Isidro Esnaola

Errusia sistema politikoa egokitzen hasi da

Errusiar Federazioa etorkizunerako prestatzen hasi da. Botereak egokitzapen prozesua martxan jartzeko aldeko testuingurua ikusi duela ematen du. Egia da Errusiak nazioartean eragiteko gaitasuna berreskuratu duela eta barneko egoera neurri handi batean lasaia dela. Bi elementu horietaz baliatuko dira sistema politikoan doikuntzak egiteko. Vladimir Putinek jarri zuen abiapuntua, Parlamentuan urtero egiten duen hitzaldian. Bertan Konstituzioan aldaketa batzuk egitea proposatu zuen. Hurrengo egunean, Gobernuak bere osotasunean dimisio aurkeztu zuen, nolabait aurreko egunean proposatutako aldaketei bide emanez. 

Hasteko, Errusiar Federazioaren Konstituzioa nazioarteko akordioen gainetik jarriko da. Kontraesanen bat izanez gero, Konstituzioak dioena lehenetsiko da. Orain arte nazioarteko hitzarmenen xedapenak zuzenean barne antolamenduaren parte bihurtzen ziren. Ez da horrela Errusiar Federazioan bakarrik; esate baterako, Estatu espainoleko Konstituzioak ere antzeko neurria jasotzen du 96. artikuluan. Ukaezina da nazioarteko eremua desegiten ari dela, eta ez soilik “American First” leloak eman dion bultzadagatik, bestelako elementuek ere norabide horretan eragiten dute; adibidez, globalizazioak jasan duen higadurak eta Hirugarren Munduko estatuen hazkundeak, eta batez ere Txinarenak. Gero eta nabarmenago, nazioarteko arauak paper errea dira. Azken adibidea egunotan izan dugu: Marokok nazioarteko prozedura kontuan hartu gabe bere itsas eremua zehaztu du. Beraz, errusiarren Konstituzio aldaketa horrek garaiko espirituarekin bat egiten du.

Beste aldaketa multzo bat errusiar elitea nazionalizatzeari begirakoa da; hau da, Estatuko administrazioko goi mailako postuak Errusian bizi diren errusiarrek soilik beteko dituztela ziurtatu nahi da. Esaterako, presidentegaiak duela 25 urtetik Errusian bizi behar du, ezin izango du beste herritartasun bat eduki, ez eta Errusiar Federaziotik kanpo bizitokirik ere. Xedapen berriek kanpoan bizi direnentzat asko murrizten dute ibilbide politiko-administratiboa. Modu horretan bi gauza ekidin nahi dituzte, beharbada: batetik, kanpoan bizi diren errusiar dirudunek politikara salto egitea eta, bestetik, enpresa eta pertsonen aurkako nazioarteko zigorren presioa. Gero eta sarriago erabiltzen da bide hori presio egiteko eta gustukoak ez diren erabakiak aldarazteko.

Azken aldaketa multzoak boterea berrantolatzen du. Funtsean, Parlamentuari orain arte presidenteak zituen eskumen batzuk emango zaizkio, estatuko ministerioen eta udal administrazioaren arteko lotura estutuko da eta Estatu Kontseiluaren izaera eta zereginak finkatuko dira Konstituzioan. Azken honetara joango da Vladimir Putin presidentetza uzten duenean. Estatu Kontseiluaren zeregin nagusia ildo estrategikoaren gaineko hausnarketak burutzea izango da. Eta, teorian, ez da eguneroko gaietan sartuko. Berrantolaketa horretan, erabaki batzuk hartu dituzte dagoeneko. Esate baterako, orain arte lehen ministroa izan dena, Dimitri Medvedev, hemendik aurrera Segurtasun Kontseiluko buruordea izango da.

Errusiar Federazioan boterea, onerako eta txarrerako, presidenteengan oso zentratuta dago. Aldaketa hauekin badirudi Parlamentuari joko handiagoa eman nahi diotela eta, era berean, botereen arteko balantze berri bat antolatu nahi izan dutela. Denborak esango du errusiar sistema politikoa hobetzeko baliagarriak diren ala ez. •