Pablo L. OROSA / A CORUÑA
Elkarrizketa
MarIa Manuel Rola
Bloco de esquerdas alderdiko diputatua

«Europan alternatiba bat eraikitzea posible dela erakutsi du Portugalek»

Europako Parlamenturako hauteskundeen atarian, guztiz zaharkituta dagoen Europa eraikitzeko beste modu bat badagoela frogatu du Portugalgo ezkerrak.

Maria Manuel Rola Bloco de Esquerdas alderdiko diputatua da Portugalgo Parlamentuan. Aveiron 1984an jaiotako politikariak entzuleak adi-adi edukitzen ditu. Galiziara etorri da Europan faxismoak bizi duen goraldiari buruz hitz egiteko. Hori bai, «haustura» eragiten duten gaietan beharrean, «klase kezketan» oinarritu du bere hitzaldia Portugalgo Ezkerreko Blokeko emakume gazteak: prekaritatean, ingurumenean eta feminismoan. Eskuin muturrak eragindako kakofoniari ihesi egin dio horrela.

Ezkerreko Blokea Antonio Costaren Gobernu sozialista babesten duten alderdietako bat da. Diputatuak etorkizun hobearen izenean bide bazterrean uzten diren helburu ideologikoei buruz hitz egin digu, horixe baita Portugalek Europari erakutsi dion bidea.

Boaventura de Sousa Santosek orain aste batzuk esan zuen Portugalek «neoliberalismoa gezurra dela» frogatu duela, ezkerreko alderdiek Parlamentuan babesten duten gobernu sozialistarekin. Hiru urteko jardueraren balorazioa egitean, zuek hain optimistak al zarete?

Aurreko agintaldian, alternatibarik ez dagoela dioen diskurtsoarekin bizi behar izan genuen. Agintaldi berria hastean, berriz, «beldurraren» diskurtsoarekin jarraitu zuten, «infernuko etsaia» zetorrela zioten, alternatibarik ez dagoen ideiari bizirik eusteko. Baina guk kontrakoa frogatzea lortu dugu, alternatiba egon badagoela, Europak ezarritako aurrekontu mugei eta neoliberalismoari aurre egiten dion alternatiba bat posible dela. Ideia kontserbadore horien kontra borrokatzen dugu, muga asko dituen konponbide batetik abiatuta: ezkerrak nahi baino mantsoago egiten dugu aurrera, baina, aldi berean, onura garbiak lortu ditugu. Horren erakusle dira pentsioak eta gutxieneko soldata igo izana edo abortua bezalako gaietan emandako hobekuntzak.

Erdeinuz, hasiera batean «geringonça» edo «txapuzaren gobernua» deitzen zizueten. Aurkariek sendotasunik gabeko koalizioa izatea egozten zizueten, Alderdi Sozialistaren, Alderdi Komunistaren eta Ezkerreko Blokearen arteko aldeak oso handiak zirelako. Baita euro bezalako funtsezko gaietan ere.

Ez da ahaztu alderdirik bozkatuena Portugalgo Alderdi Sozialdemokrata izan zela, eskuinak Parlamentuan gehiengoa lortu ez bazuen ere. Pribatizazioak geldiarazteko, lan baldintzak berreskuratzeko eta aurrerapen sozialak bermatzeko horrelako akordio bat, ezkerreko indarren horrelako aliantza bat, testuinguru horretan soilik da posible. Guk, baina, ez diegu uko egiten geure aldarrikapenei; aldiz, Alderdi Sozialista ezkerreko alderdien akordiora bultzatzea lortu dugu. Adostasuna posible ez den beste alderdi batzuk, berriz, akordiotik kanpo geratu dira. Horietako askok Europarekin eta itunekin dute zerikusia, gure ustez berriz negoziatu behar baitira. Gure lantaldeak, Gobernuak eta Alderdi Sozialistak ere esku hartu duten horrek, ondorioztatu du aldaketarako tarte bat badagoela bide horretan, baina beraiei ausardia falta izan zaie Europarekiko bestelako hurbilketa batean aurrera egiteko.

 

Boto emaileak ulertzen al du?

Herritarrek lortutakoa ulertzen dute: gutxieneko soldata igotzea, pentsioak igotzea, eta, oraintsu, goi mailako irakaskuntza jasotzeko ordaindu beharreko tasak murriztea. Jakina, gure betiko boto emaileak kontratazio kolektiboaren indartzea bezalako gaietan gehiago aurreratzea nahiko luke, baina, oro har, lortutakoa onartzen du. Horrez gain, itxaropen eza atzean utzi duen gehiengo sozial batek ere babesten du lortutakoa. Eta mobilizatzen hasi da: jendeak gehiago nahi du, gehiago eskatzen du, eta Gobernua presionatzen ari da. Hori oso garrantzitsua da fokua aldatzea lortzen duelako: alternatibarik ez dagoela pentsatzetik, gauzak beste modu batera egin daitezkeela pentsatzera.

Paradoxikoki, orain arte esan dezakegu ezkerrarena gobernu kontserbadorea izan dela, garai bateko eskubideak berreskuratzera mugatu baita. Ez du aurrera egin egungo gizarteak dituen erronketan.

Bai, horrela da, lehen fase honetan pribatizazioak eta geure ekonomiaren suntsiketa gelditzea baitzen akordioaren funtsa, eta geure eskubideak berreskuratzea. Gai estruktural batzuetan hobekuntzak lortu ditugu: pentsioak igo ditugu, gutxieneko soldata ia %20 igo dugu eta emakumezkoen eta LGTBI komunitatearen eskubideen babesari dagokionez ere hobeto gaude orain. Arlo ekonomikoan, berriz, eraso neoliberala geldiarazten saiatu gara. Eta arlo sozialean, herritarren bizimodua hobetuko duten neurrietan aurrera egin ahal izateko bidea prestatu dugu. Hemendik aurrera, hurrengo hauteskundeei begira, mahaiaren gainean jarri behar duguna aurrera egitea da, ez bakarrik suntsiketa mantsotzea.

 

Ez al ditu Alderdi Sozialistak hobekuntza horiek guztiak bere posizioa indartzeko erabiliko? Ez duzue beldurrik?

Alderdi Sozialista Gobernua da, onerako zein txarrerako. Jendeak badaki aurreko hauteskundeetara aurkeztu zuen programa inoiz izan duen eskuindarrena zela, baita ezkerrak egindako presio izugarriak eragin zuela bere neurriak onerako aldatzea ere. Gainera, egoera jakin batzuetan Alderdi Sozialistak bere benetako izaera agerian utzi du, lobbyekin bat eginez: iaz energiaren inguruko neurri bat onartu zen aurrekontuetan, baina gero hankaz gora bota zuen, EDP multinazionalaren irabaziak kaltetzen zituelako. Gauza bera gertatu zen etxebizitzaren sektorean, inbertitzaile handien alde, edo zezenketei zergak jaisteko proposamenarekin. Adibide horiekin herritarrak argi ikusten du alde izugarria dagoela gehiengoa duen Alderdi Sozialista baten eta ezkerrak kontrolatzen duen Alderdi Sozialista baten artean.

Horrelako eredu bat Europara esporta al daiteke?

Orain urte batzuk sortu zen koalizioaren ideia, baina garai hartan hauteskundeak egin aurretik lotu beharreko koalizio moduan ulertzen zen. Guk esan genuen formulak boto emaileen indarra lortuz gero soilik izango zuela arrakasta. Hauteskundeen aurretik geure programaren zati bati uko egin izan bagenio, ez genuke gero indarrik izango ezer aurrera ateratzeko. Berdin gertatzen da Alderdi Komunistarekin. Europako baldintzak, aldiz, oso bestelakoak dira: egoera ezberdinak ematen dira herritik herrira, eta bestelako akordioak ezkerreko indarren artean. Edonola ere, kontu batzuek bazter guztietan dute garrantzia, prekaritateak, klima aldaketak eta genero berdintasunak kasu.

Beraz, minimoen akordio bat lortzea litzateke helburua.

Akordioa errazago lortzen da gai komunen inguruan ari bagara, errefuxiatuen krisiari emandako erantzun gizagabea adibidez. Herritarren bizimodua hobetzen duten kontuen inguruan adostasun bat eskuratzea posible da.

Gauza batzuei uko egitea esan nahi du horrek?

Zer da, bada, politika? Edo iraultza bat egiten dugu edo beti erabaki beharko da zer den premiazkoena, zerk ahalbidetuko duen gehiengo sozial bat lortzeko oinarriak jartzea, ezkerreko programa bat abian jartzeko beharrezkoa gehiengo soziala lortzeko. Badakigu egungo Gobernuaren programako gauza batzuk ez direla gure gustukoak; horregatik eusten diogu autonomiari. Akordioak printzipio jakin batzuk baino ez ditu babesten.

Zuen programako ardatzetako bat feminismoa da. Klima aldaketarekin batera, feminismoa al da geure garaiko borroka nagusia?

Guk garrantzi handia ematen diegu ingurumen kontuei. Besteak beste, petrolio kontzesio batzuk geldiaraztea lortu dugu. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borroka, berriz, mundu osokoa da, eta, geure gizartean, mugimendu feminista da narratiba neoliberalari aurre ondoen egin diona. Portugalen, esaterako, emakume langileak dira, horietako asko prekarioak, etxebizitza duinaren aldeko borroka gidatzen ari direnak. Nabarmentzekoak dira zaintzaile ez arautuak ere, zaintzailearen estatutuaren sorreraren inguruko eztabaida plazaratzea lortu baitute.

 

«Brasilgo egoera beldurgarria da: politika ia fede kontu bat izatera pasa da»

Brasilgo egoerarekin kezkatuta al zaudete?

Brasilgo egoera beldurgarria da. Alde batetik, Bolsonarok hauteskundeak irabazi dituelako. Baino, batez ere, kanpaina nolakoa izan den ikusita: fake news edo berri faltsuak nagusi izan dira, eztabaida publikorik gabe gidatutako gizarte bat ikusi dugu, gezurrez betetako kanpaina bat, inolako kontrapisurik gabe hedatzen diren gezurrak, gorrotoa sustatuz lekua irabazten duten politikariak... Brasil ikertu beharreko kasu bat izango da: horrelako estrategiak baziren lehenago ere, baina egungo Brasilen politika ia fede kontu bat izatera pasa da. Langileen Alderdiak ustelkeria arazo ugari izan ditu, baina onartu behar da bere agintaldietan herritarren arteko ezberdintasunak murrizteko programa ugari jarri zirela abian. Tamalez lorpen horiek ustelkeriaren ideiaren azpian ezkutatuta geratu dira, politikari guztiak berdinak direla dioen ideiaren azpian. Eta hori egia ez dela badakigun arren, kaltea hor dago. Eta izugarria da.

Tankerako zerbait gerta al daiteke Europan?

Posible da, bai. Portugalen bertan ere izan genituen adibide kezkagarri batzuk: konpainia bateko webgune batzuek fake news-ak asmatu zituzten; esaterako, Catarina Martins Ezkerreko Blokeko zuzendaritzako kideak milioika euroko balioa zuen ordulari bat zuela. Uste genuen sare sozialak tresna egokia izango zirela ekintzaileentzat, ezkerrarentzat, salatu nahi zituzten injustiziak eta arazoak erakusteko aukera emango zutela. Bada, eskuina eta eskuin muturra tresna bera erabiltzen ari dira beren mezuak inolako kontrapisurik gabe zabaltzeko, ideia beldurgarriak bidegabe hedatzeko.