Iñaki Sanz-Azkue

EMAKUMEA IRATZE ARTEAN, GIZONARENAK OMEN DIREN LANETAN

Kurriloak hegan Afrikarako bidean. Paisaia gorrituak mendi magaletan. Amaitu dira sega soinuak eta gurdien mugimendu zaratatsuak. Iratzea gorritu den ere ez dugu jada begiratzen. Ikasturte berriak, lanerako bueltak eta errutinaren hasierak betetzen ditu gure buruak. Koronabirusa ezagutzen dugu. Garoa zer den jakiten nahiko lan. Suge txiki bat atera da udazkeneko hego haizearen babesean. Mokozabalek kurriloen bide bera hartu dute beherantz. XX. mende hasierako Euskal Herrian, koronabirusa zer den ez da jakin behar. Lehentasunak daude: iraila da, iratzea mozteko garaia. Esku fin eta azkar batzuek segari heldu diote. Bizi eta indartsu ari dira garoa ebakitzen. Emakumea iratze artean? Bai, emakumea isilpeko lanean.

Kurriloak Afrikara bidean bezala, Hernaniko biztanleak ere inguruko muinoetara begira ariko ziren XX. mende hasiera hartan. Udaren hondarrean, mendia berdetik gorrira pasatzen hasten den uneak markatzen baitzuen udazkenaren erritmoa. Eta Graciana Mendizabalek inoiz baino urduriago begiratuko zion inguruko paisaiari. Izan ere, Gracianak iratzea moztu nahi zuen, baina ezin zuen.

Jakin, jakingo zuen udaren azkena gainean zuela, eta berandu baino lehen mugitzen hasi beharko zuela. Ataka zailean zegoen, baina bizitzari aurre egin behar. Herriko udalbatzari baimena eskatu beste erremediorik ez zuen; eta hala egin zuen, Hernaniko Udal Artxiboko dokumentu zaharrak dioen moduan, «besteren eskutik sinatua». Izan ere, Gracianak ez zekien idazten, baina ederki asko zekien iratzea moztu ezean, gorriak ikusiko zituela urte hartan:

«Urteak dira nire senarrak Epelerreka mendian dagoen iratzea mozteko zazpigarren lotea eskuratu zuela, baina azken urtean, lursail horri dagokion zerga ordaintzeko papera ez zitzaion bidali, eta aurten ez zaio araldira joateko deialdia egin. Izan ere, nire senarra eroetxean dago, baina bere faltan, haren emaztea naizen aldetik, iratze lotea erabiltzeko eskubidea dudala uste dut. Hori dela eta, dagokion zerga ordainduz, Udalari eskatzen diot iratzea mozteko lursaila erabiltzeko baimena eman diezadala».

Idatziak berak egoeraren gordintasuna erakusten du. Iratzea mozteko baimena eskatzea gauza bat baita, baina iratzea ebaki, gurdian etxera eraman, meta egin, eta udazkeneko baserriko lan guztiak egitea beste bat. Gracianak udal batzordearen baimena ez ezik, laguntza ere beharko zuen horri denari aurre egiteko. Kurriloak Afrikara bidean bezala, garai hartako udazkenetan talde lana helmugara iristeko ezinbesteko baldintza baitzen.

Udazkenari beldurrik handiena

Dokumentu zaharrek, baina, misteriorako lekua ere uzten dute, eta Gracianak iratzerik moztu ahal izan zuen ala ez, ezin izan dugu jakin. Bai, ordea, pentsatu. Baimena izanda ere, ez lukeela erronka errazik emakumeak. Izan ere, iratze lotea moztu aurretik, araldira, bideak konpontzeko egunera joan beharra zegoen nahitaez. Eta ondoren… ondoren etorriko ziren garoa mozteko momentuak. Gracianak, sega eskuan zuela, eguzkipean ebaki eta ebaki igaro beharreko orduak. Ingurukoek nola begiratuko zioten ez dakigu, baina gauza jakina da Hernani inguruko muino gorrituetan ez zela irudi arrunta emakumea ikustea iratze artean.

Izan ere, garai haiek bizi izan zituztenen ahotan, gizona izan ohi zen iratzea mozteko kontuez arduratzen zena. «Gure amak udazkenai ziyon bildurrik handina. Lanik gehina: babarruna bildu, saarra bildu, iñularra motxa… gizona mendia jun da…», aipatzen zuen utzi berri gaituen Agerre baserriko (Hernani) Kepa Urreagak. Ez zen ohikoa emakumea iratzea mozten ikustea. Ez behintzat, Hernaniko udalerrian gertatzen zen moduan, sega bizkarrean hartu eta baserritik hiru ez bada lau ordura zeuden mendietara joan behar bazen horretarako. Eta egunak joan, egunak etorri, egunero lan bera egin behar bazen.

Emakumea harrapazka egunean

Iñistor tokietan emakume gutxi izaten zela aipatzen dute bertan izan ziren testiguek. Hipolito Arregi defuntuak, esaterako, hala erantzun zion gure galderari emakumeak harrapazka egunean iratze moztera joaten ziren galdetuta: «Ez, nik enun ikusi. Orduko edukaziyuakin… galaziko ziyoten neskai!».

Hala, Errenteriako testiguen arabera, emakumeek baserriaz ez ezik, harrapazka egunean gizonentzako bazkaria egiteaz ere arduratu behar baitzuten. «Baña eten gabeko kaskabar eta euri-jasa artan, etzioteken neskatxari lanean utzi. Ura sukal-zai jarri ziteken», zioen Atañok ere “Txantxangorri kantaria” lanean.

Iratze kontuak guztiz gizonezkoen lana zirela esatea, ordea, okerretik hastea litzateke. Izan baitira gonak iratze artean.

Emakumeak iratze artean

Iratze kontuak ez baitira hori ebakitzean amaitzen. Hipolitoren emaztea zenak, Pepita Arbidek ere «Ez, ez, ez!», azkar batekin erantzun zigun garoa moztera joaten al zen galdetu genionean. Guztiok genekien, baina, Pepitak bazuela sekretu eder bat. Inguruko guztiek ezagutzen zuten, eta kontatu beharra dagoen istorio eder bat. Eta hala esan zigun:

«Ganadua hartu ta (iratze) bila joaten nintzan ni. Atta jekitze zan goiz ganaduai pentsua ematea eta ikuilluko lana itian jeikitzen zigun. Bosterditan jeiki eta hemendik harea ganaduan pausuan. Bea karruan lo eta ni ganadukin aurrian Latxea (Ereñotzu). Ni beti ganaduan aurretikan eta bestiak atzetikan. Ni ottua neon-da! Makila motzakin mutturrian jo ta zuzen! Aber ze erremeyo! Gaztia nitzan baño, earki ikasiya neon».

Ereñotzuko auzotar batzuek oraindik ere gogoan dute, Pepita sasoiko zegoela «gizonak bezala» aritzen zela garoa kargatzen edota «karrua» maneiatzen. Txikitatik ikasi behar izan baitzuen horiek egiten. Eta bi-hiru ordu egingo zituen gutxienez iñistor tokira iristen, aita atzean lo zegoen bitartean. Iratze kontuetan pauso guztiek baitzuten bere garrantzia. Hala, ganadua ondo gobernatzea, bidean garorik ez galtzea, edota ahalik eta bidaia gutxienean eta azkarrenean karga handiena eramatea garrantzizko kontuak ziren. Baserriko antolaketan eragina izan zezaketenak.

Maria Rita Miranda bezala, iratze kontuak ondo ezagutu dituztenen esanak entzutea nahikoa da ematen zitzaion garrantziaz ohartzeko: «gurdiya kargatzia artia da» bezalako esaldiek erakusten baitute zenbateko mimoz egiten zen pauso bakoitza.

Hamalau urtez geroztik iñistorretara joan zen Maria Ritak ezagutzen baitzuen ondo iraileko betebeharra. «Emakumiak (garoa moztera) jutia etzan normala izaten», aipatzen du, jakinda bera izan zela horietako bat. Izan ere, iratzea mozten aritzen zen Rita, «segakin eta danian».

Hargatik, azalpenak emateari utzi, eta iraila delako aitzakian, gaztetan iratzea mozten ibiltzen zen iñistor tokietara joatea erabaki dugu. Zein leku hobeagorik Maria Ritarekin elkartu eta solasaldi eder bat izateko?

 

IRATZEAK URREA BALIO ZUENEAN

Udazkenarekin batera kolore nabarra nagusitu da mendi magaletan. Berdetik gorrira pasa dira iratzeak. Orain da horiek mozteko garaia. Egun, ordea, gutxi dira jada ebakitzen dutenak. Garai batean, ordea… garai batean bai. Iratzeak urrea balio zuenean, liskarrak eta guzti izaten ziren hura mozteko unean.

Garoa, iñistorra edo iratzea. Deitu nahi diozun bezala. Pteridium aquilinum izeneko landarea oso preziatua baitzen. «Azpigai hoberik ez baitago» entzun izan dugu sarri askotan. Izan ere, iratzea ezinbesteko lehengaia zen baserri askotan. Ganaduaren azpitarako erabilitakoa, ohea egiteko. Eta horrekin, simaurra egingo zen, gero baratzeko ongarri moduan erabiliko zena. Ongarri kimikoen faltan, beraz, iratzea moztea baino ez zegoen. Hortik, ira mozteko hilak, irailak, garai batean izan zuen garrantzia.

Irailean hasten baitzen iratzea hosto gorritzen, eta «iratzea gorri moztu behar baita!». Hala, aurretik lan gutxi bazen baserrian, irailean denak pilatzen ziren, eta egunaren orduak estutu.

Herri batzuetan, alabaina, sesiorako gaia ere bihurtu zen garoaren mozketa, eta arauak eta legeak jarri behar izan ziren. Denentzako adina garo sailik ez, eta izaten baitziren iratzea moztu eta besteentzat alerik uzten ez zutenak. Horregatik, herri batzuetan egun, ordu eta leku jakin bat jartzen zen garoa mozten hasteko.

Harrapazka eguna

Andoainen, Errenterian, Hernanin, Oiartzunen eta Urnietan, esaterako, harrapazka eguna egiten zen. Iratzea mozten hasteko eguna. Harrapazka eguna iraileko Ama Birjinaren egunaren (irailak 8) inguruan egiten zen urtero, garoa gorritzen hasten zen garaian. Hernanin, esaterako, alkateak bandoa ateratzen zuen, eta egun, ordu eta leku jakinean gelditzen ziren Hernaniko baserri bakoitzeko bi edo hiru pertsona garoa mozteko. Lehen egunean, igitaia eskuan zutela. Hala, egunsentiarekin batera, basozainak tiroa edo suziria airera botatzen zuenean hasten zen harrapazka. Hasten zen, iratzea ahalik eta azkarren, ahalik eta gehien mozteko eguna. Gehien mozten zuenak eramango baitzuen iratze gehiago baserrira.

Asko dira, beraz, iratzea mozteko egunei loturiko kontakizunak eta istorioak. Iratzea baserrira eramatea, ez baitzen soilik ebakitzea. Gero etorriko baitziren, gurdia baserritik mendira eraman, bertan “jornaa” ondo kargatu, eta etxera eramateko momentuak. Eta behin etxean, metak egiteko uneak. Eta pauso guztiak ziren garrantzitsuak. Izan ere, iratzeak urte osoa iraun behar zuen.

Izan ziren, baina, harrapazka egunik ez, eta bakoitzak bere lotea edo iratzea mozteko eremua zutenak ere. Udalari zergaren bat ordaindu eta garoa mozteko euren iñistor tokia zutenak. Moztera joan aurretik, ordea, bideak txukundu beharra zegoen. Horrek ahalbidetuko baitzuen gero gurdiekin iratze bila joan ahal izatea. Horretarako, herri askotan auzolana edo araldia egiten zen. Hainbat herritan “malobra” ere deitua. Iratzea moztu aurreko egunetan, gurdibideak konpontzeko eguna zen, eta Hernanin, esaterako, Udala izaten zen araldiaren berri ematen ziona baserri bakoitzari. Izan ere, iratzea moztu nahi zuenak, halabeharrez joan behar zuen araldira. Ez zen hautazko kontua.