Oihane Larretxea de la Granja
TXAPELA, TOPIKOTIK AT

Euskaldunekin lotzen da, baina non eta noiz sortu zen misterioa da oraindik

Artilezkoa, arina eta erosoa. Artzain lanetan aritzeko. Gerran borrokatzeko. Kalean ibiltzeko. Euskal Herrian sustraituta dugu txapela, baina ez da hemen sortua. Zumalakarregi Museoak haritik tira egin du «Txapela… noiztik?» erakusketarekin. Bereziki karlistadek sustraitze horretan izan zuten papera aztertu dute, irudi ederrez.

Euskalduna eta txapela, modu naturalean egiten den lotura. Identitatea, tradizioa eta ohiturak. Aspalditik baino, betidanik pentsa genezake. Bidaiatzen dugunean eta baten bat txapela soinean ikusten dugunean, etxekoa dela pentsatu ohi dugu. Aitonak txapela zeraman, birraitonak ere… Herriko jaiak ospatzeko janzten dugu. Irun zein Hondarribiko alardeetan ezinbesteko elementua da, Tolosako eskopeteroetan bezala. San Tomas Egunean herritarrek plazan zein dantzariek oholtza gainean janzten dute. Pilotariei ere, txapeldun direnei, txapela janzten zaie, handia gainera. Zoriontzeko sinboloa. Autoritate bati zein omendu bati agurrarekin harrera egitean, txapela jaurtitzen dio dantzariak amaieran aitortza gisa. Ertzaintzak gorri kolorekoa bere uniformean du txertatua, Euskal Herriko herri askotako udaltzaingoek bezalaxe. Eta Olentzerok beti soinean darama, beltza.

Artilezkoak dira txapelak, arinak eta goxoak. Oso erosoak eta sendoak. Ez dute ez urik ezta haize ufadarik iragazten uzten, horregatik ditugu bidelagun, bereziki negu garaia iristean.

Bidelagun bai, horretaz ez dago zalantzarik, baina noiztik izan da horrela? Zaila da gaur egun txapelaren sorrera zehatz-mehatz adieraztea, bai puntu geografiko jakin batean bai historiaren egutegian. Adituek asko ikertu dute, ordea. Non ez dakigu, baina jakin badakigu ez zela Euskal Herrian sortu hemendik munduan barrena zabaltzeko, alderantziz baizik. Hori bai, heldu zenean gelditzeko egin zuen.

Tolosako Elosegui txapel fabrikak 160 urte bete dituen honetan, Zumalakarregi Museoak haritik tira egin du gure gertuko historiako kapitulu entzutetsuetan txapelak izandako eragina azaltzeko. Hori horrela, “Txapela… noiztik?” erakusketa interesgarria zabalik da Ormaiztegin, abenduaren 2ra bitarte.

Mikel Alberdi historialaria da eta museoko ikerketa saileko arduraduna. Pasioz eta detailerik galdu gabe egiten digu kontakizuna. Datak, izenak, bitxikeriak, lekuak… kapituluak josten ditu hari gardenez, kontaketa arin eta erakargarria ehunduz.

Argi dio: txapelaren iturria argitu gabeko gaia da. «Topikoa da pentsatzea euskaldunak betidanik txapelarekin ibili garela». Dioenez, badaude XVI. mendeko aurrekariak dokumentatuta Tolosako artxiboan. Erliebe batzuetan gizonak ikusten dira txapela soinean. «XIX. mendea baino lehen ezagutzen zela badakigu, izan ere, XVIII. mendeko irudi batzuk ere badaude, baina gauza puntualak dira», dio.

Tolosako fabrikaren urteurrenaren harira berriki argitaratu den liburuan adituek jasotzen dutenez, «beharbada» txapelaren aurrekaria Europa ia osoan erabiltzen zen zabalera handiko jantzi errenazentista bat izan zen. «Baina batez ere Flandria inguruan ikusi ahal izan dugu, garai hartako koadro kopuruagatik». Felipe Ederraren margo ezaguna ekarri du gogora: txapela dotore batekin ageri da, luma eta harribitxiekin.

Alberdik eransten duenez, «jakin badakigu» Euskal Herrian, XIX. mendearen hasieran «ia inork» ez zuela txapela janzten, bai ordea Pirinio inguruetan. Gehienek, monterak eta antzeko kapelak janzten zituzten orduan. Biarnoko irudi bat erakutsi digu Alberdik, lerroon alboan ikus daitekeena. Bertan ehiztari bat eta artzain bat agertzen dira, biak ala biak txapelarekin. «Teoria nagusiek diote hortik heldu zela Euskal Herrira ohitura, poliki-poliki sartu zela, Nafarroatik». Dioenez, Alemanian, Frantzian eta Italian ere erabiltzen zen. Beste gauza bat da zehaztea lehen txapela non eta noiz sortu zen. «Hori bai, ia ikerlari guztiak ados daude Euskal Herrira Pirinioetatik eta Erronkaritik sartu zela esaterakoan».

Tomas Zumalakarregi

Txapelaren sustraitzean «erabakigarria» izan zen, ezbairik gabe, 1833an Tomas Zumalakarregi (Ormaiztegi, 1788-Zegama, 1835) karlisten buruzagi militar izendatzea. «Denek onartzen dute antolatzaile aparta zela. Talde gerrillari sakabanatuak besterik ez zirenak armada bilakatu zituen urtebete eskasean. Eta behin armada egituratuta, txapela uniformean txertatu zuen, soldadu zein ofizialentzat. Erabaki hori oso garrantzitsua izan zen», dio historialariak.

Abantaila asko zituen, gainera, txapelak: artilea lortzea erraza zen eta soldaduak ondo babesten zituen, adibidez, euri petralaz. «Gainera, barruan metalezko xafla bat ezarriz gero, defentsa ona zen, bereziki goitik behera zetozen zaldikoen sablekada beldurgarrien kontra», azaldu du.

Karlistek ez ezik, hauen aurka borrokatu ziren euskal liberalek ere txapela hautatu zuten gerrarako, txapela gorria zehazki. Eta hemen ematen da, Alberdiren ustez, bitxikeria edo paradoxa, «oso interesgarria», nahiz eta nahasketarako bide eman eta jada uste ustela zuzentzea zaila izan: «Gaur egun ‘txapelgorri’ esaten dugunean, karlistekin lotzen dugu. Batez ere XX. mendekoa da lotura hori. Ordea, lehen karlistadan ‘txapelgorriak’ euskal liberalak ziren».

Lehen Karlistaldian Euskal Herritik kanpoko soldaduek erabiltzen zituzten buruko altu eta deserosoen aurrean, euskal soldaduek, karlista zein liberal, txapela arinak aukeratu zituzten. Koloreen aldetik, liberalen lerroetan gorria izan zen nagusi; karlistek, ordea, beste kolore batzuk ere erabili zituzten, baina garaiko akuarela eta ilustrazioek ere gorria gailentzen dute. Zumalakarregi bera ere txapela gorria soinean agertu ohi da.

Hain zuzen ere, koloreen harira, Alberdik kontatu digu hainbat grabatu britainiarretan karlistak chapelchurri gisa agertzen direla, alegia, “txapelzuri” bezala. Liberalak, berriz, chapelgorri bezala.

Lehen armadak egituratuta, eta gerra martxan, txapelak non egiten ziren ere ez dago argi. «Garai hartan ez dugu ezagutzen fabrikarik, baina oso urruti ez ziren izango, inguruan beharko zuten. Pentsa, Antonio Eloseguiren fabrika ireki zenean eskuz egiten ziren, bada, 30 urte lehenago ere, hala beharko zuen. Ez dakigu fabrika edo tailerren bat egongo ote zen, baina zerbait antolatuta izan beharko zutela pentsa daiteke. Ez dago arrastorik, baina».

Esparteroren debekua

Txapela zuzenean karlistekin lotu zuen Espartero liberalen buruzagi militar nagusiak, 1838an ezarritako debekua medio. Isabel II.aren eskubideen eta Konstituzioaren aurka borroka egiten zutenek erabiltzen zutela salatu zuen. Hala, militar zein herritarrei debekatu egin zien txapela erabiltzea; araua behin hautsiz gero 80 errealeko isuna jasotzen zen, eta, dirurik ezean, bi hilabeteko kartzela zigorra. Zigorra bikoitza zen araua birritan hautsiz gero eta hirukoitza agindua hiru bider apurtuz gero. «Zentzu batean kontraesana zegoen, ‘txapelgorriak’ bere agindupean zeuden-eta».

Edozein kasutan, legeak ez zuen ondorio handirik izan jendeak ez baitzuen jaramonik egin. Baina horren gainean ikertzen, bitxikeria bat ere kontatzen dute erakusketan: Pietro Bubani botanikoarena. Italiarra jatorriz, landareak aztertzen eta sailkatzen zituen, eta lan horietan 30 urte luzez aritu zen Pirinioetan eta Euskal Herrian. Beti zeraman soinean txapela, eta arrazoi hori medio atxilotu zuten Iruñean 1844an, gerra bukatu eta bost urtera. «Oso gizon xelebrea omen zen. Atxilotu eta berehala, poliziaren susmoak ezerezean geratu ziren gobernadorea, hainbeste landare eta abar ikusita, ez zela ez karlista ez ezer ohartzean. Aske utzi zuten, baina txapela kentzeko gomendioarekin», dio Alberdik. «Zentzuzko gomendioa, nik, aitzitik, jarraitu ez nuena», irakur daiteke italiarrak pasarteaz idatzita utzi zuen egunerokoan.

Bubaniren atxiloketa jazo eta bi urtera, 1846an, egindako Bausac deitutako autorearen grabatu bat ere badago ikusgai Zumalakarregi Museoan. “Aldeanos de la Merindad de Durango” deitua, bertan gazte bat eta agure bat ikus daitezke. Lehenak txapela darama, bigarrenak montera. Horrek, historialariaren iritziz, argi uzten du orduan moda edo ohitura aldaketa ematen ari zela, eta txapela iritsi, iritsi zela jada. «Mende erdian gaude, eta batzuek usadioak mantentzen dituzten bitartean, belaunaldi berriak hasiak dira jada gauzak aldatzen».

Zumalakarregi Museoaren nortasuna eta jatorria aintzat hartzen badugu, berehala ohartuko gara eskuartean duten material gehienak gerrekin lotura duela.

Afrikako Gerra

Afrikako Gerra izan zen hurrengo kapitulu belikoa, 1859 eta 1860 artean jazotakoa. «Une haietan foruak ez zeuden erabat ezabatuta, eta, hein handi batean, indarrean zeuden oraindik. Horrenbestez, euskaldunek ez zuten parte hartzen Espainiako Armadan, baina jarrera hori nahikoa kritikatua izan zen garaiko hedabideetan eta oso gaizki ikusia Espainian. Egoeraz ohartuta, hiru aldundiek gerra talde bat sortuko dute: Euskal Tertzioak. 3.000 soldaduz osatutako lau talde ziren eta denek txapela eramaten zuten buruan.

Karlista eta liberal izandakoak oraingoan elkarrekin borrokan aritu ziren Afrika aldean, “etsai” beraren aurka. Garai hartan aldundien polizia ziren mikeleteak ere izan ziren Afrikako Gerran, euren uniformeko parte zen txapela buruan.

Gerretan txapelak izan zuen papera aztertzea gauza bat da, eta horretan aritzen dira Ormaiztegiko museoan. Beste gauza bat da, ordea, Alberdik ondo zehazten duen moduan, herrian, jendartean txapelarekin garai berean gertatzen ari zena. Hori alde batera utzita, zalantzarik ez dago baieztatzeko gerrak bozgorailu garrantzitsu izan zirela txapela hedatzeko, baita berau euskaldunekin lotzeko ere. «Gerren kontakizuna, gainera, munduan zehar zabaltzen da, eta, horrekin batera, irudiak ere hedatzen du. Horrek balioko du ‘txapela=euskalduna’ irudia eraikitzeko».

Afrikako borrokak bultzada handia eman zion txapelari, nahiz «gerra txatxu bat izan». Gidaren iritziz, ordea, «benetako zabalkundea» Bigarren Karlistadan heldu zen. Urtebete lehenago, gainera, 1858an, Elosegui fabrika ireki zen. Antonio fundatzailea karlista zen, «karlista sutsua», Alberdiren hitzetan. Estimazioen arabera, 68.000 txapela egitera ailegatu zen. Eta egin kontuak, garai hartan eskuz egiten baitziren…

Arteak utzitako lekukotzak

Baina gerrek ez ezik, arteak ere ematen dizkigu hainbat arrasto txapelaren antzinatasunaren inguruan. “Archeologia” aldizkari frantsesak duela gutxi argitaratu zuen Brontze Aroko irudi bat, Sardiniakoa, K.a. 2000. urte ingurukoa; bada, bertan, gizon txapeldun bat agertzen da.

Burgosko Erregearen Ospitaleko ateak 1526an landutakoak dira, eta, bertan, erromesak txapelarekin ikusi daitezke. Pontevedrako Tuy herriko katedraleko koroan ere, hondoratzen ari den txalupan marinelak txapela darama.

Gipuzkoan ere badugu adibiderik, Alberdik aipatu eta Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorrean dagoena. Jeronimo Larreak 1600ean landutako tailan, gipuzkoarrak abarka eta txapelaz jantzita ageri dira, erromatarren kontra borrokan. Bataila galduko zuten edo ez… txapela ziur ezetz!

«Berreto vasco» Italian, «basker» Suedian, «baskenmütze» Alemanian

Munduko hainbat hizkuntzatan txapelari erreferentzia egiteko moduak berak agerian uzten du txapela euskal identitatearekin lotzen dela beste kultura batzuetan ere, gure mugetatik kanpo. Jatorria zehazteke egon arren, eta txapela Europa osoan erabili izan bada ere, horrek iradokitzen du hemen bezala ez dela beste inon errotu artilezko janzki hau.

Frantsesez beret basque esaten zaio, ingelesez basque berret edo basque cap, eta, italieraz, berreto vasco. Alemaniarrentzat txapela baskenmütze da, eta, suediarrrentzat, basker. Finlandian, berriz, baskeri deitzen diote.

Tolosako Elosegui txapel fabrikaren 160. urteurrenaren bueltan editatu den liburu ederrean (Xibarit argitaletxearen lana da) azaltzen denez, boina hitza latineko birrun (birrete gazteleraz) hitzetik etor liteke –okzitanieraz berret, eta, frantsesez, beret, bonete, boneta edo boina sinplifikatuz–. Beste teoria batek dio garai bateko boilla (“borobila”) hitz euskaldunetik boina bihurtu zela.

Lan berean adituek jasotzen dutenez, “txapela” euskal hitza latineko caput –alegia “burua”– hitzetik etor liteke, eta, hortik, capellum –hau da, “buruan eramaten dena”–. Frantsesez chapelle litzateke, gazteleraz capelo eta euskaraz “kapela” edo “txapela”, diminutibo gisa, “zuria” hitza “txuria” esaten den bezala. «Batzuek diote boina hitza Erronkarin eta Anson hasi zela erabiltzen, beraz, jatorri nafar-aragoarra duela. Hitz hori –dio liburuak–, 1800 inguruan erabiltzen hasi zela ematen du».