Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Arantza Ozaeta
HUHEZIKO zuzendari AKADEMIKOA

«Irakaslearen identitate berria eraiki beharra dago, dagoeneko ez baitauka jakintzaren monopolioa»

Irakasleak jakintza eman eta ikasleak jaso. Hori da, gutxi edo gehiago, hezkuntzaren zutoina. Eskola aldaketa sasoi betean dago. Aurrerantzean, segur aski, irakasleak ikaslearen bidelaguna izan beharko du, bere ikasketa prozesua erraztea izango du zeregin nagusi.

Arantza Ozaeta
Arantza Ozaeta

Hezkuntza komunitatean garai mugituak dira. Ikasleak aldatu dira, gurasoak, ikasteko tresnak eta moduak, jendartea... Etengabe interpelatua sentitzen da eskola, mugimendu betean dagoen jendarteari erantzuteko premian. Olatu horien artean, irakasleak ere aldatu behar du bere jarduna, tokiz mugitu behar du. Horren bueltan ari da lanean hezkuntza komunitatea, krisi garaiak, sasoi estuak ez ezik, leihoak eta ateak irekitzeko garaiak ere badirela jakitun.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean ere hausnarketa betean ari dira.

Etorkizuneko irakasleak nola prestatu. Hausnarketa horren bueltan ari zarete.

Bai, eta hausnarketa bat baino gehiago dela esango nuke. Graduen berrikuntza prozesu sakon batean murgilduta gaude, etorkizuneko irakaslearen profila eraikitzeko. Bi urtez luzatu dugu hausnarketa eta ikusi dugu etorkizuneko irakasleak lanbidetik, testuinguru profesionaletik, edan behar duela, eta, era berean, subjektu pertsonal, kultural eta sozial bat bezala eraiki behar dela. Gaur egun munduan zabalduta dagoen joera da hori eta guk ere hortik jo dugu; batetik, zein profesional klase eraiki nahi dugun hausnartu dugu, eta, bestetik, zein subjektu mota, zein profil mota, eskaini nahi dugun.

Gaur egun oso modu okerrean konpetentzia bigun bezala definitzen direnak, zeharkakoak esaten direnak, guretzat konpetentzia gogorrak dira, oinarrizkoak; pentsamendu kritikoa, sormena, talde lana, euskalduntasuna, lanbidearekin konpromisoa, autonomia eta bizialdi osoko ikaskuntza... Markatu dugun profil horretan, oinarrizko gaitasunak dira horiek.

Pentsatzekoa da hausnarketa martxan jarri baduzue, egungo irakasle-ikasle bide horretan hutsuneak ikusten dituzuelako izan dela.

Hainbeste aldatu da dena gizartean, hainbeste aldatu dira ikasteko moduak, hainbeste aldatu dira gizartearen premiak... Gure lanbidea oso interpelatuta dago. Zer da ikasi behar duena gaur egungo ikasle batek? Zelan irakatsi behar zaio? Zer egin dezake hezkuntzak ikasleak bere bizialdi osoan ikas dezan eta, gainera, pertsona modura ondo bizi dadin? Nola prestatu XXI. mende hau eraikiko duten pertsonak? Badakit galdera potoloak direla, baina guk horrela ikusten dugu gure egitekoa.

Galdera potoloek tamainako erantzunak behar.

Segur aski irakaskuntzak jauzi bat egin behar du, irakasleok geronek gure lanbidea garatu behar dugu eta beste gauza batean bihurtu; gehiago jo behar dugu ikaskuntza prozesuak erraztera. Izan ere, dagoeneko galdu dugu jakintzaren monopolioa. Guk egin dugun analisian ikusten dugunez, guk irakatsi eta ikasleak guk esandakoa errepikatzeak ez dauka inongo zentzurik. Eta, horrez gain, ikusten dugu ez dakigula gure ikasleek etorkizunean lanik izango ote duten ere. Alegia, irakatsi behar da ez lehen lanbiderako, hirugarren edo laugarren lanbiderako baizik. Hartara, pertsonek beren burua eusten jakin beharko dute.

Teknologiaren bidetik robotek hainbat lan egingo dizkigute. Orduan, pertsonek zer egingo dugu? Badakigu adimen artifizialak konponduko dituela eguneroko zenbait korapilo, dagoeneko ikusten da adimen artifizialak zenbat gaitasun landuko dituen. Orduan, pertsonok pertsona egiten gaituen horretan sakondu beharko dugu; talde lana, kooperazioa, sormena, pentsamendu kritikoa...

Guk egiten dugun hausnarketan aurreikusten dugu gure ikasleek lana izango dutela; akaso lauzpabost lan, baina lana. Baina, gure ikasleen ikasleek ezagutuko ote dute lana guk ezagutu dugun eran? Horrek eskatuko du askoz gehiago lantzea konpetentzia orokorrak; sormena, bizialdi osoan ikasteko gaitasuna, autonomia, besteekin bizitzen ikastea, planeta jasangarri egitea...

Egungo jendarteari begira, zaharkituta geratu al da hezkuntza sistema?

Ezin da orokortu. Eskola sistema bor-bor dago. Mundu osoko fenomenoa da eta Euskal Herrian ere hainbat eta hainbat ikastetxe, hiru sareetakoak, esperientzia oso interesgarriekin ari dira lanean. Eskola martxan dago eta aurrera begira dituen erronkez oso kontziente da. Nik eskola martxan ikusten dut –batzuk besteak baino azkarrago– eta eskola jakitun da, sumatzen du, bere formak eta aritzeko moduak aldatu egingo direla, epe laburrean gainera.

Euskal hezkuntza sistema berritze prozesu betean dago, orain arte sistema hori sostengatu duten irakasle asko erretiroa hartzen ari baitira. Kapital handiko jendea erretiroa hartzen ari da, eta, aldi berean, orain sortzen ari diren irakasleek eman behar diote buelta egoerari.

Baina irakasleek bakarrik irauli al dezakete sistema?

Ez, sistema konplexua da eta estrategia konplexua eskatzen du. Baina badakigu berritzen duen irakasle talde bat lidergoa duen zuzendaritza talde batekin elkarlanean arituz gero, oso esperientzia interesgarriak gertatzen direla. Arauak denentzat berdinak izanagatik, badira oso sortzaileak eta berritzaileak diren eskolak –irakasleak hala direlako, gurasoek parte hartzen dutelako, komunitatea bizia delako...– eta badira mugimendu gutxiagoko eskolak. Eta hori ere bada erronka; ikastetxe bakoitzak egin dezala bere proiektu propioa dauzkan ikasleen arabera, dagoen testuinguruaren arabera, dituen beharren arabera...

Gogoeta horien ondorio, irailetik aurrera Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean master berri bat eskainiko duzue.

Masterrak iparrean ipini du irakaslearen identitate berria eraiki beharra. Identitate berri horren arabera, irakaslea ikaslearen ikaskuntza errazteko egongo da. Identitate edo jantzi berri hori josten hasi behar dugula uste dugu eta praktika hori esperientzia anitzetatik elikatu behar dela. Esperientzia oso interesgarriak daude eta master honek erdigunean jarri nahi du ikaskuntzaren errazte hori, irakaslearen identitate berri hori: ikaskuntza erraztea, ikaslearen bidelaguna izatea.

Irakaslearen jakintza ikasleari pasatzetik –goitik beherako bidea–, ikasleari bidea erraztera pasatzen da, ikaslea eta irakaslea pareago izanik. Bidelagun izatera pasatzen da irakaslea.

Bai, hori da. Izan ere, irakaslearen eta ikaslearen arteko jakintza transmisio hori asko aldatu da. Nik esango nuke gaur egungo belaunaldiak prestatuago daudela elkarrekin ikasteko; akaso beren artean harremantzen diren moduagatik izango da, sare sozialen bitartez etengabe elkarrekin daudelako. Nik esango nuke elkarrekin ikasteko, elkarrekin eraikitzeko, elkar inspiratzeko eta elkarrekin transformatzeko jarrera irekiagoa dutela egungo belaunaldiek. Eta indar hori baliatu beharra dago; elkarrekin ikasteko eta elkarrekin huts egiteko bide hori eraiki beharra dago. Horrek guztiak esperimentazio puntu bat dauka, berrikuntza prozesu bat bizitzen ari gara. Eta horrek ez dauka emaitza zehatz bat epe motzera. Prozesu hau irekitasunez eta esperientzia zoragarri moduan bizi beharko genuke.

Ulertzen denez hezkuntza komunitatea oso aldi interesgarria bizitzen ari da.

Momentu ikaragarri polita bizitzen ari gara. Jende guztiak hobeto egin nahi du; eskola hobetu, hezkuntza hobetu, gizartea hobetu... Mundu guztiak ikusten du ikaskuntza hobetzea mundua aldatzeko giltza dela eta hori irakasleok badakigu. Guk badakigu gelan potentzialitate multzo amaigabea dugula. Une oso polita da. Pentsa, batzuen esanetan, hezkuntza berrikuntzaren udaberria da. Egia da inflexio une batean gaudela eta horrek, gainera, ez duela atzera bueltarik.

Guraso izateko modua ere aldatu da, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Batez ere, gurasoen exijentzia aldatu da. Oraingo gurasoak inoizko gurasorik formatuenak dira eta eskolari eskatu egiten diote. Normala da.

Gurasoen eskaera horiek beti al dira arrazoizkoak? Seme-alabak gehiegi babesteko joera sumatzen al da eskolan?

Egia da egungo belaunaldiak oso-oso babestuta daudela. Ez dut esango hori ona edo txarra den, baina horrela hazi eta hezi ditugu gizartean. Haurrak eta gazteak produktu sozialak dira eta hori ikasgelan kudeatzea ez da erraza. Garbi ikusten dugu autonomia gero eta gehiago landu behar dugula eta euren burua sostengatzen irakatsi behar diegula, behar-beharrezkoa dutelako. Autonomia, norbere buruaren zaintza, norbere buruaren jabetza... erronka garrantzitsuak dira egun. Mundua lehen askoz sinpleagoa zen, orain dena da konplikatuagoa eta akaso horregatik gaude gurasoak seme-alaben hain gainean. Hala ere, sasoi bakoitzean gurasoek ahal duguna egiten dugu. Batzuetan ondo eta besteetan gaizki, baina beti ahal duguna.