Covid-19a, teknologia eta generoa
Digitalizazioaren joera gorakorra eta iraunkorra ez da ez berria, baina covid-19ak sortutako krisian egin den teknologia digitalaren erabilpenak digitalizazioak gizarte inklusiboak eta bidezkoak sustatzeko duen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, arrakala digitalak berebiziko garrantzia hartu du, norbanakoek dituzten aukeretan eta komunitateetan sartzeko gaitasunetan eragiten baitu zuzenean.
Covid-19ari emandako erantzunek teknologia eskura dugunon artean kezka handia sortu dute pribatutasunaren eta kontrolaren inguruan, baina, horrez gain, agerian utzi dute arrakala digitalak, alegia, teknologia eskuratu eta erabiltzeko oztopoek, desberdintasunak areagotu egiten dituztela.
Telefono bidezko konektibitateak eta Interneteko sarbideak guztientzat funtsezko eskubide izan beharko luketen arren, gaur egun pribilegioak dira. Izan ere, neskek, emakumeek eta talde baztertuek teknologia eskuratzeko aukera gutxiago dituzte. Hori bazen desabantaila larria krisi honen aurretik ere, baina, orain, covid-19aren pandemiak eguneroko bizitzako hainbat alderdi Internetera mugitu dituenez, konektibitate gabezia hori are larriagoa bihurtu da. Internet luxuzko tresna izatetik ezinbesteko tresna izatera igaro den arren, munduan 3,6 mila milioi lagunek ez dute oraindik konexiorik. Desberdintasun digitalek gizartean oro har dauden desberdintasunak eta bereizkeria islatzen dituzten neurrian, pribilegio gutxien dituztenak dira konektibitate txikiagoa dutenak.
Diru-sarrera txiki eta ertaineko herrialdeetan, 433 milioi emakume ez daude konektatuta. Herrialde askotan, mutikoek 1,5 aldiz joera handiagoa dute telefono bat edukitzeko neskatoek baino, eta telefono adimendunak izateko joera ere, handiagoa da mutilen kasuan.
Gainera, hainbat ikerketak nabarmentzen dutenaren arabera, emakumezkoek, teknologia digitalak erabili arren, probabilitate gutxiagorekin dakite haien Interneterako sarbidea den gailuak eskaintzen dituen baliabide guztiak erabiltzen. Adibidez, Indian, telefono mugikor bat duten emakume gehienek egiten dakiten gauza bakarra deiak erantzutea da.
Egoera horrek esparru askotan jartzen ditu desabantailan emakume eta talde baztertuak. Adibidez, krisia dela medio hazten ari den lineako merkataritzatik eta diru mugikorretik, ekonomia digitaletik alegia, erabat baztertuta geratzeko probabilitate askoz handiagoa dute. Besteak beste, esku-dirua transferitzeko funtsezko programak ez dira iristen haiengana krisi garaian.
Horrez gain, jakina da itxialdiaren ondorioz milioika neska-mutil, emakume eta genero guztietako pertsona zaurgarrik jasaten duten itzaleko indarkeria handiagotzeko arriskua dagoela alde batetik, eta bestalde, laguntza jasotzeko aukerak mugatuagoak direla. Pertsona horientzat, teknologia defentsarako bide bat izan daiteke, bai geolokalizazio funtzioa duten berehalako mezularitzako zerbitzuen bidez, bai doako abusu-lineetara deituz, bai horretarako bereziki diseinatutako aplikazio diskretuak erabiliz. Baina telefonorik ez dutenentzat edo erabiltzen ez dakitenentzat, baliteke zerbitzu horiek ez egotea edo atzitzeko zailagoak izatea.
Egoera honetan, Interneterako sarbidea giza-eskubidea izan dadin konektibitate unibertsalaren alde borrokatu beharko genuke. Pertsona gehienak gailu mugikorren bidez sartzen direnez Interneten –batez ere diru-sarrera gutxiko herrialdeetan–, gobernuek eta gizarte zibilak ordaindu ezin dutenentzat Interneterako doako sarrera edo sarrera merkea eskatu beharko liekete sare mugikorren operadoreei eta Interneteko zerbitzu-hornitzaileei.
Garapen iraunkorraren helburuak lortu eta inor atzean ez uzteko, konektibitateaz gain diskriminaziorik gabeko alfabetatze-digitala behar da. Haurrei eta emakumeei baliabide digitaletarako sarbidea ematea, bai eta horiek diseinatu eta erabiltzeko ezagutza, prestakuntza eta konfiantza ere. Horrek bermatuko du gero eta mundu digitalago batean baztertuta ez egotea.
Bidegurutze batean gaude: koronabirusaren krisiak genero-arrakala digitalaren eragin okerrenak sendotzen utz dezake edo krisia erabil dezakegu milioika neska eta emakume linean egon daitezen lortzeko. Jarduteko unea orain da. •