Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Tomasita Quiala
kubako repentista

«Publikoaren txaloak eta berotasuna iristen bazaizkit, milioiduna sentitzen naiz»

Ibilbide oparoa duen inprobisatzailea da Tomasita Quiala. Itsua jaiotzez, bere aitonak azkar igarri zuen falta zitzaion argia berak banatuko zuela eta halaxe egiten du oholtzara igotzen den aldiro. Argi indartsua dario.

Itsu jaio zen (1961, Kubako Holguin probintzian) eta itsu segitzen du. Jose bere semeak bere begiak uzten dizkio, denerako kasik. Elkarrizketa hasterako lagundu dio amari apaintzen; txaketa txukun jarri eta makillaje pixka bat han eta hemen.

Tomasita Quiala berandu hasi zen inprobisatzen, 22 urte zituela eta kasualitatez. Ordutik, baina, inprobisatzen duenean «beste pertsona bat» sentitzen dela dio, hunkituta. Kondekorazio asko eta askotarikoak jaso ditu bere ibilbide artistikoan, bere tasun hain berezien adierazgarri direnak; Nekazari Txikien Elkarte Nazionalak, Kubako Emakumeen Federazioak, FAR Indar Armatu Iraultzaileek eta Itsuen Elkarte Nazionalak goratu dute, besteren artean.

Ez da Euskal Herrian zauden lehen aldia.

Ez, lehenago egona naiz. 1988. urtean, nire ibilbidea hasi berritan, Kubako Itsuen Elkarte Nazionalaren izenean etorri nintzen, ONCEk gonbidatuta. Geroago, 1998. urtean, Kanaria uharteetan lanean ari nintzela, Bertsozale Elkarteak gonbidatu ninduen. Akordatzen naiz Alexis Diaz Pimientarekin batera aritzekoa nintzela. Baina hemen geundela sari bat jaso zuela jakin zuen eta hura jasotzera joan behar izan zuen. Azkenean, bakarrik aritu behar izan nuen. Eta oraingo hau hirugarren aldia dut Euskal Herrian. Bai, zortez, lehenago ere egona naiz.

Noiz hasi zinen inprobisatzen?

22 urte nituela. Berandu da, baina badirudi nire poeta lotan zegoela.

Zerk esnarazi zuen?

Ni beti izan naiz errezitatzailea. Nire buruan osatzen nituen bertsoak errezitatzen nituen, jendearen aurrean. Ikasle garaian, beti eskatzen zidaten poemak egiteko eta jendaurrean errezitatzeko. Buruan egiten eta jasotzen nituen bertsoak, eta, unea iristean, jendaurrean errezitatu. Eta arrakasta neukan, jendeari gustatu egiten zitzaion egiten nuena.

Gure itsuen elkarteak jaialdi desberdinak antolatzen zituen eta, hain justu, jaialdi horietako baterako bertsoak prestatzen ari nintzen, jendaurrean errezitatzeko. La Lisara joan nintzen, bizi nintzen tokitik urrun samar, soineko bat egiteko eskatzera. Jaialdi horretarako behar nuen soinekoa.

Eta La Lisan, kaletik oinez nindoala, bi repentista kantuan ari zirela sumatu nuen eta batak bestea iraindu zuela. Ni tartean sartu nintzen inprobisatuz, iraindua izan zena defendatzera. Bi hilabete falta zitzaizkidan 22 urte betetzeko eta 60 kilo soilik pisatzen nituen –oraingo Tomasitaren antzik batere ez–. Eta jendea harrituta geratu zen neskato itsu inprobisatzaile harekin. «Ikusi neskato txiki itsu hori zer-nolako inprobisatzailea den», esaten zuten. «Inprobisatzailea? Zer ote da hori?», pentsatu nuen nik.

Soinekoa probatzera bueltatu behar nuen inguru hartara, eta, bueltatu nintzenean, guateke bat prestatua zidaten; poetak, musikariak, edariak, janaria... Nik ez nekien oso garbi zer egin behar nuen, baina inprobisazioa odolean sartuta nuenez –nahiz eta oraindik ez nekien–, kantuan hasi nintzen, 1983ko urtarrilean. Eta kantatu eta kantatu, gaurdaino.

Inprobisazioa odolean zenuen, beraz.

Nik nire aitonari buruz gauza asko entzunak nituen. Nire aitonak dena bertsotan eskatzen zuen, bera poeta zen. Nik urtea bete eta bi hilabetera hil zen aitona. Kontatzen dute, urtea bete nuen egunean nire sehaskara hurbildu eta zera esan ziola nire amari: «Ez bilatu mediku, oftalmologo eta petrikilo gehiago –haur itsu bat daukaten gurasoek denetarik bilatzen dutelako–, neskatoak grazia berezi bat ekarriko du lurraren gainera eta berak argia banatuko du, ez du argirik beharko».

Publikoa ez duzu ikusten, baina sentitzen duzu.

Toki batera joan eta publiko berri bat deskubritzen dudan aldiro publiko horrek egiten dudana sentitzen badu, txaloak entzuten baditut, eta, berotasun hori iristen bazait, milioiduna sentitzen naiz. Hori nahikoa sari bada.

Joan izan naiz ondo ordaindu didaten tokietara, baina publikoaren berorik sentitu gabe. Hori, niretzako, galdutako egun bat da.

Nola sentitzen zara inprobisatzen duzunean?

Transformatuta, ni ez banintz bezala; desberdina sentitzen naiz. Inprobisatzen dudanean sentitzen dut badela dohain bat hor nonbait eta ni aukeratu nauela inprobisa dezadan. Oso indartsua sentitzen naiz oholtzaren gainean.

Repentista profesionala zara. Hortik ateratzen duzu bizimodua?

Bai. Kuban puntako repentista gehienak hortik bizi dira.

Inprobisazioari balioa ematen al zaio? Ba al du prestigio sozialik?

Bai, asko gainera. Eta atzetik jende gazte asko dator gainera. Gainera, jende guztiak jakin behar du berriki Unescok gizon-emakume guztien ondasun immaterial izendatu gaituela. Lehenago Kubako Nazioko ondasun immaterial eta kulturala izendatu gintuzten eta, orain, Unescok ere aitorpena egin digu. Oraindik ospatzen ari gara.

Zeri kantatzen diozu?

Sentitzen duzunari eta pentsatzen duzunari. Batzuetan gaia jartzen digute, sintagma, mezua... baina, horrez gain, askotariko gaiei kantatzen diegu. Beste batzuetan publikotik jartzen digute bertsoaren amaiera. Eta bi inprobisatzaileren arteko eztabaidetan gaiak bakarrik ateratzen dira.

Hala ere, askok pentsatzen dute biren arteko eztabaida hori batak besteari edozer gauza esatea dela, eta oker daude. Biren arteko eztabaida hori, finean, elkarrizketa bat da, argudio argudioaren gainean; batek bere ideia defendatu behar du bestearen ideiaren aurrean. Eta batek bestea konbentzitu behar du.

Akorduan dut nik izandako eztabaida gogor bat, puntako repentista batekin. Berak «maitasuna akabatu egiten da» eta, nik, «maitasuna ez da akabatzen». Horrela aritu ginen, gogor, argudioekin eta adibideekin, denbora luzean. Izan ere, eztabaidak luzeak izaten dira. Eta gero eta gehiago kantatu, gero eta hobeto zaude. Uste dut irabazi egin nuela.

Emakume asko aritzen da inprobisatzen?

Ni hasi nintzenean hiru emakume aritzen ziren, sona handikoak. Baina hirurek utzi egin zuten eta bakarrik geratu nintzen bidean. Gaur egun, repentismo eskolei esker, emakume repentista gazte asko ari dira kantuan. Dagoeneko ez nago hain bakarrik, baina batzuetan ez dute nirekin abestu nahi; beldurtu egiten dira.

Nola ikusten duzu repentismoaren etorkizuna?

Oso ondo. Oso harrobi indartsua dugu. Neskato asko ari dira animatzen, nahiz eta oraindik mutikoak nagusi izan poeten artean. Baina orokorrean, belaunaldi desberdinetan, maila handia sumatzen dut.