Iker Barandiaran

Beldurra

Beldurrak badauka gaitasun bat oso-oso gutxik daukatena. Gai da pertsonak geldiarazteko, paralizatzeko, beraien txarrena ateratzeko, norabide batera edo bestera begiratzen jartzeko, egoera hotz edo arrazional batean hartuko ez liratekeen erabaki, jarrera edo pentsamoldeak hartzeko.

Eta hori guztia askotan –gehienetan esango nuke– ezjakintasunarekin lotuta dago. Beldurra ematen digu ezagutzen ez dugunak, desberdina denak eta –norbaitek helburu jakin batzuekin sustatutako– mamuak biderkatu egiten dira. Ez dakigunean ondo zer den, nondik datorren, zer jatorri duen, txarrenean pentsatzen dugu ez gaudelako eroso, mesfidantza pizten zaigulako barren-barrenean. Gero eta indibidualistagoak, berekoiagoak garen heinean, aurreiritzi txar gehiago pizten zaizkigu ezagutzen ez dugunaren aurrean. Horregatik, halako emaitza boteretsuak lortzen dituelako erabili izan ohi da beti beldurra helburu jakinetarako. Zerrenda amaigabea da eta gero eta eraginkorragoa da, gainera.

Informatuago gaudela uste dugun honetan, informazioa bera –pausatua, ahalik eta inpartzialena, zergatiak eta jatorriak eta batez ere testuingurua ondo azaltzen duena– eskuratu beharrean, titular uholdea jasotzen dugu zabalik ditugun kanal ugarietan; eta ia beti norabide edo mezu berbera behin eta berriro errepikatuta. Ezin kontrakoa aztertu, ezin mezu hori ezbaian jarri, eta inguru guztia “kutsatuta” edo sinistuta izanik erresistentzia nahikorik gabe, errenditu egiten zara. Oso zaila da korrontearen kontran igeri egitea eta are zailagoa beste batzuk ere helmugaren okerreko norabideaz ohartaraztea.

Horixe bera gertatzen da hain txertatuta dugun arrazakeriarekin. Ezjakintasunak, beldurrak eta oso boteretsuak diren interesek gutako askok jarrera gupidagabe eta arriskutsua sinistuta izatea lortu dute.

Denok dakigu nor ari den baliatzen egoeraz aberasteko eta botere gehiago pilatzeko gainontzekook gero eta estuago bizi garen bitartean. Badakigu horrela dela, baina, hala ere, lortu dute guk txarrago bizi diren horietan fokua jartzea. Eta, ondorioz, baita guk enpatia eza, ezintasuna, amorrua eta bazterkeria beraiengan ezartzea ere. Gainean daudenen aurrean errebelatu beharrean, gure indarrak azpiagokoen kontra egiteko baliatzen ditugu.

Eta oraintxe munduan zehar zabaltzen ari den birus berri honekin sinesmen osoa daukat norbaitek zerbaitetarako sortu eta zabaldu duela. Ez naiz teoria konspiratzaileen zalea, baina jada aspaldi ez dut kasualitateetan sinisten.

Badirudi berez hilkorra baino kutsakorra dela; horretan datza bere arrisku eta potentzialitate handiena. Ez dut ukatuko gauza asko desorekatu eta zailduko dituela, eta baliteke martxa honetan laster gu geu ere kutsatuak izatea. Baina ezin da ukatu birus honekin gertatzen ari denak ez daukala orain arte bizi izan dudan ezerekin parekorik.

Jakina da artaldean bezala funtzionatzen dugula baina ez dut inoiz gure artean halako eragina izan duen beste ezer ezagutu. Ez dugu beste ezertaz hitz egiten, ez dago besterik, dena hartu du bere eraginpean. Eta birusak berak eta horren kutsakortasunak baino gehiago kezkatzen nau beste edozein gai edo gauza debate publikotik eta egunerokotik ezabatu izana. Zer ari da gertatzen? Hedabideen eta interesatutako mezuen hartzaile soil eta erabat manipulatuak gara dagoeneko. Mugarri handi bat ezarri dute, eta esango nuke horren gainetik pasatzeko gaitasunik edo adorerik ez daukagula. Edo bai? •