Aimar Etxeberria
analisia

Eskozia, agertoki katalanerantz?

Partida hasterako karta guztiak mahai gainean jarri dituzte bi aldeek: bigarren kontsulta independentistaren saiakera berritua iragarri dute eskoziarrek; hura kosta ahala kosta ekidingo dutela aurreratu dute, aldiz, britainiarrek.

Hipotesian instalatu da Eskozia. Apenas dago ziurtasunik, dena da zalantza, dena aukera. Baliteke herrialdeak datozen asteotan ikustea Nicola Sturgeon lehen ministroaren adierazpenen bat bigarren independentzia erreferenduma ardatz hartuta, edota hila amaitzen denerako Europar Batasunetik (EB) at aurkitzea. Baina, era berean, baliteke denak bere horretan jarraitzea, ziurgabetasunetik argirako urratsik ez ematea. Bada, baina, zalapartarik, zerbait mugitzen ari dela erakusten duenik.

Eztabaida politikoaren erdigunera itzuli da bigarren independentzia erreferendumaren aukera, eta ugaritu egin dira Sturgeonen berehalako iragarpen baten inguruan espekulatzen duten ahotsak. Espekulazio horiek ez datoz soilik lubakiaren alde eskoziarretik; britainiarrek eurek ere ahoz aho darabilte afera, interes propioen mesedetan bada ere. Eta kontua aspalditik datorren arren, fase berri batean sartu da Edinburgo eta Londresen arteko hitzezko gerra.

Izan daiteke Erresuma Batuak EBtik ateratzeko egin beharreko bidearen hasiera data –martxoak 29– gerturatzen ari delako, kontua da “The National” agerkari eskoziar independentistak iragarri duela dagoeneko Sturgeonen adierazpena «datozen asteetan» iritsiko dela. Zentzu horretan, komeni da gogora ekartzea lehen ministro eskoziarrak deitu zuela jada independentziaren inguruko erreferendum berri batera. 2017ko martxoan izan zen; deia, baina, atzeratuta suertatu zen, nagusiki, bi elementuren ondorioz: Theresa Mayren Gobernuak kontsultari bide eman ez ziolako eta urte bereko ekainean, hauteskunde orokor britainiarretan, boto gainbehera garrantzitsua sufritu zuelako SNPk.

SNPren konferentzia

Espekulatu izan da Sturgeonek alderdiaren udaberriko konferentzia baliatu dezakeela iragarpen berri bat egiteko. Apirilaren amaieran egingo da hau –27tik 28ra– Edinburgon, eta ordurako ezaguna izango da Eskoziaren patua Brexitaren anabasaren baitan.

Iaioa da Sturgeon alderdiaren batzarrak erabiltzen iragarpen garrantzitsuak egiteko, azken konferentzia nazionaletan halakorik gertatu ez bada ere. Hala nola, eta halakorik ezean, batzarrean zentralitate osoa izango du bigarren independentzia erreferendumaren inguruko eztabaidak, izan ere, inoiz eman ez den bezala, alderdikideen arteko eztabaidara –eta ondorioz, bozketara– irekiko da balizko Eskozia independente batean erabili beharreko monetaren afera.

2014ko saiakeraren ahulgune nagusietako bat izan zen mugimendu independentistarentzat monetaren gaineko eztabaida. Libera esterlinarekin jarraitzea erabaki zuen orduan Alex Salmonden Gobernuak, baina George Osbornek, orduko Ogasun ministro britainiarrak, adierazpen sotil batekin zapuztu zuen eskoziarren asmoa: «Ez dugu gure moneta balizko Eskozia independente batekin partekatuko». Gobernu britainiarraren erabakiarekin, libera esterlinaren gaineko kontrolik gabe geratzen zen Eskozia independentzia eskuratuz gero, hainbat eta hainbat eskoziar herrialdearen independentziaren aurka bozkatzera bultzatu zituen detailea.

Dirudienez, baina, beste apustu bat egingo du Sturgeonen Gobernuak ustez iristear den bigarren saiakerari begira. Brexitaren osteko aroan sortutako Hazkunde Batzordearen gomendioei jarraiki, independentziarekin batera dibisa berri bat sortzea proposatuko die SNPk alderdikideei Edinburgoko konferentzian, alderdiaren alde aurrerakoienak eta mugimendu independentistak beso zabalik hartuko duten urratsa.

Eta Londresek, zer?

Esan dugu aurrez bigarren kontsulta independentista baten gaineko esanak lubakiaren alde bietatik datozela. Alde britainiarra, esaterako, eskoziarren helburu soberanistak zapuzten ahalegintzen ari da, BBC kate publikoari egindako filtrazioak eta Gobernu kideen adierazpenak tartekatuz. Esaterako, Alderdi Kontserbadorearen Eskoziako filiala May baldintzatu nahian dabilela publikatu berri du kate publiko britainiarrak, kontsulta berri bat onartzeko baldintza bezala honen galdera eta data SNPren gain ez uztea ezarriz. Hori gutxi balitz, Mayren Exekutiboko iturriek egintzat eman dute jada, BBCren bidez, honek ez duela Sturgeonen eskakizun berririk onartuko. «Ezin dut inolako egoerarik aurreikusi zeinetan [Mayk] baietza eman dezakeenik», adierazi zuen Gobernu britainiarreko iturri batek kate publikoan.

Izan da, halaber, inolako bitartekari eta aho-bilorik gabe hitz egin duen ordezkari britainiarrik. Esaterako, Eskoziara bidaia egin beharrean izan da Jeremy Hunt Atzerri ministro britainiarra, urak baretze aldera. Zuzen hitz egin zuen honek Edinburgon, Mayk Sturgeonen eskaera berri bati uko egingo ote dion galdetuta. «Noski», erantzun zuen, Londres eskoziarrei bigarren aukera bat ematetik urrun dagoela argi utziz.

Egoera horren aurrean, jarrera kontraesankorrak azaleratu dira SNPren baitan. Alde batetik, alderdiaren lehendakariorde den Keith Brown mintzatu da gaiaren inguruan, Mayren Gobernuak erantzungo duenari erreparatu gabe bigarren kontsultak aurrera egitea proposatuz. Sturgeon berak, baina, uko egin dio Londresek espresuki baimendu gabeko erreferendum bat deitzeari. Hala, badirudi Kataluniako prozesuak azaleratu dituen zalantza eta eztabaida berak sorraraz daitezkeela etorkizun hurbilean Eskozian ere.

Bozetara 2021ean

Izan daiteke guztia estrategia adostu baten inplementazioa, mugimendu independentista eskoziarrari gustatuko litzaiokeen moduan, hori horrela dela esateko oinarririk ez badago ere. Izan ere, SNPz haragoko independentismoan bada dezepzio sentsazio bat, bide orri adostu baten hutsune bat. Asperdura puntu bat ere nabari dela esan daiteke, alderdiaren zain egoteak eragiten duen antsietate dosi batekin.

Eskoziar independentismoak, baina, badu itxaropenerako motiborik ere. Bada ahotsik guztia 2021eko Holyroodeko hauteskundeetara jokatu behar dela esaten duenik –tartean Robin McAlpinena, orriotan elkarrizketatua izan den eskoziar estrategarena–. Horrekin, tiro bat bota eta bi txori hil ditzake mugimendu independentistak: batetik, Gobernu britainiarraren «orain ez da horretarako momentua» argudioa indargabetu dezake, baldin eta bigarren txoria hiltzea lortzen badu, hots, alderdi independentistek gehiengoa lortzen badute Edinburgoko Parlamentuan.

Holyroodeko hauteskundeek, gainera, Britainia Handiak EBtik ateratzeko egin beharreko bidearen amaierarekin kointzidituko luke –ondo bidean–, 2020ko abenduaren 31rako aurreikusia. Horrek bi agertoki argiren artean hautatzea ahalbidetuko lieke eskoziarrei, egungo ziurgabetasun aroan ez bezala. Britainiarren irteeraren data hil honen amaierara aurreratzeak, alegia, Brexit gogor batek, handitu baino ez luke egingo posizio unionistetatik independentistetara igaroko litzatekeen eskoziarren kopurua, 2016ko ekainean Brexitak irabazi zuenetik gaur egun bateko zein besteko argitaratu diren inkesta guztiek erakutsi duten moduan. Apustua bata edo bestea izan, beraz, badu eskoziar independentismoak zeri heldu, are gehiago Brexitaren prozesuak britainiarren ezintasun guztiak azaleratu dituenean.