurren. Ez dirudi talde makala, Gasteizko Artiumeko Cine Express lehiaketan ere parte hartu eta 12 ordutan egin behar zuten film laburrarekin bigarren saria eskuratu baitzuten. Mondragon Unibertsitateak antolatzen duen Huezinema film laburren jaialdian ere parte hartu izan du. Basque Culinary saileko epaimahaiaren saria irabazi du aurten, “Jan burgesa” lanarekin. Eta Unibertsitatean bertan hasiko da laster beste proiektu batekin, besteak beste bere gidoia aukeratu zutelako.
Paul Urkijoren “Errementari” filma ikusi duen galdetuta, oso gustukoa duela dio, eta euskal zinemaren industria bultzatuko duela uste du, hemengo produktua izanda. Zuzendari gasteiztarraren “El bosque negro” film fantastikoa ikusi zuenean konturatu zen zenbat gauza egin daitezkeen, zenbat efektu lor daitezkeen diru askorik gabe. Euskal Herrian gero eta erreferente gehiago daudela uste du, eta argi du ikasten jarraitu nahi duela... eta, jakina, baita film laburrak egiten ere.