Javi West Larrañaga

MELILLAKO KALEETAN GURASO EDO INOREN BABESIK GABE, EUROPARA IRITSI NAHIAN

Marokoko hirietatik abiatuta, makina bat adin txikiko elkartzen dira Melillan, Iberiar penintsulara heldu nahian. Europara iristea da beren asmoa eta ez dute gustuko zentro ofizialetan sartuta egotea. Izan ere, kalean biziz gero, gauero saia daitezke itsasontzietan sartzen.

Hamalau urteko Abdellahk bost hilabete daramatza Melillan. Gutxienez ehun aldiz saiatu da Europarantz doazen itsasontzietara sartzen. Hori lortzeko, Abdel bere lagunak esplikatu duenez, alanbrezko bi hesi gainditu behar dira eta bost metroko soka erabilita jaitsi: «Gero kamioi bat bilatu behar duzu bertan ezkutatzeko. Eta lortzen baduzu, ontzian sartzen zara». Horrez gain, polizia espainolak, txakur eta guzti, saihestu behar dituzte. Riski deitzen diote kalean bizi diren ume gehienek ia gauero egiten duten operazioari. «Ostiral eta domeketan ez dugu egiten, ez dago ferryrik-eta», dio Abdelek.

Ezin daiteke Melillan barna ibili kalean bizi diren ume marokoarrak ikusi barik. Mena deitzen diete, haien akronimoa espainolez. Beraientzako zentro bat dago mugaren ondoan, La Purisima, baina bertan tratu txarrak jasateko arriskua izateaz gain, jendez gainezka izan ohi da beti. Sortu zenean 180 ume har zitzakeen, eta, egun, erreforma batzuk egin ostean, 500 inguru hartzen ditu. Hiriko agintariek ere onartzen dute ez dagoela leku nahikorik.

Abdellah hor izan zen denbora labur batez, baina ospa egin zuen: beste hiru lagunekin partekatu behar zuen lur gainean jarritako koltxoia, eta, gainera, zaharrenen abusuak jasan behar izaten zituen.

Jose Palazon haurren eskubideen aldeko Prodein elkarteko presidenteak dioenez, zentroa espainiar armadaren barrakoi bat zen garai batean eta ez ditu horrelako gune batek behar dituen gutxieneko baldintzak betetzen. Ez dago hiriaren estolda sistemara konektatuta eta putzu beltz bat baino ez du. «Militarrek orain 15 urte utzi zuten gutxieneko osasun baldintzak ez betetzeagatik; arratoiak eta guzti zeuden. Orduan 100 soldadu besterik ez zeuden bertan. Orain egoera are okerragoa da; putzu beltza beteta dago eta ur fekalak daude korridoreetan». A zer panorama!

Melillako kaleetan bizi diren gazte gehienak ez dira Rifekoak, Marokoko hirietatik bertara heldutako nerabeak baizik. Horrenbestez, arabieraren Afrika iparraldeko dialektoan egin ohi dute berba, ez Rifeko amazig hizkuntzan. Horregatik, haietako askok esaten dute Rifekoek barrualdeko arabiarrek baino hobeto hartzen dituztela. Gehienak Fez ingurukoak dira, baina badira Rabat eta Casablancakoak ere.

Zentrotik ihes egiteko arrazoietako bat Europara heltzea da. Kalean biziz gero, gauero saia daitezke itsasontzietan sartzen. «Zentroan geratzen badira –dio aktibistak–, 18 urte betetzean poltsa bat ematen diete arropekin eta alde egiteko esaten diete, inolako dokumentu legalik eman barik». Bakar batzuek soilik lortzen dute egoitza baimena; umeen ustez gehienak Rifekoak bertakoak. Beraz, adinez nagusi izan eta hiritik botatzea saihesteko kalera jotzen dute, Europara lehenbailehen heltzeko. Gazte askok familiak atzean utzi eta Europara joatea erabakia dute, inguruko gehienek gauza bera egin dutelako. Melillan sartzea kontinente aberatserako pauso bat baino ez da beraientzako. Ez da helmuga.

Lagunen istorioek deitzen dituzte Europara. Denek uste dute haiek hobeto bizi direla Melillan baino. Abdellah berak lagunak ditu Suedian, Estatu frantsesean eta Ingalaterran. Baita Estatu espainolean ere. Gogoan du bere lagunen Europako argazkiak Fezen ikusi zituela eta erabaki zuela berak ere gauza bera egitea. Oraindik hitz egiten du haiekin. «Guztiak daude Melillan baino askoz hobeto –dio–. Europa osoan zehar daude sakabanatuta».

Ossama ere Fezekoa da, baina galdetuz gero beti erantzuten du Casablancakoa dela, Melillakoak erabat nazkatuta baitaude Fezeko umeez: «Fezekoa naizela esanez gero, Poliziak jo egiten nau». Harraga gobernuz kanpoko erakundearen 2016ko txostenaren arabera, gazteek «polizia indarkeria jasaten dute egunerokotasunean». Abdellah eta Ossamak diote Poliziak jo egin dituela portuan riski egiten saiatzean.

Ez dute Fezen faltarik sumatzen, bertan ez baitago zer eginik, baina oraindik familia gogoan dute. Lagun batek Marokoko SIM txartel bat du eta gurasoei deitu nahi dieten bakoitzean marokoar estaldura dagoen Melillako leku batera joaten dira. Abdellahk dio familiak itzultzea nahi duela, baina, dagoeneko erdibidean dagoenez, ez du nahi.

Saharaz hegoaldeko etorkinek hesian salto egin behar izaten dute, edo txalupaz sartu. Ume gehienak, ordea, mugatik sartzen dira. «Ez da zaila arabiarra bazara –azaldu du Abdelek–, zaindarien lagun egin eta azkenean sartzen utziko dizute». Beste batzuk, jendearen artean ezkutatuta sartu dira.

Asko kalean eskale bihurtzen dira. Edo lan txikiak egiten saiatzen dira. Abdelek autoa aparkatzea eskaintzen die diskoteka bateko bezeroei, baina ez diote beti ordaintzen. «Batzuetan euro bat edo bi ematen dizkidate eta beste batzuetan ezer ez. Neure buruari esaten diot: ‘behintzat eskerrak eman dizkidate’». Ez zaio gustatzen dirua eskatzea. Bere lagun gazteenei ez die axola.

Gauero, Prodein elkarteko laguntzaileek jakiak eta edariak ematen dizkiete etxe gabeko umeei portuan. 40 inguru elkartzen dira eta gero batzuk alde egiten dute eta beste batzuk portuko hesia gainditzen saiatzen dira.

Palazonek saiakera arrakastatsuak aspaldi honetan jaitsi egin direla dio: «Lehen, gau batzuetan hogei umek lor zezaketen. Orain sei-zazpi inguruk lortzen dute astean». Melillak portuaren zaintza hobetu egin du azken urtean, baina ez da hori beherakada esplikatzeko arrazoi bakarra. «Eguraldi ona hastean askoz gehiagok lortuko dute –dio Palazonek–. Oso zaila da zehatz-mehatz zenbat ume dauden jakitea, zenbakia asko aldatzen baita. Oraintxe bertan 30 eta 100 artean egon litezke».

Kanpotarrak Ipar Afrikan

Palazonen arabera, Melillako hiritar gehienek enbarazu moduan ikusten dituzte umeak, haiekin topo egiteak «dilema moral bat» planteatzen dielako. Berak Melillako politikariei botatzen die errua, umeak bertakoak ez direla argudiatu eta hiriak ez lukeela haien zaintza bermatu behar defendatzeagatik. Gainera, Estatuko legediak adin txikiko inor ilegala ezin dela izan dioela gogoratu du aktibistak, eta, beraz, Melillako hiria «legez kanpo» jokatzen ari dela umeen zaintza ona ez bermatzen. «Adingabe batek hanka bat Espainian jartzea nahikoa da Melillako hiri autonomoa bere arduradun bihurtzeko. Haurroi babesik ez ematea legez kontrakoa da», gehitu du Palazonek.

Melillar askok adingabeak kritikatzen dituzte, Ramadan garaian hiria askoz hutsago sumatzen dutelako. Umeetako batzuk Marokora joaten dira familia bisitatzera. Palazonen ustez, iritzi horiek umeen kriminalizazioaren parte besterik ez dira. Nabarmendu du normala dela umeek senitartekoak ikusi nahi izatea. «Kasu askotan haurroi familiek txarto portatu direla sinestarazi diete eta bakarrik uztea horren ondorio dela. Beraz, Melillara heltzen direnean garaile sentitzen dira eta etxera joan nahi dute, senideei erakusteko gizonak direla jada, lortu dutela». Askok badakite dituztela inoiz senitartekoak berriz ikusiko eta umeak kritikatzea, naturala den erreakzio batengatik, ez dela bidezkoa dio.

Adingabeek ez dituzte agintarien abusuak soilik jasaten, Melilla bertako herritar musulmanen jazarpena ere jasan ohi dute, eta hiriko populazioaren erdia dira. «Ez dituzte umeak sinpatia gehiegirekin ikusten», nabarmendu du Palazonek. Abdel are zorrotzagoa da: «Ez dugu arazorik payo-ekin, musulmanak dira gutaz gehien abusatzen dutenak».

Ossamak hiru marka ditu aurpegian horren froga moduan. 25 urte inguruko gizon batek eta bere lagunek jo egin zuten diskoteka baten aurrean, kaleko ume arabiarrak izateagatik. Haietako batek aurpegia ebaki zion laban batekin: «Zerbait esnifatuko zuten».

Ez zuen arazorik izan ospitalera joatean, baina, Palazonek azaltzen duenez, mediku eta erizain batzuek ez dituzte haurrok artatu nahi eta hori lortzeko justifikazio faltsuak erabiltzen dituzte. Salatu duenez, haurrotako batzuei beste mediku batzuek onartutako erradiografiak egiteko aukera ukatzen dieten profesionalak ere badira. «Behin ospitaleko langile batek esan zidan ezin zutela ume bat tratatu, ilegala zelako», salatu du Prodeineko buruak. Baina Estatu espainoleko legediaren arabera adingabe guztiek dute «edozein espainiarren tratamendu bera» jasotzeko eskubidea. «Arartekoak onartu egin ditu niri heldu zaizkidan azken hiru kexak».

Bizi baldintzak

Umeok oso bizi baldintza eskasak dituzte. Abdellahk kartoi kontainer batean egiten du lo, lagun batekin. Beste batzuk, abandonatutako etxeetan, zubi azpian edo muga ondoko basoetan bizi dira. Ez dute ura lortzeko modurik eta kalean norbait botila batekin ikusiz gero, zurrutada eskatzen diote.

Janaria eskatu egiten dute. Zakarrontzietan bila ere aritzen dira. Ezin dira dutxatu eta, soinean daramaten arropa besterik ez dutenez, Harragaren txostenaren arabera askok infekzioak dituzte azalean: arriskutsuak izan ez arren, oso desatseginak izan daitezke. Neguan arazook gora egin ohi dute, arropa bustitzen zaienean ez daukatelako lehortzeko erarik.

Agintarien erantzuna

Juan Jose Imbroda Melillako PPko alkate-presidenteak aurreko otsailean eskatu zien herritarrei ez emateko janaririk ezta mantarik ere kalean bizi diren umeei, zentrora itzul zitezen. Hala ere, onartu zuen zentroa gainezka zegoela.

Daniel Venturak, umeen ardura duen Melillako Ongizate sailburuak, uko egin zion 17 urteko Soufianen gurasoekin batzartzeari. Itsasontzi batean sartzen saiatzen ari zela kamioi batetik jausi zen eta hanka moztu behar izan zioten. Egun gutxi batzuetara hil egin zen. «Bere familiak jakin bazuen Melillan bizi zela, bere bila lehenago etortzea bazuen», esan zuen Venturak. Gainera, «drogazale» ere deitu zion gazteari. Oposizioak kargua uztea exijitu zion Venturari.

Droga menpekotasuna

Palazonek onartu du umeetako askok kola esnifatzen dutela: «Sailburuak ulertzen ez duena da kalean bizi den ume batek kola esnifatzen duela hotza, gosea eta ondokoen arbuioa hobeto jasateko. Edonola ere, biktimak dira. Are gehiago, adingabeak dira eta babestuta egon beharko lirateke. Kalean bizitzearen ondorio da kola esnifatzea».

Harragaren txostenak kola bi euroren truke erosten dutela dio. Plastikozko poltsa batera bota eta elkarri pasatzen diote, aurpegia bertan sartuta inhalatzeko. Abdelek adingabeen arteko sexu-abusu kasuak ere aipatzen ditu, tartean bortxaketak: «Kola esnifatzea oso arriskutsua da. Esnifatu ondoren batzuen jokabidea guztiz aldatzen da. Dena aldatzen da...». Palazonek horrelako egoerak gertatzen direla onartu du. Hori bai, ekintzaileak nabarmendu du hori umeak kaletik ateratzeko arrazoi bat gehiago besterik ez dela.