> Urdaibai Bird Center, gaurtik zabalik

Ez dira hilabete errazak izan naturarekin gozatzeari begirako proiektuentzat. Hala ere, Urdaibai Bird Centerren pozik egoteko sobera arrazoi dituzte. Zentroa itxita egon bada ere, paduretan kokatutako kamerek jasotzen dituzten zuzeneko irudiak eskaini ahal izan dizkiote publikoari webgunearen bitartez, eta 180.000 bisitatik gora izan dituzte.

Toki askotako konexioak izan dituzte, baina Katalunia, Madril eta Bilbo Handiko bizilagunak izan dira «jarraitzaile fidelenak», ohar batean zehaztu dutenez. Argi dagoena da irudi eder horiek konfinamendu gogorreko egunetan gozagarri izan direla lagun askorentzat, eta ahalegin handia eskatzen duen egitasmoarekin jarraitzeko asmoa agertu dute.

Hala ere, zentroak aurrez aurreko bisitak berreskuratu behar ditu, eta iragarri dute segurtasun neurri eta protokolo guztiekin egingo dutela irekiera.

Irekierak berrikuntza bat dakar: «Urdaibaiko Erreserbak dituen zenbait mirari» biltzen dituen «erakusketa harrigarri» bat. Aurreratu dutenez, «hegaztiak ez ezik, erreserbak eskaintzen duen biodibertsitatearen adibide paregabeak» erakutsiko ditu ekimen berriak. Besteak beste, «Saharaz hegoaldeko Afrikatik datozen mokozabalak, gorteatzen dabiltzan arrano arrantzaleak, paduran ugaltzen ari diren zankaluze dotoreak eta egunero inguruan dabilen azeri bat» aurkituko dituzte bisitariek.

> «Erribera» eta «Agur Jaunak», Iruñeko Orfeoiak Sadarri

Ehun urtetsuko bi erakunde, Iruñeko Orfeoia eta Osasuna, ohi ez bezalako kontzertu batean elkartu dira asteon, Sadar zaharrari azken agurra egiteko. Irudiak Iruñeko abesbatzaren musika bezain hunkigarriak dira.

Ezohiko agertoki berezi horretan, Iruñeko Orfeoiak kontzertu berezia eman du, distantziak eta maskarak direla eta. Ordu erdiz, Orfeoiak abesti herrikoiak interpretatu ditu, hala nola “Agur Jaunak” eta “Erribera”. Gorritxoen klubeko zuzendaritzak bakarrik ikusi ahal izan du zuzenean kontzertua, baina Osasunak zabaldutako bideoa memorian eta historian grabatuta geratuko da.

> Arrakala teknologiko sexista samurtzeko bekak

Bigarren urtez segidan, Sarralle industria-ingeniaritza taldeak Sarralle Grow izeneko beka programa abiatu du datorren ikasturtean unibertsitate ikasketak zientzien adarretan egitekoak diren emakumeentzat. EAEn bizi eta 18 eta 25 urte bitartean izan behar dituzte bekak eskuratu ahal izateko. Ikasturte bakoitzeko 1.000 eurokoak dira laguntza horiek.

Programa horrekin gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa txikiagotu nahi du Sarrallek. Gaur egun, lau emakumetik batek soilik hautatzen ditu unibertsitate ikasketa zientifikoak. Sektore horietan emakumeen jarduera tasa gizonena baino askoz apalagoa da, askotariko arrazoi kultural eta sozialak direla eta; halaber, postu kaskarragoak izaten dituzte.

> «Los Angeles Times», Centro Basco euskal jatetxeaz

Koronabirusaren krisia dela eta, Chino hiriko jatetxe honek ateak zabaldu ezinik jarraitzen zuen duela egun batzuk, eramateko zerbitzua baizik ezin baitu egin. 1940az geroztik zabalik, Behe Nafarroako jatorria duen Berterretche-Helton familiak 1970tik aurrera darama Centro Basco, hiriko jatetxerik zaharrena. “Los Angeles Times” egunkarian, Patricia Escarcega gastronomia kritikariak idatzi du Kaliforniako Chino hiriko Centro Basco euskal jatetxearen etorkizun ilunari buruz, koronabirusaren krisiaren ostean aurrera ateratzeko modurik izango ote duen ala ez zalantzaz josita. Aste Santuko Domekako afaria bertan behera laga zuen euskal jatetxeak, 1940an atea ireki ostean lehen aldiz. «Gugana sarritan eta aspalditik datozen horientzat etsigarria suertatu zen afaria bertan behera geratzen zela jakitea», dio Bernadette Heltonek, bere anaia Joseph Berterretcherekin batera euskal jatetxeko buruak.

> Maialen Gurbindo nafarra, «OT» telebista saiotik kanpo

Finalean sartzeko zorian zegoen Maialen Gurbindo musikari nafarra. Hala ere, Chica Sobresalto izen artistikoarekin etorkizun oparoa izango duela pentsa daiteke, publikoak oso gustuko baitu eta disko berria prestatzen ari baita. Anne akademiako ikaskidearekin batera Operación Triunfo saioan euskara defenditzeagatik pasako da historiara. Izan ere, aurtengo edizioa hastean bi euskaldun zeuden, Anne Lukin eta Maialen Gurbindo nafarrak, eta elkarrekin jarri zituztenean, Ken Zazpiren “Ilargia” abestia kantatzea eskatu zuten, euskaraz kantatzea zenbat gustatuko litzaiekeen adierazita. Saioa sortu zenetik euskaraz kantatzen zen lehen aldia izan zen.