Juantxo EGAÑA

Xalbador eta Mattin Azkainen

Azkaineko pilotalekua, 1975ean. Lehen planoan bi bertsolari ageri dira, Martin Treku Mattin (1916-1981), Ahetzekoa (Lapurdi), eta Fernando Aire Xalbador (1920-1976), Urepelekoa (Nafarroa Beherea). 1946tik bi bertsolariok maiz aritu ziren elkarrekin mugaz bi aldeetan. Izan ziren lekuetako batzuk, Donibane Lohizune, Hazparne, Heleta, Uztaritze, Sara, Luzaide, Donostia, Tolosa eta Elizondo. 1958an eta 1969an Parisko Euskal Etxeko sariketan parte hartu zuten. Halaber, bi bertsolariok Hegoaldean 1960an, 1962an, 1965ean eta 1967an izan ziren txapelketetan parte hartu zuten. Daniel Velezen argazkian, Azkainen egin zuten bazkariaren buruan Robert Minier ageri da, 1963tik 1977ra bertako auzapeza izan zena; haren ondoan, Andre Luberriaga, 1977tik 2001era herri bereko auzapeza eta Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakaria ere izana, eta eskuinean, herriko apaiza.