Amagoia Mujika
IKUSMIRA

FISKALA ETA INTERES OROKORRA

Fiskalak zorrotz lan egiten omen du Legea betetzen dela ziurtatzeko. Legea herritarren borondatearen emaitza omen da, haiek aukeratutako ordezkariek bultzatutakoa omen delako. Ondorioz, fiskalak interes sozialaren alde egin behar du lan, herritar guztien interesaren alde, jendarte oso baten alde, eta ez pertsona konkretu baten edo batzuen mesedetan. Pentsatzen nuen halako zerbait topatuko nuela definizio ofizialean.

Hitz potolo eta ofizialak baino askoz argigarriagoak dira, baina, Finaren eta Manuren aurpegiak. Fiskalaren azken hitzak entzun ondoren, ez dakit nondik atera zuten aulkitik altxatu eta epaitegitik oinez ateratzeko indarra. Egia esan, semea hil zutenetik ez dakit nondik ateratzen duten egunero ohetik altxatzeko indarra. Pentsatzekoa da justizia egin nahiak altxatu dituela, nahiz eta hankak eta arima arrastaka eraman.

Lehen ere bagenekien fiskalek babestu ohi duten interes orokor hori ez dela orokorra, batzuk beti aterpe horretatik kanpo geratzen direla, injustiziaz blai. Bagenekien, baina hala ere mina egiten du, barren-barrenean. Amagoia Mujika Telleria