Maider Iantzi Goienetxe

ARALAR: DUDAN GUZTIA DA, HAU NAIZ NI

«Aralar, artzain eta jentilak» liburuan Joseba Urretabizkaia argazkilariak eta Alvaro Bermejo idazleak Araizko bailarara eramaten gaituzte, espazioa denbora –antzinako denbora– bilakatzen den bidaia batean. Bertako altxorra ezagutaraztea da asmoa, «askoz hobeto biziko baikara arbasoen kultura ezagututa».

Bedaioren ondotik, Azkarate. Gero Atallu, segituan Aribe. Aralarreko Mailoak aitzinean ditugu. Bertan dago Euskal Herriko monumentu megalitikoen dentsitaterik handiena. Menhirrak, mairu-baratzeak, trikuharriak, harrizko etxeak, behin jentilak desagertuta, artzainek artaldeak gordetzeko erabili zituztenak. Bertan jaio zen Mariren kondaira. Eta ez da kasualitatea euskaldunen jainkosa honek ahuntz oinak izatea.

Irumugarrieta da mendilerroko gailurrik altuena, 1.427 metrorekin. Zaila da gure artzainak garaiera horietara igotzen irudikatzea, sega bizkarrean, belarra mozteko eta mendi kableen bidez jaisteko. Atzera egiten ari da artzaintza, eta Araizko bailara jendez husten. Duela 25 urte soilik Intzako herrian 6.000 ardi baino gehiago zeuden. Egun kopuru bera dago Aralar osoan. Enpate teknikoa, beraz: 2019 honetan Aralarren ardiak bezainbat pertsona daude.

“Aralar, artzain eta jentilak” liburuko datuak dira. Araitz, Betelu eta Errazkinen dozena bat artzain daude Aralarren etxola dutenak eta horiek elkarrizketatu dituzte Joseba Urretabizkaia argazkilariak eta Alvaro Bermejo idazleak libururako. Azalean, eta erreportaje honetako azken orrialdeko irudian, Txomin Otermin ageri da. Espero gabe, berari egindako omenaldi txiki bat bihurtu da liburua, duela gutxi zendu baitzen 84 urteko artzaina.

«Maketa erakutsi nion eta asko gustatu zitzaion. Lehenagotik ere azalean jartzeko asmoa genuen, euskal artzainaren prototipo gisa», kontatu du Urretabizkaiak. Duela urtebete pasa egin zituen argazkiak. «Argitaletxe txiki bat daukat, Xibarit, eta Euskal Herriko hainbat gairen inguruan ari naiz lanak argitaratzen duela bi urtetik. Artzain batzuekin eta ardiekin mendi aldera joan ginen Bermejo eta biok; etxolan bazkaldu eta egun-pasa egiten genuen. Harremana egin dugu».

Jatorrizko bizimoduak jaso

Irudi guztiak zuri-beltzean dira. «Erabaki hori hartu nuen zuri-beltzak ez duelako despistatzen. Testurak, gogortasun hori, asko nabaritzen da. Eta artzainen bizimodua gogorra da. Gusturago ibiltzen naiz gai hauekin zuri-beltzean. Eroso sentitzen naiz».

“Origen” sailean kaleratu dute lana. Euskal Herriko eta munduko jatorrizko bizimoduak jaso eta zabaldu nahi dituzte bildumaren bidez. «Artzainen kasuan ere antzinako eran bizi den azken belaunaldia daukagu. Formak, tresnak, pentsaerak, naturarekin harremana… Eta ondo dago. Gaur beste teknologia batzuk daude, beste pentsaera eta beste erritmo batzuk. Eta ondo dago hori ere. Baina askoz hobeto biziko gara gure arbasoen kultura hori guztia ezagutzen badugu. Beste babes bat izango dugu eguneroko ahaleginak egiteko. Gazteek kultura horren berri izan behar dute, ez hala bizitzeko, baina bai aztarna hori edukitzeko», aldarrikatu du Tolosako argazkilariak.

«Kulturalki hori da gure desberdintasuna. Euskararekin berdin pasatzen da. Euskaraz jakitea oso inportantea da, baina euskara kulturarekin ezberdina da. Niri euskara kulturarekin interesatzen zait. Hizkuntza ez da hitza bakarrik; pentsaera da, paisaia, forma…». Gogoeta bultzatzea da asmoa.

13 artzainetatik 10 gizonak dira eta hiru emakumeak. «Orain arte matriarkatuan bizi izan gara. Etxean hala ikusi dut. Mari gure jainkosa zen. Artzaina esan eta gizon bat irudikatzen dugu, baina emakumeak ere ibiltzen dira. Nola ez dira artzainak izango? Beraiek eraman dute askotan baserriko pisu guztia. Eta baserria beti lanean ibili beharreko espazioa da».

Gazteen segida

«Mendian egotea, ardiekin bakarrik, gogorra da –aitortu zien Txominek liburuaren egileei–. Askotan pentsatzen duzu: seguru denak ni baino hobeto bizi direla. Baina agian ez. Nork daki nola bizi den bakoitza? Badakit mendian egotea gogorra izan arren artzainaren lekua hau dela».

Txikitatik Aralarrera joateko ohitura duen Tolosako argazkilariak azaldu duenez, badaude gazteak bailaran ilusioarekin, gazta ona egiten, beste era batera, eta babestu beharra dago. «Bada segida, beste historia batzuekin, modernitatearekin, eta hor daude gazta, ardiak eta Aralar. Baina erabat desberdin». Lehengo egiteko moduak gorde dituzten artzainen azken belaunaldi horretan altxor txiki bat dagoela ikusten du Urretabizkaiak, hizkuntza bezala. «Jende horren eskuetan dago euskara, ez bakarrik ahotsean, begiradan ere bai. Oso lotuta egon dira naturarekin. Nahiz eta errepide ondoan egon, aparte egon da bailara eta lehengo erak gorde dira: hizkuntza, formak, tradizioak… Oraindik badaude halako lekuak Euskal Herrian».

Bizimodua

Txomin goizean goiz jaikitzen zen, argiarekin batera. Ardiak jetzi, gero gosaldu, ardiak atera, bazkaldu, siesta, arratsaldean ere ardiekin ibili… Bera bakarrik. Azkeneko egunetara arte makurtuta jezten zituen, aulkirik gabe. «Halako jendearen gaztak bereziak dira». Txominen azken gazta Tolosan egin zuten liburuaren aurkezpenean jan zuten, omenaldi txiki batean.

«Baserriko amona oso kristaua izan da, baina paganoa ere bai. Naturarekin harreman handia baduzu espirituala zara. Eguzki-lorea kanpoan, alderantziz jarritako gurutzea baratzean… Lehenagoko kultura. Oso nahasketa polita da. Hori dena nabaritzen da hizkeran, oinez ibiltzeko moduan, ikuskeran…», agertu du Urretabizkaiak.

Jakinduria basati baten jabe diren filosofo natural gisa definitzen ditu artzainak Bermejok. Artaldeen arteko librepentsalari gisa. Hala idatzi du Txomini buruz: «Zoko ilun eta hautsez betetako horretatik goiz honetan prestatu dituen zazpi mamiak ateratzen dizkigu bata bestearen atzetik. Bere zuritasuna, hain garbia, distiratsua da ia. Eskaintzen digun samurtasuna adina, hau esango baligu bezala: ‘Daukadan guztia da, baina hau naiz ni’».

Hasieran, argazkilaria eta kazetaria mendian ikusi eta animaliak bezala joaten ziren artzainak ihesi. Baina, behin konfiantza hartuta, primeran moldatu dira. Kaletarrek ulertu nahi zuten beste mundu bat egon arren kolpeka aurrean, zergatik ez dioten atea irekitzen. Galdera horri bertze galdera batekin erantzuten diote artzainek: «Zer erantzunen lizuke haritz batek?». Barre egiten dute. «Tarteka jaisten gara eta ondo egoten gara. Baina buelta mendira». Gutxi gelditzen dira han lotan. Horietako bat zen Txomin. «Marmita handi bat zuen ozpinarekin eta horrekin filtratzen zuen esnea. Gustura joaten ginen berarengana».

Urretabizkaiaren ustez, artzain gazteek adinekoen sakontasun hori barruan dute. «Gustatuko litzaidake erraztasunak ematea eta gazteak mendi aldera joatea».

Tolosan izan ondotik, Aribeko ferian aurkeztu zuten liburua. Madrilen ere azaldu dute interesa eta hara eramateko asmoa ere badute.

 

Herri kirolak, albaicin, errezil sagarra... argazki uzta oparoa

Joseba Urretabizkaiak Tolosan duen argazki estudioa bere sormen oparoaren erakusle da. Proiektu pila bati ekiteko gogoa sentitzen du, gogotsu dago eta bere lantokiak hori islatzen du. Bilduma bat egin du herri kirolean eta pilotan inportantea izan den eta bizirik dagoen jendearen biografiekin. Sail horretako azken liburua, Zelai harri-jasotzaileari buruzkoa, plazaratu berri du. «Lehengo erako bizimodua dutela eta orain berriak beste modu batera bizi direla nabaritzen dut. Gaur egun atletak dira, baina lehen lana egiten zuten eta lanetik, apustua. Segan ibiltzen ziren, harriekin, egurra moztu… Nire ustez, kirola ez da hitz egokia egiten zutena definitzeko. Eguneroko lanak plazaratzea zen. ‘Ni zu baino gehiago naiz, ikusiko dute’ esan eta apustu egiten zuten», azaldu du.

Liburu erabat bestelakoa amaitzen ari da, Granadako Albaicin auzoaren ingurukoa, jatorrizko beste kultura bat. Ijitoak eta euren historia jaso ditu. «Oso ederra eta aberatsa da. Arrasto horiekin kargatzen ari naiz bizi modernoa hobeto bizitzeko. Zein behar zituen jende honek bizitzeko? Eta gure baserriko aitona-amonek? Orain gauza pila bat ditugu. Dena daukagu eta dena behar dugu. Itxaron pixka bat. Agian bai, baina agian ez», egin du gogoeta.

Errezil-sagarrekin ere eginen du liburu bat. «Argazkia, diseinua… dena egiten dut. Testua soilik behar dut norbaitek egitea. Normalean gaia azaltzen diot idazleari eta elkarrizketa batzuk egiten ditugu elkarrekin. Berak testua prestatzen du eta nik argazkiak ateratzen ditut», agertu digu dokumentuz betetako bere lan-mahaian egin dugun elkarrizketan.

 

izaera erakusten duten istorioak

Artzainen izaera ulertzeko pasarte batzuk jasotzen dira liburuan. Horietako bat artzain baten ilobak kontatua da. Artzain hori eta haren etxolarekin muga egiten zuen txabolako artzaina haserre zeuden gaztetatik liskar zahar batengatik. Hala bizi izan ziren, bordatik bordara elkar behatuz eta zainduz, 50 urtean elkarrekin hitz bakar bat egin gabe. Egun batean euretako bat hil zen eta bertzea ez zen berdina izan. Triste, gogorik gabe sumatzen zitzaion, erretiratzeko nahiarekin. «Baina zer gertatzen zaizu, Martin?», galdetzen zioten senideek. «Zer gertatuko zait? Jada ez daukadala norekin haserretu!». Bertze istorio bat. Lagun batek artzain bat bisitatu zuen, konfiantza handikoa. Ongi zihoan dena, itxuraz galdera hutsala egin zion arte: «Zenbat ardi dituzu?». Artzainaren erantzuna antologikoa da: «Begira, galdera hori ez inoiz egin gutako inori. Bankuan zenbat diru duzun esaten didazunean, orduan esango dizut zenbat ardi ditudan».

Halakoak dira artzainak, idatzi du Alvaro Bermejok, justukoa kontatzen dizute, beti neurtuz. Txomin Oterminek, adibidez, ahotik ateratzen zitzaion hitz bakoitza pentsatzen zuen –eta ez ziren aunitz–. Idazleak kontatzen du artzain zaharrak entzuten irakatsi ziola hitz egiten zuen bitartean.