Xabier Izaga Gonzalez
TEMA EDERRA

Oihaneder Euskararen Etxeak bost urte, luzaro jarraitzeko asmoz eta gogoz

Datorren urriaren 25ean Lazarraga Kultur Elkarteak Oihaneder Euskararen Etxearen bosgarren urteurrena ospatuko du. Urte bi barru Gasteizko Kafe Antzokiarekin batera Ruiz de Bergara jauregiko egoitzan jarraituko dute beharrezkoa ez ezik, arrakastatsua ere badela erakutsi duten proiektua garatzen eta indartzen.

Eutsi egin zioten. Gasteizko Udaleko taldeek aho batez onartu zuten arte; ondoren, proiektua tiradera batean usteldu ez zedin eutsi, eta eutsi Euskararen Etxea proiektu bereko lehenengo hanka gauzatu arte. Bigarren hanka, Gasteizko Kafe Antzokia, urte bi barru abiatuko da biak batuko dituen eraikinean, Ruiz de Bergara jauregian. Badute zer ospatua eta hala egingo dute datorren ostiralean, Oihaneder Euskararen Etxearen bosgarren urteurrena dela-eta, ospakizuna herritarrekin partekatuz.

Euskara ardatz izango zuen kultura azpiegitura bat abiatzeko proiektuari Gasteiz Antzokia esan zioten hasieran, antzoki bat baitzuten buruan hura sustatu zuten euskalgintzako eragileek. Ondoren, Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataforma sortu zutenean, proiektuari eduki gehiago ematea pentsatu zuten. Bilboko, Durangoko edo Elgetako kafe antzokiak eta antzeko kultur azpiegiturak zituzten eredu, baina eredu horri beste zerbait gehitu beharra zegoela pentsatu zuten, eta euskarazko adierazpideak erakutsiko zituen antzokiaz gainera, Gasteizek zer gehiago behar zuen hausnartzen hasi ziren. Gogoeta hartatik sortu zen Euskararen Etxearen ideia. Bilboko Kafe Antzokitik zenbait gauza hartu, beste antzoki batzuetatik beste zenbait eta plataforman bertan beste hainbat proposamen atera ziren. Udalak eskaintzen zituen lekuen arabera ere ideia berriak sortzen ziren.

Euskararen Etxea

Horrela joan ziren proiektua osatzen eta azkenik helburu zehatz batzuei lotutako Euskararen Etxea irudikatu zuten. Beste kafe antzokiek ere ideia hori indartu zuten, kontzertu edo ikuskizun gunea baino gehiago izan behar duela iritzita eta eurek faltan sumatzen zutena nabarmenduz… Eta abian zeuden proiektu horietatik, atzetik joanda ere, probetxua atera zuten, betiere herri bakoitzak bere egoera soziolinguistikoa eta horren araberako beharrak dauzkala kontuan izanda.

Gasteizen hiru helburu nagusi beteko zituen gune bat behar zuten: Gasteizko euskaldunentzat erreferentzia izan eta euskalgintzarentzat antolatzeko eta normalizazioan eragingo zuten proiektuak bultzatzeko leku bat, erabilerari eragingo zion leku bat, eta, azkenik, sorkuntzarako leku bat.

Plataforma hartatik Lazarraga Kultur Elkartea sortu zen, egunotan Euskararen Etxearen bosgarren urteurrena ospatzeko ekitaldiak prestatzen dabilena. Datorren ostegunean, hilak 25, Oihanederreko Ortuño aretoan, bost urteon errepasoa egin eta etorkizuneko erronken berri emango dute.

Erronka horien artean, jakina, proiektuaren beste zutabea, Gasteizko Kafe Antzokia, abian jartzea. Antzokia eta Euskararen Etxea bere baitan hartuko dituen Ruiz de Bergara Jauregia atontzeko lanak hastear daude.

Arratsaldeko zazpietan bilera dute Lazarraga Kultur Elkarteko zenbait kidek: Lukas Etxeberria, Mikel Egiluz, Idoia Zapirain, Manuel Moreno, Iker Durana, Manu Diaz de la Barcena eta Iñaki Lazkanok. Mahai inguruan aulki bat gehiago jarri dute GAUR8rekin proiektu dagoeneko potolo horren historiaren eta urte bi barru izan litekeenaren gaineko hausnarketa partekatzeko.

Bost urteko ibilbidea

Erreferentzia bihurtzea zuen helburuetako bat Euskararen Etxeak, eta ez dago zalantza izpirik lortu duela, Gasteizen edo Araban ez ezik, Euskal Herrian ere bai. Urterik urte iristen zaizkien proposamenen kopuruak nabarmen gora egin duela igarri dute. Azken hiru urteetan, 60 proposamen inguru jaso dituzte.

Horrelako leku baten beharrik ez zegoela uste duenak Euskararen Etxearen bost urteotako programazio mardula eta horrek izan duen harrera ikusi besterik ez du. Lazarragako kideok behar hori berresteko moduan daude orain. Eurek diotenez, beharra bazegoen eta badago, Gasteizen eta leku guztietan. Irakaskuntza arloan aurrera egin da, ezagutzan nabari da, baina ez dago erabiltzeko gunerik. Gasteizen dozenaka mila euskaldun daude, baina oso sakabanatuta, ez dute jakiten zein den euskalduna, eta beharrezkoak dira horrelako lekuak herritar horiek nolabait trinkotzeko. «Kafe Antzokian euskaldun dentsitate handia dagoela jakingo dute».

Horrez gainera, eragileen trinkotzea ere lortu daitekeela uste dute, eta lehen pausoak Euskararen Etxea bera ematen ari da, elkarlanaren bidez. «Oso beharrezkoa da trinkotze hori, atomizazioak autokontsumorako gauzak egitera eramaten baitu. Euskaltegi batek bere ikasleentzat, GEU Elkarteak bere bazkideentzat, Mintzalagunak bere kideentzat egitea oso ondo dago, baina hori guztia elkarreraginez, programazio bateratuan eta erreferentzia espazioetan askoz eraginkorragoa da».

Bestetik, Gasteizera euskarazko ekitaldiak oso sakabanatuta etortzen ziren, antzezlanen bat, kantaldiren bat noizbehinka Printzipal Antzokira... Hala, Euskal Herrian sortzen diren hainbat gauza Gasteizera ez ziren iristen. Eta Euskararen Etxea horretarako plaza izan da. Ekitaldi asko ezin izan dituzte ekarri, aurrekontuaren muga dela-eta, Oihanederrek ezin baitu sarrerarik kobratu, jakina.

Euskararen Etxeko jardueretan 10.000 lagunek parte hartu dute urtero, horietako askok behin baino gehiagotan edo sarritan. Publiko bat fidelizatu egin dute. Horrek esan nahi du jende horrek bazuela euskal kultura formatu horretan eskura izateko gogoa eta beharra. Musika, dantza, antzerkia… erakusteko espazioak behar dira, baina baita sortzeko ere, eta Oihanederreko jarduera asko prestakuntzaren eta gogoetaren ingurukoak izaten dira.

Elkarlana

Beste leku batzuetan ez bezala, Oihanederren kontzertu gutxi izan dira, espazioaren eta eraikinaren funtzionamenduaren muga nabarmena dutelako; hala ere, beste jarduera batzuk garatzeko aukera eman die horrek, horietako asko beste eragile batzuekin elkarlanean.

Izan ere, elkarlana proiektuaren oinarrian dago. Hasieratik izan dute argi Gasteizko beste talde euskaltzaleekin lan egin nahi zutela: GEU Elkartea, euskaltegiak, Bai Euskarari, Euskal Herrian Euskaraz, “Alea” aldizkaria, jende gehien mugitzen duten eragileekin. Argi zuten, beraz, Lazarragakoek ez zutela proiektuak sortu eta proposatuko zituzten bakarrak izan behar. Lehenengo urtean denengana jo zuten, hainbat bilera egin eta elkarlanerako hainbat proposamen egin zizkieten, baita haiek proposamenak egiteko eskatu ere. Eta horrela jardun dute, batzuetan proposamenak partekatuz, eta, beste batzuetan, berriz, espazioa baliatuz, esate baterako, mintzodromoak egiteko.

Proposamen horietako bat Gazte Sortegiak sormen laborategia da, Topagunetik eta Mintzolatik jasoa. Arabako Bertsozale Elkartera eta GEU Elkartera eraman zuten, eta bi urtean ibili dira Gazte Sortegiak antolatzen.

Gauza asko egin dituzte elkarlanean, Gasteizko eta kanpoko eragile eta elkarteekin. Euskalgintzakoekin ez ezik, bestelako kultur eragileekin ere jardun dute eskuz esku, hala nola Poetak Maiatzean poesia jaialdia, Folk Jaialdia eta beste hainbat ekimen. Ikuspegi zabala dute eta ahalik eragile gehien erakartzen saiatzen dira. Hala izan da hasieratik. «Lazarraga, eta lehenago plataforma, bultzatzailea da, baina euskara denona dela eta, beraz, denen parte hartzea behar duen proiektua dela argi izanda».

Mugak eta aukerak

Leku aproposa da Oihaneder, Gasteizko erdigunean, eta oro har pozik daude. Pozik egindako lanarekin, baina proiektua nahi baino gehiago luzatu dela diote. Bost urte bete ditu proiektuaren «hanka» honek, eta oraindik gutxienez beste bi urtez egongo dira Oihanederren. Horrek, bilatu ez badute ere, ikuspegi aldaketa ekarri die. Lehen, kafe antzokia aipatzean, jendeari berehala etortzen zitzaizkion Bilboko Kafe Antzokia eta kontzertuak gogora, eta bost urte hauek proiektuaren ikuspegia zabaltzeko balio izan diete Lazarragako kideei.

Eraikin horretan, bestetik, badituzte zenbait muga ere. Montehermoso kulturunearekin partekatzen dute eta bertako espazioaren eta ordutegien erabilera ez da nahi luketena; behar dutena, alegia. Espazio propioa izateak aurreikusten ez duten aukera handia emango diela uste dute. Gauza onak egin dituzte, baina hobeto ere egin lezaketen sentsazioa dute. Erreferentzia izan nahi duten proiektu bi eraikin berean egotea nahasgarria izan daiteke jendearentzat. Gehienek Montehermoso kulturune bezala ezagutzen zuten eraikin hori. Montehermosok bere bilakaera izan du, arte garaikidean, eta jendeak horrekin identifikatzen du. Udal Gobernuak erabaki zuen bertan bi proiektuak garatu beharko zirela. Teorian egoera parekatuan bazeuden ere, Montehermoso kultur gune bat da, bere zuzendariarekin, eta Oihaneder elkarte bat. Edonola ere, beren tokia bereiztea lortu dute eta badakite proiektuak hurrengo jauzia egiten duenean, alde handia nabarituko dela, jendeak argi eta garbi identifikatuko baitu hanka biko proiektu bera eraikin batekin, Ruiz de Bergara jauregiarekin. Eta horren kokapena ere, Alde Zaharreko Errementari kalean –Zapatari kaletik ere sarrera izango du–, oso ona da.

Argi utzi dute, halaber, nahi izan dituzten gauza gehienak egin dituztela. Oso gauza gutxi geratu dira egin gabe, Administrazioaren zurruntasunagatik edo, batez ere, espazioen faltagatik. Izan ere, bertan ez dago rock kontzerturik egiterik, esate baterako. Uda partean bakan batzuk egin zituzten, baina aldameneko lorategian, espazioak baldintzatuta. «Bestelako espazio batean, gure asmoak ere bestelakoak izango ziren».

Hori guztia aitortuta, bost urte hauek asko ikasteko balio izan dietela diote. Proiektu baten kudeaketaren inguruan oinarri batzuk finkatzeko, Kafe Antzokiaren proiektua ondo garatzeko, orain egitera doazena hobeto egiteko. Eta balio handia ematen diote dena «beldurrik gabe» euskara hutsean egin izanari, hasierako zalantzak gaindituta. Denek onartu omen dute erabaki hori, euskaraz ez dakitenek barne.

Baliabide falta

Esandako moduan, nahi zituzten gauza gehienak egin dituzte, baina ez guztiak, bestelako baliabideak ere mugatuak direlako, bai giza baliabideak, bai ekonomikoak; eta lehenengoak, jakina, bigarrenen mende daude.

Egungo lantaldeak ez du goia jo, baina egin litzakeen beste gauza gehiago egiteko baliabide gehiago behar dira. Egunerokoan nabaritzen dute, hilabeteko programazioa egiteko eta proiektu berriak abian jartzeko estu ibiltzen baitira, eta berdin hainbat gauza ondo jorratzeko, hala nola, gazteekin, hezkuntzarekin, teknologia berriekin jarduerak egiteko. Bost urte hauetan, egin beharreko lana eta horretarako behar dena ikusi eta ikasi dute. Zerotik hasita, proiektua garatzen joan dira eta orain badakite, esaterako, hainbat alor jorratu nahi badituzte, lan horietan espezializatutako jendea behar dutela. Gaur egun lantaldeko oso lagun gutxi ari dira lanaldi osoan, eta programatzea baino askoz lan handiagoa da egin beharrekoa. Proiektuak izan dezakeen garapena lortzeko, lantaldea eta aurrekontua handitu beharra dagoela uste dute.

Erronkak

Etorkizuneko proiektuari begira, izaera juridikoak asko arduratzen ditu, eta asko landu duten arloa da, aukerak aztertuz. «Ea asmatzen dugun izaera juridiko malgu bat ezartzen, orain arte egindakoa egiteko eta hobetzeko eta areagotzeko aukera emango diguna». Hor, kudeaketa eredua eta baliabideak dituzte heldu beharreko erronkak. Argi daukate, baina, 2022ko udaberrian Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea Ruiz de Bergara jauregian zabaltzen badira, aldez aurretik horiek guztiek ondo zehaztuta, lotuta eta abian egon behar dutela.

Orain dela bost urte Oihaneder zabaldu zenean, akordioa sinatu eta berehala hasi ziren ekitaldiak programatzen, baina aldez aurretik plangintza on bat egin gabe. Orain bi urte dituzte aurretik erronka horri eusteko, eta abiapuntu ona ez da txarra inondik inora.

Oihaneder euskalgintzarentzako erreferentzia da, eta euskaraz sortzen duten guztientzat ere erreferentzialtasuna areagotzeko erronka ere badu, erronka handia, «baina erronka polita». Gainera, urteotan egindakoak konfiantza ematen die. Euskararen Etxea abiatu zutenean, proiektu berria zen, eta azken bost urteotan gaitasun handia erakutsi dute: hiru lehiaketara aurkeztu, urtero 200.000 euro inguruko aurrekontua erabili, hainbat eta hainbat ordainketa egin… Ez hori bakarrik, hausnarketa asko egin dituzte urte luzeetako bilera ugarietan. Ondo dakite beharrezkoa dela beste proiektu batzuetako ezaugarriak ondo ezagutu eta aukerak zein diren ikustea. Behin aukerak aztertuta, norberarentzat onenak zein diren erabaki beharra dago. «Prozesu hori egiten duzunean, konfiantza eta, batez ere, jakinduria irabazten dituzu. Gero, asma liteke edo ez, baina uste dugu orain arte nahiko ondo asmatu dugula eta hurrengo erronketan ere asma dezakegula. Euskal Herrian aberastasun handia dago, hainbat esperientzia sortu eta kudeatu dira, batzuk urte askotakoak, udalekin batera». Lazarraga Elkarteak guztiekin ditu harremanak, eta Euskararen Etxea abiatzeko esperientzia horietatik ikasitakoa baliatu zuten bezala, horrela egingo dute aurrerantzean ere. Gainera, pilatutako eskarmentua ere ez da alferrikakoa izango.

Ez dago zalantzarik proiektuak onarpen handia izan duela, adin guztietan. Hala ere, diotenez, gazteak erakartzea oso zaila da. Hori beste erronka bat dute. Gero eta gehiago hurbiltzen dira, hala ere, gehienbat musika jardueretara, baina baita euren gustuko ikastaroetara ere. Azkenaldi honetan, “Hitz adina mintzo” hizkuntza gutxituen gaineko ikastarorako, adibidez, 18 gaztek eman dute izena. Gazteei beren oso gustukoa den zerbait eman behar zaie, eta zailtasunak ikusten dituzte horretarako. Esate baterako, «Kafe Antzokiak espazio bat eskainiko du, eta gazteak mundu digitalean bizi dira; beraz, hori uztartzeko jardueretan asmatu beharra dago». Familia jarduerek, berriz, harrera ona dute. Urtean ez dituzte asko egiten, lekuak baldintzatuta, baina umeekin eta gurasoekin antolatu dituzten guztietan aretoa bete egin da beti.

Eutsi izana, pozgarria

Bost urte dira, aste honetan, Oihanederren lanean hasteko akordioa sinatu zutela, baina oso bide luzea izan da gauzatu arte; aspalditik Gasteizko Udalaren adostasuna izan badu ere, gehiegi luzatu den sentsazioa dute. Edonola ere, denbora luzean proiektuari eutsi izana pozgarria da eurentzat. Kafe antzokiaren ideia planteatu zenetik lan handia egin dute talde politikoekin harremanetan, proiektua lantzen; hainbat udal gobernu igaro dira, alderdi guztiekin hitz egin dute... eta euren arteko kontsentsua lortu izan dute. «Momentu honetan ere ez dago desadostasunik».

Tematu baziren, tematu ziren, eta edozein euskaltzalek edo kultura maite duen edonork eskertu besterik ez du tema hori.

 

Aspaldiko proiektu eder baten historia txikia

1990eko hamarraldiaren amaieran, euskarazko kulturgintzako herritar talde bat Bilboko Kafe Antzokiaren antzeko azpiegitura bat sortzen saiatu zen Gasteizen. Saio hura proposamen hutsean geratu zen.

2004an Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia lantzen ari ziren lan-mahaietako batean euskarazko kulturgintzan ardaztutako erreferentziazko gune baten ideia sortu zen, baina orduan ere ideia bere horretan geratu zen.

2008an Udalak onartu egin zuen Gasteiz Antzokiaren proiektua, eta, 2010ean, kultura, euskara eta gazteria arloetako eragileek parte hartzeko prozesu bat hasi zen, baina egitasmoak gauzatu ezinik jarraitu zuen. Hurrengo urtean, legegintzaldi berrian, euskararen aldeko azpiegitura horren kokapena aztertu zuten, eta 2012ko udan Gasteizko Kafe Antzokiaren Aldeko Plataforma aurkeztu zen jendaurrean, Kafe Antzokiaren aldeko manifestua plazaratu eta sinadura bilketa abiatu zuen. Urte berean, Udalean aurkeztu zituen sinadurak.

2012ko abenduan, egitasmoa Oihaneder-Montehermoso kulturgunean kokatzeko proposamena egin zion Plataformak Udalari, eta urte bi geroago, “Lazarraga Euskararen Etxea & Gasteizko Kafe Antzokia” proposamena landu zuen.

2014ko urriaren 15ean, plataformatik sortutako Lazarraga Kultur Elkarteak urtebeterako akordioa sinatu zuen Gasteizko Udalarekin, eta hurrengo egunean Oihaneder Euskararen Etxea inauguratu zuten Montehermoso jauregian. Gaur egun, bost urte geroago, Oihaneder Gasteizko eta Euskal Herriko euskaltzale eta kulturzaleentzako erreferentzia da. Ehunka jarduera antolatu dituzte denbora horretan, eta azken urteetan urtero 10.000 lagun inguruk parte hartu dute Euskararen Etxeko askotariko jardueretan.

Hainbat desadostasunen eta gorabeheraren ostean, 2018ko uztailean, Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia bilduko dituen egitasmoa Ruiz de Bergara jauregian kokatuko dela adostu zuten Udalarekin.