Otoitz Messiren alde
Mirariak egunerokoak eta errekorrak haustea errutina direnean, nola deskribatu Messi jenio deskribaezina? Poesia izerditu eta askatasunaren zentzu oso bat komunikatzen duen hizkuntza berri bat sortuz.
Zenbat aingeruk egin dezakete dantza orratz baten puntan? Zenbatek? Ze puntutaraino da aparta Messi, noraino da bikaina? Horri erantzutea xanpain botila bateko burbuilak zenbatzea bezalakoa da. Dohainak hainbeste eta hain handiak direnean, nola deskribatzen da deskribatzerik ez dena? Superlatiboak agortu direnean, non daude jenioa definitzeko hitzak? Non ezkutatzen dira?
Erreala ala fikziozkoa da pertsonaia? Ez ditu golak sartzen, gol puskak sartzen ditu. Baloia hartu, pasatu eta berriz bere burua eskaini, pase motz eta luze, erritmikoa eta etenik gabea den mugimenduan beti. Driblina, jokoa, faltak… hainbeste urtez horrenbeste eman du, hainbeste utzi digu oroitzeko, dagoeneko ahazten hasi ez ote garen zalantzan jartzen hasi naizela. Eman digun guztia apreziatzeko gure ahalmena gainditzen duelakoan nago.
Zorionez, Messi deskribatzeko hitzen ortopediak ikusgarri diren arren, hizkuntza bat sortu du. Messiz hitz egitea pasioz hitz egitea da, logika eta sinismena desafiatzen dituzten esaldiekin aritzea. Ulermen ezetik argitasuna sortzen duen hizkuntza da. Gure zentzuak esnarazten dituen hizkuntza, poesia izerdituz ikusgaitz genituen loturak bistaratzen dituena.
Messiren dohainak ezin dira zerrendatu, amaigabeak direlako. Azelerazioa du, indarra, oreka, bizkortasuna, bisioa, senezko birtuosismoa. Argia da, azkarra. Edertasuna haragitzen du, modernitatea. Denbora, urteak pasa ahala galtzen ez den talentua. Fantasia inspiratzen du.
Estralurtar deitu diote, martetar, Clark Kent bezalakoa dela diote, Play Station-eko jokalaria. Jainkoaren mirari bat dela, futbolaren Mozart bat. Orgasmoa dela, aztia, asmatzailea… Eta hitzok ez dira taberna zuloetako mozkor edo zaletuenak, futbolari handienak baizik.
Arkakuso deitzen dute, hori du goitizen, baina, arrazoi osoz, kameleoi ere dei zezaketen, edo aingira. Kameleoi baten begiak baititu, begi bakoitza bere kasa, gora edo behera, aurrera edo atzera begiratuz, jokoa beste inork ez bezala ikustea ahalbidetzen dioten begiak. Edo aingira. Bere driblin paregabeak aingira bezala oso labainkor, irristakor, atzemanezin bilakatzen duelako atzelarientzat. Edo lehoinabar. Golak sartzeko harrapari baten sen hiltzailea duelako, gol gose aseezina. Eta lehoinabarra ez bada, oilagorretarako setterra, arriskua non sor daitekeen usaintzeko oilagorretarako zakurron usaimena duelako. Eta lasaia da, besteak urduri jartzen diren egoeretan, beti berean segitzen duelako. Bota Messiren galtzontzillotan armiarma eskukada bat, baita alargun beltza espeziekoak ere, eta berean, lasai, segituko du, gola bakarrik buruan.
Youtuben bere golak eta jokoa ikustean, Messik trantzean, hipnotizatuta balego bezala jokatzen duela ikusten da. Gauza bakar bat obsesio: baloia aurkarien atearen barruan ikustea. Baloian begiak iltzatuta, Hernan Casciari kazetari argentinarrak bere Totin txakurrarekin alderatu zuen. Totin txakur pattala zen, nagi samarra, baina sukaldeko esponja hori bat ikusten zuenean, munduan beste ezer baino gehiago maitatzen zuen, bere onetik atera eta zorameneraino. Totin esponjarekin nola, Messi baloiarekin hala.
Batzuetan partidatik kanpo, oinez, burumakur ageri da, bere munduan, giltzak galdu izan balitu bezala. Mutil txiki eta apala da, eta garaiera falta horregatik, agian, lotsakorra dirudi. Bere taldekideek diotenez, hasieran, mutua zela pentsatu zuten. Txikien grabitate zentro baxu horrek, baina, ikaragarri iheskor bihurtu du.
Baloia ezker hankara itsatsita, beti intentzioarekin jokatzen du, espiritu librearekin beti. Plazerez bizi du jokoa, eta, garaieraz txikia den arren, sortze beretik da handia, denetan handiena. Ez diolako sekula utzi haur izateari. Haurren ausardia du, haurren gogo eta umiltasuna. Haur baten moduan dibertitzen da, eta esana du, dibertitzeari uzten dioenean, bere futbol ibilbidea amaitutzat joko duela.
Messiren jokoa geldiarazteko dena entseatu da. Saiatu dira sarearekin gelditzen, saiatu dira sardearekin gelditzen, baina futbolaren unibertsoa gobernatzen du. Koloso batek bezala. Saiatu dira atzelari indartsuen tiraniarekin, atzelarien kopurua igotzeak sortzen duen itomenarekin. Infekzio bati aurre egiten dioten globulu zuriek egiten duten bezala ere saiatu dira Messiren kontra. Erabat ezinezkoa izan da, baina.
Urrearen distira eta zilarraren xarma dauzka. Erritmoa, boterea, bisioa, teknika. Gola sartzeko ahalmen izugarria. Baina pena eta bizilegea da: bere karreraren hiru herenak, agian, jada joanak dira. Ez Gaudi ezta Dali ere, Bartzelonako atrakzio turistiko indartsuena da Messi. Osasun publikoarentzat lagungarri da. Gure ahalmenez ohartarazten gaituen heinean, sendagarria da oso.
Berezkoa du grazia. Poza ekarri dio kirolari, gloria, dibertimendua, askatasunaren zentzu oso baten komunikazioa. Horregatik maite du jendeak Messi, horregatik adoratu egiten dute. Horregatik, hizkuntza berri batekin, egiten diogu otoitz.