«Brigadak bertan egote hutsak jendeak bizitza normala egitea laguntzen du»
Lurra defendatzen ari diren emakumeen testigantza ekarri du gurera, Guatemala eta El Salvadorreko kideekin batera.
El Salvadorreko Marixela Ramos, Maria Olga Coronado eta hemen babestua dagoen Yolanda Oquelirekin batera (biak Guatemalakoak), 11 egunez gurean ibili da Rosy Rodriguez, herriz herri eragileekin biltzen eta lurra babesten ari diren emakumeen testigantza partekatzen. Lumaltik Herriak eta Berdinak Gara elkarteek Euskal Herrian zehar garatuko duten bi urteko proiektuaren barruan egin dute bira. Emakumeok transnazional handien aitzinean beren lurraldea defendatzean sufritzen dituzten babesgabetasun egoerez kontzientziatzea da egitasmoaren xedea.
Orain 25 urteko altxamendu zapatistatik milatik gora euskal brigadista hartu dituzte Chiapasen, eta brigaden arduradun izan den Rodriguez izugarri poztu da lehenbizikoz gurera etorri eta horietako batzuk topatzean. Hernanin hitzaldia eman aurretik mintzatu zen GAUR8rekin.
Zer moduzkoak izaten ari dira zure egunak hemen?
Denek primeran hartu gaituzte, maitasunez, eta pozarren nago hemen egoteaz.
Agenda betea duzue. Nola doaz bilerak?
Kolektibo solidarioekin bildu gara, adibidez. Chiapasen zortea izan dugu euskaldun ugarik lan egin duelako gurekin eta ederra izan da elkartzea. Hagitz interesatuak eta informatuak daude. 1995ean kanpamendu zibilak irekitzean hasi ziren joaten euskal brigadistak eta urtez urte segitu dute. Eskerrak eman nahi dizkiet, eta gonbidatu.
Zein lan egiten duzu eurekin?
Behaketarako brigada zibilen proiektua dugu. 1995ean jaio zen, Armada komunitateetara sartu ondotik. Komunitate indigenak ez ziren entzunak eta brigadistak bertaratu, ikusi, entzun eta gertatzen zena salatzea zen asmoa. Lehenbiziko brigadak Armadak suntsitu zituen komunitateetara joan ziren. Brigadak iristean mendialdean babestutako jendeak bueltatzeko aukera izan zuen. Gelditzeko eskatu zieten orduan brigadistei, berriro bizitza egiten hasi ahal izateko. Denbora labur baterako izanen zela uste genuen, baina komunitateetako jendeak nazioarteko presentzia eskatzen segitzen du. Arrazoiren batengatik giza eskubideen urraketen aurrean egoera zaurgarrian dauden komunitateak bisitatzen dituzte behaketarako brigada zibilek. Gertatzen dena dokumentatzen dute eta adi egoten dira gerta daitekeen edozein egoeraren aitzinean. Bertan egote hutsak giroa baretzen eta jendeak bizitza normala egiten laguntzen du.
Zein egoera gertatzen dira?
Gaur egun hiru kanpamendu daude indarrean. Horietako bitan etengabe jazartzen dabiltza militarrak. Chicomocelo komunitatean militarrek Chiapasen duten kanpamendu handienaren eraikuntza amaitzen ari dira. Komunitate hauek duten arriskurik handienetako bat meatzaritza da. Ustiatzen hasi ziren eta orain geldirik daude lanak. Militarrak bertan jarriz ez dituzte herritarrak babestu nahi, meatzeetako enpresariak baizik.
Multinazionalak dira?
Bai, baina normalean izen nazionala dute. Chicomocelokoa, adibidez, Kanadakoa da. Enpresa handi hauek lurraldea mehatxatzen ari dira. Acteal komunitatean ere badugu kanpamendua. Bertan, 1997ko abenduaren 22an sarraskia gertatu zen. 45 pertsona hil zituzten eta jaio gabeko lau ume amaren sabeletik atera zituzten. Ez da justiziarik egin. Ordutik dugu kanpamendua han. Komunitatearen egoera aldatzen joan da. Halere, zibilen presentzia hagitz onuragarria izan da. Komunitateko jendeak hala adierazi digu.
Eta zein da hirugarren kanpamendu zibila?
La Realidad komunitate indigena zapatistan dago. Militarrak daude bertan eta azkenaldian euren presentzia handitu dela salatu dute.
Giza eskubideak defendatzen dituen emakume gisa, zer partekatu duzu euskal mugimendu feministarekin?
Mexikon, mundu osoan bezala, kultura matxista patriarkala dago. Chiapasen, indigenek sufritzen duten diskriminazioa gehitu behar zaio horri. Komunitate indigenekin egiten dugu lan nagusiki. Adibidez, justiziara heltzea zaila da hizkuntzagatik. Castilla (gaztelania) dakitenak orokorrean gizonak dira. Emakume gutxik hitz egiten dute. Diskriminazioa jasaten dute emakume, indigena eta pobre izateagatik, pobrezia indize altuenak ditugulako. Gainera, maiz emakumeek ezin dute eskolara joan. Elkarteak lanean ari dira errealitate hori aldatzeko. Pertsona eta emakume bezala aldarrikatzeko. Emakumeen arteko sareak eratzen ari dira, oihalen kooperatibak. Ekonomikoki independenteago izatea posible egiten du horrek.
Zertan egiten dute lan?
Batez ere etxean. Artisautza ere egiten dute: oihalak, bordatuak... Borroka handia egiten ari dira asanbladetan parte hartzearen alde, normalki gizonek parte hartzen baitute. Altxamendu zapatistaren ondoren EZLNk (Askapen Nazionaleko Armada Zapatista) bultzatu zuen gauzetako bat emakumeen lege iraultzailea izan zen. Emakumeen hitza kontuan hartzen zen. Gure zentroan ere asanbladetan eta giza eskubideak indartzearekin zerikusia duen guztian parte har dezaten saiatzen gara. Pixkanaka lortzen ari gara partaidetza handitzea.
Gaztelania ez jakiteak justiziara heltzea zailtzen duela aipatu duzu. Nola?
Castilla hitz egiten ez dakitenez, atxilotu batzuek ez dute jakiten zergatik hartu dituzten gatibu ere. Eta torturaren bidez ‘ni izan naiz’ deklaratzera behartzen dituzte. Hamahiru lagun gose greban daude, eta, hogei, errugabeak direla aldarrikatzen. Familiako emakumeak euren eskubideen defendatzaile bilakatzen dira.
Zer transmititzen saiatzen ari zara hitzaldietan?
EZLNren barne antolamendua indartzen joan da komunitate zapatistetan. Baina Mexikoko Gobernuak indigenak diskriminatzen segitzen du, ez ditu eskubide subjektu gisa aitortzen. Kongresu Nazional Indigena sortu zen Mexikon. Hainbat herri indigenak osatzen dute. Megaproiektu estraktibistak salatzen ari dira, eta eraso egiten diete. Urte hasieran Moreloseko defendatzaile bat hil zuten bere etxeko atean. Hainbat proiektu eginen dituztela iragarri du presidenteak, tren maia besteak beste, Palenque eta Yucatan artean. Indigenek ez dute tren hori egiterik nahi, ordaindu dezakeen turismoari eta enpresei eginen dielako on.
Hemengo AHTren antzera.
Hori da. Beste plan bat San Cristobal eta Palenque arteko errepidea da. Bost ordu daude, eta erdira baino gutxiago murriztu nahi dute, abiadura handiko errepide batekin. Baina erdian dauden herriei ez die mesederik eginen. Jende aunitz agertu zen kontra eta orain errepide horretaz solastatzen hasi dira berriz, baina bertze komunitate batzuetatik pasatuz eta horietan erresistentziarik ez egotea bilatuz. Baina badago. Nagusiki nekazariak dira eta kalte handia eginen lieke. Lurraren defentsak batzen ditu.