Juantxo EGAÑA

Gerran eta gerraostean gordetako ondarea

Federico Alduntzin, Aresoko nafarra, 1937ko ekainean atxilotu eta Bilboko Santutxu auzoan zegoen Larrinagako kartzelara eraman zuten, Bizkaiko hiriburua erori ondoren. Gerra Zibilean ertzaina izan zen. Jose Antonio Agirre lehendakariaren segurtasunaz arduratzen zen, Bilboko Carlton hotelean, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egoitzan. Haren emazte Josefa Mugerza eta alaba, Donostia erori ondoren, errepresio frankistatik ihesi, Santanderrera joan ziren, eta Txinako bandera zuen ontzi batean frantses Estaturantz abiatu ziren. Larrinagako espetxetik askatuta, Federico Donostiara itzuli zen familiarekin, eta Biarritz hoteleko lana berreskuratu zuen. 1940ko hamarkadan, ELA sindikatuko militante zela, berriro atxilotu eta espetxeratu zuten Donostiako “Infernuko” kartzelan, Atotxako frantziskotarren elizara sindikatuko kide baten hiletara joateagatik. Ez dago artikulu hau ilustratzen duen argazkiari buruzko informazio handiegirik, baina joan den mendeko 20ko hamarkadakoa dela esan daiteke, baita egilea ezezaguna dela ere. Areson egindakoa da argazkia, eta baliteke Axenea etxeko sarreran egindakoa izatea. Irudi hori, Aresoko eta Gerra Zibileko beste batzuekin batera, Federico Alduntzinek bere familiari utzi eta haren alaba Miren Josebe Poznek gordetako argazki ondarearen parte da. Miren Josebe Pozne 2016. urtean hil zen.