Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Joseba Aurkenerena Barandiaran
irakaslea eta idazlea

«Beti saiatu izan naiz ikasleei euskara ez ezik, euskararen arima ere irakasten, haientzat ez dadin izan latin berri bat»

Joan den abendutik hona, bere hiru lanek ikusi dute argia, guztiak hainbeste maite duen Euskal Herriaren ertz desberdinei estu lotuak. Lapurtartutako gipuzkoarrak ondo ezagutzen ditu bazterrak, horietan bizitakoak eta gertatutakoak.

Iparraldeko oihartzunak”, “Euskal Herria beti!” eta “Izena eta izana”. Azken hilabeteotan hiru lan argitaratu ditu, lehena Amalur-Baita argitaletxearen eskutik eta beste biak Zortziko argitaletxearekin. Urtetan bildutakoaren printzak suma daitezke bere lan guztietan, hain ondo ezagutzen duen eta hain sakon maite duen bere herriaren ingurukoak guztiak.

Hiru liburuak denbora paretsuan gertatu diren arren, urte luzetako lanaren emaitza dira, Joseba Aurkenerenak dioen bezala, «pittaka-pittaka» egindakoak. Beste bat ere argitaratzeko bidean da, “Euskal Herria beti!” liburuaren bigarren partea; “Iparra galdu gabe”. Baina nahiago du denbora tarte bat utzi liburu eta liburu artean, «batek bestea ez dezan zapaldu». Baina bistan da Aurkenerenaren ekoizpena oparoa dela.

Lotura estua duzu euskararekin.

1956an sortua naiz. Aita donostiarra nuen, eta, ama, ataundarra. Etxean beti ezagutu izan dut euskal giroa, baina giro hori ukatua zen. Ukazioa zen nagusi eta eskolara joatean, euskara galdu nuen. Etxean amak-eta euskaraz egiten zidaten, baina nik erdaraz erantzuten nuen. Hamalau urterekin kontzientzia hartu nuenean, amari erran nion euskara berreskuratu nahi nuela eta idazten eta irakurtzen ikasi nahi nuela. Orduan amak eskola klandestino bat topatu zidan. Fraileena zen eta dotrina ematen zutela erraten zuten. Baina hori eman beharrean, euskalduntzen eta alfabetatzen aritzen ziren. Hiru hilabetez egon nintzen bertan, harik eta poliziek gure irakaslea eraman zuten arte. Denbora tarte horretan euskararen egitura zein zen ikusteko aukera izan nuen. Ordutik aurrera, autodidakta izan naizela esan daiteke. Gerora, unibertsitatean ikasle nintzela, beste talde bat antolatu genuen alfabetatzeko eta han ere aritu nintzen.

Euskara irakasle izan zara ofizioz.

Txikitandik ezagutu dut euskararen ukazioa. Ukazio horretan sortu eta hazi nintzen, gure belaunaldian denei gertatu bezala. EUTGn Historia ikasi nuen. Nire zaletasun handienak betidanik izan dira Euskal Herria, euskara, historia, antropologia, etnografia… eta horiek nire afizio izatetik ofizio izatera pasatu ziren. Erretreta hartu bitartean, euskara irakaslea izan naiz. Baina beti saiatu izan naiz ematen ez bakarrik hizkuntza eta mintzaira, baita horrekin lotuta dagoen arima ere. Hor atzean badago herri bat, zaharra eta berria, iraun nahi duena eta bizi nahi duena, eta hori guztia gazteei transmititzen saiatu naiz.

Mitologiarekin lotutako istorioak beti maitatu izan ditut, nire ama ataundarra zelako eta baserrian txikitatik ezagutu izan ditudalako. Gure amonak gauero kontatzen zizkigun. Nire bi zaletasunak, euskara eta historia, izan dira nire bizitza profesionalaren ardatzak.

Bere herriarekin maiteminduta dagoen pertsona bat sumatzen da zure lanetan.

Maiteminduta nago bizitzaz, izadiaz, herri naturalez… “Herri naturalak” deitzen ditut gurea bezalako herriak, bizi nahi dutenak. Eta ez beste estatu artifizial horiek, gure herrien gainean mugak jarri dituztenak. Horiek ez ditut batere maite eta guztiz artifizialak, zelofanezkoak, zanpatzaileak eta inolako aberastasunik gabeak ikusten ditut. Horien barruan dauden herriak, denak maite ditut. Baina ni euskalduna naiz eta nirea dena landu behar dut. Beste horiek ere nire sentitzen ditut eta dirua izango banu hortik zehar ibiliko nintzen bidaiatzen, baina ez dut hainbeste dirurik eta horregatik ibiltzen naiz Euskal Herrian barna; hemengo herriak, jendeak, ekitaldiak, kulturarekin eta mintzairarekin lotutako ekintzak… ezagutzen.

“Iparraldeko oihartzunak” liburuan horrelakoak bildu ditut, nagusiki Iparraldearekin lotuak. Bilduma bateko seigarrena da eta datorren urterako zazpigarrena daukat prestatuta. Hogeita bost urte daramat bilduma horrekin.

Zein helburu dauka bilduma horrek?

Bi helburu nagusi; lehena, Iparraldeari begira eta, bigarrena, Hegoaldeari begira.

Lapurdin bizi naiz duela hogeita bost urte; nire semeak hemengoak dira, lagun aunitz ere bai, nire egunerokoa hemengoa da… eta ikusten dut zer-nolako morrontza daukaten frantsesarekin. Beren izen-abizenak euskaraz idazteko bakarrik sekulako gerlak dituzte, inposatzen dieten bezala idatzi behar dituzte.

Frantsesek sekulako konplexua erein dute beren azpian dauden herrietan, ez bakarrik Iparraldean, baita Bretainian, Korsikan… Gutxitasun konplexu izugarria erein dute. Iruditzen zaie mundu honetan zerbait bada, hori Frantzia eta frantsesa dela, beren hizkuntza, literatura… Ba ez, ez da horrela. Frantsesen literatura ez da apatxeen edo euskaldunen literatura baino handiagoa edota hobea, horiek bezalakoa baizik. Izan ere, herri baten sinismenak eta bizipenak kontatzeko tresna da literatura eta herri bakoitzak bere moduan egiten du. Hartara, hizkuntza frantsesa ez da apatxeen mintzaira baino gehiago, ezta inondik ere. Baina frantsesei iruditzen zaie baietz, eta zerbait garrantzitsua egitekotan frantsesez egin behar dela. Horregatik liburu horiekin harrotasun hori zirikatu nahi dut, konturatu daitezen frantsesik gabe Iparraldea badela, Euskal Herria badela, eta ez diegula ezer zor Frantziari eta frantsesari.

Eta Hegoaldeari begira ere egiten dut bilduma hau. Izan ere, Hegoaldeko askoren begietara Iparraldea erabat folklorikoa da, beren ikurrina eta pastoralekin. Eta ez dira konturatzen gure herriaren zati garrantzitsua dela eta eguneroko borroka duela bizitzeko, irauteko eta euskara eta euskal kultura aitzina ateratzeko. Iparraldeak bere garrantzia dauka eta ez dago euskal naziorik Iparralderik gabe, denak puzzle beraren zatiak gara. Hegoaldekoen ezagupen triste hori zabaltzea eta kontzientzia sortzea da helburua.

«Euskal Herria beti!» liburuan ertz oso desberdinak ukitzen dituzu.

Atal desberdinak dira. Irakaslea naiz eta beti saiatu izan naiz ikasleei euskara ez ezik, euskararen arima ere irakasten, euskara ez dadin izan haientzat latin berri bat, hilda dagoen edo irakaslearekin bakarrik hitz egiteko balio duen zerbait. Horretarako Euskal Herria zer izan den, zer den eta etorkizunera begira zein proiektu duen jakin behar dute.

Normalean, Euskal Herriaz aritzean pertsonaia berdintsuak aipatzen dira, Gipuzkoarekin eta Bizkaiarekin oso lotuak. Nik hain ezagunak ez direnak aipatzen ditut nire liburuan; Durangoko heretikoak, Tuterako juduak, Migel Servet tuterarra –odol zirkulazioa aurkitu zuena–, Aita Mari donostiarra, Buñuel –36ko gerran sarraskitu zutena–, Raimundo Lanas jotaria, Dionisio Barandiaran eta Gaur Taldea, Baztandarren Biltzarra, Kataluniako segalariak, euskal astronautak… Horiek ere merezi dute gure historian azaltzea, gure historiaren zati izan direlako.

Euskal astronauten inguruko kapitulua, bitxia.

Bi euskal astronauta izan dira, bata miarriztarra, eta, bestea, gasteiztarra. Nik sinisten dut izan dugula lehena, badugula gure oraina eta etorkizun librea izango dugula mende honetan. Mende honetan zazpi herrialdeak hartuko dituen euskal errepublika librea izango dugula sinistuta nago. Nola ez dakit, baina sortuko da. Oraingoz euskal astronautak Europako agentziarekin joan dira, baina hurrengoak euskal errepublikaren ontzietan joango dira espaziora. Ez da zientzia fikzioa, sinisten dudan proiektuaren eta geroaren parte baizik.

Diasporaren inguruko atala badago liburuan.

Gure eskoletan, bai Iparraldean eta bai Hegoaldean, arrotzek inposatutako curriculuma da nagusi. Iparraldean frantsesena, eta, Hegoaldean, espainolena. Hartara, gure gazteek Batxilergoa bukatzen dutenean ezer gutxi dakite gure literaturaz, gure kulturaz, gure historiaz… Gero ez naiz batere harritzen erdarara jotzea. Ez al diegu ba hori erakusten eskolan eta gizartean? Hori zapalkuntza edo menderakuntza handi bat da. Eta gure historia ez badugu ezagutzen, are gutxiago diasporan izan diren euskaldunena. Hori erakutsi beharra dago, onerako eta txarrerako. Horrekin ez dut esan nahi euskaldunak munduko herririk onena garenik, baina herri bat gara, eta badugu gure historia, ona eta txarra, eta hori erakutsi behar dugu.

Eta hori egiten saiatzen zara.

Bai horixe. Potosiko euskaldunak altxatu eta espainolen kontra nola borrokatu ziren kontatzen dut; Joana Ines Gurutzekoaren euskal sustraiak aipatzen ditut; euskaldunok izan dugun enperadore bakarrari buruz hitz egiten dut, Mexikoko enperadore Agustin Iturbide Aranburu; Gabino Gaintza Guatemalako independentziaren aitzindari izandakoa aipatzen dut, bihotzik gabeko militarra; Machu Picchuren hondakinak topatu zituen Agustin Lizarraga; Gabriela Mistral, euskal odola zuena eta dirua eman zuena 36ko gerrako haurren alde; Margot Duhalde pilotu famatua…

Atsotitzak eta aho-korapiloak ere bildu dituzu.

Bai. Horiek denak nire ikasleekin erabiltzen nituen euskararen aberastasuna erakusteko.

Euskal irainak ere bildu dituzu.

Behin, Euskal Herrian sortutako politikari espainol bati entzun nion euskarak ez zuela ezertarako balio, ez zeukala ez irainik ez ezer. Nola esan daiteke hori? Justu formakuntza bat egiten ari nintzen beste irakasle batzuekin eta lan bat egitea proposatu ziguten. Covadonga Garciaren, Jon Zelaiaren eta hiruron artean irain bilduma bat egin genuen. Euskal Herriko mapa banatu eta herriz herri ibili ginen erabiltzen ziren irainak jasotzen. Hiruzpalau hilabetean 3.000 bildu genituen eta “Irainka” liburuan plazaratu genituen. Orduz geroztik jarraitu izan dut entzuten nituen irainak nire aldetik biltzen. Gehienbat, ikasleei emateko. Nire ustez hori oso garrantzitsua da, ikasleei euskararen tresnak ematea.

Oraingoz, zure azken liburua, «Izena eta izana».

Pentsatzen dut, lehen erran dudan bezala, herri honek lortuko duela bere egitura politiko, sozial eta ekonomiko independentea mende honetan. Denok lagundu behar dugu hori etor dakigun, bakoitzak ahal duen neurrian. Bide horretan, uste dut oso garrantzitsua direla gure nortasuna eta horrekin lotuta dauden izenak eta abizenak. Abizenak ongi idatzi beharko genituzke. Horretarako, sortuko den egiazko Eusko Jaurlaritza horrek lege bat atera beharko du, esanez, euskal abizenak Euskaltzaindiak erraten duen bezala idatzi behar direla. Eta norbaitek ez badu nahi, bete dezala paper bat eta eska dezala grafia aldatzeko. Baina, orain, alderantziz gertatzen da. Norbaitek bere abizena euskal grafiarekin idatzi nahi badu, bera mugitu behar da.

Izenei dagokionez, uste dut izena oso garrantzitsua dela gure nortasunean. Izenak gure izana egiten duela neurri batean. Izendegietan lan handia egin da mende hauetan. Lehena, 1898an Sabino Aranak egindakoa, oso famatua izan dena. Berak formulatu zuen gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna eta arrakasta izan du izendegi horrek. Denak ez dira, hala ere, berak asmatutakoak. Hori lehen urratsa izan zen, urrats handia. Geroztik etorri dira beste urrats garrantzitsu zenbait; esaterako, Euskaltzaindiak atera dituen izendegiak. Ikerlan garrantzitsuak egin dituzte gainera. Gero, Xarles Bidegainek 1999an “Izendegia” izeneko liburua atera zuen. Biziki ona da eta sekulako lana egin du. Seaskaren izendegiak ere merezi du aipatzea, lege arau bihurtu baita euskaldunen artean, bai Iparraldean eta bai Hegoaldean.

Liburu horiek erabili ditut, baita beste izendegi txikiago batzuk ere. Duela 30 urte hasi nintzen lan honekin. Beti aritu naiz izenak bilatzen, sortzen zirenak jasotzen... Azken urteotan izen mordoa sortu da, bereziki euskal toponimiari lotutakoak eta baita mitologiaren ingurukoak ere. Izenak biltzen jardun naiz azken hamarkadotan eta horren emaitza da liburua.

Azken urteotan emakumezkoen eta gizonezkoen izenen arteko bereizketak zeresana eman du.

Espainiako Gobernuak nolabaiteko xantaia egin dio Euskaltzaindiari, gizonezkoen eta emakumezkoen izenak bereizi behar zirela esanez, espainolek beren Konstituzioan hori erraten dutelako. Euskaltzaindiak amen egin behar izan du, ez horretan sinisten zuelako, aitzina egiteko baizik.

Nik ez dut sinisten Hego mutila dela eta Hegoa neska; edo Haritz mutila dela eta Haritza neska. Euskaldunok baditugu bestelako arauak, batez ere toponimiarekin eta naturarekin loturikoak.

Zure liburuan bereizita eman dituzu.

Bai, bereizi beharra daude izen asko kristau tradiziotik datozelako eta horiek bereizi beharra dagoelako. Modu alfabetikoan ordenatu ditut eta izena nondik jasoa izan den zehaztu dut. Eta izen asko bi tokietan daude, gizonezkoetan eta emakumezkoetan.

Sarreran zehaztu dudanez, euskal toponimiarekin eta literaturarekin loturiko izen den-denak emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat izan daitezke. Txindoki ez da ez gizonena ez emakumeena. Gero, badira onartu beharreko zenbait nahasmen. Gure mitologian bai eguzkia eta bai ilargia emakumezkoak dira. Herri latinoetan eguzkia gizonezkoa da, eta, ilargia, emakumezkoa. Baina Euskal Herrian, ez. Euskaldunok maite dugun guztia emea da; ama, hizkuntza, lurra, aberria... Hori gure animismo zaharrarekin lotuta dago.

Baina, eguzkira bueltatuz, gaur egun zabalduta dago Eki mutila edo neska dela, eta, Ekiñe, neska. Eta Eguzki neska edo mutila dela, eta, Eguzkiñe, neska. Benetan Eguzkik eta Ekik nesken izena beharko lukete, gure mitologiari begira. Baina herriak bere bidea egin du, eta, herriak erabaki badu gizonezkoentzat Eki erabiltzea, hori onartu beharra dago. Herriak erabakitzen du.