Miren Azkarate Badiola

Mezuak irauli

Ez sartu eskuak poltsikoetan, ez jarri sudadera bat, ez atera kamiseta gabe, izan beti zure jendea gertu, ez atera berandu, ez atera inoiz dendatik erositakoaren tiketa gabe txikle pakete ziztrin bat bada ere, ez erakutsi inoiz zu eta beste baten artean arazorik dagoenik, ez atera inoiz etxetik zure identifikazio txartelik gabe, ez gidatu inoiz maukarik gabeko kamiseta batekin, ez jarri buruan txapelik edo zapirik, ez begiratu emakume kaukasoar bat, polizia batek atxilotzen bazaitu kasualitatez ez erantzun eta berak dioena egin, atxilotzen bazaituzte ez eskatu haien identifikazio zenbakia ez beste ezer…».

Sareetako bideo batean entzun nituen hitzok. Momentuan konturatu nintzen askotan entzun ditudan gomendio edo arauak zirela, batzuk berdin-berdinak eta besteak testuingurua eta pertsonaiak aldatuta baina esaldi berberak. «Ez jantzi minigona inor probokatu nahi ez baduzu, kamiseta hori aldatu eskote handia duela, ez iritsi berandu etxera, etorri ezagun batekin, ez hitz egin ezezagunekin, ez ireki etxeko atea inori, ez erresistitu: utzi egiten bestela okerragoa izango da...».

Beldurrean eta desorekan eraikitako harremanak oinarri dituen mundu batean bizi gara. Zergatik ez ditugu mezuak norabidez aldatzen? Hau da, zergatik ez dizkiegu gure haur zuriei eta mutilei bereziki txikitatik berdintasun, elkartasun eta errespetuan oinarritutako mezuak erakusten? «Ez eraso inori, inor ez da bestea baino gehiago, errespetatu eta zaindu zure ingurukoak, zailtasunak dituenari laguntza eskainiozu, behar duenari eman, jantzi dadila eta ibili dadila nahi duen bezala, gauaz gozatzeko aukera guztiona da...». •