Amagoia Mujika Telleria
EMARIAK

Emakumeak lehen lerrora ekartzen dituen karta jokoa, jolastuz ikusarazteko

Zein garrantzitsua den historia nork eta nola kontatu. Horren jakitun kaleratu zuten «Emariak» liburua Kalaka Komunikaziokoek eta orain, norabide berean, karta-jokoa prestatu dute. Bertan ageri diren emakumeak existitu egin dira, baina apenas kontatu den beren berri. Bigarren lerroko bihurtutakoak lehen lerrora ekartzen jarraitzen du Kalakak, transmisioa ziurtatzen, gaurko neskatoek izan nahi duten horrekin lasai amestu eta bidea ibil dezaten, aspalditik hainbeste emakumek ibili duten bezala.

Emariak emakumeek egindako ekarpenak bistaratzen dituen bilduma da, Kalaka Komunikazioa elkarteak bultzatuta. Lehen pausoan “Emariak” izeneko liburua kaleratu zuten, historia ofizialaren kontaketatik kanpo geratu izan diren emakumeekin. Geroztik askotan galdetu omen diete ea bigarren liburua noizko eta proiektuarekin segitzea erabaki dute, baina beste formatu batean. Oraingoan, Emariak izeneko karta jokoa kaleratu dute. «Zerbait desberdina egin nahi genuen, jolasetik eta aisialditik, eta karta jokoa modu ona iruditu zaigu emakume horien berri era dibertigarrian zabaltzeko», azaldu du Kalakako Ilazki Gainzak. Bera eta Nerea Uria dira parekidetasunaren arloan lan egiten duen elkarte txikiaren sortzaileak eta arima.

Karta jokoak 40 karta dauzka, 39 emakume indibidual eta komodina. Komodina omenalditxo bat da; ««iraganean eta gaur egun bizitzako arlo guztietan beren ametsak lortzeko lanean diharduten emakume guztiak. Agian beren izenak ez dira liburuetan agertuko, baina horrek ez du esan nahi beren lana garrantzitsua ez denik». Beste 39 emakumezkoak arloka banatuta daude, hirunaka; jokoen asmatzaileak, idazleak, kirolariak, pintoreak, lanbide feminizatuak, borrokalariak, dantzariak, musikariak, pedagogo sortzaileak, lanbide maskulinizatuak, biologoak, asmatzaileak eta kirol taldeak.

Modu desberdinetan jolas daiteke karta jokoarekin; betikoa eta ezaguna den karta jolasean bezala, familiak osatzera, edo, modu sakonxeagoan, kartetan protagonista diren emakumeen inguruko galderak eginez, adibidez. «Adinaren arabera, era batera edo bestera jolas daiteke. Haur oso txikietatik helduetara, denon neurriko jolasa topa daiteke. Horregatik erabili ditugu koloreak, irakurtzen ez dakiten haurrek ere jolasteko modua izan dezaten».

Badu beste berezitasun bat, jasotzeko eta eramateko oihalezko zorro eta guzti baitator karta jokoa. «Liburuak harrera oso ona izan zuen, baina, liburuak, behin irakurrita, apalategian hautsa hartzeko arriskua izaten du. Karta jokoa, berriz, behin eta berriz erabil daiteke eta errepikapenak normaltasunari laguntzen dio. Alegia, emakumezko horien istorioak eta ekarpenak behin eta berriz begien aurrera ekarrita, arrastoa geratzeko aukera gehiago. Azken finean, matxismoa eta desparekidetasuna ere errepikatzearen errepikatzeaz normalizatu dira», azaldu du Uriak. Horregatik prestatu dute karta jokoa zorro eta guzti, edonora eramateko erraztasuna emateko.

Mundu guztikoak

Liburuko eta karta jokoko protagonistak desberdinak dira, bat izan ezik. Elbira Zipitria hezitzailea da errepikatzen den bakarra. Hartara, karta jokoak beste 38 emakumeren berri ematen du. Horrek esan nahi du badaudela nabarmentzea merezi duten emakumeak. «Kontua da nork baloratuko dituen, nork ekarriko dituen lehen lerrora. Egon beti egon dira nabarmentzeko moduko emakumeak eta beti egongo dira. Baina, tamalez, ezkutatuak edota ez ikusiak izan dira».

Mundu guztiko emakumeak daude karta jokoan. «Deskubrimendu asko egin ditugu. Eta karta jokotik kanpo utzi ditugun aparteko emakume asko daude», azaldu dute.

Adibidez, Elizabeth Magie (1866-1948) estatubatuarrak Jabea deituriko jokoa asmatu eta patentatu zuen 1904. urtean. Joko horixe izan zen Monopoly ezagunaren aurrendaria, nahiz eta batak eta besteak bultzatzen dituzten ekonomia ereduak oso desberdinak izan. Magieren jokoak ekonomia soziala bultzatzeko helburua zuen eta Monopolya kapitalismoa oinarri duen jolasa da.

Emakumezkoen saskibaloia gizonezkoenaren garai berean sortu zen kirol bakarrenetakoa da. Lehen partida XIX. mende amaieran jokatu zen AEBetan. Gainera, hasieratik emakume jokalarien ezaugarri motorretara moldatu ziren jokoaren arauak.

Lehen emakume soldatzaileak Ameriketako Estatu Batuetan hasi ziren lanean 1943an, II. Mundu Gerrak iraun zuen bitartean. Gizonezko asko gerrara joan ziren eta industrian eskulan faltan geratu ziren. Horregatik animatu zituzten emakumeak soldatzaile lanera, beharra zegoelako. Behin gerra amaituta, gizonezko asko beren lanpostura bueltatu ziren eta emakumeak kaleratu egin zituzten.

Gaur hain zabaldua dagoen liburu elektronikoaren aurrendaria Angela Ruiz Robles (1895-1975) espainiarrak asmatu zuen. 1944 eta 1949 bitartean hainbat asmakizun sortu eta garatu zituen. Eta Leongo Piedad Alvarez izan zen Estatu espainoleko lehen taxi gidari emakumea. 1934tik 1974ra aritu zen taxia gidatzen.

Emariak karta jokoak bigarren lerroan dagoen informazioa lehen lerrora ekarri nahi du. «Horretara jarriz gero, bilaketan hasiz gero, egon badago emakumeen inguruko informazioa. Baina espresuki horren bila joan behar duzu. Horregatik, lehen liburuarekin eta orain karta jokoarekin, informazio hori eskura jarri nahi dugu. Adibidez, seme-alabak eskolatik lan bat egin behar dutela esanez etortzen badira, historiako pertsonaiaren baten berri eman behar dutela kasu, karta jokoak pistak ematen ditu. Oso informazio laburra da kartetan dagoena, esaldi pare bat. Baina horietatik tiraka sarean osatu daiteke informazio hori. Kontua da erreferente berriak sortzea».

Geroz eta gehiago zabaldu, hobe. «Jende asko ez da konturatzen emakumeak lehen lerrora ekartzearen beharraz. Hain zabalduak daude erreferente maskulinoak, hain normalizatuak komunikabideetan eta toki guztietan, batzuk ez direla konturatu ere egiten horrekin. Erabat ohituta gaude eta normalizatu egin dira erreferente maskulino horiek».

Karta jokoa Kalakaren webgunean [www.kalaka.eus] eros daiteke, eta salmenta tokien berri ere ematen da bertan.