Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

MENDAZAKO HIRU HANKAKO ARTEA

Lizarrerriko Berrotza ibarrean kokatua, Mendazako herrian, Hiru Hankako Arteak hantxe daramatza 1.200 urte. Bere magalean hartu omen zuten atseden Zumalakarregik eta bere gudarosteak, bere itzalpean urratu dituzte belaunak herriko hainbat belaunalditako haurrek, bera izan da hainbeste lehenengo muxuren lekuko isila eta ezkontza bat ere ikusia dago hor goitik. Hamasei metro luze eta zortzi metro zabal, hiru hankaren gainean dotore, berez sustraiak dituenak bistan geratu zaizkiolako. Europako zuhaitz ederrena izendatu dezakete orain (bozka ematea erraza da honako helbidean: www.treeoftheyear.org/vote). Eta bertakoentzat hain eder eta berezi dena, munduaren begietara bihurtu da orain eder. Jendearen joan-etorri ugaria sumatzen omen da Mendazan, autoak ikusten dira autoenak ez diren bideetan ere. Eta Europako zuhaitz ederrenetakoa izatearen harrotasuna kezkarekin nahastu zaie orain, akaso hain ederra eta zoragarria baita orain arte bake-bakean egon delako hantxe, Mendazako tontor horretan. Amagoia Mujika Telleria