Juantxo EGAÑA

Hernaniko emakumeak bigarren aldiz botoa ematen

Behin Lehen Mundu Gerra amaituta, 20ren bat herrialdek onartzen zuten emakumezkoen sufragio eskubidea. Estatu espainolean, ordea, 1931n II. Errepublika iritsi arte ez zuten eskubide hori aitortu. Euskal emakumeek 1933ko azaroaren 5ean egin zen Euskal Estatutuaren gaineko erreferendumean izan zuten botoa emateko lehen aukera. Hilabete beraren 19an espainiar Gorteetarako hauteskundeak izan ziren eta Estatuko gainerako emakumeek lehen aldiz botoa emateko aukera izan zuten; euskal emakumeek, bigarrena. Lau euskal emakumezko hautagai aurkeztu ziren hauteskunde haietara: Dolores Ibarruri, Gallartakoa, PCE Espainiako Alderdi Komunistatik; Julia Alvarez, Alesbeskoa (Nafarroa), PSOE Espainiako Alderdi Sozialistatik; Rosa Urraca, Madrilen jaioa baina umetatik Bilbon bizi zena, Comunión Tradicionalistatik, eta Pilar Careaga bilbotarra Renovación Españolatik. Haietatik bat ere ez zen hautatua izan. 1936an Dolores Ibarruri Asturiasen hautatu zuten eta Julia Alvarez Madrilen. Ricardo Martinen argazkian jendea ageri da, gehiena emakumeak, Hernaniko Biteri eskoletan botoa ematera sartzeko errenkadan, 1933ko azaroaren 19an.