Arretari arreta
Estoldatik begiratzea mundua ikusteko era bat izan daiteke,
iraultza arrosari so egitea da
harik eta begiak haustu arte
(Alejandra Pizarnik)
Maskara jarri diozu mugikorrari baina, halere, ez zara kontrol-kutsaduratik libratu. Hor dabil teknologiak suspertzen duen dopamina jo eta ke zure nahia irabazi arte. Jonkien erara esnatu eta berehala pantailari tik-tok: hortxe duzu, ohi bezala, bizitza digitalaren atea zabalik, hain erraz eta doi, dena eskura eta prest, esfortzurik gabe. Arreta harrapatuz pantailak kutsatzen zaitu une oro, eta denboraldi pandemiko honetan are gehiago lapurtu diozu zeure buruari izan zenitzakeen bestelako bizipen mordoa. Halaxe da eta ezer gutxi egin dezakezu horren kontra, ez baitago zuretzat erremediorik.
Leihotik harago, egunaren lehen izpiak sumatzen dira. Errealitate maskaraduna aurpegietan iltzaturik dabil kalean jada, eta etxetik ikusita bizilagunek automatak dirudite, mugimenduak, keinuak, aldez aurretik programatuta egongo bailiran. Mugitzeko aukera gutxiko uda honetan, itsasoan murgiltzea dirudi parada bakarrenetakoa, edonolako maskaretatik ihes egiteko, izan digitala edo fisikoa.
Urpean igeri egiteko ekipamendua soinean, itsasbeherako isiltasunak askatzen zaitu, leku batetik bestera zabiltza Santa Klara uhartearen inguruan. Taldeko norbaitek olagarro bat ikustean besoa altxatzen du, garrasirik egin gabe, inguruko ehiztari akuatikoak jabetu ez daitezen. Hain dira maitagarriak olagarroak, ezen dituzten begi erraldoiak irekitzen dituzten bakoitzean soinu bat botatzen baitiezue jakin dezaten adiskide gisa zatoztela beren etxera. «Bai tuntunak zuek –esango du norbaitek–, arrain bat baino ez da». Baina sekulako poza hartzen duzue beraien mugimenduak jarraitzeko gai zaretenean, zabaltzen dituzten kolore guztiei so. Ematen du azala baliatzen dutela inguruko objektuekin hiru dimentsioko irudiak sortzeko.
Urpean arreta jarriz zure ezjakintasunaz ohartzen zara, izendatzen ez baitakizu ikusten ari zaren errealitate hori. Zer arrain dira horiek? Eta horiek eta beste horiek? Muxarrak, lupiak, dontzeilak…? Eta hara hor, bi txibia txirikordatuta, akaso txortan. Zenbat gauza ditugun gertu gozatzeko, eta maskararekin ibili gara horiek ikusi gabe, are maskara derrigor jarri aurretik. Mundu zabala erabat estutu dugu arreta landu gabe, informazio gehiena pantailetatik irensten pilotu automatikoan eta ñabardura txikienetan gehiegi erreparatu gabe. Kontaktu fisikoa saihestea lege bihurtu den honetan bada errealitate fisikoarekin berriro maite-sutan ibiltzeko garaia. Haren gutiziek, izkina ezkutuek, baita haren zehaztasunek eta ustekabeek ere norberaren burua liluratzen uztekoa. Arretari arreta jartzea, bizitza berreskuratzeko. •