Joxean Agirre

«50 best»

Pasareletako modeloek eragiten duten frustrazioren antzekoa sorrarazten digute azkenaldi honetan eliteko euskal sukaldari batzuek: txundigarriak dira, ia-ia perfektuak, baina urrunak eta eskuragaitzak. Hamabost urtetik gora dira Mugaritzen edo Etxebarrin izan ez naizela, The World’s 50 Best Restaurants lehiaketa martxan jarri zenetik hain zuzen.

Badakit bikaintasuna ez dagoela denon esku. Aldizkarietan auto batek 0tik 100 kilometrotara 10 segundotan azeleratzen duela irakurtzen dudanean harriturik gelditzen naiz, nireak bost bat minutu behar izaten baititu.

Etxebarrin orain 25 urte justu izan ginen lehen aldiz, koinata bat ezkondu zenean. Artean Bittorrek ez zuen zerrenda horien berririk. Bizkaian ez dira txikikerietan ibiltzen eta urtemuga ospatzeko berriro Etxebarrira joan behar genuela sartu zitzaien buruan. Niri ideia ona iruditu zitzaidan. Ordainketan kolaboratzeko ere prest agertu nintzen, baina ezetz erantzun zieten, mahai txikiekin bakarrik lan egiten dutelako orain. “Gure kasa” saioan esan berri duenez, hiru hilabeteko itxaron zerrenda du eta amerikarrek eta asiarrek betetzen diote jangela. Mugaritzera goizeko hegazkinean etortzen dira Londresetik eta arratsekoan joan.

Abuztuko oporretan Modenatik pasatuko ginela jakinik, ahalegin bat egin behar genuela pentsatu nuen Osteria Francescana bisitatzeko, bigarren aldiz zerrenda famatuko lehen postura igo dela kontuan izanik. Frantziskotarrak sinpatikoak egiten zaizkit. Pello Zabalagatik izango da beharbada. Osteria frantziskotar batean era guztietako jendea hartuko dute, nioen nirekiko. «Ezin da –erantzun zidan emazteak–. Atzo egon nintzen begira eta hiru hilabeteko itxaron zerrenda dauka eta bakoitzak 250 euro ordaindu ditu zerrendan egoteko».

Askoz ere demokratikoagoa iruditzen zait Michelin gida: hiru izarreko batera joan ezin denak bi izarrekoen aukera du edo izar batekoena. Donostian bertan dozena erdi bat izar bateko egongo dira, nire frustrazioak uxatzeko modukoak. Gaitz erdi. •