Nerea GOTI
ETXEA DENERAKO DENEAN

Itxialdiak etxearen kontzeptura aldaketak ekarri ditu, batzuk geratzeko etorriak

Etxeari begiratzeko beste modu bat dago, lanbidez, eskolez, kirolaz eta aisialdirako jarduerez bete zenetik. Litekeena da horietako asko aldi baterako geratzea, baina agian unea ere bada eredu alternatiboei ekiteko, Jon Ander Agirre arkitektoak dioenez. Ekain Olaizolarekin batera, konfinamendua marrazteko deia luzatu du.

Martxoaren 15a hainbat belaunaldiren bizitzetan eta historian bertan mugarri bilakatu da dagoeneko, aurreko bizitza eta ondorengoa marrazten duen egun. Egun hartan covid-19aren inpaktuari aurre egiteko itxialdia agindu zen Hego Euskal Herrian, ordura arte aurrekarik gabeko konfinamendu zorrotza ezarriz. Egun batzuk geroago hasi eta apur bat malguagoa izan zen itxialdia Ipar Euskal Herrian. Bizimoduan aldaketa nabarmenak ezarri ziren egun batetik bestera, eta, horiekin batera, espazioei begiratzeko beste era bat ere heldu zen. Betiko espazioen pertzepzioa goitik behera aldatu zen bat-batean.

Azken boladan askotan gogorarazi dira gaixotasunek historian zehar arkitekturan eta hirigintzan eragindako izugarrizko aldaketak. Gaitzak zabaltzen zituzten bakteria eta birusen aurkako borroka haietako askok ekarri zituzten ur garbia hornitzeko sistemak, hirietako saneamenduak, kaleen zoladura, etxeetan pilatzen zen hautsa edota arratoi plagak ekiditeko sistema berriak… Horiei esker, eraikinak eta kaleak “osasungarriagoak” bilakatzen joan dira gutxika-gutxika, gaixotasunak kutsatzeko arriskuari aurre egiten zioten elementu eta diseinu berrien eskutik. Oraingoan, covid-19aren pandemian, nagusiki haizearen bidez kutsatzen den birusa izanik, gure inguru arkitektonikoan ondorioak ez dira oraindik hain ikusgarriak izan, baina jada aldaketa handi bat eman da etxeetan: pribatutasun kontzeptuarekin lotutakoa, zehazki.

David Garcia arkitektoak egoera berria deskribatu zuen BBC katean. Azaldu zuenez, «lehen aldiz, eta, modu globalean, gure etxeko esparruari buruzko ikuspegi berri bat esperimentatzen ari gara. Izan ere, goizetik gauera, etxea gimnasio, eskola, lantoki, gogoeta eta hausnarketa eremu edota lagunekin elkarreragiteko espazio bilakatu da».

Konfinamendua marraztu

Euskal Herrian konfinamenduaren bizipena kontatzeko ariketetako batek marrazki formatua hartu du, “Covid Study Houses” ekimenari esker. Jon Ander Agirre eta Ekain Olaizola arkitektoek bultzatu dute egitasmoa. «Egun batetik bestera, milaka milioi lagun etxean konfinatu behar izan dira. Hau da, etxea 24 orduz behar guztiei erantzuteko espazio bakar bilakatu da», planteatu zuten ekimenaren bultzatzaileek, eta, hortik abiatuta, etxeen erretratuak marraztea eskatu zuten, «konfinamenduaren mapa kolektiboa osatzeko».

Twitter eta Instagram bidez deialdia egin eta 200 marrazkitik gora jaso dituzte arkitekto donostiarrek, Euskal Herritik eta nazioartetik, marra zuzenekoak eta trazu gogorragokoak; norberaren logelak, sukaldeak, egongelak… irudikatzen dituztenak, kolorez beteak batzuk eta zuri-beltzean besteak. Marrazki bakoitza segundo batzuez aztertzea etxe batean sartzearen parekoa da, konfinamenduaren espazio intimora hurbiltzeko ariketa xumea, gozoa, naturala.

«Barneko bultzada»

Itxialdiaren erdian sentitutako «bareneko bultzadak» eraman zituen ekimenaren sortzaileak “Marraztu zure konfinamendua” proiektua martxan jartzera. «Ekain hasi zen ideiarekin. Oso barneko bultzada bat abiapuntu hartuta, jendeari bere konfinamendua marrazteko eskatu zion, konfinamenduaren irakurketa bat egiteko, kasu honetan, plano batean islatuz», azaldu du Jon Ander Agirrek hasierako une haiek gogoan.

Berehala ikusi zuten bultzada horri erantzuten zioten lagun asko zeudela. «Iritsi diren marrazkiak 200 baino gehiago dira. Gure hurbilketak intentzio jeneralista bat zeukan, ez ikuspuntu arkitektoniko bat», zehaztu dute arkitektoek. «Batzuek kristoren planoak bidali dituzte, baina gure asmoa inoiz plano bat marraztu ez dutenak ere ekimenera hurbiltzea zen, gogoeta edo ariketa hori egitea», argitu dute. Horregatik, oso profesionalak ziren marrazkiak alde batera utzi eta arkatza eta papera hartuta egindakoak jarri dituzte lehen planoan, euren etxeetako irudiak eta bizimoduak marraztu dituzten horien ekarpenei eman diete lehentasuna.

Lehen begirada batean agian ez, baina marrazkiek informazio ugari ematen dute. Agirrek nabarmendu bezala, «denetarik» dago irudietan: abereen joan-etorriak marraztu ditu batek, eguzkiaren norabidea islatu nahi izan du beste batek, desinfekzio protokoloa zorrotz jaso du beste batek...

Askotariko begiradak jaso dituzte, eta, Agirrek nabarmendu bezala, batzuetan gurasoek plano bat marraztu eta ondoren umeek espazioen gaineko euren ikuspuntu propioa islatu dute, adibidez, euren logela detaile gehiagorekin marraztuz, seguruenik jolaserako erabiltzen duten telebistaren eta sofaren arteko espazio zabala irudikatuz… Horrelako ekarpenek, une horretan «norberak bere etxeaz egiten duen irakurketa zein den jasotzen dute», nabarmentzen du arkitekto donostiarrak.

Konfinamenduak, berez, etxeen inguruan sor daitezkeen irakurketa asko jarri ditu mahai gainean. Erabilera zehatz bat zuten espazioek bestelako erabilera ugari izan dituzte konfinamenduan zehar. Sukaldeak ez dira soilik sukalde izan eta, era berean, logelak eta egongelak lo egiteko edo egoteko eremu baino askoz gehiago izan dira. Bat-batean espazio horiek eskolak hartzeko ikasgela bilakatu dira, gimnasio txiki, Skype bidezko komunikazioak mantentzeko gune, lan egiteko toki... Azken batean, unean uneko beharrei erantzunez egokitu behar izan dira.

Arrakala sozioekonomikoa

Etxe guztiek antzeko bilakaera izan dute konfinamenduan zehar. Izan ere, guztiek hartu dituzte eskola orduak, lanbide ugari, forman mantentzeko saioak, gaixoen zaintza lanak... Aldiz, konfinamendua ez da etxe guztietan berdina izan, ezta gutxiago ere. Argiztapen ona izatea, erosotasun termikoa, balkoiak bezalako kale giroko guneak izatea... funtsezkoa izan da itxialdi oso ezberdinak marrazteko orduan.

«Gure ariketa ez da oso sakona zenbait puntutan. Izan ere, ezagunak badira ere konfinamendua oso espazio murritzean edota gela batean pasatu duten familien kasuak, ez ditugu horrelako adibide asko jaso. Hori bai, tankera horretako planteamenduren bat ikusi dugu, adibidez Londresen pisua partekatzen zuten ikasle batzuek egindakoa», aipatu du Agirrek.

Jasotako marrazkiak herrialde bakoitzean dauden etxeen prototipo nagusien erakusle ere badira. Estatu espainolekoaren kasuan, ekarpen gehienak pisuetan bizi diren lagunek egindakoak izan dira, landa eremuko oso marrazki gutxi jaso baitituzte. Mexikotik eta beste leku askotatik heldutako marrazkien eskutik, aldiz, argi ikusi dute etxeen diseinuari dagokionez «beste logika batzuetan» daudela.

Lanak etxeak aldatuko ditu

Konfinamenduaren osteko errealitate berria buruan, etxeetara zer aldaketa etorri diren gelditzeko galdetu diogu Jon Ander Agirreri. Bere ustez, «aldaketa nagusia lanaren ikuspuntutik etorriko da». «Lana etxeetan sartu zaigu eta zail izango dugu ateratzea. Dinamika batzuk nagusitu egingo dira seguruenik», aipatu du. Etxeak ez daude lanerako prestatuta, ez dute lan egiteko berezko espaziorik, baina, hala ere, «psikologoa edo fisioterapeuta bazara, agian pentsatu egin beharko duzu ea posible den etxean lan egiteko gune bat atontzea, etxeak erabilera hibridoa izatea, ez izatea soilik pribatutasun eta familia espazio itxi bat».

Zenbait diseinatzailek bide horretan ikusten dute hurrengo joera nagusia, eta ari dira aurreratzen zenbait espaziok dimentsio berri bat hartuko dutela. Adibidez, sarrerak izan ohi duen harrera funtzioan ikusten dituzte aldaketak. Pandemiaren eraginez, etxera sartzeko zapaldu beharreko lehen eremua kutsatzeak saihesteko gune gisa prestatzea planteatzen dute, kalean erabiltzen diren elementuak bertan uzteko birusari aurre egiteko neurri modura.

Espazioen gaineko gogoeta

Hala ere, espazioak zehazteaz gain eta pandemiatik harago, Estatu espainolean hirigintza modeloaren inguruko eztabaida falta dela uste du Agirrek. Egun, etxebizitzak aztertzeko elementu nagusiak prezioa, kokapena eta estandar finkoetan mugitzen diren espazio banaketak dira, logela eta komun kopurua adibidez. «Arkitekturaren berrirakurketa oso zabala egin da, baina, gero, aldiz, aplikazioa eskasa izan du. Izan ere, egungo araudi guztiak frankismotik datorren familia eredua dute ardatz, pisu formatu errepikakor bat da nagusi, logika espekulatibo baten emaitzen dena... Sarrera edo biltegiak, adibidez, egungo familien logikatik ateratzen diren estantziak dira eta horregatik bestelako espazio bilakatzen ari dira».

Agirrek gaineratu duenez, bizigarritasun araudi berri bat egiteko planteamendua dago orain, baina justu erakustaldi publikoko fasean egon da konfinamenduan, «eta ematen du ez dagoela gogo gehiegirik aldatzeko. Lege horrek baditu aurrerakoiak diren hainbat neurri, baina eskas geratzen da eta pena bat da kanpoko espazioen inguruko gogoeta indartsuagoa ez izatea».

Ingurura begira, Agirrek aipatu du bistakoa dela hirietako zabalgune berrietan balkoirik ez duten etxe tasatuak eta kristoren terrazak dituzten promozio pribatuko etxebizitzak nagusitzen ari direla. «Askotan uste da arkitektoek definitzen ditugula etxeak, baina oso baldintzatuta gaude araudiekin: promozio bakoitzak ezartzen ditu zenbat etxebizitza, zenbat logeletakoak... egin daitezkeen. Familia ikuspegitik ikusita, ez dago irekitasunik».

Eredu berritzaileen ikuspuntutik, Katalunian edota Madrilen martxan dauden proiektu batzuk aipatu ditu Agirrek. Horietako bat La Borda izeneko egitasmo katalana da. “Etxebizitzak eraikitzen ditugu komunitatea eraikitzeko” da proiektuaren lelo nagusia. Helburu nagusien artean planteatzen dituzte «etxebizitza duinak eta eskuragarriak bermatzea eta erabilera espekulatiboak saihesteko alojamenduaren desmerkantilizazioa».

Etxe kooperatiboen eredua

Aldaketa berritzaileek ez dute erraz izango bidea egitea. Covid-19aren osteko “normaltasun berrian” aldaketak egiteko erresistentziak ikusten ditu arkitekto donostiarrak. Aipatu du dagoeneko aldaketa batzuk eman direla mugikortasunarekin lotuta, lanera industrialde edo hiriguneetara ezinbestean mugitzeko beharrari dagokionez adibidez. «Bilbon edota Donostian bizi eta Gasteizera lanera joatea... Arlo horretan uste dut gauzak asko aldatuko direla etorkizunean telelanaren etorrerarekin», nabarmendu du. Aukera bat ere izan daitekeela uste du, «azken hamarkadetan gailendu den mugikortasun totalaren aldeko joera zuzendu eta hurbiltasuneko hirigintza eta mugikortasuna ardatz izango dituen eredu baten alde pausuak emateko».

Agirrek azaldu duenez, «mugikortasunari eta hirigintzari dagokienez, higiezinen espekulazioak erro indartsuak ditu nagusi den sistema ekonomikoan. Egoera aldatzen saiatzen ari gara, baina erresistentzia handiak izango dira indar ekonomiko handia duten holding eta enpresen aldetik. Ikusiko dugu horien aurrean herritarrek zer-nolako bultzada egin ahal duten, zer posizio hartzen duten borroka horretan, ea zerbait aldatzea lortzen den edo denak berdin jarraituko duen...».

Etxebizitza eskubidearekin dagoen arazoa, Agirrek nabarmentzen duenez, «endemikoa da Estatu espainolean». Arestian aipatutako Bartzelonako bezalako eredu ez espekulatiboek zailtasunak dituzte aurrera egiteko, baina egon badaude etxebizitza kooperatiboan lan egiten duten ekimenak. Horietako bat Donostian bertan martxan den Abaraska proiektu kooperatiboa da.

Egitasmo horren bultzatzaileen artean dago Jon Ander Agirre. Lau urte dela jarri zen abian Donostian «eredu indibidualistatik at» dagoen proiektua. «Ohiko familia ereduaren aldean, bizitokia zaintza, denboraren ekonomia, ekonomia erreproduktiboa eta beste hainbat aspektu modu politikoan ulertzeko eta lantzeko espazio gisa» ulertzen du egitasmoa.

Etxebizitza kooperatiboen inguruko ekimenak batzen dituen Euskal Herria Sarea ere aipatu du Agirrek. Oro har «udalek nahiko jarrera hotza» duten arren, pixkanaka-pixkanaka horrelako ekimenak bidea egiten doaz. «Poliki, zailtasun handiekin eta ahalegin pertsonal ikaragarriarekin baina gailentzen joango den eredua izango da».

Izu faktorearen eragina

Aurreko pandemiei begiratuta, adituek gaixotasunek arkitekturan eta hirigintzan eragin dituzten aldaketa modernizatzaileetan jartzen dute fokua. Agirreri burura etortzen zaion lehen gakoa pandemiek gizarteetan sortzen duten izuarekin du zerikusia. «Pandemiek izua sortzen dute eta beldurra jendearen kontrako tresna indartsua» izan daitekeela uste du.

Historian zehar sortu diren pandemien inguruan «higienizazio logika horretan» gizartearen aldaketa handiak eragin direla nabarmendu du, «baina ez beti gizarte sektore guztien onerako». Ildo horretan, ezkutuko beste intentzio ekonomiko batzuk bilatzen zituzten hirigintza operazio oso handiak bultzatu izan direla gogoratu du.

«Hasierako fase batean gaude oraindik, baina iruditzen zait horrelako pandemiek izu orokortua sortzen dutela eta horren inguruan munstroak eraikitzen direla», komentatu du. Agirreren ustez, «gakoa izua da eta botereak nahi dituen aldaketak egiteko erreminta bezala erabiltzen du».

 

Batzuek lursailtxoa edo baserria nahi dute, baina «eromena» alokairuetan dago

Derrigorrezko etenaldiaren ondoren erritmoa hartzen ari diren higiezinen agentzietan zenbait aldaketa nabaritzen ari dira normaltasun berria izeneko honetara itzultzean. Sektorean gauzak ez daude ondo, baina une honetan inorentzat ez dira errazak eta tokatzen dena da «egoera berrira egokitu eta jendeak dituen beharrei erantzuten saiatzea». Horixe da Etxebila agentziako Itziar Goienetxeak utzi nahi duen mezu baikorra. Dioenaren arabera, covid-19ak eragindako konfinamenduak eskaera berriak ekarri ditu higiezinen agentzietara. Bezero batzuk lursailtxoak eta balkoi handiagoak dituzten etxeen bila hurbildu dira orain, baina «eromena» alokairuen atalean dagoela dio. «Ez dago ia ezer eta jendea desesperatuta dago».

Bistakoa da itxialdia ez zela berdina izan argiztapen eta aireztapen oneko pisu zabaletan bizi direnentzat eta patiora baino ematen ez duten balkoirik gabeko pisu txikietan bizi direnentzat. Horregatik, ziurrenik, higiezinen agentzietan beste gauza batzuk entzuten hasi dira egunotan. Goienetxeak kontatzen duenez, ez dute lehen zuten jarduera maila berreskuratu oraindik, «baina mugimendua egon badago». Agentziara sartzen direnen artean etxea bilatzen duten gazteak dira multzo handiena, 40 urte inguruko adin tarte horietakoak, eta ikusi dute pandemia aurretik ez zegoen beste mugimendu bat lursailtxoren bat bilatzen dutenen artean edota pisua saldu eta baserri bat eskatzen dutenen taldean.

Hala ere, Goienetxeak dioenez, apartekoa dena alokairuaren arloa da. Dioenez, eskaera oso handia da, eta eskaintza txikia eta garestia. «Ez dago ia ezer eta eskaera izugarria da», komentatu duenez. Egoeraren adibide modura aipatu du ikasleentzat bereziki zuzenduta sortzen diren eskaintzetan ikusi dutela publizitatea agertu eta segituan 50 dei inguru jasotzen dituztela. «Jendea desesperatuta dago alokairuarekin, egoera hain larria da ikasleentzako etxeetan sartzeko eskatzen digutela, baina ezinezkoa da. Kasu batzuetan ikasturtearen iraupena du alokairuak eta, hala ere, berdin die, prest egongo lirateke irailetik ekainera arteko alokairuan sartzeko eta udako hilabeteetan kanpoan izateko, baina ezinezkoa da», zehaztu duenez.

GAUR8ri kontatu dionez, jende askok erosi nahiko luke etxea, baina hori ere ez da erraza. Izan ere, alde batetik prezioaren gutxieneko bat aurreztuta izatea beharrezkoa da, eta, bestetik, hipoteka emango dizun banku bat aurkitzea. Duela gutxi ikusi duen adibide bat kontatu du. Donostian pisu bat erostea nahi zuen bikote baten kasua: hipoteka lortzekotan 1.070 euro ordaindu behar zituzten hilero, eta, ezin ziotenez erosketaren gastuari aurre egin, alokairura jo zuten, bi logela eta trastelekua duen pisu batengatik hilean mila euro ordaintzera.