Unai Garcia
Ingurumen Teknikaria (Grunver Sostenibilidad)

«Greenwashing»-a al da ingurumenaz baliatzen den edozein iragarki?

Joan den astean enpresa kutsatzaileenen iragarkietan «greenwashing»-a non zegoen identifikatzen jakiteko ariketa sorta bat proposatu genuen. Gaurkoan, ikasitakoa finkatzen saiatuko gara, ingurumena erabiltzen duen edozein iragarki «greenwashing»-a ote den ala ez aztertuz.

Greenwashing terminoak “garbiketa berdea” esan nahi du, eta munduko enpresa kutsatzaileenek beraien irudia garbitzeko erabiltzen duten marketin teknika da. Kontsumitzaileak gero eta arduratsuagoak direnez, saltzen dituzten produktuek ingurumena errespetatzen dutela sinetsarazi behar digute enpresok, gezur hutsik esan ez baina egia osorik ere esan gabe.

Horretarako erabiltzen dituzten teknika sotilen artean hurrengoak ikusi genituen: inolako datu teknikorik aipatu gabe “ekologiko”, “bio” edo “jasangarri” terminoak aipatzea; produktuaren ingurumen-alderdi bati bakarrik erreparatzea (erabili eta botatzeko ontzi bat birziklagarria dela esan); legedia betetzen dutela aldarrikatzea (CFC-rik gabeko aerosolak); eta izatez kaltegarria den ekintza bat jasangarriz mozorrotzea (hegazkina hartzea edo botilatutako ura edatea).

Gauzak horrela, ingurumen arloan adituak izan gabe eta marka edo produktuaren ezaugarriak sakon ezagutu gabe ere greenwashing-a identifikatzeko lehen tresna batzuk izan ditzakegu orain. Hala ere, oso nabarmenak diren kasuak aztertu genituen eta, edonon gertatzen den bezala, esparru honetan ere gris-espektro oso zabala dago. Ingurumena erabiltzen duen edozein iragarki greenwashinga da? Teknika hau erabili arren, gaizki dago enpresa kutsatzaile batek kalte gutxiago eragiteko esfortzua egitea?

Ikus ditzagun beste bi adibide, gaia ebatzi eta nork bere iritzia osatzeko.

Arropa-denda ekologikoak

Batetik, auzoko ekintzaile batek arropa-denda txiki bat muntatzen du, non material birziklatuz egindako produktuak salgai dituen. Bere arropek ingurumena errespetatzen dutela aldarrikatzen du, baina eskuz josten dituen arren, jantzien zuntz birziklatuen ehunekoa mugatua da, ez %100a.

Bestetik, ehungintzako multinazional batek %100ean birziklatuak diren materialak erabiltzen ditu arropak ekoizteko, eta ezaugarri hori frogatzen duten hiru egiaztagiri ofizial erakusten ditu jantzi bakoitzaren etiketan.

Ebazpena: lehenengo kasuan dendariak greenwashingean ohikoa den marketin teknika bat erabiltzen du bere produktua sustatzeko, baina asmoa ez da munduko enpresa kutsatzaileenetako bat dela ezkutatzea. Gainera, berak ez du kopuru izugarriak saltzeko kate-ekoizpena baliatzen, eta arrazoizko prezio bat kobratzen duenez, ez du behar kontsumitzaileak denbora gutxian produktua bota eta beste ale bat erostea.

Bigarren kasuan, berriz, multinazionalak egia esan dezake ehunen jatorri birziklatuaren inguruan, baina errentagarria izateko nahitaezkoa du bere produktuak etengabe erosi, bota eta berriro eros ditzagula. Planeta suntsitzen duen eredu ekonomikoa bultzatzen du, alegia.

Ingurumena baliatzen duen edozein iragarki greenwashinga al da, beraz?

Ez. Greenwashinga munduko enpresa kutsatzaileenek izatez kaltegarria den eredu-ekonomiko batek aurrera jarrai dezan erabiltzen dute. Badira baliabide jasangarriagoak erabiltzen dituzten enpresa eta kooperatiba txikiak, errentagarriak izateko lehengaiak munduko beste puntatik inportatu edo masan produzitzea beharrezkoa ez dutenak. “Garbiketa berdean” ohikoak diren marketin tekniketan estropezu egin dezaketen arren, ingurumena hondatzen ari direla ezkutatzeko premiarik ez dute, eta, beraz, horiena ez da greenwashinga.

Gaizki al dago, orduan, multinazional batek kalte gutxiago eragiteko esfortzua egitea?

Ez. Airelinea, erregai-fosilen konpainia edo ehungintza-multinazionalak ez dira inoiz jasangarriak izango, euren jarduerak berak intrintsekoki kaltegarriak baitira. Planeta gero eta gutxiago suntsitzeko ahaleginak egin arren, argi izan behar dugu enpresa hauen helburua irabazi ekonomikoak areagotzea dela beti, eta beharrezkoa dena egingo dutela beraien ekoizpen-ereduari eusteko. Ez dago txarto, hortaz, ingurumena apur bat gutxiago suntsitzeko ahalegina egitea, baina ez onartu planeta salbatzeko asmoarekin egiten dutela esaten duen propaganda.

Zer egin dezakegu kontsumitzaileok egoera horren aurrean?

Alde batetik, jasangarriagoak diren produktuak erosteak merkatuak poliki-poliki bide horretatik jotzea eragin dezake. Bestetik, kontsumitzen jarraitzeak berez kaltegarria den eredu ekonomikoa iraunarazten du.

Galdera honi ezin diogu erantzun zuzenik eman momentuz. Hala ere, ariketa praktiko hauetatik gako batzuk atera ditzakegu: enpresa kutsatzaileenek kontsumitzaileok beraien jasangarritasunaren erantzule bihurtzea bilatzen dute. Ez genuke erosketak egin aurretik produktu eta marka guztien jarduerei buruz ikasi behar, ingurumenari kalte egiten dion produktu bat eskuratzea legez debekatuta egon behar litzateke-eta.

Hori gertatzen ez den bitartean, ea behintzat ikasitakoak produktuen iragazki berdearen atzean dagoena antzemateko balio digun.

(Artikulu hau joan den astekoaren jarraipena da, «Greenwashing»-a identifikatzeko ariketa praktikoak)