Idoia ERASO
Elkarrizketa
sergioMARINAO
Hizkuntza isolatua

«Maputxeen hizkuntza berreskuratzearen edo betiko galtzearen artean gaude»

Mapuzuguna edo maputxera desagertzeko bidetik ateratzeko hainbat ekimen garatzen ari dira; horien artean Mapuzugunletaiñ elkartea sortu zuten hainbat lagunek 2016. urtean.

Maputxeen hizkuntza bi eratara ekarri du Garabide elkarteak Euskal Herrira aste hauetan. Alde batetik, Aditu programaren baitan Hego Amerikako hainbat herritako irakasleak ekarri dituzte, hemen euskara garatzeko izan diren proiektuen berri emateko, inspirazio gisa baliagarri izan dakizkielakoan.

Bestalde, Biarritz Festibalean, elkarteak sustatutako “Mai da Bai (eta ezetzik ez dago)” dokumentala estreinatu zen, irail bukaeran. Mondragon Unibertsitateko Imanol Eppherrek, Eider Ballina Mondragonek eta Anne Baskaranek egindako film horren estreinaldian izan zen Mapuzugunletaiñ elkarteko presidentea, dokumentala sortzeko solaskide nagusia.

Zein egoeratan dago mapuzugun hizkuntza gaur egun?

Maputxeek historikoki okupatu duten Wallmapu lurraldeko hizkuntza da. Gaur egun Txile eta Argentina artean dago; hizkuntza hegemonikoa zen lurralde horretan. Espainolek, txiletarrek, beranduago argentinarrek eta beste herri indigena batzuek okupatu zuten. Lurraldea galtzearekin, maputxeen lurraldeak autonomia jakin bat zuenez, hizkuntzaren bateratasuna ekarri zuen, baita hizkuntza bizi egotea. Duela 130 urte inguru, militarki okupatu zuten Estatu txiletarrak eta argentinarrak, eta maputxeei beren lurraldea kendu zieten. Horren ondorioz, gizarte asimilazio prozesua hasi zen; hau da, Mendebaldeko kultura zabaldu zen, kultura maputxearen galerarekin. Hori arazo identitario baten baitan kokatzen da, non maputxeekiko diskriminazio eta bortizkeria gauzatzen den.

Gaur egun hiztunen gehiengoa landa eremuetan dago, hobari tituluak eman zitzaizkien tokietan. Estatu txiletarrak maputxeei eman zien lur eremuetara baztertua izan zen mapuzugun hizkuntza, Txile hegoaldean bereziki.

Zein da hiztunen kopurua eta soziologia?

250.000-300.000 hiztun inguru daude, baikorrak izanik. Baina ikerketa soziolinguistiko bat egingo balitz, 200.000 liratekeela suposatzen da. Gainera, helduen artean dago bizirik, 50 urtetik gorakoen artean, baina haur eta gazteek jada ez dute hitz egiten.

Zein helburu duzue Mapuzugunletaiñ elkartean?

Maputxe Hizkuntzaren Institutu Nazionala da, eta hizkuntzaren berpizkundearen alde lan egiten dugu. Gure helburua maputxera sustatzea eta irakastea da, hizlari berriak sor daitezen. Gaur egun, mapuzugun eta espainolaren arteko diglosia egoeraren ondorioz, maputxera galera egoeran dago, ez delako belaunaldi berrienganako transmisiorik izan.

Geografikoki zein eremu hartzen du hizkuntzak?

Lurraldearen galtze prozesuan, jende guztia ezin zen landa eremuetan bizi; demografia handitzearekin landatik hirirako migrazioa gertatu zen. Txiletarren datuen arabera, maputxeen gehiengoa Txileko hiriburuko gune metropolitanoan bizi da.

Bertara migratu zuen jendearen gehiengoa (nire familia barne) hiztunak dira, baina ez zen belaunaldien arteko transmisiorik egon. Santiagon bost milioi biztanle inguru daude, eta ez dago ingurunerik non hizkuntza komunitate mailan bizi daitekeen. Beraz, ezin da esan maputxera Santiagon bizirik dagoenik.

Gizartean hizkuntzarekiko pertzepzio negatiboa dago. Galeraren faktoreetako bat al da?

Guztiz. Maputxeen estereotipo bat dago; gizarteak maputxeen irudi oso txarra du. Horren arrazoia eskolako curriculum txiletarra eta hedabideak dira, maputxeen irudi oso desitxuratua sortu baitute. Txileko prozesu historiko ezberdinengatik, hasieran borrokalari eta gerrillari bezala agertzen zen, eta Araucaniaren konkistaren ondoren mozkorra eta alferra bezala, bere lurrak lantzen ez dituena. Gaur egun, berriz, hedabide txiletarrek lagunduta, maputxea terroristatzat hartua da.

Horrek jendeak hizkuntzari buruz duen pertzepzioa ere aldatzen du. Txiletarren ustez, ez du ezertarako balio, eta ondorioz maputxeek beren hizkuntzari uko egiten diote. Gurasoei galdetzen zaienean seme-alabek maputxera ikastea nahi duten, ezetz diote, hizkuntzak ez dielako ezertarako balioko. Nahiago dute frantsesa edo ingelesa ikas dezaten, gaur egungo bizitzarako baliagarri izango zaizkielako.

Aipatzen ari zarenaren haritik, esan daiteke maputxeek beren lurretan arrazakeria pairatzen dutela.

Bai, dezente. Esan daiteke maputxeak atzerritarrak garela geure lurraldean. Sarri estatuaren bortizkeriaren ondorioak pairatzen ditugu, eta eskolan islatzen da. Ikasle nintzenean ikusi nuen hori; eskolan maputxeek bortizkeria handia jasaten dute, diskriminazioa. Haurrek gehiengoaren parte izan nahi dute, kasu honetan txiletar, eta horrek maputxeen asimilazio prozesu azkarrean eragiten du.

Paralelismoa egin daiteke zuek bizi duzuen egoeraren eta Euskal Herrian duela hamarkada batzuk bizi zenaren artean.

Bai, noski. “Mai da Bai” dokumentalean aipatzen den bezala, esan daiteke orain bizi duguna hemen duela 50 urte bizi zena dela. Antzeko ezaugarriak ditu: euskara etxeko hizkuntza zen, landa eremukoa bereziki, estatusik gabekoa. Hizkuntza kooperazioari dagokionez, hainbat prozesu uler ditzakegu, ez dugu esango berdinak direnik, baina esan daiteke momentu garrantzitsu batean gaudela, hizkuntza berreskuratzearen edo behin betiko galtzearen artean.

Euskal Herrian hiru hilabetez egongo zarete, hemengo esperientzia ezagutzen.

Bai, Aditu programan gaude, Garabide elkarteak eta Mondragon Unibertsitateak antolatutakoan; bertan Hego Amerikan hizkuntza indigenen galera bizitzen ari garen hainbat komunitate elkartzen gara. Hona gatoz euskararen esperientzia ezagutzera, baina beste herrialde horien esperientziak deskubritzera ere bai. Kontziente gara ez dugula dena euskararen ibilbidetik kopiatuko, baina balio digu bertatik bertara ikusteko kalean jendea euskaraz hitz egiten, edo dendetan, hedabideetan egin den prozesua, eta ikusteko gure hizkuntza komunitateetan hori egin ote daitekeen: aimara, kitxua, maputxe komunitateetan. Ingurune ezberdinak bizi ditugu, egoera eta ezaugarri antzekoak, baina ezin da esan hori gure ingurunean egin daitekeenik. Gure ideia da begirada kritiko batekin etortzea.

Antzekotasun gehiago izango dituzue Hego Amerikako beste hizkuntza eta komunitateekin. Zeintzuk dira elkartzen zaituzteten ezaugarriak?

Latinoamerikan eta euskararen kasuan dugun berdintasuna hizkuntza berberak menperatzen gaituela da, alegia, gaztelerak. Gero, Amerikako herri indigenen artean duguna da hizkuntza landa eremuan eta familiaren baitan hitz egiten dela. Baita berpizkunde prozesuaren hasieran gaudela ere. Aditu-ren barruan gaudenekin, gure artean nola eragin dezakegun da batzen gaituena, izandako esperientziak partekatuz elkarri laguntzea.

Euskararekin dituen antzekotasunei dagokienez ere aipagarria da bi hizkuntza isolatu direla, ez dutela inguruko hizkuntza-familiekin loturarik.

Bai, mapuzugunaren inguruan egin diren ikerketa linguistikoetan, baita hizkuntzaren jatorria bilatzen duten azterketa historikoei begiratuta, ikusten da mapuzugunak ez duela harremanik kontaktuan egon den beste hizkuntzekin. Hizkuntza andinoetan antzekotasunak dituztenekin konparatuta, maputxera hizkuntza isolatua da. Horrek ez du esan nahi beste hizkuntzen eraginik izan ez duenik, baina eragina lexikoari dagokiona da gehienbat, ez gramatika edo egiturarekin lotua. Kitxua edo aimaratik, adibidez, ikusten da eragina.

Zerk bereizten du beste hizkuntzetatik?

Maputxera eranskaria da; hau da, gazteleraz bospasei hitz beharko nituzke esaldi bat egiteko eta maputxeraz hitz bakar batean esango dut gauza bera. Hori denbora, ezetza, norakotasuna eta abar adierazten duten atzizkiak dituelako da.

Bi hizkuntzek partekatzen duten beste ezaugarri bat lurraldearekin loturikoa da; hots, hizkuntza bi estaturen artean banatuta dagoela. Zuen kasuan Txile eta Argentinaren artean. Lehenean egoera hobean dago bigarrenean baino, ezta?

Hizlari kopuruari dagokionez, egoera “onean” dago Txileko aldean, Argentinarekin konparatuta. Hor Armadak biztanleria maputxea suntsitu zuen, ondorioz maputxera oso gutxi hitz egiten da, eta daudenak oso isolatuta daude. Alde horretatik, Txilen egoera aldekoagoa da. Baina maputxeraren aldeko politikei dagokienez, egoera ia bera da. Txilen eta Argentinan kulturarteko hizkuntzen programa elebiduna dago eskoletan, haurrei hizkuntza erakusteko, baina egiaz ez du funtzionatzen.

Estatuek beren herri indigenak zaintzen dituztela adierazteko balio du; haurrei hainbat dantza eta hitz erakusten dizkiete, autoidentifikatu daitezen. Adibide polita da, baina hizkuntzarako ez du balio. Egoera kritikoa da, zeren eta helduek hitz egiten dute, baina hurrengo belaunaldiak gazteak eta haurrak dira eta guk hitz egiten ez badugu, ez da hiztun gehiago egongo. Horregatik benetako politika publikoak egin behar dira, hizkuntzaren berpizkundea serioski hartzen dutenak. Guk lan autonomoa egiten dugu, baina jende heldura mugatzen da; haurren bitartez, hezkuntzan hizkuntzaren gaia serioski landu behar da.

Horri dagokionez aurrerapenak egiten ari dira?

Kontsultak egiten dira herri indigenetan, eta kulturarteko programa elebiduna badago, baina horrek aurrerapenik ekartzen ez duela ikusita, dirua alferrik erabiltzen ari da. Dirua ematen da, curriculum nazionalaren barruan dagoelako, baina gure ustez ez du hiztun berriak sortzeko helburua betetzen. 20 urte daramatza, eta argiki porrot egin duela esan daiteke.

Maputxeen artean zein pertzepzio dago egiten ari zareten lanaz? Zuen herriaren laguntza sentitzen duzue?

Hasieran Mapuzugunletaiñ elkartean gazte asko geundenez, helduk errezeloz hartzen gintuzten. Bereziki mapuzugun hizlariek esaten zuten beharbada ez genituela hizkuntza irakasteko behar diren ezagutzak. Irakasten aritzen diren asko mapuzuguna beranduago ikasitakoak dira. Baina, nire ustez, hori abantaila da, ikasteko hizkuntzaren ezaugarriak ikasi behar izaten direlako; prozesu kognitibo ezberdinak gertatzen dira hizkuntza ikastean, eta horrek lagundu digu irakaskuntza lan hobea egiten. Ama hizkuntza duen pertsona batek ez du zertan irakasteko gai izan; aldiz, hizkuntzaren analisia egin eta hizkuntzaren ezaugarriak ulertzea lortu duen pertsona batek hizkuntza irakasteko gaitasun handiagoa daukala iruditzen zait.

Hasieran kritikatu egin gintuzten, baina emaitzak ikusten hasi zirenean, hau da, hiztunak eta adituak ateratzen hasi zirenean, gure lanean eta gure eraginkortasunean sinesten hasi ziren. Gure lana autonomoa eta autokudeatua den arren, hizkuntzarentzat agerian gelditzen diren emaitzak jasotzen ari dira. Horrek poztu eta adorea ematen digu, baina badakigu oraindik oso bide luzea dagoela egiteko.

Maputxeraren aldeko zein beste proiektu daude?

Hizkuntza espazio ezberdinetan egon behar da, eta garatu daitezkeen eremuak asko dira: hedabideak, zerbitzu publikoak, medikuntza, dendak… Gu ezin gara denetara heldu, baina gurekin lanean ari diren beste talde batzuk hainbat ekimen gauzatzen ari dira; oraindik sortu berriak dira.

Esaterako, osorik mapuzugunez eginda dagoen agerkari bat bada; jada lau edizio digital daramatza, eta azkena inprimatu egin da. Beste ekimen bat “Pocoyo” marrazki bizidunen itzulpena da, haurrek mapuzuguna entzun dezaten beraientzat erakargarria den era batean, baina lan zaila da hori. Maputxera ikasteko gidak egitea da garatzen ari den beste proiektu bat. Hauek dira gure inguruko jendea egiten ari den proiektu nagusiak.