Aitor AGIRREZABAL
analisia

Zalantzei, itxaropenarekin

Altsasu ikur eta guda zelai bihurtu da. Giza eskubideen aldarrikapenean, alde batetik, eta unionismoaren eta espainiar ikurren defentsan bestetik. Horren azken adibidea, Ciudadanos, PP eta Voxek Sakanako herrian egin zuten ekitaldia.

Urte zaila, Altsasun amaitzear dagoena. Epaiketa, zigorrak, sarekada, errekurtsoa edo errekusazioa izan dira, alde batetik, herriko zortzi gazteren aurkako auzian 2018. urtea markatu duten hitzak. Bestetik, Zaballara gerturatzea, elkartasuna eta Iruñean inoiz ikusi diren mobilizaziorik handienak. Atseden gutxirekin ekingo diote urte berriari, urtarrilaren 14tik 16ra bitarte Apelazio Aretoak auzia berrikusiko du-eta.

Hilabetetan zain egon ostean, apirilean eseri ziren espainiar Entzutegi Nazionalean Oihan Arnanz, Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda, Ainara Urkijo, Aratz Urrizola, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Cob. Aurkeztutako lekuko eta probak ukatzeak markatu zituen aurreko hilabeteak, baita akusatuei «terrorismoa» leporatzeak ere, hori izan baitzen auzia Iruñetik Madrilera eramateko argudio nagusia. «Esperantza gutxirekin joan ginen. Entzutegi Nazionala zer den badakigu. Terrorismoagatik zigortzea eskatzen zuen akusazioak eta hori, behintzat, erori egin zen», gogoratzen du Ramirez de Aldak “Altsasu. El caso Alsasua” liburuan jasotako elkarrizketa batean. «Orain, errekurtsoekin, itxaropen hori berreskuratu egin dugu».

Albiste onen bat ere izan dute denbora honetan zehar. Azkena eta argiena, Madrileko espetxe ezberdinetan urrunduta eta sakabanatuta egotetik, Zaballan, Altsasutik ordu erdira, eta elkarrekin egotera igaro dira gazteak udazkenean. Horrek senideen egunerokotasunean eragin zuzena izan du eta zazpiak elkarrekin egoteak ere espetxe barruko egoera samurtu egin du. Baldintzak ere, Aranjuez, Estremera edo Soto del Realen zituztenak baino nabarmen erosoagoak dira Arabako espetxean.

Hori bai, kolpe gogorrak ez dituzte falta izan amaitzear den 2018. urtean Altsasuko zortzi gazteek. Hasteko, 13 eta 2 urte arteko espetxe zigorrak ezarri zitzaizkien zortzi sakandarrei eta horren ondotik iritsi zen Abad, Goikoetxea, Cob eta Urrizolaren aurkako sarekada eta espetxeratzea. Eta kolpe berri batekin amaituko dute urtea.

Tartean, baina, egon dira istorioaren beste aurpegia azaleratzeko une ugari ere. Aspaldian elkartasun olatu handiena altxarazi duen kasua izan da Altsasuko gazteena eta urte honetan zehar gorpuztu da hori.

Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformen lanaren ondotik, ekimenak, mobilizazioak eta keinuak etengabeak izan dira. Ez soilik Euskal Herrian, baita Estatuko hainbat tokitan ere, hitzaldietan parte hartzen eta gazteen kasua azaltzen izan dira plataformetako kideak. Horren emaitza apirilean eta ekainean Iruñean egindako bi mobilizazio erraldoietan geratu zen agerian: Nafarroako hiriburuan gutxitan edo inoiz ez ikusitako manifestazioak izan ziren. Alderdi politiko, sindikatu eta eragileen jarrera hartze garbia bultzatu zuten mobilizaziook, Nafarroan bi bloke garbi utziz: batetik, Aldaketaren Gobernua bultzatzen dutenak, eta, bestetik, UPN, PP eta PSN, erregimena. Lerrokatze argi horretatik aldendu diren bakarrak Altsasuko PSNko bi zinegotziak izan dira, zeintzuek, modu pertsonalean, herriaren inguruan eman den irudia arbuiatu eta gazteak zein haien familiak bizitzen ari direna «gehiegizkoa» dela defendatu duten publikoki. Hauteskunde urtean sartuko gara, eta kanpainan ez da Altsasu faltako, alderdi eta hedabideen ikusmiran jarraitzen du-eta herriak.

Altsasu, alderdien guda zelai

Eta lehia horia Nafarroako mugetatik haratago joan da. Alderdien posizionamenduak Altsasu guda zelai bihurtu du-eta. Gazteen afera oinarri eta kasuak justizian azaleratu dituen gabezia guztiak hizpide, giza eskubideen defentsan ikur bihurtu da Sakanako herria batzuentzako. Besteentzako, aldiz, espainiar ikurren, Guardia Zibila kasu, eta unionismoaren gotorleku. Azken hori azaroaren hasieran PP, Ciudadanos eta Voxek Altsasun bertan egin zuten ekitaldian laburbildu daiteke. Nafarroan ordezkaritza txikiena duen alderdia eta ordezkaritzarik ez duten beste bi alderdiren ekitaldiak Estatu mailan oihartzun izugarria izan zuen. Albert Rivera buru izanik eta atzetik Santiago Abascal bera ere gehituta, galtzeko gutxirekin aurkeztu zuten euren burua Altsasun, zein baino zein espainiar ikurren defendatzaile sutsuago. Nafarroan jokoan gutxi duten alderdiok, boto eskuindarren lehia bizian ari dira Estatuan, eta Altsasu agertoki horretan baliatu nahi izan dute. Herriak, beste behin, arduraz eta zorroztasunez erantzuten asmatu zuen eta ez zen istilu larririk izan.

Bi urte igaro dira Koxka tabernaren atariko gertakarietatik eta, ordutik, «zalantzaz eraikitako bizia» bizi dutela azpimarratzen du Abadek espetxetik. «Zure bizia eten egiten da, zenituen asmo eta proiektu guztiak eten egiten dira», gaineratzen du Unamunok. Epaiketaren berrikuspenari begira, gazteengan zalantza horiek hazi egin dira epaitegiaren azken erabakiaren ondotik.

Auzia bi hilabetez egon da geldirik udazkenean. Urriaren hasieran, sei auzipeturen abokatuek auzia berrikusiko duen epaimahaia osatzen duten epaileak ezesteko eskaria egin zuten, Enrique Lopez eta Jose Ramon Navarrok Guardia Zibilaren dominak jasota dituztelako eta Eloy Velascok Coviteren kongresu batean parte hartu zuela argudiatuta. Baina, epaileen jokabidea aztertu ohi duen epaitegiak bertan behera utzi zuen errekusazioa abenduaren hasieran, eta, horrez gain, «fede txarra» leporatuta, 600 euroko isuna ezarri zien auzipetuotako bakoitzari. Amaia Izkok, Unamuno eta Urkijoren abokatuak, horrelako zigorrak «guztiz ezohikoak» direla azpimarratu zuen; era berean, errekusazioa ordenamendu legalak eskaintzen duen tresna bat dela gogoratu nahi izan zuen egindako lehen balorazioan.

Orain, urtarrilaren 14tik aurrera, frogak eta argudioak berrikusi eta aztertzeko aukera irekiko da, berriz ere, Entzutegi Nazionalean. Horrelakoetan gertatu ohi denez, zalantza eta beldurrei itxaropena ere gehitu zaizkie Altsasun. «Ez dugu horretan gehiegi pentsatu nahi», onartu du Unamunok espetxetik. Gazteak azterketa garaian harrapatuko ditu berrikuspenak eta hori ere ez da mesede izanen ikasketa garaian.

Urte berriari itxaropenarekin ekingo diote Altsasun. Hori bai, oinak lurrean, onartuta prozesuak oraindik ere luze jo dezakeela. Nekea sumatzen hasia da herrian, eta, noski, zigortutako gazteen gurasoen artean ere, baina hainbeste izateak ere lagundu egiten du. Batzuetan batzuk dira gurditik tira egiten dutenak, eta, beste batzuetan, beste batzuk. Bel Pozuetak, Adur Ramirez de Aldaren amak, argi dauka ez dutela etsiko, borrokak luze jo arren: «Hemen jarraituko dugu beharrezkoa den denbora guztian. Justizia da nahi duguna. Denak etxean izan arte».