Lotsarekin amaitzea helburu
Lau bortxatzaile urkatu berri dituzte Indian, 2012an gertatutako kasu larri baten eraginez. Batzuek berria ontzat hartu badute ere, Indiako Justizia Administrazioa eta Polizia bera ere aldaketa sakonen beharrean daudela agerian geratu da.
Indiako azken exekuzioen ondoren gehien entzundako hitza “justizia” izan da. Pozik agertu dira Jyoti Singh 2012an bortxatu eta eraildako neskaren familia eta New Delhi hiriburuko kartzelaren inguruan elkartu ziren manifestariak, zerbait aurreratu dutelakoan. Baina Asiako hegoaldeko estatua handiegia eta konplexuegia da benetako justizia epaileen erabaki bakar batekin lortzeko, nahiz eta bortxatzaileen zigorra exijitzen dutenen poza ulertzekoa den.
Pawan Gupta, Vinay Sharma, Mukesh Singh eta Akshay Thakur hilaren 20an urkatu zituzten Tiharreko kartzelan, New Delhin. 2012ko abenduan, 23 urteko emakume gazte bat taldean bortxatu eta hiltzeagatik heriotza zigorra ezarri zieten 2017an, kalean manifestarien presioak epaileak estutu ondoren, bestela atxilotu ere egingo ez zituzten-eta.
Agintariak estutu
Osasun ikasketak egiten ari zen emakume gaztea larri zaurituta geratu eta handik bi astera hil zen Singapurreko erietxe batean, jasan zituen torturen ondorioz. Ondoren, oso manifestazio jendetsuak egin ziren agintariak zerbait egitera behartzeko eta, horri esker, berehala atxilotu zituzten bortxatzaileak.
India feminizidoen fenomenoarekin ohituegia dago, baita zigorrik gabeko bortxaketekin ere, baina autobus batean gertatutako bortxaketaren kasuan zerbait aldatu zen. Gauza sakonen bat. Milaka lagunek kalean adierazi zuten beren haserrea eta azkenean Gobernuak krimenon aurkako legedia gogortzea erabaki zuen, heriotza-zigorra onartuta.
Nirbhaya izena jarri zioten hedabideek ikasleari, munduko herrialderik patriarkalenetako batean askatasunez eta “beldurrik gabe” (hori esan nahi du hitzak hindi hizkuntzan) ibiltzeko erabakia hartu zuelako. Oso garesti ordaindu zuen ausardia hori.
Bere kasuak sekulako mobilizazioak eragin zituen eta mugimendu feministak nabarmendu zuen indarkeria matxistaren aurkako borrokan inflexio puntua izango zela gertatutako guztia.
Orain lau bortxatzaileren exekuzioa iritsi da. Beste bat adin txikikoa zen bortxaketan esku hartu zuenean eta hiru urte giltzapean egin ondoren aske geratu zen; eta seigarrenak, berriz, bere buruaz beste egin zuen 2017an, bertsio ofizialaren arabera.
«Azkenean geure alabak justizia izan duelako pozik nago. Krimen honek herrialde osoa zuen lotsatuta. Gaur nazioak justizia lortu du», adierazi zuen kazetarien aurrean Asha Devi amak, “Times of India” egunkariak argitara eman zuenez. «Eskerrak eman nahi dizkiet botere judizialari zein Gobernuari», erantsi zuen emakumeak Tiharreko kartzelaren inguruan elkartutako manifestarien aurrean.
«Bertsio ofiziala»
Deigarria egiten da talde bortxaketa haren inguruko informazio guztietan ustez bere buruaz beste egin zuen bortxatzailearen egoera aipatzean, beti «bertsio ofiziala» idazten dela, ziegan benetan gertatutakoaren inguruan zalantzak eraginez. Ezaguna da agintari askoren egia estaltzeko joera eta Indiako informazioa eskaintzen duten kronistek oso gogoan dute ezaugarri hori. A ze kiratsa!
Narendra Modi Indiako lehen ministro ahalguztidunak, oportunismo ariketa trebea eginez, bat egin zuen biktimaren senideen sentimenduarekin: «Justiziak irabazi du. Emakumeen segurtasuna eta duintasuna bermatzea oso garrantzitsua da».
Agintariak badaki zer egin behar duen une bakoitzean onarpen-mailari eusteko. Martxoaren 8ko mobilizazioen harira, bere sare sozialetako kontuak Asiako herrialdeko «emakumeen zerbitzura» ipini zituen, “Berak inspiratzen gaitu” lelopean: Twitteren 54 milioi jarraitzaile ditu Modik, eta Facebooken beste 45 milioi. Gosetearen eta krisi klimatikoaren aurkako ekintzaileek, beren eskualdeetako produktuak saldu nahi dituzten enpresariek eta atentaturen bat jasan arren aurrera egiteko erabakia hartu duten gazteek agintariak eskainitako espazioa erabili zuten beren mezuak plazaratzeko. Eta Modiren onarpen maila, gero eta gorago.
India emakumearen aurkako bortizkeriarekin ohituegia dago eta giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeek esan dute lau exekuzio horiekin ez dela gauza handirik konponduko, herritarren erdiak jasan behar izaten duen indarkeriak ez duela behera egingo, eta Justizia Administrazioa ere salatu zuten, herrialdean erregistratzen diren milaka eta milaka bortxaketen aurka mugitu ere ez baita egiten.
Irakasle bortxatzailea
Justiziaren jarrera hori salatzeko oso mobilizazio aipagarriak egin izan dira Indian azken urteotan. Orain urtebete pasatxo, emakume batek 10.000 kilometro egin zituen India osoan gehiegikerien aurkako epaileen jarduera falta nabarmentzeko. Aishwarya ezizeneko alaba irakasle batek bortxatu zuen eskolako komunean hemezortzi hilabete lehenago. Hamabost urteko nerabeak bere buruaz beste egin nahi izan zuen eta pozoia hartu zuen. Medikuek salbatu zuten orduan, baina gaizki jarraitzen du.
Bortxatuaren ama New Delhi hiriburura iritsi zenean beste milaka herritarren babesa izan zuen. “Duintasunaren ibilaldia” deitu zitzaion ekimenari: Mumbain hasi zen 2018ko abenduaren 20an eta hiriburuan bukatu, iazko otsailaren 23an, Indiako 24 estatu zeharkatu ondoren.
Alabari egin ziotena beste inori ez egitea zen Puneeta Kumar ezizeneko amaren helburua, Indian urtero izaten diren bortxaketen erdiaren biktimak, gutxi gorabehera, adin txikikoak izaten baitira. Esanguratsua.
Irakasle bortxatzaile hark eragindako mina ez zen eraso sexualean amaitu, ama Poliziaren laguntza eskatzera joan zenean sufrimenduak okerrera egin baitzuen. Ez zioten salaketa onartzen eta berak bertako egunkarietara jo zuen. Bi egun geroago erregistratu zioten salaketa. Krimena paperetan agertu ez zedin, bortxatzaileak dirua eskaini zion familiari, milioi bat errupia (12.000 euro): «Guk ez genuen dirurik nahi, alabarentzat justizia baizik. Dirua hartuz gero, eskolara joaten diren beste neskatxa batzuei gauza bera egingo diete eta beren bizitza benetako hondamendia izango litzateke». Erraz ulertzen den logika: irakaslea zigorrik gabe ateraz gero, beste batzuk tankerako gauzak egitera animatuko lirateke. Onartu ez zuen diruak polizia zehatz batzuen eskuetan amaitu zuelakoan dago bortxatutako nerabearen ama.
Poliziak asko atzeratu zuen ikerketaren hasiera, hamar egun, eta oso garrantzitsu izan behar zuen medikuen azterketa egiteko agintzeko berrogei egun baino gehiago behar izan zituen. Erabateko ustelkeria nagusi, herritarren zerbitzura egon beharko luketen funtzionarioen artean.
Biktima, bakartuta
Okerrena zen erasoaren biktima eta ama sufritzen ari ziren bitartean, bortxatzailea kalean libre zebilela. Amak ate asko jo ditu, baina ez du lortu irakaslea giltzapean sar dezaten.
Gainera, bide luze eta zail horretan familia eta auzoko lagunak haserretu egin zaizkio, «mundu guztia» berak esan izan duen moduan; lana lortu ezinik ibiltzen da eta hitz egiteko ere ez zaio inor inguratzen. Bide berean beldurra ere galdu du, hori bai. Geroztik dozenaka eskola bisitatu ditu injustiziaren berri emateko, eta neskak abusuak salatzera animatzeko. Familiei, berriz, estigmaren beldur bortxaketarik ez ezkutatzeko eskatzen die.
Alaba, berriz, oso triste bizi da, ezertarako gogorik gabe eta zerbait ikasten hasi ezinik. Bortxatzailea kartzelara sartzen ez badute, bere buruaz beste egingo duela dio.
Jomugan oraindik
Iazko otsailaren amaierako mobilizazio hura historikoa izan zen, begirale askoren arabera. Bortxaketa modu guztietatik bizirik ateratako 25.000 lagunek 10.000 kilometro egin zituzten benetako India azalerazteko, Parlamentuari, Gobernuari eta gizarte osoari emakumeen aurkako indarkeria sexualari amaiera eman behar zaiola gogorarazteko, amaiera jartzeko exijitzeko. “Lotsarekin amaitu nahi dugu”, zioten protestaldiko ekintzaileek, lazo arrosa duten milaka beso jasotzen zituzten bitartean.
Lau bortxatzaile hil dituzte, baina horrek ez du esan nahi emakumeen eskubideen defentsa orain hobeto dagoenik India hiperpatriarkalean. Aste honetan bertan, joan den asteartean, hiriburuko Shaheen Bagh auzoan dozenaka emakume egiten ari ziren Herritartasun Lege berriaren aurkako kanpaldia desegin zuen Poliziak. 101 egun egin zituzten bertan manifestari ezerosoek, baina Modiren aldekoek ezin izan zuten protestaldia isilarazi. Orain bai, koronabirusaren laguntzarekin.
Pandemia dela-eta, Gobernuak makina bat jarduera debekatu egin ditu. Manifestari batzuek protestaldian jarraitu nahi izan zuten, gaitza zabaltzearen aurkako neurriak hartuta betiere, baina pertsona horietako batzuk atxilotu egin zituzten une batez eta ekintza bertan behera utzi behar izan zuten besteek. Lekukoek kontatu dutenez, poliziek protesta gogorarazi dezakeen edozein gauza suntsitzen zuten, baita Indiako mapa erraldoi bat ere. Modiren agintaldia hobeto deskribatzen du polizien txikizio lan horrek, manifestariek behartuta iritsi diren bortxatzaile bakar batzuen exekuzioak baino.