Xabier Izaga Gonzalez
ASILO ESKATZAILEAK

CEAR Euskadi arduratu da errefuxiatuen, aberrigabeen eta migranteen itxialdiaz

Koronabirus berriak denengan izan du eragina; hala ere, jende asko lehen ere egoera kaskarrean bizi zen. Nola eragin die horiei konfinamenduak? CEAR Euskadi asilo eskatzaileei, errefuxiatuei eta migranteei laguntzen dien erakundeko zuzendari Patricia Barcenarekin hitz egin dugu haien orainaren eta etorkizunaren berri jakiteko.

Arriskua ez ezik, ondorio nabarmenak ere ekarri ditu koronabirus berria munduan zehar hedatu izanak. Denentzako osasun arrisku eta ondorio latzak, baina baita kalte sozialak eta ekonomikoak ere, batez ere ahultasun egoeran daudenak kolpatzen dituztenak. Horien artean daude hain zuzen asilo eskatzaileak, errefuxiatuak, migratzaileak eta aberrigabeak, eta lehendik jasaten zuten prekaritatea areagotu egin da. Bada Euskal Herrian ere, etxean geratzeko aukerarik ez duenik, konfinatuta egoteko etxerik ez duenik.

CEAR Euskadik Espainiako Gobernuari eskatu dio baliabide ekonomikorik ez duten eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsona guztiei lehen harrerako sisteman leku bat emateko, salbuespen gisa, asiloa eskatzeko asmoa duen inor ere kalean gera ez dadin. Pertsona horien egoera erregularizatzea nahi dute lehenbailehen, administrazio publikoa geldirik dagoen honetan, pertsona horiek linbo legal batean geratu baitira. Halaber, Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetan pilatuta dauden pertsonak ere badira erakunde horren kezka. Diotenez, atxikitze horrek lehen ere ez zuen inongo zentzurik, eta orain are gutxiago, koronabirusaren ondorioz mugak itxi dituztelako eta pertsonak deportatzea ezinezkoa delako. Hori dela eta, erakunde ugarik zentro horietan dauden pertsonak askatzeko eskatu diote Gobernuari.

CEAR Euskadik 30 urte daramatza lanean gizaki guztien babes eta asilo eskubidea aitortzeko borrokan. Erakunde horretako langileek eta hainbat boluntariok errefuxiatuen, aberrigabeen eta migratzaileen eskubideak defendatzeaz gainera, horien garapena ere sustatzen dute.

Errefuxiatuak leku seguru batera heldu eta asiloa eskatzen dutenean, bizitza berri bat hasten dute, hutsetik. Haien erronka horrekin batera hasten da CEAR Euskadiren lana. «Iristen direnean, etxe bat izaten dute zenbait hilabetez, deskantsatzeko eta indarrak hartzeko; CEAR Euskadiren talde juridikoak asilo-eskaera bideratzen laguntzen die, eta prestakuntza, lana eta etxebizitza bilatzen laguntzen die. Halaber, hasierako etapa horretan behar duten arreta psikologikoa ematen die», dio Naiara Gutierrez CEAR Euskadiko komunikazio arduradunak.

Lagun horien eskubideen aldeko erakunde horretan eskuarki ez dute lanik falta, eta azkenaldion are gutxiago. Alarma egoeran, zentroetako eta harrera pisuetako arreta presentziala ahalik eta txikiena da, langile sozialak eta hezitzaileek beharrezko bisitak baino ez dituzte egiten, eta gainerako guztia normalean telefonoz egiten dute. Bide hori edo telematikoa lehenesten dute.

Konfinamendua

Patricia Barcena CEAR Euskadiko zuzendaria da. Tarte bat eskaini dio GAUR8ri alarma egoerak eta, beraz, konfinamenduak arreta ematen dien kolektiboarengan eta eurengan izan duen eraginaren berri jakiteko.

Asteotan oso jende gutxi dago bulegoan. Handia bada ere, gehienek etxetik lan egiten dute. Teknologiak menpean dituzte dagoeneko. «Lehenbiziko bi asteak eromena izan ziren. Denontzat izan da horrela, ezer prestatuta izan gabe harrapatu gaitu eta. Segurtasun neurriak, geneukan materiala berrikustea, leku bakoitzeko arrisku maila aztertzea, norbera babesteko ekipamenduak lortzea... Pentsa, beti eduki ohi ditugu baina normalean ez ditugu erabiltzen, eta bat-batean premia biziko gai bihurtu dira eta gogoratzen hasi behar izan dugu non dauden, zenbat ditugun, zer lehenetsi beharra dagoen bai bulegoan bai harrera zentroetan...».

Lehenengo astea protokoloak egiten eta behar zituzten gauzak eskatzen eman zuten. Gero, nola lan egin behar zuten antolatu zuten. «Jendea etxera joan zedila esan zuten, bai, baina lan egiteko bitartekorik ez duenak? Ordenagailua, wifia, pertsonen datuen babesa… Lehen bi asteak eromena izan ziren, baina batez ere antolakuntzari, protokoloei, alde guztiekiko negoziazioei zegokienez. Guk arreta eman nahi dugu, baina inor arriskuan jarri gabe».

Edonola ere, oso ondo egin dutela uste du, dena gutxi gorabehera berrantolatuta eta jende guztia arreta jasota dagoela. Kutsatze maila oso txikia izan dute, jende asko direla kontuan izanda. Izan ere, kasu bakar bat izan da, harrera etxe batean, proba egin gabe nabarmena zena. Gainontzean, sintoma arinen bat eta bakartzeren bat, prebentzio gisa.

Jende asko direla dio eta halaxe da: lehen harreran daudenak, aterpeetan, lagunen etxebizitzetan, hurrengo fasean daudenak, harrera pisuetakoak, autonomia fasekoak baina oraindik laguntza motaren bat jasotzen jarraitzen dutenak... Horiek guztiek 1.000 lagun inguruko multzoa osatzen dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik guztietatik zazpi edo zortzi bakartze kasu baino ez dira izan, eta ospitaleratutakorik gabe, ez arreta jasotzen dutenen artean, ez CEAR Euskadiko langileen artean.

Konfinamenduaren lehen egunetik jarri ziren abian, erakundeko integratzaileek aterpe eta harrera pisu guztietara joan ziren, zeuzkaten norbera babesteko ekipamenduak, maskarak eta gelak eskura jartzeko eta garbiketa aholkuak emateko. «Erabiltzaileek, egia esateko, harrituta utzi gaituzte, portaera bikaina izan dute denek. Izan ere, bizikidetza berez arazotsua bada, guretzat jada hala bada, ia ezagutzen ez duen jendearekin bizi denarentzat pentsa zer izan daitekeen, duela lau egun ezagutu duenarekin bizi denarentzat, zenbait kasutan hizkuntza bera hitz egin gabe… Baina oro har, garrantzirik gabeko gorabeheraren bat salbu, oso-oso ondo joan da guztia», dio Barcenak, oso pozik.

Hilabete bat ondo pasatuta, erlaxatuxeago daude, bai behintzat hasierako egunetako inor kutsatzeko beldurrak eragindako tentsioaren aldean.

Nola eragin dien

Asilo eskatzaileei, aberrigabeei eta migranteei larrialdi honek dauden etaparen etaparen arabera eragin die. Barcenak dioenez, ez daude berdin aterpe batean, behin-behineko leku batean dagoena eta pisu batean dagoena. Azkenak autonomia gehiago dauka, eta ibilbide bat eginda. «Oro har, hasieran beldur handiko momentuak izan ziren, gizarte osoan bezala, eta arauak ondo betetzeko ardura zegoen. Orain fase zailago batean sartu gara, dagoeneko nekea nabaritzen hasi baita, eta horrek bizikidetzari eragiten dio, batez ere jende asko bizi den guneetan. Hartara, Oñatiko eta Tolosako lehen harrerako zentroetan, esate baterako, CEAR Euskadiko talde osoek bertara itzultzeko asmoa daukate. Beti egon da gutxieneko zerbitzuetarako talde bat, baita bizitza atseginago egiteko ere, horregatik egon dira zenbait integratzaile dinamizatzen, baina orain denak itzuliko dira, txandaka, kutsatzerik izan ez dadin».

Hezkuntzari dagokionez, denbora honetan guztian online prestakuntza indartu dute zentroetan eta pisuetan, informatika ekipoak sendotu behar izan dituzte, dena eguneratu. «Ikastetxeak oso ondo portatu dira, gazteei jarraipena eginez. Pisuetan zailtasun gehiago izan dira, denek ez baitute ordenagailurik edo wifirik, baina oro har prestakuntzak aurrera jarraitu du. Orain lan gehiago egiten ari dira helduen prestakuntza indartzen, «egoera hau luzatzen bada ere».

Alde positiboa

Zentroetan barne elkartasun olatua sumatu dute; esate baterako, latinoamerikarrek Saharaz hegoaldekoei edo Ekialdeko lagunei laguntza eman diete gaztelania ikasten jarrai dezaten. Halaber, gaitasun asko azaleratu dira: «Puntua egiten dakien batek, esate baterako, poltsak egiten ditu eta beste lagun batzuei nola egin irakasten die. Lehen gela nagusiko pantailan futbola jartzen zuten gehienbat, eta orain elkarrekin gimnasia egiteko baliatzen dute. Alternatibak bilatzen dituzte egunez egunekoa arinago gertatzeko», dio elkartasun erakundeko zuzendariak.

Harrera pisuetan hori zailagoa da, baina integratzaileek jarduerak sustatzen ahalegintzen dira. Bestetik, Gurutze Gorrian boluntario dauden gazteak nagusiei erosketak eramaten dizkiete. «Elkartasun sare oso polit eta interesgarri batzuk atera dira agerira», nabarmendu du Barcenak.

Alde negatiboak ere baditu, jakina, berez negatiboa den egoerak. «Denbora igaro eta igarri egiten da. Bizikidetza gogorra gertatzen da, konfinamenduko bizikidetza, alegia, eta hori oso ondo zaindu beharra dago. Horretarako, gure taldeak adi egon behar du, eta horregatik pentsatzen ari gara denak itzultzea. Beharrezko zerbitzua garenez, ez dugu horretarako arazorik izango».

Asiloa ukatutakoan

Asiloa lortzeko zailtasuna hizpide, lagun horien aukerak Estatu espainolean daramaten denboraren araberakoak direla dio Barcenak. Saharaz hegoaldeko lagun askori eta oro har errefuxiatuei asiloa ukatzen diete. Venezuelarrei, berriz, babes baimen bat ematen diete arrazoi humanitarioengatik. «Horiei gutxienez alternatiba bat ematen diete, bizileku eta lanerako –azaldu du Barcenak–. Gainerakoei dagokienez, gu lanean ari gara eta egoera hau baliatu nahi dugu Gobernuari begira, arrazoi humanitarioengatik beste aukera bat izan behar dutela nabarmentzeko, nazioarteko presioarekin lotuta ez dagoen aukera bat; hau da, osasun egoerarekin, itzultzeko ezintasunarekin lotutako aukera. Saharaz hegoaldeko lagunak, esate baterako, ez dira itzuliko, ezingo dituzte kanporatu. Lehenik, mugak itxi dituztelako; bigarrenik, seguruenik epe ertain-luzera haien herrialdeetako asko gu baino baldintza kaskarragoetan egongo direlako prozesu birikoari dagokionez eta, beraz, ez dute osasun-segurtasun baldintza egokirik izango; eta, hirugarrenik, badutelako denbora bat Estatuan finkatuta eta horrek beste alternatiba batzuk emango dizkielako, gutxienez arlo juridikoan ibilbide osoa agortu arte. Errealitate horretatik abiatuta, guk erregularizazio bide alternatibo bat bilatzeko proposatu diogu Administrazioari, arrazoi humanitarioengatik, eta horretan ari gara lanean».

Estatu espainolean zenbat denbora eman duten aintzat hartu behar dute, indarrean dagoen araudiaren arabera zer lan aukera dituzten, lan eskaintzarik izan lezaketen aztertu eta atzerritar legean dauden finkatze edo erregularizazio bideak bilatu. Bide horiek oso korapilatsuak direla dio CEAR Euskadiko zuzendariak: «Ez da erraza, eta hori da babesa ukatzen dieten lagun errefuxiatu gehienek duten errealitatea. Atzerritarren legedira jotzen badugu, ez da erraza egoera irregularrean dagoen atzerritar baten egoera legeztatzea. Baliabide sozialei dagokienez, gauza bera, nazioarteko babesarekin lotutako harrera sistematik irten eta beste batera igaroko da, migrazioarenera, hain zuzen. Hori oso sistema badaezpadakoa da, baina nik uste dut krisi honek nabarmen utziko duela migrante kalteberentzako harrera sistema honen ahulezia».

Egoera horretan daudenei sostengua emateko badituzte zenbait harrera-plaza, Carmen Gandarias, Victor Tapia edo beste fundazio pribaturen baten laguntzarekin. «Lagun horiekin ibilbide bat egina genuen eta lanerako aukeren fasean zeuden, baina oztopo dute egoera dokumentala; beraz, denbora luzatzen jarraitu behar dugu eta horiei sostengu soziala ematen, bazterketan eror ez daitezen eta gizarte-sustraitzearen bidez beren egoera erregularizatu ahal duten momentura irits daitezen, normalean hiru urteko epean».

Bizi garen egoerak, asilo eskatzaileei, errefuxiatuei eta migratzaileei dagokienez, jendartean izan dezakeen eraginaz ere mintzo da Barcena. «Errefus efektua ere sortu liteke, bai, baina gerta litekeela badakigunez, kontua ez da hemengoa edo hangoa izatea nabarmentzea, baizik eta denok egoera berean gaudela, arrisku beraren pean eta elkarri lagundu behar diogula naziotasunik ez duten sareak sortuz». Dioenez, lagun atzerritar asko osasun zerbitzuaren esanetara jarri dira, egoerari aurre egiten laguntzeko. «Kontuan izan beharra dago gure nagusiak eta umeak zaintzen dituzten lagun gehienak atzerritarrak direla. Haietako askok zaintzen jarraitzen dute, segurtasun baldintzarik gabe, eta beste asko lanik gabe geratu dira, gu etxean gaudelako». Otxarkoagan, esate baterako, adineko askori mutil magrebtarrek eramaten dizkiete erosketak, «prentsan txitean-pitean maiseatzen dituzten horiek. Normaltasunera itzulitakoan, ez dakigula ahaztu inoiz ez garela izan honen berdinak».

 

«Borroka egingo dut eta noizbait zoriontsu izango naiz»

Gael Aduk ez ditu hogei urte bete eta duela hamar irten zen Boli Kosta bere sorterritik, aita hil ziotenean. Burkina Fasora joan zen, herrialde hartako emakume baten laguntzarekin. Duela hemezortzi hilabete iritsi zen Euskal Herrira, asiloa eskatu zuen eta, gehienei bezala, ukatu egin zioten orain aspaldi ez dela. Hori gutxi balitz bezala, osasun larrialdia hasi zen. CEAR Euskadiren harrera pisu batean dago, Bilbon.

Gauza asko egin ditu Gaelek azken urte eta erdian. Helduen Hezkuntzako ikastegi batean ikasten hasi zen, unibertsitate ikasketak egiteko asmoz. Afrikan ez zuen horretarako “zorterik” izan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen maila gainditu du, eta ikasgaiak ondo ulertzen ez dituzten ikaskideei laguntza ematen die klasetik kanpo. Horrez gainera, sukaldaritza ikastaro bat ere egiten hasi zen, konfinamenduak eten ziona. Bestetik, futbolaria da eta iaz Basauriko Baskonian jokatu zuen.

Gael ez da etxetik ateratzen, baina horrek ez du esan nahi geldi dagoenik. «Nire gauzak adierazteko zerbait behar nuen eta Instagramen orrialde bat zabaldu nuen». Afrikako sukaldaritzako errezetak eskaintzen ditu bertan, eta ez du jarraitzailerik falta. Azalpenak eta plater gehiago eskatzen dizkiote. Horrek adore ematen dio.

Asiloa ukatuta, lana du lehen premia. Lana lortuz gero, pisu bat parteka lezake lagunen batekin. Izan ere, garrantzitsua da pisua, «buruari atseden emateko, ondo pentsatu ahal izateko, beldurrik gabe lo egiteko...». Oraingoz, kanporatzeko aginduaren aurkako helegitea jarri behar du, baina harrera pisua utzi beharko du. Udalera jotzeko esan zioten eta hala egin zuen, gizarte-laguntzaile batekin hitz egiteko; hitzordua zuen, baina bertan behera geratu zen konfinamendua dela eta.

Kezkatuta dago, adoretsu agertu arren: «Ni beti bizi izan naiz kalean, niretzat ez da kontu berria, eta dakidan guztiarekin, ikasi dudan guztiarekin, ez naiz lur jota geratuko. Hala tokatzen bazait, kalean geratuko naiz, baina aurrera segituko dut. Ikasten jarraitzen ahaleginduko naiz, eta futbolean...».

Behin baino gehiagotan galdetu izan diote egoera latzenetan ere nolatan egoten den adoretsu eta burua gora. «Txikitatik familiarik izan ez dudanez, nire bizimodua bilatzea izan da, zerbait hobea bilatzea». Eta bilatze horretan indarra eta gogoa behar dituela dio. «Bizimodu zaila izan dut, eta hona iritsi nintzenean gauza berriak, gauza hobeak hasi beharra neukan». Aukera hori zeukala uste zuen, behintzat, eta denborak esango dio lan egiteko gogoz dagoenarentzako aukerak eskaintzen dituen mundura iritsi den. Badaki bere etorkizuna guztiz baldintzatzen duten lege batzuk daudela. «Nik gauzak egiteko gogoz nagoela, ez naizela alferra ikusten badute, beharbada aurrera ateratzen lagundu diezadakete. Asiloa ukatu zidatenean, oso gaizki pasa nuen. Nire ametsak behea jo zuen. Lan egin nahi nuen ikasketak ordaintzeko…».

Estatutik ateratzeko agindua eman ziotenean, «bizitza luzea dela pentsatu nuen, eta nik oinak ditudala, oinez ibil naitekeela, eta beste gauza asko. Hemen gelditzen ez banaiz, iparralderantz segituko dut, gora-gora, bizitzak naraman lekuraino, borroka egingo dut eta egun batean zoriontsu izango naiz».

Solasa amaitu baino lehen, eskertze batzuk egin nahi lituzkeela dio Gaelek. CEAR Euskadiko lagunekin oso momentu onak igaro dituela dio, eta horiez gainera, gogoan ditu lagundu dioten zenbait lagun ere, hala nola David sendagilea eta haren lagun Juan, SOS Tarifa taldea eta Arrigorriaga Harrera.