Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa

DISPERTSIO URTEAK BIZKARREAN. Kartzela urrunetara joan-etorriak eta urteak pilatzen

Dispertsio urteak bestelako urteen desberdinak dira. Gehiago pisatzen dute bizkarrean. Milaka kilometro joan-etorrian, maite duzunaren faltak gorputzean egiten duen zuloa, urrun egoteak sortzen duen desanparoa, asteroko bisitaren kezka... Dispertsio urteek, aurpegia baino, arima eta osasuna zimurtzen dituzte.

Simona eta Luki, Iñaki Garces Beitia euskal presoaren gurasoak. Otxandio

 

«Lukik eta biok hemen egon behar dugu Iñaki etortzen denean»

Iñaki Garces Beitiak Otxandiotik alde egin zuenean, bere amak, Simonak, 53 urte zituen eta aitak, Lukik, 59. Orain 80 eta 86 urte dituzte dagoeneko eta 25 urte baino gehiago daramatzate estatu espainola kartzelaz kartzela zeharkatzen. Herrera, Leon, Kordoba, Valdemoro, Huelva, Alama... Zerrendan baten bat faltako zaiola dio Simonak. «Orain Zaragozan dago».

Bidaia gehienak autoz egin dituzte, biak bakarrik. Tarteka, baina, autobusean ere joan izan dira. «Betidanik harategia izan dugu Otxandion eta bisitak, normalean, igandez egin izan ditugu, harategia ixten genuen eguna zelako. Autobusean normalean larunbatetako bisitak egiten dira eta horregatik askotan ezin autobusean joan». Simonak aitortu du autobuseko bidaia ipurdiko eta bizkarreko minez bukatzen duela. «Hori ez duzu jarriko ezta?», galdetu du umorez.

Hilero-hilero joaten dira, hutsik egin gabe. «Duela urte bi senarra oso gaixo egon zen eta uste dut orduan huts egin nuela hilabete batean. Baina, osterantzean, beti-beti joan gara semea ikustera hilean behin, vis-era. Ez dugu hutsik egin».

Duela gutxira arte, biak joan izan dira, Luki gidari eta Simona ondoan. Azken urteotan, baina, Lukik ezin du gidatu. «Kotxea hor daukagu, garajean. Herriko jendeak eramaten gaitu gure kotxean. Beti izaten da baten bat gu eramateko pronto. Guk kotxea daukagu eta gidaria behar izaten dugu. Orain arte, beti topatu dugu gu laguntzeko prest dagoen jendea. Gauza ederra da, baina erreparo pixka bat ematen digu. Gu eramatera joaten denak ezin du bisita egin, horretara bakarrik joaten da, gu eramatera. Eta han zain egon behar izaten du. Tira, horregatik ematen digu erreparoa. Trukean bazkari on bat ematen diogu eta aurrera, denok pozik. Herrian elkartasun handia dago. Guretzat mesede itzela da eta horregatik apuratzen naiz ni pixka bat, asteburuko plana kentzen diogulako gidariari».

Bisitaren astea arraroa izaten da. «Ni oso urduri jartzen naiz, gero eta zaharrago, gero eta urduriago. Baina bidaiari ez diot inoiz beldurrik izan. Luzea eta neketsua da, baina ez dit beldurrik ematen. Urduri jartzen naiz hara iritsi eta semea barruan utzi behar dudalako, beti barruan, beti barruan... horrek tristura handia ematen dit. Ilusioa, ikustearen poza, eta berriz han utzi beharraren tristura, biak batera sentitzen ditut». Garbi hitz egiten du Simonak. Lukik, sofatik, hizketaldia jarraitzen du eta buruarekin baieztatzen ditu emaztearen hitzak. Duela bi urte oso gaixo egon zen, hilzorian, eta geroztik bere burua nahi baino motelago eta nahastuxeago dabil.

Hutsunearen presentzia erabatekoan bizi dira Simona eta Luki. «Senarrak orain askotan galdetzen dit: Badator Iñaki? Bihar etorriko da? Noiz etorriko da? Horrekin dabil orain buruan, etengabe». Simonak ez du Lukiren galderarik erantzun gabe uzten, galdera aldrebesa izanagatik, beti erantzuten dio, samur-samur.

Eta semea gertuago balego? «Hori sekulakoa litzateke. Pentsa, Gasteizen balego... aita gaixo zegoenean Zaballara ekarri zuten eta bisitan joan ginen pare bat bider. Oso ondo dago eta guretzako, pentsa, berrogei minutuko bidaia. Niretzat bidaia asko infernua izan dira, benetako infernua».

Bidaia horietako bat duela hamabost bat urte gertatu zen eta ondo gogoan daukate biek. «Luki makal samar ibili zen aste guztian, erdi gaixorik. Hankak lokartzen zitzaizkion eta indar gutxirekin zebilen. Giharretan arazo bat zuen. Esan nion horrela ezin genuela bidaia egin, baina berak baietz. Valdemorora abiatu ginen, oso garaiz. Hala nola, baina iritsi ginen. Lukik ez zeukan indarrik ez hanketan eta ez eskuetan. Valdemorora oso goiz iritsi ginen, bisita baina bizpahiru ordu lehenago, eta funtzionarioari eskatu genion bisita aurreratzeko. Baina ezetz esan zigun. Tira, zain egon ginen eta egin genuen bisita. Baina Luki gero eta okerrago zegoen, ezin zuen ia gidatu eta, bueltakoan, gaueko hamaikak inguruan, errepideko ostatu batean geratu ginen, atseden hartzeko. Iritsi, ordaindu eta gelara abiatu ginen. Hara sartu eta ohe gainean, estalki modura, bandera espainola. Hari begira geratu ginen biok. ‘Zer, poliki-poliki abiatuko gara etxera, hemen lo egin gabe?’. Eta halaxe abiatu ginen Otxandiora. Astiro-astiro etorri ginen, Luki gero eta okerrago zegoen, ez zeukan abiadura aldatzeko indarrik ere. Hamar kilometroro geratu egiten ginen atseden hartzera. Eguerdiko ordu batak pasata iritsi ginen Otxandiora. Lasaitu ederra hartu nuen herria ikusi nuenean. A zer bidaia».

«Dispertsioak zahartu gaitu»

«Iñaki beti ondo egoten da gurekin, beti alai. Ez digu arazorik kontatzen eta guk ere ahalik eta gutxien. Nahikoa dauka han barruan». Hala ere, adineko gurasoek egin behar duten bidaiak kezka sortzen dio, hori ezin du ezkutatu. «Aspaldi honetan, Lukik ezin duenez ondo ibili, besteak baino beranduxeago iristen gara bisita gelara eta Iñaki beti kezkatuta egoten da, ez ote garen azalduko. Gainera, funtzionarioek ez diote inoiz azalpenik ematen, ez diote ezer esaten, ez diote azaltzen zergatik berandutu garen». Azken urteotan, 15 urteko bilobarekin –Iñakiren alabarekin– batera egiten dute bisita. «Alaba joaten denean, gu ikusle hutsak izaten gara. Oso gustura egoten gara aitaren eta alabaren arteko hizketaldia ikusten eta barre egiten dugu haien ateraldiekin. Guretzat plazera da hori ikustea», agertu du pozik Simonak.

Tristura handiak pasatakoa izan arren, irribarre errazekoa da. Aurpegi argia dauka, 80 urte ondo eramanak. «Aurpegian zimurrak dauzkat, baina barrutik askoz gehiago zahartu nau dispertsioak. Nekatu egin nau. Lehen Luki eta biok presoen aldeko manifestazio guztietara joaten ginen. Bilboko manifestazio handi horietan pozik sentitzen ginen; ‘irabazi dugu’, pentsatzen genuen. Orain gogo gutxiago daukagu. Luki ere makalago dago eta gutxiago joaten gara. Baina behar denean, joaten gara».

Nekatuta egonagatik, ilusiorik ez zaio falta. «Edozer mugimendu ikusita pizten zaigu ilusioa. ‘Oraingoan bai, oraingoan ekarriko dituzte’, pentsatzen dugu. Egia da itzali ere erraz eta azkar itzaltzen digutela ilusioa, baina hori ezin dugu galdu. Guk bizirik egon behar dugu Iñaki etxean ikusi arte. Luki ere ia joan zitzaigun duela bi urte, baina hemen dago, eusten. Lukik eta biok hemen egon behar dugu Iñaki etortzen denean».

Noiz arte egongo da? «Semeak esaten du atera arte han egongo dela. Ez digu ilusiorik sortu nahi».

Etortzen denean, buskentzak prestatuko dizkio amak. «Asko gustatzen zaizkio. Etxean zegoenean, zenbat jaten zituen! Alaba jaio zenean, Laudiora ekarri zuten neskatoa ezagutzera. Txipiroiak eta buskentzak eraman nizkion jateko. Poliziek jakin minez begiratzen zuten zer jaten zuen, akordatzen naiz... Gero, duela bi urte aita oso gaixo jarri zen eta Gurutzetako ospitalera ekarri zuten. Ordubete lehenago abisatu zidaten ekarriko zutela eta ez nuen aukerarik izan handik mugitzeko. Baina gelan gerezi mordoa genuen, lagun batek ekarritakoak. Eta han egon zen Iñaki gereziak jan eta jan, denak bukatu arte. Behintzat aho zapore ona eraman zuen kartzelara bueltan».

Simonak badaki kartzelan ez duela etxeko gozotasunik eta jan ere eskas egiten duela. «Baina sekula ez da kexatzen, ez digu arazorik kontatzen, poza transmititzen digu».

Urteotan pasatu duen unerik latzena, baina, ez dauka ahazteko. Atxilotu zutenean tortura latzak jasan zituen semeak. «Madrila joan ginen bisitara. Han agertu zen, toki ilun-ilun batetik eta geldirik geratu zen, izututa. Berak ez zekien gu ginenik ere, ez zekien nor zuen zain atearen beste aldean. ‘Geu gara, geu gara, Iñaki’ esan genion eta gerturatu zen barrote ostetik. Aurpegia erabat belztuta zeukan. ‘Ama, itzelak eman dizkidate’ esan zidan eta bizkarraldea erakutsi zigun, dena ubelduta. Une hura ez zait ahaztuko, semea ez baitut inoiz hain izututa eta hain jota ikusi».

Simona eta Luki babestuta sentitzen dira. «Jendeak asko lagundu digu, batez ere gure egoera berdinean daudenek. Egia da egoera asko luzatu dela, jendea desmobilizatu egin dela, norberak bere arazoak dituela... eta guk presa daukagu, etxean nahi ditugu lehenbailehen».

Pepi, Alfonso eta Maria Jesus, Gorka Loran Lafourcade euskal presoaren ama, aita eta izeba. HERNANI

«Guretzat senideen autobusa premiazkoa da, asko samurtzen du gure egoera eta hori ezin dugu galdu»

2003ko abenduan atxilotu zuten Gorka Loran Lafourcade. Geroztik, Soto, Valdemoro, Huelva eta Algecirasko kartzeletatik pasatu da. Gaur egun Algecirasko Botafuegos espetxean dago eta bere senideek Etxeratek antolatutako autobusean egiten dute bidaia. Ostiral arratsaldean abiatu eta igande goizean bueltatu. Kilometro eta ordu askoko joan-etorria da, baina aukera denetan onena da senideen autobusak eskaintzen diena. Hori oso garbi daukate.

Pepik (69 urte), Alfonsok (72 urte) eta Maria Jesusek (76 urte) bizkarrean hartuak dituzte hamabost dispertsio urte. Horiek bestelako urteak baino pisutsuagoak dira.

«Guk ez dugu gidatzen eta lehen beti norbaiten laguntza behar izaten genuen. Garai batean hegazkinez egiten genuen bidaia eta gero autobus bat bestearen atzetik eta taxiak hartzen genituen espetxera iritsi arte. Eromena. Sekulako estutasuna, garaiz iritsi beharraren estresa, hara eta hona korrika ibili beharra...», hasi da kontatzen Pepi.

Hala ere, beti iritsi izan dira. «Batzuetan oso-oso urduri, baina beti iritsi gara. Eta hori da garrantzitsuena. Korrika iritsi, aurpegi onena jarri eta barrura, semea ikustera», segitu du Alfonsok.

Badira hamar bat urte senideen autobusean bidaiatzen dutela. Azkenaldian, baina, gero eta bidaiari gutxiago biltzen da autobusera eta ekonomikoki kili-kolo dabil. Autobusak Algeciraseko joan-etorrian sortzen dituen gastuei aurre egiteko gutxienez 29 bidaiari behar ditu. Azkenaldian, baina, asteburu askotan ez da gutxieneko horretara iristen eta uneotan autobusaren zerbitzua defizitarioa da.

«Guk ezin dugu autobusa galdu. Guretzat oso garrantzitsua da. Orain, kartzelako ateraino bertaraino eramaten gaitu eta bidaia askoz lasaiagoa da. Badakigu garaiz iritsiko garela. Gidariak profesionalak dira, beren atseden orduak egiten dituzte, geldialdiak egiten ditugu... egia da beti gertatu daitekeela zerbait. Baina, tira, guretzat senideen autobusa premiazkoa da», jarraitu du Pepik.

Babestua sentitzea

Autobusak badauka, gainera, beste alderdi garrantzitsu bat: taldearen babesa. «Autobusean goazen guztiok badakigu nora eta zertara goazen. Sevillan, Puerton eta Algecirasen egiten ditu geldialdiak. Familia handi bat bezala gara eta babestuta sentitzen gara. Edozer gauza gertatuta ere, ez gaude bakarrik, badaukagu nork lagundu. Eta hori oso garrantzitsua da. Are gehiago adin batetik aurrera. Bidaia batean senide batek osasun arazo larri bat izan zuen eta berehala jaso zuen laguntza. Pentsa hori aireportu batean edo taxi batean bakarrik zaudela gertatzen baldin bazaizu... Niretzat autobusak ematen dizun babesa oso-oso garrantzitsua da senideentzat», esan du Maria Jesusek. «Asko kezkatzen gaitu autobusa galtzeko arriskuak. Guretzat ezinbestekoa da. 1.100 kilometro joanean eta beste 1.100 kilometro bueltan egiten ditugu Algecirasera. Bidaia hori auto batean egin beharrak sekulako beldurra ematen dit niri. Eta fisikoki ere, askoz nekeagoa da. Hegazkina, berriz, oso garestia da. Guk ezin dugu autobusa galdu», nabarmendu du Maria Jesusek.

Senidea autobusean sartzen denean, etxean bezala sentitzen da, nahiz eta etxetik 1.100 kilometrora egon. «Algecirasen autobusean sartzen garenean, ja etxean sentitzen gara, seguru eta babestuta. Autobusari esker askoz kezka gutxiago ditugu. Baditugu kezkak –dispertsioak eta kartzelak sortzen dituenak– baina autobusak asko samurtzen du gure egoera. Estres eta antsietate asko kentzen digu autobusak», nabarmendu du Pepik.

Horregatik deia egin nahi diete senide eta lagunei, bisitan joateko autobusa erabil dezaten.

«Dispertsioa senideei jartzen zaigun zigorra da, argi eta garbi. Presoak ere gaizki pasatzen du. Badaki oso urrutitik goazela, bidaia luzea eta neketsua dela... bisita bezperan Gorkak ez du lorik egiten. Oso urduri egoten da», kontatu du amak.

Asteroko tortura

«Presoarentzat asteroko tortura da, tortura latza. Itxaronaldi hori oso gogorra da. Bisitan sartu arte presoak ez daki senideak edo lagunak nolako bidaia egin duen. Euriarekin, elurrarekin, gauez, urduri... Eta berdin bueltako bidaiarekin. Hurrengo egunean egiten duen lehen gauza hori da, deitu eta ea ondo iritsi garen galdetzea. Berdin senideekin eta lagunekin, aste horretan bisitan joan zaionarekin. Zama hori oso gogorra da presoarentzat», iritzi dio Maria Jesusek. «Guretzat ere bisita astea berezia izaten da. Urdurixeago egoten gara. Niretzat oso gogorra da autobusean haurrak nola joaten diren ikustea. Hori krudelkeria latza iruditzen zait. Eta berdin adineko pertsonak. Batzuk lanak dituzte autobusera igotzeko, beste batzuek bidaia guztia eserita egiten dute, etzanez gero arnasa hartzeko arazoak dituztelako.... egoera gogorrak dira eta horrek mugitu egiten zaitu», jarraitu du.

Une zelebreak

Autobuseko bidaiak baditu une zelebreak, umorerako ematen dutenak. «Pepi eta Maria Jesus artistak dira errepide bazterreko komunetan txukuntzen eta makillatzen. Puertoko taberna batean geratzen gara gosaltzera eta bertako komunean txukuntzen gara. Hara sartu eta goitik behera prest-prest ateratzen dira, bisitarako aurpegi onenarekin eta jantzi dotoreenekin. Garrantzitsua da Gorkak ondo gaudela ikustea. Gainera, oso behatzailea da eta azkar konturatzen da detaile horiekin. Barre pixka bat ere egiten du. Esaten digu ezkontza baterako bezala prestatzen garela!», kontatu du umorez Alfonsok.

«Gorkak bisitetan ikusi gaitu zahartzen. Adineko pertsona batentzat urteek pisu handiagoa dute eta horrek kezka sortzen du presoarengan», dio Maria Jesusek. «Ilobak handitzen ari dira eta horrek ere pena handia ematen dio. Haien haurtzaroa galtzen ari dela sentitzen du...», zehaztu du Pepik hunkituta.

«Oso oker zeuden»

Dispertsioa diseinatu zutenek akaso pentsatuko zuten presoa urrutiratuta bisitarik gabe utziko zutela. «Oso-oso oker zebiltzan. Dagoen tokira joango gara, baita munduaren ipurdira eramaten badute ere. Horretan ez izan zalantzarik», esan du tinko Pepik.

Egia da, hala ere, dispertsioak zama duela. Hori ezin da ukatu. «Dispertsioak nekatu egiten du, zahartu egiten zaitu, antsietatea sortzen dizu... asko akordatzen zara semearekin, etengabe. Guretzat askoz hobea litzateke astero ikustea, lasaiago eta zoriontsuago geundeke. Baina Algecirasen egonda, nahiko lan. Pentsa, Martutenen balego, autobusa hartu eta segituan joango nintzateke, kartzelako ateraino. Guk bi hilean behin ikusten dugu eta oso luzea egiten da», dio Alfonsok. «Gorkak ez du nahi guk horrelako bidaia luzea egitea 40 minutuko bisita egiteko. Horregatik vis-era joaten gara, bi hilean behin. Beste vis-a bere anaiak, koinatak eta ilobek egiten dute», zehaztu du Pepi.

Azken asteotan Madrileko Gobernuaren ingurutik euskal presoen gaiaren inguruko hausnarketa desberdinak igartzen ari diren sentipena zabaltzen ari da. «Nik oso garbi daukat: ekintzak ikusi arte, ez dut ezer sinisten. Nik ekintzak ikusi behar ditut, hitzek ez didate ezertarako balio. Gaixo daudenak eta adinekoak askatzen hasten diren arte, ez dut ezer sinetsiko. Haien hitz politek ez didate ezertarako balio». Pepik garbi dauka.

«Niretzat oso larria da euskal agintari batzuk presoen senideen egoerarekin ez kezkatzea. Ba al dakite nola egiten ditugun bidaiak? Ba al dakite bidaiak zenbat kostatzen diren? Ba al dakite haurrek eta adinekoek ze egoera bizi dituzten? Asko hitz egiten dute, baina iruditzen zait benetan ez dakitela errealitatea nolakoa den. Asko hitz egiten dute, baina oso gutxi galdetzen digute senideei».

Gorka etxean espero dute bost urtean. «Lehenago, bada, askoz hobe, noski», dio Pepik. «Zigorra berrikusi eta 20 urteko kartzelaldia jarri ziotenean, nire bizitzako egunik zoriontsuenetakoa izan zen. Benetan. Guk orain planak egiten ditugu Gorkarekin. Nik ez nuen uste nire semea kalean ikusiko nuenik, lehenago hilko nintzela seguru nengoen. Orain, egun handi hori biziko dudanaren itxaropena daukat, eta ilusioa», aitortu du Alfonsok.

Jose Cruz, «Pitxu», Egoitz Coto Etxeandiaren aita. Barakaldo

«Hemen batzuek iraganean hitz egiten dute eragindako minaz, baina guk orainaldian hitz egin behar dugu»

Etxekoa kartzelan eta urrun izatea zer den zabal eta luze konta daiteke, baina «bizi egin behar da» zertaz ari garen benetan jabetzeko. Horrela iritzi dio Jose Cruz Coto, Pitxu, Egoitz Coto Etxeandia euskal presoaren aitak. Ia hamasei urte pasatu dira semea etxetik eraman zutenetik, eta, dioenez, etxekoentzat «gogorrena» Egoitz preso egotea da. Are mingarriagoa da,

dioenez, jada zigorraren hiru

laurdenak beteta dituenean eta kalean beharko lukeenean; baldintzapeko askatasunean, gutxienez.

Kartzelatu zutenetik Madril izan da Barakaldokoa etxetik hurbilen izan den lekua. Navalcarnerotik, Darocatik eta Picasentetik pasatu da. Orain Granadan dago, etxetik 800 kilometro baino gehiagora, eta bisita bakoitzean 1.600 kilometro baino gehiago egin behar dituzte senideek eta lagunek joan-etorrian.

«Amaginarrebak zioen bezala, bagoaz hurbiltzen apurka-apurka, baina Afrikara», dio Pitxuk irribarre mingots batekin.

Amamaren etxean hartu zuten atxilo 39 urte betetzeko dituen Egoitz Coto. Orduantxe hasi zen sufrikarioa, kartzelaren inguruan sortzen den egonezina eta kezka, kontua ez baita bakarrik askatasuna galtzea, baizik eta giza eskubideak eta bestelako berme demokratikoak ziurtatzen ez dituen sistema batean egitea. Ez du hitzekin esaten, baina harresien bestaldean presoaren kontrolpean ez dauden egoerak sor daitezkeela jakin badaki Pitxuk. Eta nork babesten du presoa ondoan kideak ez baditu?

Bidaiak, kartzela... kezka horiekin azken hamasei urteotan bizitza berri bat eratu behar izan dutela adierazi du barakaldarrak. Pitxuk dioenez, ordutik kartzelako bisitak daude erdigunean, eta gainontzekoa horien inguruan antolatzen da. «Beti izan da gogorra, baina gu hamasei urte zaharragoak gara eta denborak pisua gaineratzen dio egoerari», aitortu du. Hala ere, argi esaten du politikariak dagoeneko konturatuko zirela oztopo guztien gainetik eta azken arnasarekin bada ere, senideek ez dutela bisitetan huts egingo. Nabarmentzen duenez, ez da inoiz samurra izan, baina une batzuetan oso baldintza gogorretan egin behar izan dituzte bidaiak, indarrak mugetaraino eramanez. 67 urte ditu barakaldarrak eta gaixotasun larria badu ere, ez du solasaldia bere osasun egoeraren ingurura eraman nahi. Dioen bakarra da batzuetan «gorriak pasatuta» lortu duela kartzelara iristea, baina azken une horrekin soilik geratu nahi duela, hau da, semea ikusi ahal izan duen unearekin.

Lehen amamaren bidaia luzeak ziren kezka nagusia. Azkenekoz bisitara eraman zutenean, egunak eman behar izan zituzten ibilbidea osatu ahal izateko. Gurpildun aulkian zegoen amama, Pitxuk gogoratzen duenez. Zaila izan zen, baina oso harreman berezia zuten amamak eta ilobak eta bisita hura galdu ezin zen une berezia zen. Orain sei urteko biloba dute eta hura ere bidaia luzeetara behartuta dago. Joan-etorrien zama ahal den neurrian samurtu eta aitarekin bizi ahal dituen une eskas horiek bermatzea da orain aitite-amamaren helburu nagusia. «Bientzat hain da une berezia... eta gu pozik gaude horrekin», azaldu du irribarre gozo batekin.

Eskubide kontua

«Badakigu zergatik egiten diguten hau, guri xantaia egiten digute presoen urruntzearekin eta haiei xantaia egiten diete gurekin», dio garbi. «Ahalik eta min handiena ematen saiatzen dira, bisitak zailtzea eta, batez ere, presoak beren inguru afektibo eta kulturaletatik deserrotzea bilatzen dute. Baina ez dute lortzen, hor gaudelako gu, senideak, lagunak...».

Atentzioa ematen dio prozesu judizialetan presoak ez daudela «hain txarto bisitak dituztelako» entzuten duenean. «Badaude harreman pertsonalak, afektiboak eta kulturalak nola zaildu pentsatzen eta programatzen aritzen diren pertsonak», esan du. «Honekin guztiarekin bukatzeko neurria edozein momentutan aktibatu ahal da; haiek eskubideak dituzte eta guk ere eskubideak ditugu».

Hamasei urtean gauza asko gertatzen dira pertsonon bizitzan, baina semea ikusteko «nahia eta beharra» ez dira aldatu Pitxurenean, zenbait unetan «oso zaila» izan den arren hori gauzatzea. «Semea ikusteari ere utzi behar izan diot», aitortu du Pitxuk, keinua gogortuz. Kimioterapia eta erradioterapia tratamenduek eragindako ondorioek ezinezko egin zuten zenbait unetan bidaia luzeei ekitea. Une larriotan, indarrez sentitu eta bidaiari eusteko beste energia sentitu duenean, ez du zalantzarik izan. Oxigenoko makinarekin bidaiatu behar izan du: «24 ordu autoan oxigeno kontzentratuekin». Gogorra izan da: osasunak okerrera egitearen beldurra, bisitara ez iristeko beldurra, bidaian lekuren batean ospitaleratu behar izatearen kezka... Baina, nabarmendu duenez, «handiagoa izan da iritsi eta semearekin egoteko ilusioa».

Urte luzeotan zenbait istripu izan dituzte: «Basurdeen gainetik pasatu gara, azeri batekin autoa iraultzeko zorian egon ginen... Ez dira bidaia normalak, ez dira turismoko bidaiak, ordu zehatz batean heltzearen presioarekin zoaz beti. Kalkulatu behar duzu irtetean denbora nahikoa izatea, irteerak ordu zehatz batean izan behar dira eta ez beste edozeinetan... Bidaia hegazkinez, trenez, autobusez edo autoz egiten baduzu, kalkulatu behar duzu beharrezkoa den denbora garaiz heltzeko, eta hori zure bizitzaren erdigunea bilakatzen da. Beste guztia horren inguruan planifikatzen da».

Sufrimenduak tamaina itzela hartu du eta ehunka lagunengan eragin zuzena izan du azken 30 urteotan: heriotzak, zauriak, estresa, kezka, gaixotasunak, zama ekonomikoa... «Epaietan kartzela zigorra jartzen du, ez urrun egotea», nabarmendu du. «Hemen batzuek iraganean hitz egiten dute eragindako minaz, baina guk orainaldian hitz egin behar dugu».

Nerea Goti

Ana Pereda Garcia de Olano eta Ixone Legorburu Madinabeitia, medikua eta psikologoa

«Senideek bizi duten estres egoera oso kaltegarria da, batez ere adinduentzat»

Bidaiatzeak berezko arrisku bat darama berekin; zenbat eta maizago, orduan eta handiagoa. Handia da euskal preso politikoen senideen kasuan, eta haietako askok urte luzeak, hamarkadak eman dituzte ehunka kilometroko bidaiak egiten. Urteetan aurrera doazela, gainera, arrisku horri gaixotzeko edo euren gaixotasunak okerrera egiteko arriskua ere gehitzen zaie.

Euskal presoen gurasoen %98k 60 urtetik gora dituzte, eta horietako gehienek 70 urtetik gora. Gehiengo handia dira, halaber, senide presoak bisitatzeko 10 eta 30 urte bitartean nahitaezko bidaia luze horiek egiten ibili direnak. Eta asko bisitak egiteari uztera behartu dituzte adinak edota gaixotasunek. EAEko datuen arabera, «adinduek gaixotasun kronikoen prebalentzia handiko kolektiboa osatzen dute. 65 urte baino gehiagoko %85ek gaixotasun kroniko bat dute, adinak aurrera egin ahala handiagotzen dena».

Etxerat elkarteak “Urrunketa: kalte eta eraginak adin nagusiko pertsonengan” dosierra egin zuen orain aspaldi ez dela. Haren oinarria Ana Pereda Garcia de Olano medikuaren eta Ixone Legorburu Madinabeitia psikologoaren txostenak dira, osasun alorreko 30 profesionalek babestuak. Ana Peredak dioenez, adinduentzat oro har bidaia luze horiek kaltegarriak dira. Gaixorik dagoen edozeinek «gaixotasunak txarrera egiteko eta konplikazio berriak agertzeko arriskua du». Beraz, bidaia derrigor egin behar dutenek saihetsezinezko arriskua dute. «Asko eta asko bidaia egiteko aukera barik geratzen dira, dauzkaten osasun arazoak direla-eta ezin diotelako horrelako bidaia luze bati aurre egin». Bidaia egiteko modua dutenak «pribilegiatuak» direla dio, ironia triste batez. Baina bidaia egin gabe geratzen direnen egoera ere ez da osasunarentzat onuragarria. «Egoera horrek batez ere eragin psikologiko negatiboa du. Alderdi hori Ixonek azalduko dizu hobeto, baina senitarteko bat urrun izanda, kasu askotan urteak eta urteak ikusi barik egotea oso kaltegarria da osasun psikikoarentzat».

Senideak oro har estres handiko egoeran bizi direla dio Peredak, eta estresak eragin oso kaltegarria duela, bereziki adinekoengan. «Senidea etxetik gertuko espetxe batean edukitzeak neurri batean saihestuko luke gehiegizko estres hori. Neurri batean, zeren bisita berez estresagarria da. Baina etxetik gertu izanda, gutxienez bidaiak sortzen duen estresa saihestuko litzateke».

Presoak urruntzeak kolektibo ahulenak kaltetzen ditu gehien: umeak, gaixorik daudenak eta adinduak. «Batzuetan ahaztu egiten zaigu bai presoen bai senideen adina», dio, eta txostenaren ondorioak kontuan izanda, presoak etxera gerturatzeak kolektibo horientzat izango lituzkeen onurak nabarmendu nahi ditu: «Hasteko, jende gehiagok bisita egin ahal izatea, hainbeste kilometro egin ezin dituzten lagun horiek ere beren senideak ikusi ahal izatea, eta bisitan maizago joateko aukera ere izango lukete denek. Halaber, pertsona horiek, hala behar izanez, gero, hemengo mediku batek artatuak izan litezke, mediku horrek hobeto ulertuko luke arazoa eta historia klinikoa eskuragarri izango luke, oso komenigarria dena. Eta denentzat beren patologiak okerrera egiteko arriskuak txikiagoak izango lirateke, zirkulazio edo orientazio arazoak…».

Ez dago euskal presoen adineko senideen egoeraren gaineko ikerketarik, eta faltan sumatzen du Peredak, esate baterako, umeen kasuan bezala. «Nik atera ditudan ondorioak bidaia luzeei buruzkoak dira, bidaia horiek adineko jendearengan dituzten eraginak, baina ez espresuki euskal presoen senideei dagokienez». Datu horiek estrapolatu egin ditu euskal presoen senideen arazora. Kasu horretan, ordea, kalteak handiagoak dira: «Egiten dituzten bidaiak ez dira oporretakoak edo atsegin bidaiak».

Ezinegona eta inpotentzia

Ixone Legorburu psikologoak ere, «egoera hori bizi duten adindu eta pertsona gaixoengan zer-nolako eraginak dituen modu zehatz eta sakonean aztertuko dituen lan bat» ezinbestekoa dela uste du. Bere txostenean, «eremu klinikoak maila teoriko zein praktikoan ematen digun jakituriaz gain, senideen eremuan egindako elkarrizketa bakanek eskaintzen digute informazioa».

Esan bezala, osasun arrisku nabarmena dakarkie bidaia luze horiek egiten dituzten adinduei, baina horiek egin ezin dituztenei ere bai, batez ere psikologikoki. «Nabarmena da jende horrek daukan ezinegona. Nahi eta ezin. ‘Nik dudan adinarekin ezin dut hainbeste kilometro egin’, diote, baina, beren senideak hemen ondoan egongo balira, joango lirateke. Orduan, oso inpotentzia handia eragiten die horrek. Gainera, ez dakite noiz izango duten senidea ikusteko aukera, eta badakite beharbada ezin izango dutela sekula ikusi. Estura eta inpotentzia ikaragarria sortzen die egoera horrek. Beldur hori hor dago, bai barruan dagoenarentzat, bai senideentzat».

Badaude, halaber, gaixorik ez daudenak, baina adinduak izanda, arrisku handiagoa dute gaixotzeko. Legorburuk garrantzi handia ematen dio errutinari: «Adin horretan errutina funtsezkoa da. Adinarekin oso errutinario bihurtzen gara. Umetan errutina behar dugu, eta helduaroan eta zahartzaroan ere bai». Txostenean dioenez, hirugarren adineko errutina egoki baten garapenerako, garrantzitsua da adindua bizi izan den inguru fisiko, familiar eta sozialean egotea, eta bere bizitza osatu duten objektu, pertsona eta tokiekiko harremanak errespetatzea. Gainera, aukeratzen dituen jarduerak bere egoera fisikoa eta osasunarekin lotuak, seguruak, egingarriak, egokiak, atseginak eta dibertigarriak izan behar dira. «Egoera horretan, errutina hori erabat apurtzen da –dio Legorburuk–. Bidaian askotan ezin dute geldialdirik egin pastilla bat hartzeko, komunera joateko, edo lo-kuluxka behar den bezala egiteko. Desoreka handia ekartzen die bidaiak, baita antsietatea, urduritasuna eta estresa ere».

Peredak bezala, estresaren eragin kaltegarria azpimarratzen du. Edozein adinetan kaltegarria da, baina adin horretan, areago. «Bai, horrek gaixotasun bat azelera dezake, loa eta atsedena kaltetu, eta haien ezinegona etengabea da: helduko diren edo ez pentsatzen, garaiz helduko diren, istripurik izango ote duten, sartzen utziko dieten… Hori guztia buruan etengabe».

Xabier Izaga Gonzalez