Gaizka Amondarain
Irakaslea

Komunitate delegatua

Azkenaldion ohi baino sarriagotan tokatu zait komunitate bilera kaotiko eta amaiezin horietako batean egotea. Bizilagunen arteko hizketaldi dispertsatuaren erdian, nire auzokide bakoitzaren erradiografia mental zehatz eta gupidagabea egiten nuen bitartean, batak ondokoarekin hau eta besteak bestearekin bestea nola komentatzen zuen begira, eginahalak egin behar izan ditut enkontru horietatik zerbait garbian ateratzeko. Bukaeran akta sinatzeaz behintzat gogoratu naiz aldiro, bada zerbait.

Lagun bati aipatu nion aurrekoan kontua. Eta hasi zitzaidan kontatzen nola berari egokitu zaion aurten komunitateko presidente izatea eta nola kudeaketa lanetarako gestoria bat duten kontratupean haienean. Gure bileretan ere aipatu da inoiz aukera moduan, baina momentuz ez gara puntu horretaraino heldu. Bizilagunen artean arruntak diren gatazkez aritu gara gero, han eta hemen errepikatzen diren auzokide tipoen analisia ere egin dugu, eta komunitatean bizitzeak dakartzan albo-kalteez eta gorabeherez bi hitz trukatu ditugu elkarren artean bukatzeko.

Agurtu baino lehen gogorarazi dit lagunak, Ibarretxek ere, euskal erdiko lehendakari zenean, sarritan jotzen zuela auzokideen komunitatearen ideiara gobernatzeari buruzko adibideak emateko. Ez dakit Ajuria Enean bizitzeak emandako eskarmentutik ari zen edo berari ere lehendakari izan aurretik komunitateko administratzaile izatea tokatu ote zitzaion.

Ondo pentsatuta dago, edozelan ere. Jendartea osatzen duten pertsonek politikaren aurrean daukaten jarreraren isla fidela baitira komunitate bilerak. Eta joera bat da nagusi beti beste ezeren gainetik: “niri marroirik ez, badut eta nahiko lehendik daukadanarekin”. Esaldi horrekin laburbildu daiteke guztia. Badut nahikoa neurearekin, gainera komunitateaz kezkatzen hasteko. Horrela ulertzen da, aldearekin hobeto, arazoen aurrean hartu beharreko erabakietan gehiengoak, ahal duenean edo arazoak gehiegi eragiten ez dionean behintzat, delegatzearen aldeko jarrera edukitzea gure artean. Kudeatu ditzala beste batek nire kontuak, trukean eskatzen didana zati hainbeste bizilagun eta kito. Akabo arazoa. Lau urtean behin botoa ematera joan eta gure marroiak, gauzak gehiegi aldatu gabe, gestionatuko dituen norbait aukeratzea bezain erraza da. Jartzen diguten prezioa ordaintzeko prest gaude ardura gainetik kendu eta beste bati pasatzearen truke. Momentuz hegoalderago bizi direnak baino hobeto bizi gara bai, eta jarrai dezala lokomotorrak berearekin. Gure telebista publikoko albistegietan denon diruarekin ordaindutako PNVren publirreportajeak ikusi eta gero, kontzientzia lasai dugula egin dezakegu lo gutxienez.

Herri burujabe bat lortzeko bidean, beharbada, geure ardurak geure gain hartzetik hasi beharko genuke. Beste batzuek gure ordez erabakitzea onartzen jarraitzeko prest gauden bitartean, tamalez, neguko palazioa eskuratu beharrean txalet batean bizitzen bukatzetik hurbilago egongo baikara. •