Emakume gazteen erabakitasunak kalea Modi lehen ministroaren aurka jarri du
Narendra Modi lehen ministroak abian jarri nahi dituen ekimenek sekulako haserrea eragin dute ia 1.400 milioi biztanlera iristen den Indian. Emakumeak –kasta, klase eta etnia ezberdinetakoak– izaten dira mobilizazio horien protagonista nagusiak. Kalera protestara inoiz irten ez diren herritar zaharrak ere oraingo honetan kalean dira.
Sarah Syed Mumbai hiriko erredaktoreak France-Presse agentziari esan zion Narendra Modi Indiako lehen ministroaren gehiengo hinduaren aldeko politikak aspalditik zeukala kezkatuta, baina indargabe sentitzen zela, egoera horri aurre egiteko ahalmenik ez zuela. Orain arte. Hogeita zazpi urteko emakume honentzat, herritartasunari buruzko lege erreformak gauza sakonen bat aldatu zuen bere barruan eta kalera irtetea erabaki zuen. Ikasleek egindako manifestazioei eman zieten egurraren irudiek ere lagundu egin ziotela onartzen du. Berak bezala, herrialde erraldoiko beste emakume askok ere protestaren bidea hartu dute. «Lehen ere bagenekien gauzak ez zeudela behar bezala, ez zeudela ondo, baina gutako askorentzat politika deprimenteegia zen –adierazi du mutil katoliko batekin ezkondutako neska musulmanak–. Orain, aldiz, ezer esan gabe jarraitzea, protestaldietan esku ez hartzea, onartezina iruditzen zait, kriminala neurri batean».
New Delhi hiriburuan bezala, Kalkutan eta gainerako hirietan, Indiako agintarientzat oso ezeroso izaten ari diren manifestazioak egiten ari dira azken asteotan. Herritartasunari buruzko legea musulmanen aurkakotzat dute askok; eta beste gutxiengoen aurkakotzat, beste begirale batzuek. Edonola ere, makina bat analisitan nabarmentzen da emakumeak direla protestaldi askotako buruan; atzean edo ezkutatuta egotetik aurrean eta protagonista izatera pasatu direla.
Iazko abenduko manifestazioetan ehunka mila lagun elkartu ziren kalean, protesta egitera, baina ekimen jendetsu haiek bestelako mobilizazioei egin diete lekua geroztik. Orain hamabost egun, esaterako, indiar herritar askok ikusi zituzten autobide bat okupatuta zuten 200en bat emakumeak. Gau eta egunez han egoten ziren, Shaheen Bagh eremuan, Indiako beste leku batzuetan ere tankerako protestaldiak egiten has daitezen proposatuz. Bihar, Uttar Pradesh, Kerala, Madhya Pradesh eta Mendebaldeko Bengala estatuetan eserialdiak egin dituzte, Indiako banderak eta lege horren aurkako mezuak zituzten pankartak hartuta.
Shaheen Bagh-eko ekintzaileek inspiratuta, Asmat Zamil eta beste 150 emakumek Kalkutako parkea okupatzea erabaki zuten. Beraien helburua Modiren legea salatzea zen: Indiako herritartasuna emango zaie Afganistan, Pakistan eta Bangladesheko errefuxiatuei, musulmanak ez badira. «Hinduak, musulmanak, sikhak, emakumeak, zaharrak, umeak… Mundu guztia dago hemen. Gure ahotsa bazter guztietan entzuten da», adierazi zion Zamilek AFPko kazetariari.
Lehenengo egunak
Legeak, berez, ez ditu kaltetzen Indiako musulmanak, baina herrialdeko populazioaren %14 osatzen duen gutxiengoa ez dago lasai. Bigarren mailako herritar bihurtzeko beste urrats bat dela uste dute. Hori litzateke, begirale batzuen ustez, lehen egunetako borroka gogorrak (27 hildako) eragin zituen faktore nagusia.
Narendra Modi lehen ministroaren agintaldia bera ere kinkan ipini dute mobilizazioek. Parlamentuak lege berria abenduaren 11n onartu bazuen ere, haserrearen mailak ez du behera egiten.
«Ezin isilik geratu»
Bihar izeneko estatuko Gaya hirian (milioi erdi biztanle), sekulako hotza egiten duen arren, ehunka manifestarik asteak egin dituzte eremu bat protestarako okupatuta. Tankerako hamar eserialdi zenbatu zituzten nazioarteko agentziek. «Ezin dugu etxean isilik geratu, erlijio kontuengatik Gobernuak geure herritartasuna kendu nahi digunean», esan zien AFPko kazetariei Shagufta Aminek, Bihar estatuko hiriburu Patnan egindako eserialdi batean esku hartutako emakumeak. Asteburuetan milaka lagun elkartzera iristen dira eta politikari eta komunitateko buru batzuek hartzen dute hitza. «Bandera nazionala eskuan, geure Konstituzioa salbatu arte borrokatuko gara. Ez dugu etsiko», dio Nusrat Hassanek Patnan bertan.
Bihar Estatuaren ondoan dago Uttar Pradesh, Modiren aldekoak nagusi diren lurraldea. Bertako protestaldietan sekulako indarkeria izan zen eta zauritu asko eraman behar izan zituzten erietxeetara. 6.000 lagun atxilotu zituzten protestaldietan parte hartzeagatik. Lehen ministroa bera bizi den Varanasi hiriko parke batean, Uttar Pradeshen bertan, ehunka emakumek kanpaldi bat antolatu zuten. Poliziak «desobedientzia» leporatu diela-eta, larri egon dira. «Geure eserialdia mendia bezain tinkoa da. Ez gara hemendik joango eskatzen duguna lortu arte», esan zien kazetariei Nasreen Zafar manifestariak.
Oposizioko alderdiak agintean dauden lekuetan, Mendebaldeko Bengalan, esaterako, bertako agintariek babesa ematen diete manifestazioei, isilka bada ere.
Jakina, mobilizazioak ez dira herritar guztien gustuko. Etengabeko protesta giroak eguneroko bizitzan arazoak sortzen dituenez, batzuek gaizki begiratzen diete manifestariei. Autobidea okupatuta egoteak auto-ilarak eragiten dituela, garraio publikoan denbora gehiago eman behar izaten dutela… «Manifestazioen alde gaude, baina errepide bat ixteak eta hori erabili behar dugun guztiak bahitu moduan hartzea lege ditxoso hori bezain gorrotagarria da», kexatu da Mihir Tripathi, New Delhi hiriburuko langilea, autopistan harrapatuta.
Agitazio politikoa
Kalkutako Unibertsitateko irakasle Sangbida Lahiriaren iritziz, India lehen aldiz ikusten ari da herrialde osoan indartsu dagoen mugimendu iraunkor bat. The Wire hedabidean idatzi du nabarmentzekoa dela emakumeak izatea mugimendu horren bultzatzaile nagusiak. «Haserrearen negu honetan, ibilaldi bakoitzean, manifestazio bakoitzean, protestaldi bakoitzean, Jawaharlal Nehru Unibertsitatean hasi eta Jamiakoraino, Aligarhetik Jadavpureraino, lehen lerroan beti emakume gazteak ikusten ditugu. Herrialdeak independentzia lortu zuenetik ez du ezagutu horrelako agitazio politikorik, horrenbeste irauten duena eta buruan emakume gazteak direla, zalaparta bizian, ezin huts eginik eta erabakitasun osoz», dio Lahiri Asiako Ikerketa Departamentuko irakasleak.
Zoya Hasan New Delhiko Jawaharlal Nehru Unibertsitateko historialariak azpimarratu du egungo protestak «Modiren Gobernuak azken sei urteotan aurrean izan duen erronkarik handiena direla». Izan ere, manifestariak kalean egoteaz gain, Keralako eta Mendebaldeko Bengalako agintariek –oposizioa da nagusi horietan– aurreratu dute ez dutela Modik egin nahi duen herritarren erregistro nazionala osatzeko inkestarik egingo. Herritar askok intsumisio jarrera hori ontzat hartzen dute.
Hasiera bateko protestaldiak herritartasunari buruzko legeak eragin bazituen ere, manifestari askok gaur egun esaten dute Gobernuak eraiki nahi duen «nazio hinduari» ateak itxi nahi dizkiotela, eta India «sekularrari» eutsi, Hasan historialariak egin duen irakurketaren arabera. Berak, hala ere, ez du uste manifestarien bultzadak Narendra Modiren kanpaina geldiaraztea lortuko duenik. Ezta lehen ministroaren hauteskunde nagusitasuna ahulduko duenik ere. «Gobernuak protestaldiengatik agian urrats bat egin dezake atzera, baina bere betiko agendatik ez da gehiegi urrunduko», erantsi du.
SANGBIDA LAHIRI: «politikak ez dio maskulinotasunaren erretorikari GEHIAGO obedituko»
Sangbida Lahiri Kalkutako Unibertsitateko irakaslearen ustez, azken asteotako herri mobilizazioek garbi uzten dute «etorkizuneko politika oso bizkor aldatzen ari dela, XXI. mendeko politikak ez diola gehiago obedituko maskulinotasunaren erretorikari; genero gaiak kontuan hartuta eta horietaz benetan arduratuta politika egiteko garaia iritsia dela, tarteka bortxatzaileak zigortzeko deialdiak egitera mugatu gabe».
Berak «genero justizia» deitzen duena ez da «limosna», «politikaren beraren logikan eta ezaugarrietan egindako esku hartze sistemikoa baizik».
Kalkutako adituak bestelako arrazoiak ere ikusi ditu emakumeen jarrera horretan. Esaterako, herritartasun legea okerragoa dela emakumeentzat gizonentzat baino. Assam estatuko atxilotze eremuetatik iritsitako irudi eta txostenek horrela frogatuko lukete. «Eta emakumeak, ez gutxiengoetakoak bakarrik, jatorri guztietakoak baizik, eskubide zibilak kenduko dizkieten beldur dira. Oinarri sendoko beldurra da, botoa emateko eskubideak berebiziko garrantzia baitu kolonia izandako herrialde batean», Lahiriren iritziz.
«Deskolonizazio prozesua» amaituta omen dagoen herrialdean, «emakumeen nortasun nazionala Estatu kolonizatzailearen, eta ondorengo Estatuaren, aurkako borroken historiaren eraikuntzaren fruitu da. Beraz, botoa emateko eskubidea galtzeko mehatxuak, edo herritartasuna galtzekoak, oso sakon ukitu ditu. Unibertsitatean dabiltzan emakumeentzat bizirik irautea bezain garrantzitsuak dira, badakite-eta zenbat kostatu zaien azkenean ahotsa izatea. Horregatik legearen aurka egiteko joera garbiagoa dute».
Bestalde, dokumentazio ofizialik gabe geratzea, paperik gabe alegia, ez da arazo makala. Gaur egungo Indian emakume askok, batzuk erabat pobreak eta beste batzuk aberatsagoak, ez dute dokumentazio ofizialik. Jaiotza ugari inon erregistratu gabe daude, eta ezkontzen erregistroa bera ere ez da fidatzeko modukoa. Beraz, pertsona horiek ezin dute ezeren jabe izan eta aita zaintzera behartuta daude, edo senarra zaintzera ezkonduz gero. Horrexegatik herritartasun lege berria eta NRC erregistroa mehatxutzat hartzen dute kasta, klase eta pentsaera ezberdinetako emakumeek.
Nekazaritza eremuetako populazioaren alfabetatzeak eta hirietako emakumeen mugikortasunak egoera aldatu egin dute: orain ezin zaizkie mehatxu horiek ezkutatu. Etxe askotan neska gazte horiek dira unibertsitatean ikastera iritsi diren lehenengoak. Ikasle horientzat askatasun falta, beren ama eta amonengan ikusi duten egoera bera, ez da onargarria.
Alfabetatzearen garrantzia nabarmentzen du Sangbida Lahirik emakumeek gaur egun gehiago esku hartzen dutela esplikatzeko. Goi mailako ikasketak egiten neska gehiago egoteak esan nahi du bidaiatzen ere gehiago ibiltzen direla, ikasle-egoitzan edo beste ikasleekin etxebizitzaren batean bizi behar izaten dutela, eta modu horretan independenteagoak dira.