IKATZA BEHERA ETA ENERGIA GARBIAK GORA... ALEMANIAN
Alemaniako herritarrak energia zikinen aurka gehien borrokatu direnen artean daude. Ina Fassbenderen argazkiak egoera gaur egun nola dagoen ederki asko azaltzen du: azpian eta beherako joerarekin ikatza, aire zabaleko meategia alegia; eta gainean, haize-sorgailuak, erabat garbia ez bada ere, erregai fosilek baino askoz gutxiago kutsatzen duen aukera. Alemaniako Estatuak 4.350 milioi euro emango dizkie konpainia elektrikoei, ikatza uztearen truke, eta beste 40.000 aurreikusi ditu energia garbien aldeko apustuak kaltetuko dituen eskualdeentzat. Erabaki horren efektu onenen artean dago Hambacheko jatorrizko basoa (Alemania osoko zaharrenetakoa) salbatzea, diruzalekeriaren eta manifestarien arteko gatazkaren erdian egon den alderdi paregabea. Basoaren aldekoek bizitokiak eraiki zituzten zuhaitzetan, pentsa! Milaka lagun pasa da bertatik azken hilabeteotan. joseangel.oria@gaur8.info