ZEREN ETA NOREN ARABERAKO EGIA?
«Gertakariekin lotutako indar armatuetako kideen ohorearen kalterik gabe» egingo da egiaren bilaketa. Hori omen da uztail amaieran Lakuako Gobernuak eta Madrilgo Gobernuak Estatuaren biktimak aitortu eta erreparatzeko legearen aurkako helegitea bertan behera uzteko lortu zuten akordioaren zehaztapenetako bat. Lege hori ez da biktimen inguruan egindako lehena. Zergatik egin beharra dago aurrekoetan egiten ez diren ñabardurak? Zergatik ez dira berdinak biktimen lege guztiak, baldin biktima guztiak berdinak badira? Zergatik orain arteko legeetan ez dago horrelako azalpenik; esate baterako, «gertakariekin lotutako pertsonen ohorearen kalterik gabe» dioen oharrik? Besteak beste, polizia sindikatuak lasaitu nahi omen dituzte, lege hori erasotzat hartzen baitute.
28 urte daramatza Mikel Castillo iruindarraren familiak egiaren bila. Haren semea polizia batek hil zuen, lekukoen arabera desarmatuta zela. Bada, handik 15 egunera, kondekoratu egin zuten. Gertatutakoaren egia jakiteko ahalegin guztiak 28 urtean murru bat buruarekin jotzearen pareko izan dira. Mikel Castillo ETAko kidea omen zen. Baliteke. Eta izan ez balitz? Egia ezagutzeko eskubidea, edonola ere, bera da bi kasuetan. Ezin hobeto azaldu zuen joan den astean Begoña Castillo Mikelen arrebak egunkari honetan: «Akaso Mikel Zabaltza ETAkoa izan balitz, berau torturatu eta hiltzea zilegi izango al zen?».