Pablo Ruiz de Aretxabaleta
ASKAPENAKO BRIGADAK (III)

Elkartasunaren bideak jorratuz Argentina eta Uruguaiko brigadan

Amaitu berri den udan Argentina eta Uruguaira joandako brigadako kideek bertako herrritarren arteko elkartasun egitasmoak ezagutu dituzte, gobernuen politikei aurre egiteko aukera komunitarioak eraikitzeko asmoz martxan jarritakoak. Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako preso politikoekiko elkartasuna ere ezagutu dute.

Bidaia mamitsua izan zuen Argentina eta Uruguaira joan den uztailaren bukaeran joandako Askapenako brigadak. Lehenengo orduetatik esperientzia politikoekin, elkarrizketekin eta elkartasun adierazpenekin betetako jardunaldiak bizi izan zituzten brigadistek.

Montevideon egondako lehen orduetan La Senda proiektua ezagutzera abiatu ziren brigadistak, lehenengo pausuak ematen ari den proiektua. «Eztabaida politiko eta ideologikoak bultzatuko dituen espazio fisiko zein bitarteko komunikatiboak eraikitzeko helburuarekin sortu dute», azaldu dute brigadistek. Bertako kideen esanetan, «sozialismoaren bidea aberastuko duen eztabaida sortzea» dute xede nagusi. Jadanik hitzaldiak, bilerak, ekitaldiak, musika emanaldiak... antolatu dituzte ekintzaileek lehen tailer bat zegoen tokian.

Bigarren hitzordua SUATT taxilarien sindikatuko egoitzan izan zuten. Bertan Norma Morroni eta Irma Leites ezagutu zituzten, hurrenez hurren Fernando Morroni euskal errefuxiatuen kanporaketaren aurkako 1994ko Filtroko manifestazioan eraildako gaztearen ama eta tupamaroekin borrokan aritutako emakumea.

Hain zuzen ere, Irma Leitesekin “El Cerro” izeneko Montevideoko zonaldera hurbildu ziren, Desagertuen Memoriala ezagutzeko. «Diktadura garaian desagertutako militante ezkertiarren izenak biltzen dituen monumentua da. Itsasora begira dago jarrita, atxilotuak, torturatu ondoren, hegazkinetatik bizirik itsasora botatzen zituztela oroitzeko».

Hurrengo egunean Buenos Airesera joan ziren brigadistak. Hain zuzen, mobilizazio egun betean iritsi ziren Argentinako hiriburura: ATE Estatuko Langileen Elkartea sindikatuko barne hauteskundeetako kanpaina amaierako ekitaldia nagusian parte hartu zuten, auzo bateko futbol zelaian. «Argentinan zinez bereziak dira mobilizazio sindikalak: koloretsuak, musikaz beteak…», kontatu dute. Sektore ezberdinetako estatuko langileak elkartzen dituenez ATEk, ekitaldian gremio askotako sindikalistak bildu ziren.

Bestelako mobilizazio batera hurbildu ziren ondoren brigadistak: Buenos Aireseko erdigunean izan ziren Santiago Maldonado gaztearen desagertze eta erailketa salatzeko egindako ekitaldi batean. Maldonado mugimendu anarkistari lotutako 28 urteko artisaua zen. 2017ko abuztuaren 1ean, herri txiki batean maputxeek antolatutako erresistentzia ekitaldi batean desagertu zen, polizia militarrek esku hartu ostean. Gaztearen gorputza ez zen urrira arte agertu.

Manifestazioan salatu zutenez, gaztea atxilotu eta ostean hil egin zuten edo zuzenean erail, oraindik ere ez baita argitu benetan zer gertatu zen. «Ikerketak ez zuen ezer argitu eta hori da egun Argentinak eskatzen duena: ez dadila ikerketa faltsuan itxi», gogoratu dute Askapenako brigadistek.

Giro handiko mobilizazioa aurkitu zuten euskal ordezkariek, jada amaitzear zela heldu baziren ere. «Nola ez, polizia ere inguruan zebilen. Hamar bat motorretan zarata sartzen eta jendea probokatzen ibili ziren». Ikusitakoa eta hurrengo egunetan ikusiko zutena hobeto ulertzeko, hainbat elkarrizketa izan zituzten euskal internazionalistek ATE sindikatuko eta Bigarren Independentzia Deialdia erakundeko ordezkariekin, Argentinako historiaren ardatzak ezagutzea helburu.

Formakuntza politikoa

«Bigarren Independentzia Deialdia koadro politikoen formakuntza beharrei erantzuteko sortu zen. Gazteenek aurreko belaunaldiekin zuten distantziaz ohartuta eta ondorioz herri mugimenduak instituzio eta demokrazia liberalen tranpetan erortzeko arrisku handia zuela jabetuta, jardun iraultzaileetan aritutako kide nagusienei transmisio lana egitea eskatu eta formakuntza politikoari ekin zioten, helburua argi izanda: gazteria antolatu eta dena galduta dagoen sentimenduari aurre egitea», laburbildu dute brigadistek.

Aldi berean, brigadistek Euskal Herriko azken gertakarien berri eman zieten argentinarrei. «Eta gauza batean bat egin dugu: gatazka politiko eta sozialen aurreko borrokak ez direla galtzen borrokon arrazoiak, eta, beraz, legitimitatea, ulertu eta defendatzen den bitartean», nabarmendu dute.

Montoneros taldeko kide izandako Luisen bizipenek zirrara eragin zuten brigadisten artean: «Klandestinitatera pasatu zenean bere familiak jasandako errepresioa kontatu zigun, gidaritza politikoari heldu behar izatean sentitu zuena bere burua ekintzailetzat izanik, hainbat kidek taldea desegindakoan agertutako damua eta egindako salaketak ikustean pentsatu zuena…».

Brigadistek ez zituzten soilik Argentina eta Uruguaiko borrokak ezagutu. Latinoamerikako preso politikoen aldeko ekimenen berri ere izan zuten. Zehazki, preso politiko ohi baten eskutik. Perukoa. «Guretzat ezezaguna den arren, Perun 80ko hamarkadatik hona ehunka atxilotu, fusilatu, torturatu… izan dira. Egun 250 preso politiko dituzte. Preso horien egoera euskal preso politikoen antzekoa da, ez baitzaie preso politiko izaera onartzen. 1986an abiatu zuten preso politiko izaera onartzeko aldarrikapena eta, Estatuarekin negoziazioak egin behar zituzten egunean, 300 militante hil zituzten», azaldu dute brigadistek. Egoera ez da hobetu ordutik. «Gaur egun preso daudenei epaiketa berriak egiten dizkiete eta zigorrak batu. Batzuk bi edo hiru zigor dituzte pilatuta».

Perun zein Latinoamerikako beste herrialde batzuetan preso politikoen inguruan egiten den lana ezagutu zuten brigadistek. «2018an zenbait herri zapaldutako preso politikoen aldeko koordinakunde bat sortu zuten eta gaur egun Kolonbia, Txile, Peru, Argentina, Turkia eta Mexikoko kideak daude bertan. Munduko Preso Politiko Iraultzaileen Askatasunerako Nazioarteko Elkartasun Koordinakundea du izena», azaldu dute.

Ibilbide luzeagoa du OLP Herriaren Erakunde Askeak Argentinako taldeak. Buenos Aires iparrean 1980an sortua, urteek aurrera egin ahala, hirian zehar zabaldu da. OLPko kideen eskutik brigadistek ezagutu zutenez, 2003an Nestor Kichner presidentetzara iristean, hainbat erakunde mahai batera deitu zituen, antolakunde herritar guztiak kichnerismoaren barruan sartzeko asmoz. «OLPk ez zuen egitasmoa babestu eta kanpoan gelditu zen. Ondorioz, indarra galdu zuen eta ia desagertzekotan ere izan zen urte batzuetan zehar», azaldu dute brigadistek. Arazoak arazo, «gazte batzuk hezkuntzari lotutako Simon Bolivar erakundean militatzen hasi ziren eta, poliki-poliki, kide nagusiagoekin batera, OLP berrantolatzen hasi ziren, berriro ere indarra lortuz». Horren erakusle, Buenos Airesetik harago, Mendoza, Cordoba eta San Juan bezalako hirietara ere zabaldu dute egun euren jarduna.

Emakumeak, nagusi

Berrantolaketa prozesuan OLPko kideak gauza batez jabetu ziren: gizonak ziren historikoki antolakunde ezberdinetako arduradun nagusiak izandako gehienak, nahiz eta egunerokoan auzoetan emakumeak ziren lanean zihardutenak. Egoerari buelta eman nahian, OLPk emakumearen figurari garrantzi handia ematen dio egun. «Formakuntza espazio ez mistoak sortu dituzte. Kideetako batek azpimarratu du espazio horiekiko errespetua handia dela eta posible dela pixkanaka aldaketa gauzatu eta emakumeek gero eta ardura gehiago izatea».

OLPko hiru ardatz nagusiak formakuntza, lana eta mobilizazioa dira. «Egiaztatu ahal izan dugu bertako kide guztiek formakuntza politiko handia dutela. Praktikara eramaten dutena argudiatu eta filosofia berdin baten baitan kokatzeko gaitasun handia dute».

Gaur egungo Argentinako egoera larriak, langabezia tasa ikaragarria da, milaka familia diru sarrerarik gabe utzi eta pobreziara kondenatu ditu. «Macriren Gobernuarekin izugarri okertu da egoera. Pentsa, Gobernuak Larritasun Sozialeko Legea ere sartu behar izan du indarrean. Horrekin diru sarrera nahikorik ez dutenei laguntza osagarri bat ematen diete. Hori bai, OLPk laguntza hori gogor salatzen du, ez baita diru sarrera osagarri bat: familia askorentzat duten diru sarrera bakarra da. Egoera ikusita, argi dute ezin direla horrelako mekanismoez fidatu eta herriari boterea eta autonomia emango dizkion eredu bat sortzea guztiz ezinbestekoa dela», azaldu dute euskal brigadistek.

Askapenako kideek bertatik bertara ikusi ahal izan dute zertan datzan OLPren lana: «auzo eta herriek, euren beharrei so eginez, komunitatean benetako alternatibak eraikitzea». Eta ekimen txikietatik hasten dira, merendero edo auzotarren topagune izango diren espazioak sortzetik kasu, azkenean kooperatibak sortzeraino ere iritsiz.

«Merendero izeneko espazioetan estatuak ematen dituen laguntzen barnean banatutako janari-poltsak eta botikak bezalako oinarrizko produktuak biltzen dituzte, ostean egoera larrienean dauden auzokideei banatzeko. Espaziook herritarren topaleku eta eztabaidagune bihurtuta, bestelako proiektuak martxan jartzeko aukera sortzen da: haur eta gazteentzako laguntza klaseak, txikienak zaintzeko gunea, serigrafia tailerrak, arropa josteko guneak, baratzeak…», azaldu dute brigadistek.

«Denborarekin martxan jarritako ekimen asko kooperatiba bihurtu eta auzokideentzat lan eta diru iturri bilakatu dira. Horrekin, OLPk defendatzen duen bezala, etorkizuna modu autonomoan aurrera ateratzeko modua sortzen du herriak berak, pixkanaka-pixkanaka estatu, enpresa eta patroiekiko menpekotasuna ezabatzea lortuz», azaldu dute Askapeneko kideek. «Gainera, herria boteretzeko bidean batak besteari egiten dakiena erakusten dio: josten, zurgintzako lanak, eraikuntzakoak… Tresna berriak ematen dizkiote elkarri».

Horiek horrela, Askapenako ordezkariek hainbat egun eman zituzten OLPk martxan jarritako egitasmo zehatzak ezagutzen. Lehenik eta behin, kooperatiba bat bisitatu zuten Buenos Aireseko probintziako Maximo Paz hiriko San Eduardo auzoan. «Hirian tokirik ez zutenek sortu zuten auzoa, lurrak okupatuz, beraiek dioten bezala, tierra tomada deitutako ekimen baten bidez».

Cordoban, Villa La Tela auzoa ezagutu zuten euskal brigadistek. «Etxe txikiak, asfaltorik gabeko kaleak, auto eta komertziorik gabeko inguruak… aurkitu genituen». Bada, etxe horietako batean, sortu berri den OLPko talde baten asanbladaren lekuko izan ziren iristean.

Hilabete eskas zela martxan jarritako egitasmoa ezagutu zuten. Emakumeak ziren ekintzaile gehienak. «Behetik hasita eta parte hartzea sustatuz taldearen oinarriak definitu zituzten: zertarako elkartzen diren, delegatuen profila eta zereginak zeintzuk izango ziren, delegatuak nola aukeratu… Hasteko, Creando Sueños merendero-a zabaldu zuten», azaldu dute brigadistek.

Ondoren bisitatu zuten auzoan, Villa Adelan, esperientzia handiagoko egitasmoa batekin egin zuten topo. Bertako merendero-a duela urte eta erdi jarri zuten abian eta askoz ekimen gehiago dituzte martxan. «Serigrafia tailerra, haur eta gazteentzako laguntza klaseak, karate klaseak kooperatibako haurrentzat… Bereziki deigarria egin zitzaigun martxan jarri nahi duten ekimen bat: kooperatibako kide den ile-apaintzaile batek beste kide batzuei bere jarduna irakatsiko die eta ikastaroa erakunde ofizial batek titulu gisa onartzea dute xede».

Hegoaldeko Langile Antolatuak taldeko kideekin izan zuen brigadak hurrengo kontaktua. Lurrari lotutako egitasmoa da. «Lehenengo sektoreak indar handia duen Argentina bezalako herrialde batean, lurralde fisikoan boterea izateak aberatsenen aurka egiteko modua eskaintzen duela uste dute», azaldu dute Askapenako kideek.

Zehazki, bi proiektu ezagutu zituzten euskal brigadistek: Angelleniko ortua eta Piedras Blancaseko oilategia. «Angellinin astean hiru aldiz batzen dira proiektuko kide diren auzokideak. Ortu eder bat jarri dute martxan eta, batez ere, ekimenean parte hartzen dutenen artean banatzen dituzte baratzeko produktuak. Proiektu honetan ere emakumeak dira nagusi eta erabiltzen duten materiala gobernutik lortzen dute. Euren hurrengo proiektua tantaka bidezko ureztatze sistema ezartzea da», kontatu dute brigadistek.

Piedras Blancasekoa, aldiz, ibilbide luzeko proiektua da. «Gallo Rojo deitzen den kooperatiba eratu dute bertan: hamabost familiek hamar oilategi kudeatzen dituzte. Produktuak inguruko merkatuetan saltzen dituzte, salmenta kopuru garrantzitsuak lortuz. Euren hurrengo erronkak bi dira: euri ura jasotzea eraiki dituzten putzuak baliatuta eta oiloei jaten emateko euren pentsu propioa egin eta saldu ahal izatea».

Azkenik, eraikuntza lanetarako sortutako kooperatiba baten gorabeherak ezagutu zituzten brigadistek. «Azken helburua gobernuaren proiektu handiak horrelako kooperatiben esku geratzea da, horrela herriko aberastasuna berriro ere herrian gera dadin», laburbildu dute brigadistek kooperatibako kideen filosofia.

 

Boliviako borrokak eta erronkak

Bolivian izandako Askapenako brigadak Independentziaren Eguneko kalejirak eta erakustaldiak ezagutu zituen herrialdean egindako lehen orduetan. Iritzi kritikoak jaso zituzten, baina baita harro sentitzeko moduko aurrerapenak azaldu zizkieten militanteen testigantzak ere, hezkuntza arlokoak adibidez. El Alto auzoan feminismo komunitarioan diharduen emakume baten istorioa azaltzen dute brigadistek euren kronikan. Borrokaz eta emozioz betetako historia. Hauteskunde kanpainaren lekuko ere izan ziren, Columa Sur gazte erakundearen eskutik. Eta horrela ezagutu zuten Adriana Salvatierra MAS-IPSP mugimenduko kidea eta Boliviako Senatuko presidentea. Evo Morales presidenteak parte hartu zuen ekitaldi politiko batean ere izan ziren brigadistak; aldaketa prozesuaren eskutik lortutako aurrerapenez gain, datozen erronkei buruz ere aritu zen presidentea.