Dabid LAZKANOITURBURU
IKUSMIRA

PALESTINARREN PATUA, ISRAELEN EKINA, NAZIOARTEAREN ARDURA

Ia guztiz isilean igaro den arren, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) gogor salatu du iragan astean Gazan palestinar errefuxiatuen itzuleraren alde lehen urtea bete zuen ekimenaren aurkako Israelgo Armadaren errepresio bortitza. 2018. urteko martxoaren 30etik astero biltzen dira mugan milaka palestinar, errefuxiatuek etxera bueltatzeko duten eskubidea aldarrikatzeko eta Israelek Gazaren aurka mantentzen duen blokeoa salatzeko. Israelgo soldaduek 189 palestinar erail eta 10.000 inguru zauritu dituzte dagoeneko. Hildakoen artetik 35 harresitik urrun palestinar ikurra eskutan hartuta zeuden haurrak ziren, eta gehienak buruan jazotako tiroen ondorioz hil dira. Zauritutakoen artean askok anputazioak pairatu dituzte eta elbarri gelditu dira. NBEk Palestinan duen Michael Lynk ordezkariak azaldu duenez, Israelek krimenok ikertzen ez dituenez, nazioarteak hartu beharko du ardura hori. «Ordua da behingoz Israelen inpunitatearekin amaitzen hasteko».